Aurkibidea
Hitzaurrea. Jule Goikoetxea
Marxen egoitza ezkutuaren atzean
Zaintza-krisia? Kapitalismo garaikidearen kontraesan sozial-erreproduktiboak
Kapitalismoa ezinbestean al da arrazista?
Justizia globalaz: Platon, Rawls eta Ishiguro ikasbide
Demokrazia-krisia, kapitalismoaren krisi: Kapitalismo finantzializatuaren kontraesan politikoez
Aurkibidea
Hitzaurrea. Jule Goikoetxea
Marxen egoitza ezkutuaren atzean
Zaintza-krisia? Kapitalismo garaikidearen kontraesan sozial-erreproduktiboak
Kapitalismoa ezinbestean al da arrazista?
Justizia globalaz: Platon, Rawls eta Ishiguro ikasbide
Demokrazia-krisia, kapitalismoaren krisi: Kapitalismo finantzializatuaren kontraesan politikoez
Interregno estatubatuarra:
Neoliberalismo aurrerakoitik
Trumpen garaira,
eta harago
(Itzultzailea: Danele Sarriugarte Mochales)
Azken urteotan hainbeste eta halako errazkeriaz hitz egin da “krisiaz” non, gaur egun, guztiz hutsaldu baita terminoaren esanahia, eta inor horretaz hitz egitera ausartuz gero, harroputz eta ezjakintzat hartua izateko arriskua izango du. Nolanahi ere, gaur egun krisian gaude, krisian gaudenez, zentzu oso konkretu batean. Eta krisi horren ezaugarriak eta hari dagozkion dinamika bereizgarriak identifikatzen baditugu, errazagoa gertatuko zaigu hura konpontzeko zer egin behar den zehaztea. Era horretan, gainera, gaur egungo impasse egoeratik harago eraman gaitzakeen bide bat irudikatzeko modua izango dugu beharbada: lerrokatze politiko berriak sortzetik hasi eta gizartea eraldatu arte.
Lehen begi-kolpean, badirudi krisi politiko baten aurrean gaudela. Krisi horren adierazpenik ikusgarriena hementxe bertan daukagu, Amerikako Estatu Batuetan. Donald Trump da: haren hautaketa, haren presidentzia eta haren inguruko liskar guztiak. Baina munduan badira aebetako egoeraren hamaika analogo: Erresuma Batuan, adibidez, Brexitaren hondamendia gertatu da; Europar Batasunak, berriz, zilegitasuna galdu du, eta desintegratu egin dira hura hauspotu zuten alderdi sozial-demokratak; bestalde, alderdi arrazistek eta immigrazioaren aurka daudenek gora egin dute Europako iparraldean, erdialdean eta ekialdean, eta orobat loratu dira indar autoritarioak, protofaxistatzat ere har litezkeenak, Latinoamerikan, Asian eta Pazifikoan. Beraz, gure krisi politikoa, baldin eta krisi politiko bat bada benetan, ez da soilik estatubatuarra, globala da.
Krisi global bat dela diogu fenomeno horiek guztiek dutelako ezaugarri komun bat, ezberdintasunak ezberdintasun: kasu guzti-guztietan, izugarri ahuldu da, baita hautsi ere, klase eta alderdi politiko ezarrien autoritatea. Badirudi, mundu osoan barrena, jende-masa handiek jada ez dutela sinesten azken hamarkadetako menderakuntza politikoari eusten zion zentzu komun nagusian. Badirudi jada ez direla fio eliteen fede onarekin, eta ideologia, antolakunde eta lidergo berrien bila hasi direla. Hausturaren neurria kontuan hartuta, nekez pentsa liteke kasualitate hutsa denik. Onar dezagun, bada, krisi politiko global baten aurrean gaudela.
Gauza handia dirudien arren, krisi politiko globala ez da gaur egungo krisiaren zati bat besterik. Oraintxe aipatu ditugun fenomenoak ez dira krisi zabalago baten hari-mutur politikoa baizik, krisi horrek hainbat aurpegi baititu, hainbat hari-mutur —hala nola krisi ekonomikoa, ekologikoa eta soziala—, eta horiek guztiek batera osatzen dute krisi orokor bat. Krisia ez dagokio soilik politikaren sektoreari; hori dela-eta, krisi politikoa ulertu nahi badugu, kontuan hartu behar ditugu beste instituzio itxuraz ez-politikoetan gertatzen ari diren blokeoak, krisi politikoa horiei erantzuten ari baita. aebetan, hauek dira aintzat hartu beharreko blokeo batzuk: zerbitzuen sektoreko lan prekarioak ugaritu dira —McLanpostuak—; kontsumitzaileen zorra hauspotu da, beste nonbait ekoitzitako gauza merkeak erosi ahal izateko; hazi egin dira karbono-igorpenak, eguraldi-larrialdiak eta klimaren krisia ukatzen duen korrontea; arrazaren araberako kartzelatze masiboa eta poliziaren indarkeria sistemikoa areagotu da, eta presio gero eta handiagoa ezarri zaie familiei eta komunitateei, lanorduak luzatu direlako eta gizarte-babesa gutxitu delako. Egoera horiek ez dira berriak, eta bolada luze samar batean eragin diote gure ordena sozialari, lurrikara politikorik piztu gabe. Orain, ordea, edozer gauza gerta liteke. Ohiko politika-moldeen aurkako arbuioa luze-zabal hedatu den honetan, bere ahots politiko subjektiboa aurkitu du sistema-mailako krisi objektibo batek. Hauxe da gure krisi orokorraren hari-mutur politikoa: hegemoniaren krisia.
Donald Trump da krisi hegemonikoaren erakuslerik garbiena. Baina, hasteko, argitu behar dugu zer baldintzaren pean gertatu zen haren igoera, hau da, identifikatu behar dugu zer mundu-ikuskera utzi zuen bazterrean trumpismoak, eta irudikatu behar dugu nola garatu zen prozesu hori. Antonio Gramsciri zor dizkiogu helburu horretarako erabiliko ditugun ideiak. Haren arabera, agintarien klaseak bere menderakuntza naturalizatzeko baliatzen duen prozesua da “hegemonia”: hala, “hegemoniaren” bidez, agintarien klaseak bere mundu-ikuskeraren aurresuposizioak ezartzen ditu gizarte osoaren zentzu komun gisa. “Bloke hegemonikoaren” bitartez gauzatzen da hegemonia: agintarien klaseak era askotako indar sozialak biltzen ditu eta horien bidez adierazten du bere lidergoa. Antolaketa horri erronka jo nahi badiote, klase menderatuek zentzu komun berri eta erakargarriago bat sortu behar dute, edo “kontrahegemonia” bat, eta orobat sortu behar dute aliantza politiko berri eta boteretsuago bat, edo “bloke kontrahegemoniko” bat.
Gramsciren ideiez gainera, beste ideia bat ekarri behar dugu. Bloke hegemoniko guztiek gorpuzten dituzte nork bere ikuspegiak, zehaztuz zer den zuzena eta justua eta zer ez. Europan eta aebetan, xx. mendearen erdialdetik hona, hegemonia kapitalista osatzeko, zuzentasunari eta justiziari buruzko bi alderdi uztartu dira: bata banaketan oinarritzen zen, eta bestea, berriz, aitortzan. Lehenengo alderdiak ezartzen zuen nola banatu behar zituen gizarteak ondasun zatigarriak, diru-sarrerak batez ere. Banaketaren eremuak zerikusia du gizartearen egitura ekonomikoarekin, eta, zeharka bada ere, gizarteko klaseen banaketarekin. Aitortzaren alderdiak, ordea, adierazten du gizarteak errespetua eta estimua eman behar dizkiola bertako kideei, horiek baitira kidegoaren eta zerbaiten parte izatearen marka moralak. Gizarteko estatusen ordenarekin lotuta dagoen aldetik, aitortzaren eremuak zerikusia du gizarteko estatusen hierarkiekin.
Banaketa eta aitortza, horra hegemoniak eraikitzeko erabiltzen diren oinarrizko osagai normatiboak. Ideia horri eta Gramsciren teoriari helduz gero, hau esan dezakegu: hautsi egin zela aurrez hegemonikoa izandako bloke bat, zilegitasuna galdu zuela banaketa eta aitortza elkartzen zituen lotura normatibo bereizgarriak, eta hala eman zitzaiola bide Trumpi eta trumpismoari. Lotune horren eraikuntza eta haustura disekzionatzen baditugu, trumpismoa argituko dugu, eta orobat argituko dugu nolako aukerak dauzkagun, Trumpen ostean, bloke kontrahegemoniko bat eratzeko eta krisi hau konpontzeko. Utzidazue azaltzen.
NEOLIBERALISMO AURRERAKOIAREN
HEGEMONIA
Trump baino lehen, neoliberalismo aurrerakoiaren bloke hegemonikoak menderatzen zuen aebetako politika. Oximoron bat dirudi, baina hala gertatu zen, aliantza zinezko eta indartsu bat osatu baitzuten bi ohaide ez oso probablek: mugimendu sozial berrien aldeko korronte liberal eta nagusiek (feminismoa, arrazakeriaren aurkako mugimendua, multikulturalismoa, ingurumenaren aldeko mugimendua eta lgbtq komunitatearen eskubideen aldeko mugimendua); eta aebetako ekonomiako sektore finantzario eta “sinboliko” gorenek eta dinamikoenek (Wall Street, Silicon Valley eta Hollywood). Banaketari eta aitortzari buruzko beren ikuspegiak modu bereizgarri batean uztartuz, martxan iraun zuen bikote bitxi horrek.
Bloke aurrerakoi-neoliberalak bi osagai uztartu zituen; batetik, ekonomiaren alderdian, programa desjabetu-zale eta plutokrata bat abiatu zuen, eta aitortzaren eremuan, aldiz, neurri liberalak, meritokrazian oinarrituak, ezarri zituen. Bloke horretako klase nagusien helburua zen ekonomia kapitalista liberalizatzea eta globalizatzea, merkatuaren indarrak askatu nahi zituzten estatuaren atzapar astunetatik eta zerga eta inbertsio publiko handiagoak bultzatu beharraren zamatik. Azken batean, sistema ekonomikoa finantzializatu nahi zuten, kapitalaren mugimendu askeari jartzen zitzaizkion mugak deuseztatu eta herritarrak kapitalaren mugimendu asketik babesteko mekanismoak kendu; bankuen gaineko erregulazioa ezabatu eta harrapakari zorra handitu; desindustrializazioa bultzatu, sindikatuak ahuldu eta gaizki ordaindutako lan prekarioa hedatu nahi zuten. Gisa horretako neurriek —Ronald Reaganekin lotu ohi dira, baina Bill Clintonek erruz ezarri eta sendotu zituen— langile-klasearen eta klase ertainaren bizi-maila zulatu zuten, eta gorantz igorri zituzten aberastasuna eta balioa: gizartearen % 1i, batez ere, eta klase profesionaletako eta gerenteen klase goreneko adarrei ere bai.
Ekonomia politiko hura ez zuten neoliberal aurrerakoiek asmatu, eskuinari dagokio ohorea: eskuineko argi-iturri intelektualei —Friedrich Hayek, Milton Friedman eta James Buchanan—, eskuineko politikari aitzindariei —Barry Goldwater eta Ronald Reagan— eta ekonomia hori gauzatzeko bidea eman zuten enpresari dirudunei —Charles eta David Koch, besteak beste—. Nolanahi ere, neoliberalismoaren aldaera eskuin-muturreko eta “fundamentalistak” ezin zuen hegemoniarik lortu zeren aebetako zentzu komunean eragin handia baitzuen New Deal itunaren pentsamoldeak, “eskubide zibilen iraultzak” eta Ezker Berritik etorritako mugimendu sozial mordoxka batek. Beraz, egitasmo neoliberala gailentzeko, bilgarri berri bat ipini behar zitzaion, itxura erakargarri eta zabalago bat, eta bestelako askapen-asmo ez-ekonomikoekin lotu behar zen. Aurrerakoiaren soinekoa jantzita, hala lortu zuen ekonomia politiko sakonki atzerakoi batek bloke hegemoniko berri baten gune dinamikoa bihurtzea.
Hortaz, “Demokrata Berriei” egokitu zitzaien formularen osagairik oinarrizkoena emateko ardura, haiek sortu zituzten aitortzaren arloko neurri aurrerakoiak. Gizarte zibileko indar aurrerakoiak erabiliz, aitortzaren etika bat sortu zuten, zeina berdinzalea eta askatzailea baitzen, baina soilik azalean. Etika horretan biltzen diren hainbat ideal, hala nola “aniztasuna”, emakumeen “boteretzea”, lgbtq komunitatearen eskubideak, post-arrazismoa, multikulturalismoa eta ingurumenaren aldeko ikusmoldea. Ideal horiek, baina, modu konkretu eta mugatu batean interpretatzen ziren, zeina guztiz bat baitzetorren aebetako ekonomia Goldman-Sachsen erara taxutzeko prozesuarekin. Hala, ingurumena babesteak esan nahi zuen karbonoa salerostea. Etxebizitzen jabegoa hauspotzeak esan nahi zuen arrisku handiko maileguak multzokatzea eta hipoteka bidez ziurtaturiko titulu gisa saltzea. Eta berdintasunak, berriz, meritokrazia esan nahi zuen.
Hondamendi historiko bat izan zen berdintasunaren ordez meritokrazia bultzatzea. Ordena sozial justu baten aldeko programa aurrerakoi-liberalak ez zuen hierarkia soziala deuseztatu nahi, aitzitik, hierarkia hori “askotarikoagoa” izatea nahi zuen: “talentu handiko” emakume, koloreko pertsona eta gutxiengo sexualak “boteretu” nahi zituen, hierarkian gora egin zezaten. Ideal hori berez zegokion klase jakin bati, ideal horren asmoa baitzen “azpi-ordezkatutako taldeetako” kideek, betiere hala “merezi” zutenek, beren klase bereko gizon zuri heteroen pareko postuak eta soldatak eskuratzea. Deigarria suertatzen da ideal meritokratikoaren aldaera feminista, baina, tristeki, ez da salbuespen bat. Meritokrata feministek “enpresa-batzordeetan muturra sartu” eta “kristalezko sabaia arrakalatu” nahi zuten; hori dela-eta, korronte feminista horrek emakume gutxi batzuei baino ez zien mesede egin, aurrez ere behar adina kapital sozial, ekonomiko eta kulturala zeukaten emakumeei, hain justu. Gainerako guztiak sotoan harrapatuta geratu ziren.
Aitortzaren politikak, ikusmolde partziala izanagatik, mugimendu sozial aurrerakoietako korronte nagusiak limurtzea eta bloke hegemoniko berrira erakartzea lortu zuen. Jakina, neoliberalismo aurrerakoiak ez zituen kausa aurrerakoien zale guzti-guztiak bereganatu —izan feministak, arrazakeriaren aurkako aktibistak, multikulturalistak edo beste kausa batzuen bultzatzaileak—, baina bai erakarri zituen mugimendu bakoitzeko segmentu nagusi eta ikusgarrienak —haiek gertatzen ari zenaz ohartu ala ez—; neoliberalismoaren deiari kontra egin ziotenak, berriz, bazterrean geratu ziren. Bloke aurrerakoi neoliberaleko kide aurrerakoiak ez ziren, noski, blokeko bigarren mailako kideak besterik, eta ez zeukaten Wall Streeteko, Hollywoodeko eta Silicon Valleyko kideek adinako indarrik, baina ezinbesteko osagai bat eskaini zioten afera arriskutsu hari: karisma, “kapitalismoaren izpiritu berria”. Askapen-aura batek inguraturik, “izpiritu” berri horrek halako kitzikadura bat gehitu zion jardun ekonomiko neoliberalari. Aurrera begirako pentsamenduarekin, askapenarekin, izaera kosmopolitarekin eta aurrerakuntza moralarekin lotu zen aurrez hitsa zena, eta, zirraragarria bilakatu zen bat-batean. Halatan, hein handi batean, aitortzaren etikari esker lortu zuten zilegitasun-patina bat aberastasunak eta diru-sarrerak gorantz banatzeko politikek.
Edonola ere, hegemonia lortzeko, neoliberal aurrerakoien bloke sortu berriak bi arerio garaitu behar zituen. Batetik, New Deal koalizioaren hondarrak suntsitu behar zituen, eta ez ziren gutxi. Tony Blairren “Laborista Berriei” aurrea hartuta, Alderdi Demokratikoko clinton-zaleen adarrak isilean desegin zuen demokraten barruko aliantza zaharrago bat. Bazterrean utzi zuen, hain zuzen ere, demokraten bloke historikoa, zeinak hainbat hamarkadaz batu baitzituen sindikatuetako kideak, etorkinak, afro-amerikarrak, hirietako klase ertaineko kideak eta kapital industrialeko frakzio batzuk, eta, horren ordez, beste aliantza bat sortu zuen, ekintzaileekin, bankariekin, hiri-aldirietako jendearekin, “langile sinbolikoekin”, mugimendu sozial berriekin, latinoekin eta gazteekin. Horrez gainera, afro-amerikarren babesari eutsi zion, haiek sentitzen baitzuten ez zeukatela nora jo. 1991n, presidentziarako hautagai bihurtzeko kanpainan, Bill Clintonek aniztasuna, multikulturalismoa eta emakumeen eskubideak hartu zituen ahotan, eta hala irabazi zituen denen botoak, nahiz eta, bien bitartean, guztiz kontrakoa egin, eta Goldman-Sachsen interesen alde lerratu.
NEOLIBERALISMO ATZERAKOIAREN
PORROTA
Beste etsai bat gainditu behar zuen neoliberalismo aurrerakoiak, zeinaren antza baitzuen, itxuraz kontrakoa iruditu arren. Neoliberalismo atzerakoiaz ari gara. Korronte hori Alderdi Errepublikanoan kokatzen zen batez ere, lehenagoko etsaiak baino koherentzia gutxiago zuen, eta bestelako lotura bat ezartzen zuen banaketaren eta aitortzaren artean, banaketa-politika neoliberalak eta aitortza-politika atzerakoiak uztartzen baitzituen. Negozio eta lantegi txikiak bultzatzen zituela aldarrikatzen zuen, baina, egiaz, finantza, ekoizpen militarra eta erauzketa bidezko energia indartzen zituen, batez ere % 1 globalari mesede egiteko. Bildu nahi zituen zaleek halako proiektu ekonomiko bat irents zezaten lortzeko, neoliberalismo atzerakoiak ordena sozial justu baten ikuspegi baztertzaile bat saltzen zuen: ikusmolde etnonazionala, etorkinen kontrakoa eta kristauen aldekoa, edo zuzenean arrazista, patriarkala eta homofoboa.
Formula horri esker, zenbait hamarkadaz, elkarren alboan egon ziren, nahiz eta deseroso egon, era askotako jende-moldeak, hala nola kristau ebanjelistak, hegoaldeko zuriak, herri txikietako eta landa-eremuko estatubatuarrak, baztertutako langile zuriak, libertarioak, Tea Party alderdiaren jarraitzaileak, Merkataritza Ganbera, Koch anaiak, bankariak, higiezinen arloko eta energiaren industriako handikiak, arrisku-kapitaleko inbertsoreak eta inbertsio-funtsetako espekulatzaileak. Sektoreen araberako ñabardurak alde batera utzita, politika ekonomikoaren auzi nagusian bat zetozen, gutxi-asko, neoliberalismo atzerakoia eta bere etsaia, neoliberalismo aurrerakoia. Jakina, bi alderdiek izan zuten eztabaidarik, “aberatsei ezarritako zergen” inguruan; normalean, demokratek ematen zuten amore. Nolanahi ere, bi blokeek babesten zuten “merkataritza askea”, enpresen gaineko zerga baxuak, lan-baldintza eskasagoak, akziodunen balioaren nagusitasuna, “irabazleak eskuratzen du guztia” erako konpentsazioak, eta finantzaren liberalizazioa. Bi alderdietako liderrak saiatu ziren “akordio handi” bat lortzen, eskubideak murriztea helburu. Banaketaren eremuan ados egon ziren, eta aitortzaren eremuan sortu ziren oztopo nagusiak.
Neoliberalismo aurrerakoiak bigarren etsaia ere gainditu zuen, baina larrutik ordainduta. Gainbeheran zihoazen ekoizpen-zentroak sakrifikatu zituen, Herdoilaren Gerrikoa deritzon eremukoak bereziki. Izan ere, hiru neurri ezarri zituen Bill Clintonek: nafta sinatu zuen —Ipar Amerikako Merkataritza Libreko Ituna—, Txinako bidea ireki zuen —demokrazia sustatzen zuela argudiatuz— eta atzera bota zuen Glass-Steagall legeria ezartzeko egitasmoa; hiruko horren bidez, sekulako kolpea jo zien eskualde industrial historiko hari eta Hegoaldeko zentro industrial berriagoei. Halako politikek eta haien ondoren etorri zirenek erabat suntsitu zituzten bizimodua lantegietan ateratzen zuten komunitateak. Neoliberalismo aurrerakoiak hegemonia izan zuen bi hamarkadetan, inork ez zuen zinezko ahaleginik egin komunitate horiei laguntza emateko, ez neoliberalek ez aurrerakoiek. Neoliberalen iritziz, komunitate horietako ekonomiak ez ziren lehiakorrak eta “merkatuaren zuzenketa” ezarri behar zitzaien. Aurrerakoien ustez, berriz, komunitate haietako kulturak iraganean ainguraturik zeuden, ikuspegi estuei eta balio zaharkituei loturik, eta ikusmolde haiek laster desagertuko ziren banaketa kosmopolita berri baten mesedetan. Neoliberal aurrerakoiek ez zuten arrazoirik topatu —ez banaketaren arloan, ez eta aitortzaren arloan ere—, Herdoilaren Gerrikoa eta Hegoaldeko ekoizle-komunitateak defendatzeko.
HEGEMONIAREN HUTSUNEA
ETA HORI BETETZEKO BORROKA
Oso mugatua zen Trumpek irauli zuen unibertso politikoa, neoliberalismoaren bi aldaeraren arteko oposizioan oinarritua; batik bat aitortzaren eremuko neurriek ezberdintzen zituzten bi korronteak. Aukerak existitzen ziren, jakina: multikulturalismoa hauta zitekeen, ala etnonazionalismoa bestela. Baina, bata ala bestea aukeratu, biek zekartzaten finantzializazioa eta desindustrializazioa. Menuan ez zegoen besterik, neoliberalismo aurrerakoia eta atzerakoia baizik; ez zegoen beste indarrik langile-klasearen triskantzari eta klase ertainaren bizi-mailaren sarraskiari kontra egingo zionik. Neoliberalismoaren aurkako proiektuak erabat baztertu eta kanporatu ziren esparru publikotik.
Hala, aebetako boto-emaileen segmentu handi samar bat, finantzializazioaren eta globalizazio enpresarialaren biktima izanik, berezko inguru politikorik gabe geratu zen. Bi bloke nagusietako inor ez zen haien alde mintzatzen, eta hutsune bat sortu zen aebetako unibertso politikoan: eremu huts bat, non ernatu baitzitekeen neoliberalismoaren aurkako eta langile-klaseko familien aldeko joera bat. Kontuan hartuta azkar bai azkar garatzen ari zela desindustrializazio-prozesua, geroz eta gehiago hedatu zirela soldata baxuko lanpostu prekarioak, eta, horren ondorioz, hondoa jotzen ari zela aebetako herritarren bi herenen bizi-maila, pentsatzekoa zen, lehenago edo beranduago, norbait etorri eta hutsunea beteko zuela.
Batzuek uste izan zuten 2007-2008 urte politikoan iritsi zela une hori. Garai hartan, zabuka zebilen mundua, aebetako historian inoiz izan den atzerriko politikarik penagarrienaren ostean, eta, hara non orduantxe gertatu zen Depresio Handiaz geroztik inoiz izan den finantza-krisirik larriena, eta ozta-ozta ez zuen porrot egin ekonomia globalak ere. Ohiko politika moldeak erdibidean geratu ziren. Eta afro-amerikar batek, “itxaropena” eta “aldaketa” ahotan hartuta, hauteskundeak irabazi zituen, eta zin egin zuen ez zituela politikak bakarrik aldatuko, baizik eta politika estatubatuarraren “pentsaera” bera eraldatuko zuela errotik. Barack Obamak, aukera baliatuz, masen babesa bil zezakeen neoliberalismotik aldentzeko, nahiz eta kongresua haren kontra jarri. Baina, hori egin beharrean, Wall Streeteko indarrei eman zien ekonomiaren ardura, nahiz eta indar horiek izan ziren, hain justu ere, ekonomia pikutara bidaltzeko puntuan egon zirenak. Obamak, esanez “suspertzea” zela helburua, eta ez egiturazko erreformak ezartzea, finantza-erreskateak eman zizkien, oparo eman ere, hondoa jotzeko handiegiak ziren hainbat bankuri, baina ez zien halako laguntzarik eman bankuen biktimei, hau da, krisiak iraun bitartean eta hipoteken gauzatzearen ondorioz beren etxeak galdu zituzten hamar milioi estatubatuarrei. Salbuespen bakarra, Medicaid osasun-programaren hedapena: Obamak, horren bidez, egiazko ongizate materiala eskaini zion aebetako langile-klasearen puska bati. Salbuespen bakarra izan zen, ordea, araua indartzeko balio duena. Osasunaren arloa bideratzeko, hainbat aukera jarri ziren mahai gainean, tartean, ordaintzaile bakarraren sistema eta aukera publikoa ezartzea, baina Obamak biak baztertu zituen, osasungintzari buruzko negoziazioak abiatu aurretik ere, eta, horren ordez, langile-klasearen barruko zatiketak are gehiago tinkotzen zituen bestelako neurri batzuen alde egin zuen, zeinek kalte politiko ikaragarriak ekarri baitzituzten gerora. Dena esatera, bestelakoa zen Obamaren agintaldiaren helburu nagusia, eta ez zen makala: neoliberalismo aurrerakoiaren gailentasuna mantentzeko ardura suertatu zitzaion, korronte horrek gero eta fama txarragoa zuen garaian.
2011n heldu zen hutsune hegemonikoa betetzeko beste aukera bat, orduan agertu baitzen Occupy Wall Street mugimendua. Gizarte zibilaren puska batek, sistema politikoak kalte-ordainik noiz emango zain egoteaz nekaturik eta auziari zuzenean heltzeko asmoz, plazak hartu zituen herrialde osoan barrena, jendearen “% 99ren” izenean. Protestagile gazteek argi salatu zuten sistemak jendearen gehiengoa arpilatzen zuela gizartearen % 1 aberasteko; eta hasieran talde txikiak biltzen baziren ere, azkar samar erakarri zuten babes zabalago bat —aebetako biztanleen % 70, inkesta batzuen arabera—: setiatutako sindikatuetako kideak, zorpetutako ikasleak, ezinean zebiltzan klase ertaineko familiak eta “prekarioen klase” gero eta handiagoa batez ere.
Dena dela, ondorio politiko mugatuak ekarri zituen Occupy mugimenduak: Obama berriro hautatzeko balio izan zuen, eta ez askoz gehiagorako. Obamak, hain zuzen, mugimenduaren erretorika beretzat hartuz bildu zuen 2016an Trumpen alde bozkatuko zuten askoren babesa, eta hala gailendu zitzaion Romneyri 2012an. Beste lau urtetarako agintaldia eskuratu ostean, ordea, apurka-apurka lurrundu zen presidentearen klase-kontzientzia deskubritu berria. “Aldaketa” mamitzeko xedez, agindu exekutiboak igorri zituen, baina ez zituen ondasunaren gaizkileak auzipetu eta ez zuen pulpitua erabili estatubatuar jendea Wall Streeten kontra jar zedin. Ekaitza pasa zela ulertuta, aebetako klase politikoek beren ohiko martxari eutsi zioten. Adostasun neoliberalak bere horretan iraun baitzuen, politikariak ez ziren ohartu Occupy mugimenduak pitzadura bat ireki zuela, eta haren atzetik etorriko zela lurrikara handi bat.
Azkenean, 2015-16 urte politikoan lehertu zen lurrikara: tupustean eraldatu zen luzaroan ondutako atsekabea, eta bete-betean taxutu zen autoritate politikoaren krisia. Hauteskunde haietan, itxuraz behintzat, gain beheran etorri ziren bi bloke politiko nagusiak. Errepublikanoen kasuan, Trumpek, gai populistei buruzko kanpaina eginez, erraz garaitu zituen (behin eta berriro gogorarazten digun eran) errepublikanoen primarioetako hamasei lehiakide koitaduak, tartean alderdiko buruzagiek berek eta diru-emaile nagusietako batzuek zuzenean hautatutako hainbat. Demokraten aldetik, berriz, Bernie Sandersek, bere burua demokrata sozialista gisa aurkeztuz, erronka jo zion, harrigarriro, Obamaren ondorengo kutunari, zeinak, Sanders uxatzeko, zirenik eta trikimailu eta palanka alderdikoi guztiak erabili behar izan baitzituen. Bi aldeetan irauli ziren ohiko gidoiak, kanpoko bi eragile sartu baitziren hutsune hegemonikora, eta meme politiko berriekin bete zuten.
Sandersek eta Trumpek, biek gaitzetsi zituzten banaketaren politika neoliberalak. Aitortzaren eremuan, ordea, guztiz kontrako ikusmoldeak agertu zituzten. Sandersek, esate baterako, ekonomia “ustela” zela salatu zuen, unibertsalismoaren eta berdintasunaren alde eginez; Trumpek, berriz, esapide bera maileguan hartu eta ñabardura nazionalista eta protekzionistak erantsi zizkion. Aspaldiko tropo baztertzaileak sendotuz, Trumpek ordura arte “han-hemenka” baizik entzuten ez ziren txistu-joak hartu eta sekulako hauspoa eman zien arrazakeriari, misoginiari, islamofobiari, homo- eta transfobiari eta etorkinen kontrako joerei. Trumpen erretorikak “langile-klaseko” jendeari dei egiten zion, baina soilik batzuei: zuriei, heteroei, gizonei eta kristauei; meatzaritzan, erauzketan, eraikuntzan eta industria astunean ari zirenei. Kontrara, Sandersek langile-klase zabal eta hedakor bat erakarri nahi zuen, kontuan hartuz Herdoilaren Gerrikoko langile industrialak eta orobat, sektore publiko eta zerbitzuetako langileak, emakumeak, etorkinak eta koloreko jendea.
Argi dago, alderik izatekotan, erretorikan zetzala “langile-klasearen” bi erretratu horien arteko aldea, ez baitziren guztiz bat etorri bi hautagaiek bildu nahi zituzten boto-emaileak eta benetan botoa eman zien jendea. Egia da: hondoa jotako ekoizpen-zentroetako langileek —2012an, Obamaren alde bozkatu zuten, eta 2015ean, berriz, demokraten primarioetan, Sandersen alde— Trumpi eman zioten botoa, eta hortik atera zuen garaipenerako marjina gaur egungo presidenteak, baina orobat jaso zuen ohiko errepublikanoen babesa: libertarioek, enpresa-jabeek eta populismo ekonomikoa askorik axola ez zitzaien beste askok bozkatu zuten haren alde. Era berean, unibertsitatean ikasitako estatubatuar gazteak izan ziren Sandersen boto-emailerik fidelenak. Baina kontua ez da hori. Kontua da, balizko kontrahegemonia bat eraikitzeko proiekzio erretoriko batean, Sandersek aebetako langile-klasearen harira agertutako ikuspegi zabalak ezberdindu zituela, nabarmen ezberdindu ere, Trumpen populismoa eta Sandersena berarena.
Bi kanpotarrek, nork bere erara, zentzu komun berri baten silueta marraztu zuten. Trumpen kanpainako erretorikak, onenean ere, iradokitzen zuen balizko bloke hegemoniko berri bat sortu nahi zuela: populismo atzerakoia dei dakioke. Aitortzaren politika oso atzerakoiak eta banaketaren politika populistak uztartzen zituen: Mexikoko mugan horma bat altxatu eta neurri handiko azpiegituretan inbertitu du, hain zuzen ere. Sandersek, ostera, bestelako bloke bat irudikatu zuen: populismo aurrerakoia. Aitortzaren politika inklusiboak eta langile-klaseko familiei mesede egingo lioketen banaketa-politikak uztartu nahi zituen, zigor-arloko justizia aldatu eta Medicare sistema denei zabaldu, justizia erreproduktiboa bermatu eta unibertsitateko matrikulak doako bihurtu, lgbtq eskubideak babestu eta banku handiak desegin.
GAUZA BAT AGINDU,
BESTE BAT EGIN
Dena dela, bi aukera horiek ez dira gauzatu, ez bata ez bestea. Azkenean, Clinton gailendu zitzaion Sandersi, eta hauteskundeetatik kanpo geratu zen aukera populista aurrerakoia; bidenabar, horrek ez zuen inor harritu. Gero, ordea, Trumpek garaitu zuen Clinton, eta batzuek behintzat ez zuten halakorik espero inolaz ere. Trumpek, ordea, ez du populismo atzerakoiaren aginte-moldea ezarri, eta gauza bat agindu eta beste bat eginez, albo batera utzi ditu kanpainan agindu zituen banaketa-neurri populistak. Bai, egia da: bertan behera utzi zuen tpp akordioa —Lankidetza Ekonomikorako Akordio Transpazifikoa—. Baina nafta geroratu du eta ez du ezertxo ere egin Wall Street kontrolatzeko. Eta ez hori bakarrik: ez du inongo urratsik egin neurri handiko azpiegitura proiektuak abiatzeko eta horien bitartez enpleguak sortzeko, eta ekoizpena bultzatzeko ahaleginik egin badu, guztiz ahalegin sinbolikoak izan dira; ozen eta tinko babestu du ikatza, baina horrek ekarritako irabaziak fikziozkoak izan dira gehienbat. Eta zerga-kodea aldatu eta batez ere langile-klaseko familiei eta klase ertaineko familiei mesede egingo liekeen sistema bat proposatu beharrean, errepublikanoen betiko testua sinatu du, zeinak are gehiago aberasten baitu gizartearen % 1 (tartean, Trumpen familia bera). Azken horrek erakusten duen eran, presidenteak banaketaren arloan egin dituen ekintzek asko dute norbere buruari eta norberaren laguntxoei babesa ematetik. Trumpek berak ez ditu bete Hayeken ideal ekonomikoak; hala ere, Ogasun Sailean Goldman-Sachseko ikasle ohi bat ipini eta hala ziurtatu du neoliberalismoak tinko jarraituko duela benetan garrantzitsuak diren arloetan.
Banaketaren arloko neurri populistak baztertuta, Trumpek are indar handiagoz eta latzago ekin zion aitortzaren politika atzerakoiak sustatzeari. Luzea eta hotzikarak eragiteko modukoa da estatus-hierarkia gaitzesgarrien alde egin dituen adierazpenen eta ekintzen zerrenda: hainbat herrialdetara bidaiatzeko debekuak ezarri ditu, batik bat biztanle gehienak musulmanak diren lekuetara, nahiz eta, hori mozorrotzeko, Venezuela gehitu duen berriki zerrendara; Justizia Sailean, eskubide zibilak kendu ditu (baimen-graduak deuseztatu dira), bai eta lan-arloari dagozkionak ere (kontratu-egile federalek jada ez dute diskriminazioa kontrolatzen); lgbtq komunitatearen eskubideei buruzko auziak defenditzeari uko egin dio, murriztu egin du kontrazepzioaren gastuak estaltzeari dagokion asegurua eta orobat murriztu du IX. Titulua legeak emakumeei eta neskei eskaintzen zien babesa, lege hori gauzatzeko langile-kopurua gutxituz; gainera, jendaurrean adierazi du poliziek susmagarriak zakar erabiltzearen alde dagoela, legea erabat erdeinatzen duen “Joe sheriffa”[1] babestu du, eta adierazi du “jende jator askoa” dagoela Charlottesvillen dinbi-danba ibili ziren supremazista zurien artean. Horren guztiaren emaitza ez da betiko kontserbadurismo errepublikanoa, ezpada aitortzaren politika izugarri atzerakoi bat.
Trump presidentearen politikak ez datoz bat, eskuarki, Trump hautagaiak hauteskunde-kanpainan agindu zituenekin. Desagertu egin da bere populismo ekonomikoa, eta ez hori bakarrik, oso bide zitalak garatu ditu dagokion ardurari ihes egiteko. Labur esanda, Trumpi botoa eman ziotenek gauza batzuk lortzeko egin zuten hori, eta ez dituzte lortu. Eta horren fruitua ez da populismo atzerakoia, baizik eta neoliberalismo hiper-atzerakoia.
Alabaina, Trumpen neoliberalismo izugarri atzerakoiak ez du bloke hegemoniko berri bat osatu. Aitzitik, kaotikoa da, ezegonkorra eta hauskorra. Eta halakoa da, batetik, Trumpen beraren psikologia pertsonal bitxiaren ondorioz eta, bestetik, presidenteak eta Alderdi Errepublikanoak mendekotasun-harreman disfuntzional bat daukatelako: alderdia ahalegindu da, eta ez du lortu, gizona kontrolpean hartzen, eta agintaldia bukatzeko zain dago orain, irteera bat bilatu bitartean. Ez dakigu nola amaituko den hau guztia, baina baliteke Alderdi Errepublikanoa zatitzea, eta inozoa litzateke aukera hori a priori behintzat kontuan ez hartzea. Edozelan ere, neoliberalismo hiper-atzerakoiak ez du hegemonia seguru bat osatzeko aukerarik.
Baina badago arazo sakonago bat. Trumpen neoliberalismo hiper-atzerakoiak berriro ezarri nahi du 2016an lehertzen lagundu zuen hutsune hegemonikoa, eta, horretarako, bertan behera utzi du bere kanpainaren aurpegi populista ekonomikoa. Kontua da orain ezin duela zuloa josi. Orain, amu populista desagertu den honetan, zaila da Trumpen oinarria osatzen duten langileak kontentu mantentzea, (sasi)aitortza bakarrik ematen badie.
Beste alde batetik, antolatzeko bidean dago “erresistentzia”. Baina oposizioa zatituta dago: badira clinton-zale porrokatuak, sanders-zale leialak, eta bataren zein bestearen alde berdin-berdin egin dezakeen jende mordo bat. Gainera, egoera gehiago korapilatuz, badira makina bat talde, etorri berriak eta gora egin nahian dabiltzanak, zeinek jarrera militanteak agertu eta diru-emaile handiak erakarri baitituzte, nahiz eta programa lauso samarrak aurkeztu (edo agian horregatik beragatik).
Kezkatzekoa da, oso, ezkerraren joera zahar bat, azkenaldian berriro azaleratu dena: joera horrek aurrez aurre ipintzen ditu arraza eta klasea. Batzuek, pertsona beltzen eta latinoen botoak lortzeko asmoz, hau proposatu dute: Alderdi Demokratak politika berriak garatu eta zuzen-zuzenean kontra egitea zurien nagusigoari. Beste batzuek, aldiz, 2016an Trumpen abarora alde egin zuen langilego zuria berreskuratu nahi dute, eta, horretarako, klasean oinarritu dute beren estrategia. Herren egiten dute bi ikuspegiek, hain zuzen ere, elkarren kontrakotzat hartzen baitituzte arraza eta klasea, baina, egiaz, posible da injustiziaren bi ardatz horiei batera kontra egitea, are, hala egin beharra dago. Ezin da bata garaitu bestea suntsitu gabe, eta alderantziz.
Nolanahi ere, gaur egungo testuinguruan, baldin eta proposamen batek ez badio lehentasunik ematen klaseari, bada beste arrisku bat, izan ere, baliteke proposamen horrek Clintonen korrontearekin bat egitea eta, mozorro berri batekin jantzita, aurreko statu quo berdina ezartzen laguntzea. Kasu horretan, neoliberalismo aurrerakoiaren aldaera berri bat nagusituko litzateke: banaketa-politika neoliberalak eta aitortza-politika argiki antiarrazistak uztartuko lituzkeen aldaera bat. Trumpen kontrakoek gogoeta egin behar lukete aukera horri buruz. Batetik, halakorik gertatuko balitz, balizko aliatu askok ihes egingo lukete, azkar eta kontrako norabidean, Trumpen diskurtsoa ontzat emanez eta hura are tinkoago babestuz. Bestetik, neoliberalismo aurrerakoi berri horrek bat egingo luke Trumpekin berarekin, neoliberalismoaren aurkako alternatibak birrintzeko eta berriro ere hutsune hegemonikoaz jabetzeko helburuari dagokionez. Baina lehenago Trumpi buruz esan dudana ere hartu behar da kontuan: amu populista desagertu da, eta jendeak ez du onean-onean onartuko. Neoliberalismo aurrerakoia berrezartzen bada, edozein gisatan berrezarrita ere, berriro sortuko dira Trumpi bide eman zioten baldintzak —eta indar handiagoz, gainera—. Horrek esan nahi du etorkizunean Trump gehiago agertuko liratekeela, are ankerragoak eta arriskutsuagoak.
SINTOMA MORBIDOAK ETA
AUKERA KONTRAHEGEMONIKOAK
Arrazoi horiengatik guztiengatik, etorkizun hurbilean sor daitekeen hegemonia politiko berriari begira, neoliberalismo aurrerakoiaren susperraldia ez da aukera ona, eta neoliberalismo hiper-atzerakoia ere ez. Higatu egin dira bi bloke horiei eusten zieten loturak, eta, bestalde, gaur egun, ez bloke bat ez bestea ez daude zentzu komun berri bat taxutzeko moduan. Ez dira gai errealitate sozialaren irudikapen bat ezartzeko, kontakizun zabal bat sortzeko, non era askotako eragile sozialek aurkituko baitute toki bat berentzat. Eta hona hemen beste kontu garrantzitsu bat: neoliberalismoaren bi korronte horiek ez dira gai gure krisi hegemonikoaren oinarrian dauden arazo sistemiko objektiboak ganoraz konpontzeko. Bi korronteak dira finantza globalaren maitaleak, horregatik, ezin dute kolokan jarri finantzializazioa, desindustrializazioa eta globalizazio enpresariala. Eta ezin dituzte beste hainbat arazo konpondu, hala nola bizi-baldintza gero eta eskasagoak, zor gero eta handiagoa, klima-aldaketa, “zaintzaren arloko gabeziak” eta komunitateetako bizitzari eragiten dion estres jasanezina. Beraz, bi bloke horietako edozein (ber)ezarriz gero, gaur egungo krisiak bere horretan jarraituko du, eta areagotu egingo da.
Hortaz, zer gertatuko da epe laburrean? Ez baitago hegemonia segururik, interregno ezegonkor bat bizi dugu, eta krisi politikoak bere horretan jarraitzen du. Gauzak horrela, zuzenak dira Antonio Gramsciren hitzak: “Mundu zaharra hil da, eta mundua berria ezin da jaio; interregno honetan, era askotako sintoma morbidoak agertu dira”.
Jakina, gauzak bestelakoak izango lirateke baldin eta kontrahegemonia bideragarri bat sortuko balitz. Horretarako, populismoa da hautagairik aproposena, populismo-klaseren bat behintzat. Eta hona galdera: izan liteke populismoa bide bat, agian ez berehala, baina bai epe luzeago batean? Ba ote dago argudiorik aukera horretan sinestera eramaten gaituenik? Aintzat harturik 2015-16 urte politikoko hauteskundeetan Sandersen eta Trumpen alde bozkatu zuen estatubatuarren kopurua, esan dezakegu badagoela masa kritiko bat, banaketaren politika neoliberalari uko egin ziona. Kontua da ea masa hori elkartu eta bloke kontrahegemoniko berri bat era lezakeen. Hori gertatzeko, baina, beren ikusmoldea aldatu behar lukete Trumpen eta Sandersen aldeko botoa eman zuten langileek: ulertu behar lukete elkarren aliatuak direla, eta, nork bere posizioa izan arren, “ekonomia ustel” bat eta bakarraren biktima direla denak. Hala, indarrak batu eta ekonomia hori eraldatzeari ekin liezaiokete.
Populismo atzerakoiak, Trump paretik kenduta ere, ez du oinarri egokirik eskaintzen halako zerbait egiteko. Korronte horrek aitortza-politika zeharo hierarkiko eta baztertzaileak bultzatzen dituenez, aebetako langile-klaseko eta klase ertaineko sektore askok ez lukete inolaz ere onartuko, batez ere zerbitzuetako langileen, nekazarien, etxeko langileen eta sektore publikoetako langileen familiek, eremu horietan ugariak baitira emakumeak, etorkinak eta koloreko jendea. Beraz, inork lortzekotan, aitortza-politika inklusibo bat defendatzen duenak lor dezake ezinbesteko indar sozial horiek elkartzea langile-klaseko eta klase ertaineko beste sektore batzuekin, hala nola industriako, meatzaritzako eta eraikuntzako komunitate historikoekin.
Halatan, populismo aurrerakoia da bloke kontrahegemoniko berri bat osatzeko hautagairik egokiena. Birbanaketa berdinzalea eta aitortza ez-hierarkikoa uztartzen ditu, eta, horregatik, korronte horrek badu langile-klase osoa batzeko aukerarik. Are gehiago, klasearen ulerkera hedakor batetik abiatuta, aliantza zabalago baten lidergoa har lezake, eta bere aldera erakar litzake, ugari, gazteak, klase ertaineko herritarrak eta sektore profesionaleko eta zuzendaritza-batzordeetako kideak.
Era berean, gaur egungo egoeran, badira beste hainbat faktore, eta horiek aintzat hartuta ez dirudi aliantza bat eratuko denik, ez behintzat epe laburrean, populista aurrerakoien eta azkenengo hauteskundeetan Trumpen alde bozkatu zuten langile-klaseko kideen artean. Hona hemen oztopo nabarmen batzuk: hasteko, bi taldeen artean badira zatiketa gero eta sakonagoak, baita etsaitasunak ere, aspalditik datozenak baina Trumpek muturrera eraman dituenak; David Brooksek ederki azaldu zuen, esanez Trumpek gai dela “politikaren gorputzean dauden zauri guztiak sumatzeko”, eta prest dagoela, gainera, “zauri horietan guztietan hatza sartu eta goitik behera irekitzeko”. Ondorioz, giro toxiko bat sortu da, eta badirudi, alde batetik, “gizatxar” hutsak direla Trumpi botoa eman zioten guztiak, alegia, arrazista, misogino eta homofobo porrokatuak direla —horixe uste dute aurrerakoi batzuek—, eta, beste alde batetik, badirudi, populista erreakzionarioek dioten eran, aurrerakoi oro dela moralista sutsu eta elitista harroxko bat, eta gainetik begiratzen diola giza jendearen gehiengoari, capuccinoari hurrupa egin eta dolarrak pilatu bitartean.
ZATITZE-ESTRATEGIA
aebetako populismo aurrerakoiak, baldin eta bataila irabazi nahi badu, bi ikusmolde horiei kontra egitea beste biderik ez du. Zatitze-estrategia bat behar da, bi zatiketa hauspotu behar dira. Lehenik, pribilegio gutxiko emakumeak, etorkinak eta koloreko jendea uxatu behar dugu feminista goranahien, antiarrazista eta antihomofobo meritokrazia-zaleen, aniztasun enpresariala bultzatzen dutenen eta kapitalista berdeen esparrutik, zeinek jende xehearen kezkak bahitu eta neoliberalismoaren menera erabili baitituzte. Hain justu ere, egitasmo feminista bat sortu da berriki helburu hori betetzeko asmoz: “% 99ren aldeko feminismoa” eratu nahi dute, eta bazterrean utzi feminismo goranahia. Egitasmo horren ereduari jarraitu behar liokete beste mugimendu askatzaile batzuek.
Bigarrenik, Herdoilaren Gerrikoko, Hegoaldeko eta landa-eremuko langile-klaseen komunitateak konbentzitu behar ditugu, beren gaur egungo aliatu kriptoneoliberalak abandona ditzaten. Nola? Erakutsi behar diegu militarismoaren, xenofobiaren eta etnonazionalismoaren aldeko indarrak ezin dituela eskaini bizitza on baterako oinarrizko aurrebaldintza materialak, eta ez duela halakorik eskainiko sekula; baina bloke populista aurrerakoi batek, berriz, hori lor dezakeela beharbada. Trumpi botoa eman zion jendearen artean, batzuentzat erakargarria suertatuko litzateke bizitza duin bat eskuratzeko aukera; beste batzuentzat, aldiz, ez —esate baterako, arrazista eta etnonazionalista sutsuentzat—; eta estrategia horren bidez bereiziko lirateke bi multzoak. Lehenengo taldea askoz ugariagoa da bigarrena baino, hala ere, eta hori esanda, onartu behar da mugimendu populista atzerakoiak barra-barra erabiltzen duela erretorika kargatua eta, modu horretan, garai batean ertzean zeuden supremazista zurien taldeak hauspotu dituztela. Baina lehenengo taldea —bizitza duin bat eskuratu nahi dutenen taldea— askoz ugariagoa da bigarren taldea baino —arrazista eta etnonazionalista sinetsien taldea—, eta horrek erakusten du ez dela egia batzuek azkar batean atera duten beste ondorio hori, zeinaren arabera populismo atzerakoiaren alde bozkatu zuten gehienak ez bailirateke inoiz hurbilduko Sandersek aipatu zuen erako langile-klase hedakor baterantz. Ikuspegi hori okerra da enpirikoki eta, horretaz aparte, kalterako da, bere burua betetzen duen profeziaren traza baitu.
Utzi azaltzen. Ez dut adierazi nahi bloke populista aurrerakoi batek alde batera utzi behar lukeela arrazismoaren, sexismoaren, homofobiaren, islamofobiaren eta transfobiaren aurkako borroka. Guztiz kontrara, borroka horiek guztiz funtsezkoak iruditzen zaizkit, bloke aurrerakoi bat eraiki nahi bada. Baina kalterako izango litzateke, borroka horiek gauzatu nahian, halako nagusikeria moralista bat erabiltzea, hain justu ere neoliberalismo aurrerakoiak egiten duen moduan. Ikuspegi horrek azaletik eta modu desegokian ulertzen ditu injustiziak: jendearen iritziak jotzen ditu arazoaren muintzat, eta ez dio garrantzirik ematen injustiziei zinez eusten dieten indar egiturazko eta instituzionalen sakontasunari.
Argi-argi ikusten da hori dena arrazaren kasuan. Gaur egun, aebetan bada jarrera eta joera arrazistarik, jakina, baina horiek ez dute osatzen gaur egun herrialdean gertatzen diren injustizia arrazistaren muina. Kontua da, aitzitik, neoliberalismo aurrerakoiaren hegemoniak iraun zuen garaian, industria desegin eta finantzializazioa abiatu zela, eta, menderakuntza sistemiko luzea tarteko, bi prozesu horiek ondorio bereziki kaltegarriak izan zituztela arrazaren arabera. Bankuek, luzaroan, ez zieten hipotekarik ematen estatubatuar beltzei eta beltzaranei, eta, horregatik, aparte bizi ziren, etxebizitza kaskarretan; gainera, hain soldata baxuak jasotzen zituztenez, ezin zuten sosik aurreztu. Neoliberalismo aurrerakoiaren garaian, ordea, arrisku handiko maileguen putreek sistematikoki bilatu zituzten herritar beltzak, eta, hipotekak ezin ordainduta etxetik kaleratu zituzten herritarren artean, beltzak izan ziren kaltetuenak. Bestalde, garai hartan, kolpe latz bat jaso zuten gutxiengoak bizi ziren herri eta auzo askok: aurrez, ez zuten baliabide publiko handirik jasotzen, baina, gero, bertako ekoizpen-zentroek porrot egin eta lantegiak ixtean, lanpostuak galdu ez ezik, diru-laguntza publikoetan ere nabaritu zuten alderik, murriztu egin baitzen hezkuntzarako, osasunerako eta bestelako azpiegituren oinarrizko mantenurako laguntza: modu horretan gertatu zen, adibidez, Flint hiriko finantza-larrialdia, eta, beste testuinguru batean, baita New Orleanseko 9. barrutiko hondamendia ere. Azkenik, aipatzekoa da gizon beltzen patua: luzaroan, zigor berezituak eta kartzelatze gogorrak pairatu dituzte, lanean hertsatu dituzte eta gizarteak onarturiko indarkeria ezarri zaie, poliziaren eskutik ere bai; horretaz guztiaz gainera, neoliberalismo hegemonikoaren garaian, errepublikanoek eta demokratek elkarrekin “lortutako” legeen bidez eta hein handi batean Bill Clintonek garatutako neurriak tarteko, gizon beltzak pilaka bildu zituzten “kartzela-gune industrialetan”, zeinak beti baitzeuden beteta, “drogen aurkako gerrari” esker; kalean zeudenak, berriz, langabezian zeuden asko eta asko. Gauzak horrela, eta onartu arren gauza itxaropentsua izan zela afro-amerikar bat Etxe Zurira iristea, ez da harritzekoa garapen horiek maspildu ezin izana, ezta?
Nola, bada? Oraintxe aipatu ditugun fenomenoek erakusten dute arrazakeria sakon bai sakon ainguratuta dagoela gaur egungo gizarte kapitalistan, eta neoliberalismo aurrerakoi eta moralista ez dela horri aurre egiteko gai. Orobat adierazten dute arrazakeriaren egiturazko oinarriak zeharo loturik daudela klasearekin eta ekonomia politikoarekin, estatusarekin eta (sasi)aitortzarekin bezainbeste. Halaber, argitu beharra dago, ñabardurak badaude ere, makina beraren parte direla koloreko jendearen bizi-aukerak suntsitzen ari diren indarrak eta zurien bizi-aukerak suntsitzen ari direnak. Horrek guztiak ezagutzera ematen du, gaur egungo kapitalismo finantzarioan, arraza eta klasea estu lotuta daudela, ezin askatzeko moduan.
Gogoeta horiek izan behar lukete balizko bloke populista aurrerakoi baten iparrorratzak: blokeak uko egin behar lioke neoliberal aurrerakoien ikusmoldeari, zeinak jarrera indibidualak nabarmentzen baititu beste ezeren gainetik, eta heldu, ostera, gizarte garaikidearen egitura eta oinarri instituzionalei. Eta, are gehiago, hau azpimarratu behar luke: kapitalismo finantzarioan, erro beretik datozela klaseari eta arrazari lotutako injustiziak. Sistema hori osotasun sozial bat dela ulertuta, jabetu behar gara biak lotuta daudela: emakumeek, etorkinek, koloreko pertsonek eta lgbtq komunitateko jendeak bizi dituzten gaitzak eta gaur egun eskuineko populismoaren inguruan dabiltzan langileek bizi dituztenak. Hala, bidea ireki dakioke koalizio berri eta indartsu bati, eta elkartu egin daitezke Trumpek eta haren modukoek traizio egiten dieten guzti-guztiak: ez bakarrik etorkinak, feministak eta koloreko jendea —haietako asko jada ari diren Trumpen neoliberalismo hiper-atzerakoiaren kontra borrokan—, baina baita orain arte presidentearen alde agertu diren langile-klaseko kideak ere. Langilegoaren sektore handiak batuz, baliteke estrategia honek irabaztea. Hemen aipatu ditugun beste aukerek ez bezala, populismo aurrerakoiak badu ahalmenik, printzipioz behintzat, etorkizunean bloke kontrahegemoniko egonkor samar bat osatzeko.
Edonola ere, balizko bideragarritasun subjektiboa ez da populismo aurrerakoia laudatzeko arrazoi bakarra, izan ere, korronte hori gai baita, printzipioz behintzat, gure krisiaren egiazko aurpegi objektiboari heltzeko, eta bere etsaiak ez. Utzi azaltzen.
Hasieran esan dudan eran, hemen aipagai dugun krisi hegemonikoa ez da krisi zabalago baten hari-mutur bat baino; krisi horrek, beraz, baditu beste hari-mutur batzuk, hala nola ekologikoa, ekonomikoa eta soziala. Halaber, krisi politikoa ezin da bereizi gaur egun bizi dugun krisi sistemiko objektibotik, haren baliokide subjektiboa baita eta hari erantzuten baitio. Azkenik, krisiaren bi aldeak —bai alde subjektiboa eta bai alde objektiboa—, batera doaz, hau da, batera eutsiko diote, edo batera hondoratuko dira. Erantzun subjektiboek, erakargarriak izanik ere, ezin dute kontrahegemonia iraunkor bat ziurtatu, non eta ez duten biderik eskaintzen krisiaren oinarrian dauden arazo objektiboak konpontzeko.
Krisiaren alde objektiboa ez da hainbat gaitz bereiziren batura hutsa. Ez da mataza bat, hari soltez osatua; krisiaren hari-mutur guztiak elkarri lotuta daude eta erro beretik datoz. Gaur egungo kapitalismo globalizatzaile, neoliberal eta finantzarioa da gure krisi orokorraren azpian datzan objektua, krisiaren ezegonkortasunak biltzen dituena. Kapitalismoa, aldaerak aldaera, ez da inoiz izan sistema ekonomiko huts bat; sistema zabalago bat da, ordena sozial instituzionalizatu bat, eta, alde horretatik, ekonomia kapitalistari guztiz ezinbestekoak suertatzen zaizkion ekonomiatik kanpoko hainbat aurrebaldintzaren premia dauka: adibidez, erreprodukzio sozialeko zereginak behar ditu, soldatarik gabekoak, ziurtatzen baitute ekoizpen ekonomikoa gauzatzeko soldatapeko indarra. Bestalde, kapitalismoari premiazkoa gertatzen zaio botere publikoa antolatzen duen aparatu bat (zuzenbidea, polizia, arautze-bulegoak eta gidaritza-ahalmenak kudeatzen dituena), zeren, ondasunak iraunkorki pilatzeko, beharrezkoak baitira halakoek dakartzaten ordena, aurreikuspen-gaitasuna eta azpiegitura. Azkenik, kapitalismoak modu jasangarrian antolatu behar du, gutxi-asko, naturarekin dugun harreman metabolikoa, ziurtatze aldera aski energia eta lehengai eskuratuko duela produktuak ekoizteko, eta, halaber, planeta bizigarri bat behar du, bizitza sostenga dezakeena.
Ekonomia kapitalistaren eta horrek behar dituen oinarrizko baldintzen arteko harremana antolatzeko modu konkretu eta historiko bat da kapitalismo finantzializatua. Historian hainbat modutan antolatu dira ekonomia kapitalistaren eta horrek behar dituen oinarrizko baldintzen arteko harremanak, eta kapitalismo finantzializatua ez da horietako bat baino. Antolakuntza-molde arrunt harrapakaria eta ezegonkorra da, kapitalaren metaketa askatzen baitu metaketa hori bera denboran mantentzeko behar diren mugetatik (muga politikoak, ekologikoak, sozialak eta moralak). Muga orotatik libratuta, kapitalismoak xahutu egiten ditu kapitalismoa bera existitzeko oinarrizko baldintzak. Bere buztanari haginka ari den tigrea dirudi. Bizitza soziala urritu ahala, etekinak lortzeko ekin mugarik gabeak kolokan jartzen ditu, premiazkoak dituen arren, erreprodukzio soziala, iraunkortasun ekologikoa eta botere publikoa. Hori aintzat hartuta, kapitalismo finantzializatuaren antolakuntza sozialak berezkoa du krisiak sortzeko joera. Gaur egun parez pare dugun krisi-multzoak gero eta argiago adierazten du sistemak muinean duela bere burua ezegonkortzeko jaidura.
Horra hor krisiaren aurpegi objektiboa, hots, hemen aztertu dugun hegemonia-korapiloaren baliokide estrukturala. Gaur egun, biak daude loratze betean, bai krisiaren zutoin objektiboa eta bai subjektiboa. Eta esan dugu eran, batera eutsiko diote, edo batera eroriko dira. Krisi objektiboa konpontzeko, kapitalismo finantzializatua eraldatu behar da, sakonki eraldatu ere: modu berri bat sortu behar da ekonomia eta politika lotzeko, produkzioa eta erreprodukzioa uztartzeko eta gizartearen eta gizakiengandik kanpoko naturaren arteko harremanak kudeatzeko. Neoliberalismoa, mozorro bat zein bestea jantzi, ez da ezeren konponbidea; arazoa da.
Behar dugun aldaketa lortzeko, beste norabait jo beharko dugu; egitasmo antineoliberala izan beharko du, hasteko, eta baita antikapitalista ere segur aski. Bestalde, halako egitasmo batek, baldin eta indar historiko bat bihurtu nahi badu, bloke kontrahegemoniko bat gorpuztu beharko du. Aukera horrek oraintxe bertan urruna badirudi ere, populismo aurrerakoia da konponbide subjektibo eta objektibo bat lortzeko daukagun aukerarik onena. Nolanahi ere, hori ez litzateke izango helmuga egonkor bat. Beharbada, populismo aurrerakoia trantsizio bat izan liteke, geltoki bat, gizarte-eredu postkapitalista berri baterako bidean.
Ez dakigu nolakoa izango den helmuga, baina argi dago, aukera honi bide eman ezean, gaur egungo interregnoa luzatuko dugula. Eta horrek esan nahi du estres izugarria, osasun eskasa, zor gero eta handiagoa, gehiegizko lana, klasearen araberako apartheida eta segurtasun-gabezia soziala izango direla iritzi eta kolore guztietako langileen patua. Ez hori bakarrik, sintoma morbidoak ere hedatuko dira: herratik jaiotako gorrotoa haziko da, eta egoeraren ardura beste norbaiti egotziko zaio, indarkeria-boladak piztuko dira, eta, jarraian, errepresio-aldiak, eta hala sortuko da mundu anker bat, non elkartasuna urritu egingo baita, ia desagertu arte. Etorkizun horri eskapu egiteko, atzean utzi behar ditugu, behin eta betiko, bai ekonomia neoliberala eta bai azkenaldian hura babestu duten aitortza-politikak ere —biak, etnonazionalismo baztertzailea zein indibidualismo liberal eta meritokrazia-zalea—. Uztartu behar ditugu banaketa-politika fermuki berdinzaleak eta klasea kontuan hartuko duten aitortza-politika inklusiboak, zeren modu horretan baizik ez baitugu lortuko bloke kontrahegemoniko aski indartsu bat eraikitzea, krisi garaikidetik atera eta mundu hobe baterantz eraman gaitzan.
* Jatorrizko testua: “From Progressive Neoliberalism to Trump —and Beyond”, American Affairs, 1, 4, 2017ko negua, 46-64 or.
[1] Joe Arpaio, AEBetako polizia eta politikari ohia. 2017an, auzibide bat oztopatzeagatik zigortu zuten, baina Trumpek indultua eman zion. [itzultzailearen oharra]