Araka ditzagun gure bazterrak
Araka ditzagun gure bazterrak
2022, saiakera
168 orrialde
978-84-17051-87-7
editorea: Jule Goikoetxea
Emagin
 
2018, saiakera
Euskal Herriko Bilgune Feminista
 
 

 

4.2.
Bide-orria eta bide-lagunak

 

 

4.2.1.
MUNSTRO BURU ANIZTUNAREN AURREAN,
FRONTE KOMUNA

 

      Neoliberalismoa munstro aseezina da, eta Pastora Filigranak berrartu zuen metafora geure eginez[47], buru asko dituen munstroa da han eta hemen kolpeka ari dena, askotariko komunitateak azpiratzeko. Munstro buru aniztun horri aurre egiteko ezinbestekoa da munstroa bera izendatzeko eta seinalatzeko askotariko diskurtsoak eta praktikak garatzea, eta homogeneizatzailea izango ez diren diskurtso eta praktika komunak egituratzea. Estrategia homogeneizatzaile horiek bakar-bakarrik buru bati erasotzeko balioko digute, eta hortaz, munstroak bizirik segituko du, gainerako buruekin kolpeka. Borrokarako aliantzak sortu behar dira, munstroaren buru kolpatzaile horiek guztiak geldiarazteko, askotariko lekuetatik erantzuteko. Filigranaren beste metafora bat geure eginez, hainbat osagairekin sorturiko entsalada bat egitea premiazkoa da (osagai horiek guztiak pure bakar batean urtu gabe). Horretarako, premiazkoa da guztiok munstroa izendatzeko estrategia komunak adostea, baina, aldi berean, guztion arteko eztabaidak eta elkarrizketak sendotzea, elkar entzutea, elkar aitortzea, kontraesanak onartzea eta gatazkak lantzea.

 

 

4.2.2.
ASKOTARIKO EMAKUMEEKIN*
SARETZEKO PROZESUAK

 

      Mugimendu antiarrazistaren eta feministaren arteko elkarrizketa-guneetan sakondu beharra dago, konfluentzia-puntuak identifikatzeko, eta bidean aurrera egiteko. Jakin badakigu oraindik geure artean barne-mailan eztabaida eta lanketa asko egiteko ditugula, eta are gehiago, jakin badakigu (eta zeharo ulertzen dugu) arrazializatutako kolektibo feminista askok momentu honetan ez dituztela partekatu nahi espazio komun batzuk. Ikusi beharko dugu zer momentutan eta norekin gara ditzakegun elkarrizketa-prozesu horiek, baina beharrezkoa da zubi horiek eraikitzeko geuk une oro prestasuna agertzea, geuk egindako hausnarketak partekatzea, eta eraldaketa-prozesua galdera berriz betetzea. Aliantza horiek lanketa-prozesu gisa ulertu behar ditugu, gorabeheratsuak ere izango direla kontuan hartuz, eta prozesuek denbora eskatzen dutela gogoan izanda. Bestalde, kasu batzuetan noizean behingo aliantzak ere egin daitezke, ez dugu zertan tematu ekimen guztiak elkarrekin egitearekin.

      Aliantza politiko eta emozionalak sortzen segi behar dugu, afektuen politikari ere garrantzi berezia emanez. Aliantza politikoak sortzeko aliantza emozionalak behar-beharrezkoak dira eta. Elkarrengana gerturatzeko politikak behar ditugu, eguneroko praktiketan eta harremanen dimentsio guztietan arreta jarri behar dugu, hor gertatuko delako egiazko hurbilketa bat. Hurbilketa emozional eta politiko zintzoak, ezinbestean, geure jardun, diskurtso eta gorpuzte zuri askoren (auto)kritika zorrotza ekarri behar digu, eta desplazatzera eraman behar gaitu. Horretarako, kontraesanak gorpuzteko eta gatazkak bizitzeko prestasuna garatzea ezinbestekoa da. Izan ere, aniztasunaren kudeaketa kontzientea eta zintzoa egitea ariketa zaila eta gatazkatsua izan ohi da.

      Lan-estiloari dagokionez, birpentsatu behar dugu geure kultura politikoan geureganatu dugun eraginkortasunaren logika. Lanerako guneak eratzean beste batzuen kultura, estilo eta erritmoak ere kontuan hartzen ikasi behar dugu. Mahai baten bueltan bildu beharrean, bazkari baten bueltan lurrean eserita bil gaitezke, adibidez. Jakinik ere botere-harremanak egun batetik bestera guztiz deseraikitzea ezinezkoa izango dela, botere-harreman horiek esplizitu egin behar ditugu, eta horiek arintzen, auzitan jartzen eta deseraikitzen joateko elkarri entzun behar diogu, elkarrekin imajinatzeko bestelako aritzeko modu horiek nolakoak izan daitezkeen.

 

 

4.2.3.
TOKIAN-TOKIAN ARITZETIK

 

      Nazio-mailako aliantza, espazio eta dinamikei eutsi nahi diegun arren (emm zaindu nahi dugun toki estrategikoa da guretzat), erronka handia dugu dekolonialitatearen inguruko diskurtsoak praktikara ekartzeko eta herrietan zein auzoetan lurreratzeko. Hausnartzen eta gorpuzten ari garen guztia nola bihurtu praktika bital politiko antiarrazista eta feminista gure egunerokotasunean? Herrietatik nola egin beharko genuke lan Atzerritarren Legea indargabetzeko, esaterako, edo zaintzaileen ikusgarritasuna eta eskubideak bermatzeko, erroldatzeko beharrak asetzeko edo euskararen alfabetatzearen unibertsalizazioa lortzeko? Lekuan lekuko errealitatea aintzat harturik ere, bide komunak beharko al genituzke prozesu hauek guztiak herrietan sustatzeko? Zer prozesu jarri behar ditugu abian talka eta tentsio kolonial horiek guztiak esplizitu egin, birpentsatu eta tokian tokiko estrategia dekolonialak egituratzeko? Bidea asmatzeke dugu oraindik, baina bada garaia identifikaturiko helburuak lortzeko praktika zehatzak abian jartzeko eta horretarako behar diren aliantzak josteko.

 

 

4.2.4.
URGENTZIA SOZIALAK COVID-19AREN AROAN:
MILITANTZIA-MOLDEAK BIRPENTSATZEN

 

      Kapitalismoak sustatutako indibidualismoaren garaietan zaila izaten ari zen militantzia berriei eta borroka kolektiboei eustea, eta COVID-19aren testuinguruan egituraturiko isolatze sozialak, familiarizazio-prozesuek eta kontrol sozialerako mekanismoek guztiz baldintzatu dituzte borroka sozialak. Oraindik ezin dugu neurtu sindemia honek zer puntutaraino eragingo duen gizarte-ohituretan eta gizarte-egituretan, eta ezin jakin ahuldu diren egoteko, elkartzeko eta borrokatzeko modu batzuk berrindartuko diren ala ez (eta indartzekotan, nola eta zer norabidetan). Erronka handia dugu aurretik, birpentsatu behar dugulako COVID-19aren osteko garaian komunitate eta militantzia feministak nola gorpuztuko, artikulatuko eta zainduko ditugun, baina, ekimen jendetsuak eta nazionalak antolatzeko dauden zailtasunak ikusita, beharrezkoa izango da lekuan lekuko sareak, prozesu txikiak eta lokalak indartzea.

      Bestalde, testuinguru honetan jendarteko pertsona zaurgarrienen bizi-baldintzak eta urgentziak atenditzeko askotariko ekimen eta sareak jarri dira martxan, besteak beste, zaintza-sareak edo elikagaien bankuak. Mugimendu sozialek sarritan politizatutako borroka ideologikoak eta mobilizatzaileak lehenetsi dituzte, eta oinarrizko beharrak asetzeko ekimenak baztertu dituzte edo beste eragile batzuen esku utzi dituzte, asistentzialismoarekin lotu izan direlako. Hala ere, biak uztartzen dituzten ekimenak ere sortu daitezkeela ikusi dugu. Izan ere, emakume* migratzaile prekario bat janariak banatzen diren gune batera hurbiltzean, batetik, beste batzuentzako janaria jasotzen lagundu dezake, elkartasun-sarea indartuz; eta beste alde batetik, bat egin dezake salaketarekin. Alegia, elkartasun-ekimenak ere aukera ematen digu salaketa egiteko, etxebizitza edo elikadura bezalako oinarrizko eskubideak pertsona guztientzat bermatuak ez daudela ozen adierazteko. Karitateaz harago, lehen aipatutako afektuzko harreman hurbilak sortzeko espazio ezin hobeak izan daitezke halakoak, eta elkartasun horren bitartez, elkarrizketarako eta elkar ezagutzeko oinarriak jar ditzakegu.

 

 

[47]  Munstroaren metafora eta irudi hori sarritan erabili da historian zehar kapitalismoari eta kolonialismoari erreferentzia egiteko.