Aurkibidea
Hitzaurrea. Jule Goikoetxea
Marxen egoitza ezkutuaren atzean
Zaintza-krisia? Kapitalismo garaikidearen kontraesan sozial-erreproduktiboak
Justizia globalaz: Platon, Rawls eta Ishiguro ikasbide
Demokrazia-krisia, kapitalismoaren krisi: Kapitalismo finantzializatuaren kontraesan politikoez
Interregno estatubatuarra: Neoliberalismo aurrerakoitik Trumpen garaira, eta harago
Aurkibidea
Hitzaurrea. Jule Goikoetxea
Marxen egoitza ezkutuaren atzean
Zaintza-krisia? Kapitalismo garaikidearen kontraesan sozial-erreproduktiboak
Justizia globalaz: Platon, Rawls eta Ishiguro ikasbide
Demokrazia-krisia, kapitalismoaren krisi: Kapitalismo finantzializatuaren kontraesan politikoez
Interregno estatubatuarra: Neoliberalismo aurrerakoitik Trumpen garaira, eta harago
Kapitalismoa
ezinbestean al da arrazista?
(Itzultzailea: Maialen Berasategi Catalán)
Kapitalismoa beti egon da sakon lotuta arraza-zapalkuntzarekin. Premisa horrek, argi eta garbi, balio du esklabotzan oinarritutako plantazioen kapitalismoaz mintzatzeko, hots, xviii. mendeko eta xix.aren hasierako kapitalismoaz mintzatzeko, baina berdin dagokio Jim Crow garaiko xx. mendeko kapitalismo industrializatuari ere. Are, inortxok ezin du modu arrazoituan auzitan jarri arraza-zapalkuntzak hortxe dirauela gaur egun ere, desindustrializazioaren, subprime edo arrisku handiko maileguen, kartzelatze masiboen kapitalismo honetan. Alde nabarmenak daude kapitalismo horien guztien artean, baina “zinez existitu den” kapitalismo-molde oro izan da arraziala. Hau da: gizarte kapitalista, gaur arte izan dituen forma guztietan, arraza-zapalkuntzari lotuta egon da beti.
Zein da, baina, lotura horren jitea? Kontingentea da, ala egiturazkoa? Kasualitatez lotu al ziren kapitalismoa eta arrazismoa, eta, beraz, bestelakoak izan al zitezkeen kontuak? Ala kapitalismoa hasi-hasieratik egon da egina populazioak “arrazaren” arabera bereizteko? Eta zer gertatzen da gaur egun? Arrazismoa zuzen-zuzenean txertatuta al dago gaur egungo kapitalismoaren egitura sakonean? Ala posible da azkenik kapitalismo ez-arrazial bat sortzea orain, xxi. mende honetan?
Auzi horiek ez dira inondik ere berriak: aitzitik, Marxismo Beltz deritzon teorizazio-joera kritiko sakon baina gutxietsi baten muin-muinean daude. Mugimendu horrek 1930eko hamarkadatik 1980ko urteetaraino izan zuen loraldia, eta haren parte izan dira zenbait figura gailen, hala nola C.L.R. James, W.E.B. Du Bois, Eric Williams, Oliver Cromwell Cox, Stuart Hall, Walter Rodney, Angela Davis, Manning Marable, Barbara Fields, Robin D.G. Kelley, Cedric Robinson eta Cornel West[1]. Haien ikuspegiak ezberdinak dira xehetasun batzuetan, baina den-denek heldu zioten sakon kapitalismoaren eta arrazismoaren arteko loturari. 1980ko hamarraldian behintzat, orain “arrazaren teoria kritiko” esaten diogun horren buru-buruan egon ziren haien gogoetak.
Gerora, ordea, kapitalismoak arrazarekin duen loturaren auzia desagertu egin zen agenda kritiko-teorikotik. Bai ezker berriaren erradikalismoaren gainbehera eta bai zinez existitzen zen komunismo haren kolapsoa zirela kausa, hainbat esparrutan utzi egin zioten kapitalismoa auzitan jartzeko modukotzat jotzeari, eta, aldi berean, gero eta gehiago errefusatzen hasi ziren marxismoa, zaharkitua zegoelakoan. Horren guztiaren ondorioz, praktikan, paradigma liberal eta postestrukturalistekin jarduten zuten pentsalarien esku utzi ziren azkenean arrazaren eta arrazismoaren auziak; eta pentsalari haiek, eragin handiko zenbait ekarpen egin zizkioten arren arrazaren inguruko teoria hegemoniko eta kritikoari, ez ziren saiatu argitzen zer harreman zegoen kapitalismoaren eta arraza-zapalkuntzaren artean.
Gaur egun, berriz, arrazaren gaineko teorialari kritikoen beste belaunaldi bat sortu da, auzi hori berriz hauspotzen ari dena. Haren parte dira, besteak beste, Michael Dawson, Ruth Wilson Gilmore, Cedric Johnson, Barbara Ransby eta Keeanga-Yamahtta Taylor, eta beste modu batzuetan berraztertzen ari dira kapitalismoaren eta arrazismoaren arteko lotura, xxi. mendeko garabideen argitan[2]. Erraza da asmatzen zergatik: alde batetik, ekintzaile antiarrazista militanteen belaunaldi bateratu bat piztu da, baina, bestetik, aldi berean, hazi eta hazi ari da eskuin alternatibo delakoaren populismo zuri supremazista etnonazionalista bortitz bat ere. Horrek denak guztiz funtsezko bihurtu du arrazaren inguruko teoria kritikoa. Orain, jende asko ulertzen ari da gaur egungo gizarte kapitalistaren krisi gero eta sakonagoa dela bi bilakabide horien testuinguru zabala; krisi bat, hain justu, aldi berean areagotzen eta agerianago uzten ari dena bere zapalkuntza arrazialaren forma bereizgarriak. Gainera, kapitalismoak tabu izateari utzi dio, eta marxismoa berriro ere pizten ari da. Horiek horrela, marxismo beltzak ardatz dituen galderak premiazko bihurtu dira atzera: kapitalismoa ezinbestean al da arrazista? Gaindi al daiteke arraza-zapalkuntza gizarte kapitalista batean?
Auzi horretan aurrera egin nahian, erabaki nuen nire presidentetza-diskurtsoaren[3] abagunea baliatuko nuela galdera zilegi horiei beste behin ere heltzeko. Proposatzen dudan ikuspegiak lausotu egiten ditu hala estrukturaren eta historiaren artean nola ezinbestekotasunaren eta aukeraren artean sortu ohi diren oposizio zurrunak, zeinek lausotu egiten baitituzte kapitalismoaren eta arrazismoaren arteko loturaren konplexutasunak. Kontingentziaren bertsioa aldezten dutenen kontrakarrean, nik irmo baieztatuko dut badela oinarri estruktural bat kapitalismoaren eta arraza-zapalkuntzaren arteko lotura etengabean. Hain zuzen, azalduko dut oinarri horretan sistema bat dagoela, kapital-metaketaren bi prozesu analitikoki ezberdin baina gainjarritan bermatzen dena: esplotazioan eta espropiazioan, hain zuzen. Bi “es” horiek bereiz daude, bakoitza populazio jakin bati adjudikatuta, eta horrexek zurkaizten du arraza-zapalkuntza gizarte kapitalistan. Ezinbestekotasunaren bertsioa aldezten dutenen kontrakarrean, berriz, esplikatuko dut kapitalismoko esplotazioaren eta espropiazioaren arteko lotura hori ez dela aldagaitza: egiaz, mutatu egin da historian, kapitalismoaren bilakabidean, zeina metaketa arrazializatuko erregimen kualitatiboki ezberdinen sekuentziatzat jo baitaiteke. Fase bakoitzean, modu historiko espezifiko batean konfiguratu dira bi “es” horiek, eta konfigurazio horietako bakoitzak arrazializazio-giro jakin bat zurkaiztu du. Sekuentzia horri gaurko garairaino erreparatzen badiogu, zerbait berria aurkituko dugu: kapitalismo-molde bat lausotua duena esplotazioaren eta espropiazioaren artean izandako bereizketa historikoa. Molde hori, itxuraz, desegiten ari da gizarte kapitalistak 400 urtez berezko izan duen arraza-zapalkuntzaren oinarri estrukturala, jada ez baitizkie zorrotz bereizitako bi populaziori adjudikatzen esplotazioa batetik eta espropiazioa bestetik; baina, hala eta guztiz ere, arraza-zapalkuntzak hortxe dirau, eta, nire ustez, ez batere modu bereziki ezinbestekoan, ezta modu huts-hutsean kontingentean ere. Horren ondorioz, buruhauste-sorta berri bat sortu zaie xxi. mendeko Marxismo Beltzaren teoriari eta arrazismoaren kontrako aktibismoari.
Artikulu honetan, hiru pausotan xehatuko dut aipatu berri dudan arrazoibide hori. Hasteko, tesi hau defendatuko dut: kapitalismoak arraza-zapalkuntzarako oinarri estruktural bat daukala, espropiazioa ezinbestean behar baitu esplotaziorako. Hurrengo urratsean, estruktura horren historia aztertuko dut, kapitalismoaren historiako garai nagusietan bi “es” horien artean izandako konfigurazio aldakorrak laburbilduz. Eta, azken partean, aztertuko dut zer aukera dauden gizarte kapitalista berri honetan arraza-zapalkuntza gainditzeko, gaurko sistema esplotazioan eta espropiazioan oinarritzen baita oraindik, baina ez baitizkie bi horiek bi populazio zorrozki bereiziri adjudikatzen.
1.1.
KAPITALISMOAREN GAINEKO
HIRU IKUSPEGI:
TRUKEA, ESPLOTAZIOA
ETA ESPROPIAZIOA
Kapitalismoa ezinbestean al da arrazista? Bada, segun eta zeri esaten diogun zehazki kapitalismo, eta segun eta zer ikuspegiren arabera ulertzen dugun. Merezi du hiru ikuspegi aztertzea: lehenbizikoa ekonomia-eskoletan irakasten dena da, negozioetan onartzen dena, eta, zentzu komunean oin harturik, merkatuko trukearen betaurrekoekin begiratzen dio kapitalismoari; bigarren ikuspegia, berriz, sozialistei, sindikalistei eta lan-arloan borrokan aritzen diren beste eragile batzuei ezagun zaien hori da, eta sakonago kokatzen du kapitalismoaren funtsa, salgaiak ekoizteko soldatapeko laneko esplotazioan; azkenik, hirugarren ikuspegia inperialismoaren kritikariek garatutakoa da, eta kapitalak herri konkistatuei eginiko espropiazioari jartzen dio arreta. Nire proposamena hauxe da: bigarren eta hirugarren ikuspegiak uztartzea eta, hala, ikuspegietako bakoitzak aintzat hartzen ez duena azaleratzea: gizarte kapitalistak oinarrian duen arraza-zapalkuntza estrukturala, hain zuzen.
Har dezagun, hasteko, trukearen ikuspegia. Haren arabera, kapitalismoa simpliciter ageri da sistema ekonomiko gisa. Hazkundea eta efizientzia maximizatzeko antolatua izaki, merkatuaren instituzioa du ardatz, non norberaren mesedetan aritzen diren negoziogile libre eta independenteek balio bereko gaiak trukatzen baitituzte. Bada, horrela begiratuta, kapitalismoari ezinbestean berdin-berdin izan behar zaio kolorea. Inoren esku-hartzerik gabe, eta bere logika ekonomizista propioari lasai jarraitzeko libre izanik, halako sistema batek aurretiko arraza-hierarkia oro desegingo luke, eta ihes egingo lioke, halaber, halako beste hierarkiarik sortzeari. Trukearen ikuspegitik, zeharo kontingentea da arrazismoaren eta kapitalismoaren arteko lotura.
Luze aritu gintezke ikuspegi horri buruz, baina, nik hemen azaldu nahi dudanerako, hauxe da garrantzitsuena: ikuspegi horrek definizioz bereizten duela kapitalismoa arrazismotik. Izan ere, hain axaletik definitzen duenez kapitalismoa (egiatan balitz bezala logika bat berez koloreari erreparatzen ez diona eta albait baliagarritasun handiena lortze hutsean datzana), trukea ardatz duen ikuspegi horrek merkatutik kanpoko indarrei egozten die arrazializazio-bulkada oro, eta, hala, desitxuratuta geratzen da merkatuak joera horretan duen eragina. Ikuspuntu horren arabera, eragilea ez da kapitalismoa (berak kapitalismotzat jotzen duena), baizik eta hura inguratzen duen gizarte zabalagoa. Alegia, kontsideratzen da arrazismoak historian, politikan eta kulturan duela sorburua, eta hiru horiek kapitalismotik bereiz daudela, kapitalismoari modu kontingente hutsean lotuta. Ikuspegi horrek, beraz, formalizatu egiten du kapitalismoa, hura baliabide/helburu logika ekonomizista batera murriztuz eta haren eduki historiko eta politikoak desagerraraziz. Hala, merkatua ardatz duen ikuspegiak gai funtsezko bat lausotzen du, nire arrazoibidearen muin-muinean egongo den hauxe: arrazoi estrukturalak direla kausa, ekonomia kapitalistek aurrebaldintza eta ekarpen “ez-ekonomiko” batzuk behar dituzte, tartean arraza-zapalkuntza eragiten duten zenbait. Mintzagai dugun ikuspegiak, ordea, ez du aintzat hartzen mendekotasun hori, eta lausotu egiten ditu sistemak bereizgarri dituen metaketa- eta menperatze-mekanismoak.
Lehen aipatu dugun bigarren ikuspegiak, berriz, bai, agerrarazten ditu mekanismo horietako batzuk. Karl Marxek sortu zuen, eta zabalagoa da, ez hain formala, inondik ere ez hain arrosa-kolorekoa, Marxek esplotazio-sistema moduan berrinterpretatu baitzuen kapitalismoa. Jakina denez, merkataritza-trukearen ikuspegi ohikotik sakonago jo zuen Marxek, produktuen ekoizpenaren alor funtsezkoagoraino, eta, hala, esan zuenez, ohartu zen kapitalak soldatapeko langileei eragiten zien esplotazioa zela metaketaren sekretua. Marxentzat, izan ere, garrantzitsua zen aintzat hartzea kapitalismoko langileak ez direla ez jopu eta ez esklabo, baizik eta beren gain ardurarik ez duten norbanakoak, libreak lan-merkatuan sartzeko eta beren “lan-indarra” saltzeko. Egiaz, jakina, esparru horretan ez daukate zer hautatu handirik; aitzitik, produkzio-baliabideetara zuzenean iristeko bide oroz gabeturik daudenez, soldata baten truke kapitalista batentzat lan egitea hitzartuz baino ezin dituzte segurtatu bizirik irauteko baliabideak. Transakzio horren onura, gainera, ez da nagusiki haientzat izaten. Hortaz, lehen ikuspegiaren arabera balio bereko gaien truke bat den hori esku-joko hutsa da Marxen ustez. Kapitalismoko langileek, ez dietenez ordaintzen beren erreprodukziorako sozialki batez beste ezinbestekoa den kostua adina baino, ez dute zer eskaturik beren lanak sortzen duen gainbaliotik, kapitalistaren esku geratzen baita. Eta hain justu hortxe dago koska. Sistemaren funtsa, Marxen aburuz, esplotazioa da, bi klaseren arteko harreman gisa hartua: alde batean, kapitalistak, hots, gizarteko produkzio-baliabideen jabeak, produkzio horren gainbalioa bereganatzen dutenak; beste aldean, berriz, ekoizle libre baina jabetzagabeak, zeinak, bizitzeko, behartuta baitaude beren lan-indarra zatika saltzera. Marxen iritziz, kapitalismoa ez da ekonomia-molde huts bat, baizik eta klase-menderakuntzan oinarritutako sistema sozial bat, ardatz duena produktuen ekoizpenean kapitalak lan librea esplotatzea.
Marxen ikuspuntuak indargune ugari ditu, eta gutxienez haietako bat, are, eztabaidaezina; izan ere, kapitalismoari esplotazioaren ikuspegitik begiratzen dionez, agerian uzten du trukearen ikuspegiak lausotzen duena: gizarte kapitalistak oinarri estruktural duela langile-klasearen menderakuntza. Hala eta guztiz ere, ikusmolde horrek ez du azalera ekartzen arraza-menderakuntzarako halako oinarri estrukturalik dagoenik, eta, beraz, alde horretatik behintzat, esplotazioaren ikuspegia deserosoki antzekoa zaio trukearen ikuspegiari, zeren, nahiz eta frogatzen duen soldatapeko lan librearen bizkar metatzen dela kapitala, ia ez baitu argitzen edo ez baitu inondik ere argitzen zer gertatzen den arrazarekin sistema horretan eta zergatik jokatu duen arrazak hain rol alimalekoa kapitalismoaren historian. Beraz, auzi horri heltzen ez dionez, zera baino ez du aditzera ematen: sistema modu kontingentean baino ez dagoela lotuta arraza-zapalkuntzari.
Ondorio hori, ordea, azkarregi aterea da. Arazoa da ezen, kapitalak soldatapeko lana esplotatzeko darabilen prozesuari hain xehe erreparatuta, Marxek ez zituela modu sistematikoan aintzat hartu harekin zerikusia duten beste prozesu berdin funtsezko batzuk. Nik neuk buruan ditut horietako bi, zeinek, frogatuak izanez gero, agerian utz bailitzateke arraza-zapalkuntzarekiko zenbait lotura, sakon errotuak denak ere. Batetik, soldatarik gabeko lan ez-libre eta menpekoak kapitalaren metaketan izan duen funtzio erabakigarria dago —esplotazio-lanaz ez baizik lan espropiatuaz ari naiz hemen, soldata-kontratu bat tarteko ez duen lan menperatuaz—; bestetik, zenbait agindu politikoren funtzioa dago, herritar eta norbanako libreen estatusa eman baitiete “langileei” eta beheragoko izaki bihurtu baitituzte beste batzuk, hala nola esklabo tradizionalak, zerbitzari soldatagabeak, subjektu kolonizatuak, “herrialde barruko menpeko nazioetako” kide “natiboak”, zor-peoiak eta delitugileak[4].
Espropiazioaren ikuspegia kontuan hartzen badugu, ordea, agerian geratzen dira bi faktore horiek, menpeko lanarena eta menperatze politikoarena. Hain zuzen, inperialismoaz jarduten duten zenbait teorialarik garatu dute kapitalismoaren ikusmolde hori, eta “metropoliaren” esparrutik harago jotzen du, aintzat hartzen baititu “periferiako” herrien konkista eta arpilatzea ere. Ikusmolde global horren aldeztaileek, hala, argitara dakarte modernitate kapitalistaren alderdi ezkutu izugarri bat: azalean onespenaren eta kontratuaren finezia ageri du, baina, azal horren azpian, ezkutuan dauzka hala indarkeria bortitza nola lapurreta disimulurik gabea. Horri erreparatuz gero, argi berriz beha dakieke trukeari eta esplotazioari, eta, orduan, izozmendi handiago eta siniestroago baten punta baino ez dira bihurtzen.
Espropiazioaren ikuspegia argigarria da oso. Hain argi ez dagoena, ordea, zera da: ea hedapen inperiala egituraz den kapitalismoaren parte eta ea, hala bada, zer-nolako lotura duen menpekoen eta azpiratuen espropiazioak “langile libreen” esplotazioarekin. Halaber, ez zaigu modu sistematikoan azaltzen zer duen ikustekorik bigarren “es” horrek “arrazarekin”, baldin eta zer ikustekorik badu.
Nire ustez, espropiazioa bada gizarte kapitalistaren parte integral bat, baita gizarte horrek “arrazarekin” duen loturaren parte integral bat ere. Laburbilduz eta aurreraxeago azalduko dudan bezala, kapitalak espropiatzen dituenen menderakuntza, ezkutuan, aukera bat da kapitalak esplotatzen dituenen askatasunerako. Lehena esplikatu ezean, ezin dugu osorik ulertu bigarrena, eta, gainera, ezin gara ohartu oinarri estrukturala daukala kapitalismoaren eta arraza-zapalkuntzaren arteko lotura historikoak.
Esan berri dudana xehatzeko, kapitalismoaren kontzepzio zabalago bat erabiliko dut, aipatu ditugun bi ikuspegien elementuak uztartzen dituena: trukearen geruza ezaguna gehiago barrenduz, Marxek aipatutako esplotazioaren “egoitza ezkutua” espropiazio-momentu are lausoago batekin uztartuko dut. Alegia: bi “es” horien artean dagoen erlazioaz teorizatuz, kapitalismoak arraza-zapalkuntzarekin daukan lotura sakonki errotuaren oinarri estrukturalak identifikatuko ditut.
1.2.
ESPROPIAZIOA METAMOLDE:
ARRAZOIBIDE EKONOMIKO BAT
Has nadin espropiazioa definituz. Esplotazioaren ideia marxistaz bestera, espropiazioa bestelako baliabide batzuen bitartez lortzen den metaketa da. Espropiazioak, izan ere, ez darabil kapitalak soldaten truke “lan-indarra” eskuratzeko darabilen harreman kontraktuala: aitzitik, gaitasunak eta baliabideak konfiskatuz eta horiek kapitalaren hedapenaren zirkuituetan sartuz funtzionatzen du. Konfiskazio hori batere disimulurik gabea eta bortitza izan daiteke, Mundu Berriko esklabotzarekin gertatu zen bezala, edo merkataritzaren lanbropean ezkutatuta gera daiteke, gaur egungo abusuzko maileguekin eta hipoteka-exekuzioekin gertatzen den bezala. Subjektu espropiatuak periferia kapitalistako landagunekoak eta komunitate indigenetakoak izan daitezke, bai eta erdigune kapitalistako talde zapalduetako eta menpekoetako kideak ere. Espropiatuak izan ondoren, proletario esplotatu bihurtuko dira agian, baldin eta zorionekoak badira; halako zorterik izan ezean, aldiz, espropiazioaren menpe geratuko dira, inolako soldatarik irabazi ezinik: pobreak izango dira, edo aldirietako auzo txiroetako biztanleak, edo etxaldeetako maizterrak, edo “natiboak”, edo esklaboak. Gai konfiskatuak lana, lurra, animaliak, tresnak, mineralak eta energia-erreserbak izan daitezke, baina baita gizakiak ere, haien sexu-gaitasuna eta ugalmena, haien umeak eta gorputz-organoak. Konturik funtsezkoena da kapitala definitzen duen balio-hazkuntzako prozesu horretan sartzen direla bahitutako gaitasun horiek guztiak. Lapurtze hutsa ez da nahikoa. Kapitalismoaren goraldiaren aurretik luzaro iraun zuen arpilatze-molde hartaz bestera, hemen azaldu asmo dudan espropiazioa zera da: konfiskazioa eta konskripzioa metaketaren mesedetan.
Adiera hori duen espropiazioak gaitz ugari dakartza, eta gehienek lotura estua dute arraza-zapalkuntzarekin. Lotura hori, besteak beste, ageri-agerikoa da kapitalismoaren hastapenen historiarekin zerikusi handia duten baina gaur egun ere hortxe dirauten praktika batzuetan, hala nola lurraldeen konkistan, lurren anexioan, esklabotzan, lan behartuan, haur-bahiketan eta bortxaketa sistematikoetan. Dena den, badaude espropiazio-forma “modernoagoak” ere: besteak beste, espetxeko lana, trafiko sexual transnazionala, korporazioen lur-bereganatzea eta abusuzko zorren exekuzioa. Horiek denak, era berean, lotuta daude arraza-zapalkuntzarekin, eta, ikusiko dugun bezala, baita gaur egungo inperialismoarekin ere.
Lotura hori, baina, ez da huts-hutsean historikoa eta kontingentea; aitzitik, kapitalak gaur egun ere baliatzen du espropiazio arrazializatua, eta arrazoi estrukturalak daude horretarako. Gainbalioa mugarik gabe handitzera eta hartaz modu pribatuan jabetzera emana dagoen sistema batean, definizioz, kapitalaren jabeek interes handia izango dute menpeko populazioei produkzio-baliabideak eta lana konfiskatzeko. Espropiazioak, izan ere, etekinak handitzen dizkie, produkzio-kostuak bi modutan apalaraziz: batetik, ekarpen merkeak eskainiz, hala nola energiarenak eta lehengaienak; eta, bestetik, irauteko baliabide merke-merkeak eskainiz (jakiak eta oihalkiak, adibidez), horrek modua ematen baitie soldata apalagoak ordaintzeko. Horrela, libreak ez diren subjektuei eta menpekoei baliabideak eta gaitasunak konfiskatuz, kapitalistek etekin handiagoz esplota ditzakete “langile libreak”. Bi “es”ak, beraz, elkarri korapilatuta daude. Manchesterren atzean, Mississippi beti[5].
Espropiatzeak bere abantailak ditu garai “normaletan”, baina krisialdi ekonomikoetan bihurtzen da bereziki erakargarria, errentagarritasun gero eta txikiagoaren joera leheneratzeko konponbide kritiko baina behin-behinekoa izaten baita halakoetan. Beste hainbeste gertatzen da krisi politikoetan ere, zeinak, batzuetan, lausotu edo saihestu egiten baitira balioa transferituz kapitalarentzat itxuraz mehatxu ez diren populazioetatik itxuraz mehatxu direnetara. Berezitasun horrek ere, maiz, lotura izaten du “arrazarekin”[6].
Oro har, beraz, espropiazioa kapitalismoaren ezaugarri estruktural bat da, eta esplotaziorako bidea ematen duen baldintza ezkutatua. Bi “es” horiek ez dira prozesu bereiz eta paraleloak, inondik ere; egiaz, munduko sistema kapitalista bakar baten alderdiak dira, elkarri modu sistematikoan gainjarriak eta elkarrekin izugarri korapilatuak. Biak bereizteak zerikusi gordin baina ezbairik gabea du Du Boisek “kolorearen lerroa” esaten dionarekin. Azken batean, oinarri-oinarrian, arrazializatutako “beste” horiek espropiatzea ezinbesteko baldintza da “langileak” esplotatzeko.
Argitu dezadan ideia hori Marxek “metaketa primitibo” edo “jatorrizkoaren”[7] gainean emandako esplikazioarekin kontrastatuz, bi gauzatan baita ezberdina. Batetik, metaketa primitiboa prozesu odoltsu baten adierazgarria da: sistemaren hastapenetan kapitala pilatzeko erabiltzen hasi ziren prozesuaren adierazgarria, hain zuzen[8]. Espropiazioak, berriz, krisirako joera duen sistema batean metatzen eta metatzen segitzeko erabiltzen den konfiskatze-prozesu funtsezko bat izendatzen du, gaur egun abian dagoena. Bestetik, Marxek klase-bereizketaren sorrera historikoa esplikatzeko ere baliatzen du metaketa primitiboaren kontzeptua: langile jabetzagabeak eta produkzio-baliabideen jabe kapitalistak nola bereizi ziren azaltzeko, hain justu. Espropiazioak ere azaltzen du sorrera hori, baina beste bereizketa sozial bat ere ekartzen du argitara, hura bezain sakon errotua eta garrantzitsua baina Marxek modu sistematikoan teorizatu gabea: kapitalak soldatapeko lanean esplotatzen dituen “langile libreen” eta kapitalak beste baliabide batzuen bitartez kanibalizatzen dituen subjektu ez-libre edo menpekoen arteko bereizketaz ari naiz.
Bigarren bereizketa hori, hain zuzen, mintzagai dugun auziaren muin-muinean dago. Nire tesia da gizarte kapitalistaren arrazializazio-dinamikak “marka” estrukturalki errotu batean mamitzen direla: esplotazio-subjektu libreak eta espropiazio-subjektu menpekoak elkarrengandik bereizten dituen “markan”, alegia. Ideia hori arrazoitzeko, ordea, ikuspegia aldatu beharra dago, “ekonomikotik” “politikora”; izan ere, gizarte kapitalistaren ordena politikoak jorratuz baino ezingo dugu ulertu zertan datzan bereizketa hori eta, horrekin batera, nola fabrikatu den “arraza”.
1.3.
ESPROPIAZIOA MENDERAMOLDE:
ARRAZOIBIDE POLITIKO BAT
Espropiazioaren eta esplotazioaren arteko aldea ekonomikoa eta politikoa da aldi berean. Ikuspegi ekonomikotik, kapitala metatzeko mekanismoak izendatzen dituzte bi termino horiek: balioa handitzeko modu analitikoki ezberdin baina elkarri lotuak. Ikuspegi politikotik begiratuta, berriz, zenbait menderamolderekin dute zerikusia; bereziki, estatus-hierarkia batzuekin, zeinen bidez bereizten baitira herritar eta gizabanako eskubidedunak menperatuengandik, libre ez diren jopuengandik, familietako eta talde menpekoetako kide menpekoengandik. Gizarte kapitalista batean, Marxek behin eta berriz esan zuen bezala, langile esplotatuek gizabanako librearen lege-estatusa dute, eta baimena dute beren lan-indarra saltzeko soldata baten truke. Hasieran, produkzio-baliabideetatik urruntzen dituzte, eta proletario bihurtu, baina, gero, teorian behintzat, babestu egiten dituzte espropiaziotik (espropiazio are handiagotik). Alde horretatik, haien estatusak ez dauka inolako zerikusirik kapitalak oraindik ere lana, jabetzak edota pertsonak konfiskatzen dizkien gizabanakoen estatusarekin; azken populazio horiek ez baitute inolako abarorik: babesgabe daude, espropiazioaren harrapakin dira behin eta berriro. Berez bortxagarri eratuak izaki, esposizio bete-betean daude, eta, babes politikoaz gabetu dituztenez, ez daukate baliabiderik egiten dizkieten gauzei aurre egiteko.
Oro har, beraz, bi “es” horiek ez dira bereizten, soil-soilik, metatzeko helburuz, baizik eta baita menderatzeko helburuz ere. Gizarte kapitalistan, eragile politikoek ematen edo ukatzen dute babesa —oroz gain, estatuek—. Era berean, herritarrak menpekoengandik, herrikideak atzerritarrengandik eta langile eskubidedunak bizkarroi menpekoengandik bereizten dituzten estatus-hierarkiak ere estatuek kodetzen eta ezartzen dituzte batez ere. Esplotatzeko moduko subjektuak eta espropiatzeko moduko subjektuak sortuz eta aldi berean bata bestearengandik bereiziz, estatuen subjektibazio politikoko praktikak aurrebaldintza ezinbesteko bihurtzen dira kapitalaren “autohazkunderako”[9].
Dena den, estatuak ez dira berak bakarrik aritzen horretan: akordio geopolitikoak ere izaten dira tartean. Maila nazionaleko subjektibazio politikoa, azken batean, nazioarteko sistema batek ahalbidetzen du: sistema bat estatuak “aitortzen” dituena eta baimena ematen diena muga-kontrolak jartzeko, legezko biztanleak “atzerritar ilegalengandik” bereizte aldera. Gaur egun migranteen eta iheslarien inguruan pizturik dauden gatazkei erreparatu besterik ez dago ikusteko zer erraz kodetzen diren arrazaren arabera geopolitikak ahalbidetutako estatus politikoen hierarkia horiek.
Gauza bera gertatzen da beste zenbait estatus-hierarkiarekin, kapitalismoaren geografia inperialistan sustraituta dauden hierarkia batzuekin. Geografia horrek bitan banatzen du mundua: “erdigunea” dago batetik, eta “periferia” bestetik. Historian, erdigunea esplotazioaren bihotz enblematikoa izan da itxuraz, eta periferia, berriz, espropiazioaren esparru ikonikoa. Bereizketa hori modu esplizituan arrazializatuta egon da hasiera-hasieratik, harekin zerikusia duten estatus-hierarkiak bezalaxe: metropoliko herritarrak versus kolonietako menpekoak, gizabanako libreak versus esklaboak, “europarrak” versus “natiboak”, “zuriak” versus “beltzak”. Hierarkia horiek orobat balio dute populazioak eta eskualdeak honela bereizteko: esplotaziorako egokiak direnak batetik, eta espropiaziora bideratuta daudenak bestetik.
Hori nola gertatzen den ulertzeko, errepara diezaiogun xeheago subjektibazio politikoari, bereziki herritar-langile libre esplotagarriak subjektu menpeko espropiagarrietatik bereizteko prozesuei. Izan ere, bi estatusak eratu ziren modu politiko batean, baina biak ezberdin. Erdigune kapitalistan, eskulangile, laborari eta maizter gabetuak herritar-langile esplotagarri bihurtu ziren klase-engaiamenduaren bidezko prozesu historiko batzuen bidez; prozesu haietan, kapitalaren interesen ildoetarantz bideratu ziren haien emantzipazio-borrokak, estatu nazionalen lege-egitura liberalen barruan. Ordea, etengabe espropiatuak izateko subjektu bilakatu zituztenek, erdigunean bizi zein periferian bizi, halako erosotasunik batere ez zuten aurkitu, indar armatuek sarriago deuseztatzen baitzituzten haien matxinadak. Esplotatuen kontrako menderakuntza, hain zuzen, onespen- eta legezkotasun-laino batek inguratzen zuen, baina espropiatuen kontrakoa, aldiz, errepresio huts-hutsean oinarritzen zen, inolako mozorrorik gabe.
Maiz, gainera, bi estatusek elkar sortzeko balio izan dute, azkenerako elkar definitzeraino. Ameriketako Estatu Batuetan, esplotazioa legitimatzen duen libertate-kutsu nabarmen bat hartu zuen herritar-langilearen estatusak, nola-eta esklabo tradizionalen eta herri indigenen kondizio beheratu eta menpekoaren kontrakarrean, modua baitzegoen azken horiek eta haien lurrak behin eta berriro eta zigorgabetasunez konfiskatzeko[10]. Bigarren talde horren menpeko-estatusa kodetuz, beraz, aebetako estatuak lehen taldearen estatus normatiboa sortu zuen.
Dena den, esan bezala, kapitalismoko subjektu menpekoen fabrikazio politikoa beti izan da estatuen mugez haraindikoa. Arrazoi sistemikoak direla medio, estatu boteretsuek, sustraituta egonik lehiakortasun geopolitikoaren eta espantsionismo ekonomikoaren logika elkarri lotuetan, beste pauso bat eman eta subjektu espropiagarriak sortu dituzte urrutiko lurretan, munduaren sistema kapitalistaren eremu periferikoetan. Planetako tokirik urrunenak arpilatuz, Europako botere kolonialek eta, haien atzetik, aebetako estatu inperialek bilioika pertsona bilakatu zituzten halako menpeko: babes politikoa inausirik denak, konfiskatuak izateko ezinago eskuragarri. Estatuek horrela sorturiko subjektu espropiagarriak askoz ere gehiago dira esplotatzeko helburuz “emantzipatu” dituzten herritar-langileak baino. Eta menpeko herriak aginpide kolonialetik askatu zirenean ere ez zen eten prozesu hura; aitzitik, gaur egun ere egunero sortzen dira subjektu espropiagarriak, saldoka, horretarako zenbait operazio egiten baitituzte elkarrekin estatu postkolonialek, ugazaba kolonial izandakoek eta metaketaren makineria koipeztatzen duten herrialdez haraindiko botereek, zorraren bidez jendea gabetzea sustatzen duten finantza-instituzio globalak barne.
Horren guztiaren bilbea, hemen ere, esposizio politikoa da, hots, modurik ez edukitzea besteri mugak jartzeko eta babesa eskatzeko. Hain justu, esposizioa da espropiagarritasunaren adierarik sakonena, esplotagarritasunetik bereizten duena; eta hain zuzen ere espropiagarritasuna, hots, bortxagarri izatearen eta babesgabe egotearen kondizioa da arraza-zapalkuntzaren muina. “Arrazaren” markak bereizten ditu esplotazioaren subjektu libreak eta espropiazioaren subjektu mendekoak.
Hementxe amaitzen da nire arrazoibidearen lehen urratsa. Honetara ezkero, baiezta dezaket kapitalismoak egituraz daukala oinarrian arraza-zapalkuntza. Oinarri hori, berez, lausotu egiten da sistemari axalegitik begiratzen badiogu, dela merkatuko trukearen ikuspegitik, dela soldatapeko lan librearen esplotazioarenetik. Aldiz, espropiazioaren bigarren “es” hori aintzat hartu eta ikuspegia zabalduz gero, agerian geratzen da oinarri hori, betiere ulerturik espropiazioa ezinbestekoa dela esplotaziorako, harengandik ezberdina baina harekin lotua. Kapitalismoaren gaineko ikuspegi zabalago horri helduta, barnean harturik bai “politika” eta bai “ekonomia”, jabetuko gara sistema hau modu ez-kontingentean oinarritzen dela jende ez-librez eta menpekoz osatutako estratu batean, eta jende hori berez bortxagarri gisa markatuta dagoela arraza dela kausa. Kapitalismoa arraza-zapalkuntzarekin hain estu lotuta egotearen oinarri estrukturala, hain zuzen ere, horixe da: kapitalismoak osaeraz esplotazioa eta espropiazioa bereizteko duen joera.
2.1
“ES”/“ES” EGITURA HISTORIZATZEN:
METAKETA ARRAZIALIZATUKO
ERREGIMENAK
Nolanahi dela, deskribatu berri dudan egitura hori aldakorra da; ez zen inondik ere beti-betiko finkatu kapitalismoaren hasieratik: oso maiz eta asko aldatu da haren bilakabidean. Zenbait fasetan, esplotazioa eta espropiazioa argi eta garbi bereizita egon ziren; esplotazioa sistemaren erdigunean ardaztu zen, Europan alegia, eta “langileen aristokraziari” egokitu zitzaion (aristokrazia horretako gizon zuriei); espropiazioa, berriz, periferian ezarri zen gehienbat, eta koloreko jendeari inposatu zitzaion. Beste fase batzuetan, berriz, lausotu egin zen bereizketa hori. Halako aldaketek hainbestean behin berritxuratu dituzte arraza-zapalkuntzaren dinamikak gizarte kapitalistan, eta, beraz, gizarte hori ezin da ulertu dinamika horietatik bereizita. Alde horretatik, kapitalismoaren eta arrazismoaren arteko lotura, egiturazkoa ez ezik, historikoa ere bada.
Kondizio bikoitz hori argitze aldera, nire arrazoibidearen bigarren urratsari ekingo diot orain: gaingiroki azalduko dut kapitalismoaren historia, metaketa arrazializatuko erregimenen segida gisa hartuta. Esplikazio honek azalera dakar zer-nolako lotura historiko espezifikoak izan diren espropiazioaren eta esplotazioaren artean kapitalismoaren garabidearen fase nagusi bakoitzean, eta erregimen bakoitzean bi “es” horien geografia eta demografia nolakoak ziren zehaztuko dut: zenbateraino zeuden bereizita, zer eskualdetan ezarri zen bakoitza, eta zer populazioren gain. Halaber, esplikatuko dut zer pisu erlatibo izan duten bi “es” horiek erregimen bakoitzean, eta zer modu bereizgarritan egon diren teilakaturik. Azkenik, fase bakoitza bereizten duten menderamolde politikoak ere xehatuko ditut.
xvi. mendetik xviii.erainoko kapitalismo komertzial edo merkataritza-kapitalismoarekin hasiko naiz. Aro huraxe zuen buruan Marxek “jatorrizko metaketa” kontzeptua sortu zuenean. Esapide horren bidez, nabarmendu zuen ezen, kapitalismoaren fase hartan, metabide nagusia ez zela esplotazioa, baizik espropiazioa. Konfiskazioan zegoen koska, eta agerikoa zen hala erdigunean (lurrak pribatizatzeko prozesuetan), nola periferian (konkistan, harrapaketetan eta “larru-beltzen ehizan”)[11]. Biak ala biak dira industria modernoaren goraldia hasi baino askoz lehenagoko fenomenoak; izan ere, fabriketako langileen eskala handiko esplotazioaren aurretik, gorputzen, lanaren, lurraren eta aberastasun mineralen espropiazio masiboa baliatu zen, Europan bai, baina “Mundu Berrian” batez ere. Espropiazioak oso txiki utzi zuen esplotazioa kapitalismo komertzialean, eta horrek ondorio izugarriak izan zituen estatus-hierarkian.
Erregimen hark, baiki, geroko faseetan hainbesteko ondorioak izan zituzten menderakuntza arrazializatuen bide-aurrekoak urratu zituen: “europarrak” versus “natiboak”, norbanako libreak versus esklaboak, “zuriak” versus “beltzak”. Hala eta guztiz ere, bereizketa haiek ez ziren hain sakonak, aro hartan menpeko-estatusa baitzuen jabetzarik gabeko ia jende guztiak, ez herritar eskubidedunaren estatusa. Garai hartan, ia inor ez zegoen espropiaziotik salbu, eta kondizio orokorra ez zen libertatea, baizik menpekotasuna. Hori dela eta, estatus hark ez zeukan estigma berezi hura, kapitalismoaren hurrengo faseetan izango zuena, hots, erdiguneko gehiengo etnikoetako gizonezko langileek borroka politikoaren bitartez eskubide liberalak lortu zituzten faseetakoa. Aurrerago handitu zen “arraza libreen eta menpekoen” arteko kontrastea, estatu metropolitarrak demokratizatu zirenean eta fabriketan soldatapeko lan librea eskala handian esplotatzen hasi zirenean; orduantxe nagusitu zen zurien supremazismoaren estatusaren ordena zeharo garatua, kapitalismo modernoarekin lotu ohi dugun hori[12].
Horixe gertatu zen, hain justu, xix. mendeko merkataritza-kapitalismoak bide eman zionean “kapitalismo liberal” edo “laisser-faire kapitalismo” esaten zaionari (oker esan ere). Erregimen berri hartan, bi “es”ak gehiago orekatu ziren, eta gehiago lotu elkarri. Jakina, lurraren eta lanaren konfiskazioak berean segitu zuen, ziztu bizian, Europako estatuek beren aginpide koloniala finkatzen zuten heinean; aebek, berriz, “barne-kolonia” iraunarazi zuten, esklabotza arrazializatua hedatuz hasieran, eta libertoak maiztertza-sistemaren bitartez zor-peoi bilakatuz ondoren, abolizioaren ostean. Orduan, baina, periferiako espropiazio etengabea txirikordatu egin zen erdiguneko esplotazio izugarri etekintsuarekin. Nobedadea hauxe zen: fabriketan oinarritutako eskala handiko manufaktura hasi zela, non sortu baitzen Marxek irudikatutako proletariotza, bizimodu tradizionalak irauli zirenean eta klase-gatazka piztu zenean. Hala, estatu metropolitarrak demokratizatzeko borrokek herritar izatearen bertsio bat ekarri zieten langile esplotatuei, sistema osatzeko balio izan zuen bertsio bat. Aldi berean, ordea, borroka antikolonialak bortitz erreprimituz, segurtatu zuten menderakuntzak aurrera segituko zuela periferian. Ondorioz, sakondu egin zen menpekotasunaren eta askatasunaren arteko aldea, eta gero eta gehiago arrazializatu, bi giza “arraza” guztiz ezberdin bereizirik. Horrela, herritar-langile libre “zuri” esplotagarria sortu zen, antitesi bihurturik bere kondizioari bide ematen zion ifrentzu ankerrarentzat: menpeko arrazializatu espropiagarriarentzat. Hala, arrazismo modernoak aingura iraunkor bat aurkitu zuen gizarte kapitalistaren egitura sakonean.
Kapitalismo “liberalean”, areago sendotu zen arrazializazioa, espropiazioaren eta esplotazioaren ustezko bereizketaren bidez. Erregimen hartan, izan ere, bazirudien bi “es”ak eskualde ezberdinetan finkatuta zeudela, populazio ezberdinei ezarrita: batzuk esklabo bihurtuta edo kolonizatuta zeuden; besteak, aldiz, “libre”. Baina, egia esan, bereizketa hura ez zegoen hain argi eta garbi, industria estraktibo batzuk menpeko kolonialak hartzen hasi baitziren soldatapeko lanerako, eta erdigune kapitalistako langile esplotatu gutxi batzuek baino ez baitzuten lortu indarrean zen espropiazioari guztiz ihes egitea. Bi “es”ak, hortaz, bereiz itxura bazuten ere, modu sistematikoan teilakatuta zeuden: periferiako populazioen espropiazioak (baita erdiguneko periferiakoenak ere) hornitzen zuen sistema jaki, oihalki, mineral eta energia merkez, eta, hori gabe, metropoliko industriako langileen esplotazioa ez zen sekula etekintsua izango. Beraz, aro “liberalean”, bi “es”ak metaketa-motor ezberdinak izan ziren mundu osoko sistema kapitalista bakarraren barruan, baina elkar orekatzen zuten aldi berean.
Hurrengo aroan, berriz ere mutatu zen espropiazioaren eta esplotazioaren arteko lotura. “Estatuak gobernatutako kapitalismoaren” erregimen berria gerra arteko garaian hasi eta ii. Mundu Gerran finkatu zen, eta, bi “es”en arteko bereizketa deuseztatu gabe ere, arindu behintzat egin zuen. Garai hartan, espropiazioak utzi egin zion esplotaziotik bereiz egoteari, eta harekin zuzenean uztartu zen: besteak beste, erdigune kapitalistako lan-merkatu zatikatuetan. Egoera hartan, kapitalak konfiskazio-gainsari bat patrikaratu zuen langile arrazializatuengandik, “zuriei” baino gutxiago ordainduz haiei, eta haien erreprodukziorako sozialki ezinbestekoa zen kostua baino gutxiago pagatuz. Hala, espropiazioa zuzen-zuzenean lotu zen esplotazioarekin, soldatapeko lanaren barne-osaeran sartu baitzen.
Afro-amerikarrak horren erakusgarri ona dira. Nekazaritzako mekanizazioaren ondorioz bazterreraturik, iparraldeko hirietara jo zuten saldoan, eta industriako proletarioei batu zitzaizkien asko, baina bigarren mailako langile gisa oro har, gutxien espezializatutako lanik zikinenak egitea egokitu baitzitzaien. Garai hartan, espropiazioa haien esplotazioaren gain zetzan, kapitalak ez baitzien pagatzen haien erreprodukzio-kostuak adina. Jim Crow legeen pean, mendekotasun politiko etengabean zeuden, eta horrexek zurkaiztu zuen orduko antolaera. Estatuak gobernatutako kapitalismoaren aroan, estatubatuar beltzei ukatu egin zitzaien babes politikoa, eta, segregazioaren, boto-eskubiderik ezaren eta bestelako ezin konta ahal umiliazio instituzionalizaturen bitartez, herritar oso izatea galarazi zieten orduan ere. Iparraldeko fabriketan lanean aritu arren, oraindik espropiagarriak ziren gutxi-asko, ez norbanako guztiz libre eta eskubidedunak. Aldi berean espropiatzen eta esplotatzen zituzten[13].
Estatu-kapitalismoaren erregimenak, bi “es”en arteko muga lausotu bazuen ere, handitu egin zuen haiei lotutako estatus-ezberdintasuna; izan ere, erdigune kapitalistan sortu berriak ziren ongizate-estatuek are balio sinboliko eta material handiagoa eman zioten herritar-langileen estatusari, babesa eta onurak hedatu baitzizkieten horiek erreklamatzeko modua izan zutenei. Lan-eskubideak, korporazioekiko negoziazioak eta gizarte-segurantza ezarrita, egonkortu egin zuten metaketa, kapitalaren onuragarri, eta, are, esplotatuta “baino” ez zeuden “langileak” beretu zituzten politikoki. Ondorioa hauxe izan zen: izendapen hartatik baztertuak izan zirenenganako konparazio bidegabeak areagotzea, “beste” arrazializatuak areago estigmatizatzeraino. Azkenerako, “beste” arrazializatu haiek hain modu nabarmen anomaloan bortxaerraz bihurturik eta bortxaerraztasun hura injustutzat harturik, egoera haren kontrako protesta militante etengabeak piztu ziren 1960ko urteetan, eskubide zibilen aldeko aktibistek eta Black Power edo Botere Beltzaren aldekoek kalea hartu ahala.
Bien bitartean, periferian, dekolonizazioaren aldeko borrokak piztu ziren, eta, denborarekin, bi “es”ak beste modu batean teilakatuta geratu ziren. Independentziak promes bat ekarri zien kolonia izandakoetako biztanleei: menpeko-estatusa hobetu eta herritar eskubidedun bihurtuko zituela. Azkenean, ordea, langile-klaseko estratu batzuek bai, lortu zuten estatusa hobetzea, baina modu prekarioan eta gutxiagoturik. “Truke desorekatuaren” premisan oinarritutako ekonomia global hartan, biztanle haien esplotazioari ere gaina hartu zion espropiazioak, merkataritza-erregimenek (haien kontra lerraturik) balioa erdigunerantz desbideratu zuten heinean, nahiz eta kolonien gain zeukaten aginpideak porrot egin. Gainera, gutxi batzuek lorturiko aurrerapen mugatuak ukatu egin zitzaizkien gehien-gehienei, eta, beraz, soldatarik ezin eskuraturik geratu ziren beste guztiak, konfiskazio nabarmen baten menpe. Garai hartan, nolanahi ere, espropiatzaileak ez ziren atzerriko gobernuak eta enpresa transnazionalak soilik, baita estatu postkolonialak berak ere. Batez ere inportazioak ordezteko industrializazioan ardazturik, estatu postkolonial haien “garapen” estrategiek maiz oinarri izaten zuten “beraien” populazio indigenak espropiatzea. Eta nekazari eta langileen egoera hobetzeko benetako ahaleginak egin zituzten estatu garapenzaleek ere ez zuten zeharo bete helburua. Azkenean, estatuaren baliabide mugatuak, inbertsio- eta merkataritza-erregimen neoinperiala eta aldi bereko lurgabetzeak pilatuta, bermatuta geratu zen bi “es”en arteko lerroak lausoturik jarraituko zuela garai postkolonialean ere.
Estatuak gobernaturiko kapitalismoan, hortaz, esplotazioak utzi egin zion espropiaziotik hain bereiz egoteari. Bi “es”en artean barne-lotura bat sortu zen industriako lan arrazializatuan batetik, eta herritartasun postkolonial konprometituan bestetik. Hala eta guztiz ere, ez zen zeharo desagertu bi “es”en arteko bereizketa, bakoitzaren aldaera “puruak” oraindik ere indarrean baitzeuden erdigunean eta periferian: jende asko eta asko espropiatuta zegoen oraindik, huts-hutsean espropiatuta, eta ia denak kolorekoak ziren; beste batzuk, berriz, esplotatuta “baino ez” zeuden, eta horiek, oro har, europarrak eta “zuriak” ziren. Nobedadea hauxe izan zen: kasu hibrido batzuk sortzen hasi zirela, zenbait jende aldi berean baitzegoen espropiatuta eta esplotatuta. Berez, estatuak gobernatutako kapitalismoan, gutxienak zeuden hala, baina etortzekoa zen mundu baten iragarle izan ziren.
Gure garaiko erregimenera baldin bagatoz, ikusiko dugu izugarri hedatu dela espropiazioa eta esplotazioa batzen dituen egitura hibridoa. Fase honi “kapitalismo finantzializatu” esaten diot nik, eta lotura berritzaile eta bereizgarri bat du oinarri. Alde batetik, goitik behera aldatu dira bi “es”en geografia eta demografia. Eskala handiko esplotazio industrialaren parte handi bat erdigune historikotik kanpo dago gaur egun, semiperiferiako zenbait herrialdetan, ingelesez laburturik brics esaten zaien horietan: Brasilen, Errusian, Indian, Txinan eta Hegoafrikan. Beste alde batetik, espropiazioa areagotzen ari da; hainbeste, ezen mehatxua baitago beste behin ere esplotazioari gailenduko zaiola balio-iturri gisa. Bi bilakaera horiek lotu-lotuta daude elkarri. Industriak migratu ahala eta finantzen metastasia handitu ahala, espropiazioa unibertsal bihurtzen ari da, eta jadanik ez ditu jotzen betiko menpekoak, baizik baita lehen herritar-langilearen eta gizabanako librearen estatusaren babesa zutenak ere.
Oraingoan, zorra da eragile nagusia, munduko finantza-instituzioek estatuei presio egiten baitiete inbertitzaileekin elkar hartuta atera dezaten balioa populaziorik babesgabeenen bizkar. Hein handi batean, zorraren bidez gabetzen ari dira nekazariak, eta korporazioak gero eta lur gehiago bereganatzen ari dira periferia kapitalistan. Baina, nekazariak ez ezik, badira biktima gehiago ere: biztanle postkolonial jabetzarik gabeak, ia guzti-guztiak, zor subiranoaren bitartez espropiatuta daude; izan ere, estatu postkolonialak, nazioarteko mailegu-emaileekin zorretan egonik eta “egokitze estrukturalaren” burruntzian harrapaturik, behartuta daude garapenzaletasuna alde batera utzi eta liberalizazio-politikak onartzera, eta halako politikek enpresen kapitalera eta mundu-mailako finantzetara bideratzen dute aberastasuna. Berregituratze horrek, gainera, zorra gutxitu ez baizik, guztiz kontrara, handitu egiten du, zorraren bpgarekiko estaldura-ratioa izugarri handitzen baitu, eta ezin konta ahal belaunaldi kondenatzen baititu espropiaziora, baita oraindik jaio gabeak diren belaunaldiak ere, egon zein ez egon esplotazioaren menpe.
Halaber, gero eta gehiago, espropiazioa baliatuz funtzionatzen du metaketak erdigune historikoan. Zerbitzuetako soldata apaleko lan prekarioa sindikaturiko lan industriala ordezkatuz doan heinean, soldatak amiltzen ari dira, erreprodukzio-kostu sozialki ezinbestekoetatik behera. Lehenago esplotatuta “baino ez” zeuden langile asko espropiatuta ere badaude gaur egun. Kondizio bikoitz hori, zeina gutxiengo batzuena baitzen lehen baina orokortzen ari baita orain, ongizate-estatuaren kontrako eraso batek eragin du. Zerbitzu sozialak mehetuz doaz, garai batean zergetatik azpiegitura publikoetara eta eskubide sozialetara bideratzen ziren diru-sarrerak desbideratzen ari baitira zorraren zerbitzurako eta “defizita apaltzeko”, horrela “merkatuak” lasaituko direlakoan. Benetako soldatak jaitsi eta jaitsi ahala, lehenago publikoak ziren zerbitzu batzuk familien eta komunitateen gain geratzen ari dira, gehienbat emakumeen gain, zeinak, aldi berean, soldatapeko lan prekarioan aritzen baitira eta, beraz, orain esplotatuta orain espropiatuta egoten baitira. Are, erdigunean, periferian bezala, beheranzko lasterketa betean zergak jaisten ari zaizkie enpresei; horrek estatuaren diru-kutxa husten du, eta horrek, itxuraz, “austeritate” handiagoa justifikatzen: hortxe sorgin-gurpil osoa. Gainera, korporazioei egiten zaizkien beste opari batzuk direla medio, deuseztatzen ari dira hain nekez irabazitako lan-eskubideak, eta garai batean babestuta zeuden langile asko bortxagarri bihurtu dira orain. Hala ere, ordea, espero izaten da langile horiek, beste batzuek bezalaxe, beste nonbait ekoitzitako produktu merkeak erosiko dituztela, eta, egoera den bezalakoa izanik, kontsumitzaileek zorpetu egin behar izaten dute etengabe kontsumitzeko; ondorioz, inbertitzaileak aberastu egiten dira herritar-langileak espropiatuz, kolore guztietakoak baina bereziki mailegu-hartzaile arrazializatuak, zeinak arrisku handiko mailegu hiper-espropiatzaileetara eta interes garestiko mailegu laburretara bideratzen baitituzte. Maila orotan eta eskualde orotan, horrenbestez, zorraren motorra espropiazio-olatu berri izugarriak eragiten ari da finantza-kapitalismoan.
Gaur egungo erregimenean, beraz, esplotazioa eta espropiazioa modu berri batean txirikordatuta daude, menderakuntza politikoaren logika berri baten bitartez. Garai batean bezala menpeko subjektu espropiagarriak eta langile libre esplotagarriak hain zorrotz bereizita egon ordez, continuum bat dago orain: mutur batean, menpeko espropiagarri babesgabeen masa gero eta handiagoa, eta bestean, herritar-langile babestuen talde gero eta txikiagoa, esplotazioaren menpe “baino ez” dagoena; eta haien erdian, azkenik, figura berri bat, formalki librea baina izugarri kaltebera: herritar-langile espropiatu eta esplotatua. Figura berri hori ez dago soil-soilik periferiako populazioetan eta gutxiengo arrazialetan; aitzitik, arau bihurtzen ari da.
Nolanahi dela ere, espropiazioaren eta esplotazioaren continuum-a arrazializatuta dago oraindik. Espektroan, espropiazioaren muturrean, proportzioz dagokion baino koloreko jende gehiago dago oraindik. Ameriketako Estatu Batuak dira horren erakusgarri argia. Estatubatuar beltzei eta beltzaranei (aspalditik kredituak ukaturik, behe-mailako etxe segregatuetan konfinaturik, eta ezer aurrezteko adina irabazi ezinik) arrisku handiko maileguen emaileen jomugan egon dira sistematikoki, eta, ondorioz, herrialde hartan kolektibo horrek izan du hipoteka-exekuzio gehien, proportzioan. Era berean, fabriken itxiera bereziki gogor erasaten ari zaie luzaroan baliabide publikoak galarazi zaizkien gutxiengoen hiri eta auzoei; lanpostuak ez ezik, zergen diru-sarrerak ere galtzen ari dira han, eta, ondorioz, baita eskoletarako, ospitaleetarako eta oinarrizko azpiegituren mantentze-lanetarako funtsak ere. Horrek, jakina, porrota dakar, Flint-en eta New Orleanseko 9. Behe Barrutian gertatu den bezala. Gainera, gizon beltzak (zeinek luze baitaramate sufritzen epai berariazkoak eta besteenak baino kartzela-zigor gogorragoak, lan behartuak eta biolentzia sozialki toleratua, Poliziaren indarkeria barne) modu masiboan zokoratuak izaten ari dira “kartzela-gune industrialetan”; gainezkatutako eremuetan itxirik dauzkate, hala “drogen kontrako gerraren” ondorioz (gerra bat helburu duena crack-kokaina pixka batekin aurkitzen dituztenak harrapatzea) nola haien langabezia-tasa proportzioz gaindikoaren ondorioz. Hortaz, bi “es”en arteko lotura aldatu egin da, bai, baina arrazismoak bizirik dirau, eta kapitalismoak ederki asko finantzatzen du.
2.2
KAPITALISMOAREN ETA
ARRAZISMOAREN ARTEKO LOTURAREN
BERRIKUSPEN BAT,
HAREN HISTORIAREN ARGITAN
Kontatu berri dudana nire arrazoibidearen bigarren urratsa da, baina bestelako argi baten pean agerrarazten du aurreko atala. Bilakaera kapitalista erregimen arrazialen segida gisa esplikatzeak, ariketa kronologiko hutsa ez denez, ondorio kontzeptual bat dakar: arraza-zapalkuntza gizarte kapitalistan zurkaizten duen egituraz dugun ikuspegia aldatzen du.
Hortaz, honela birformula daiteke orain nire tesia: egiturazko arrazoiak direla medio, hala esplotazioa nola espropiazioa nahitaezkoak dira kapitala metatzeko. Baina sistemak zehazki nola sortu dituen bere giza menpekoak eta nola hautatu dituen bi prozesu haientzat, hori aldatuz joan da historian. Hemen kontatzen ari naizen historiak posibilitate ezberdinen sorta bat azaltzen du. xix. eta xx. mendeetako kapitalismo kolonialak, adibidez, bereizketa argi baino argiago bat ezarri zuen: herritar-langile libre eskubidedunak, esplotazioaren menpe “baino ez” egonik, guztiz bereizita zeuden menpeko arrazializatu politikoki babesgabeengandik, zeinak espropiazioaren esku baitzeuden. xxi. mendeko kapitalismo finantzializatuak, berriz, bazter utzi du bereizketa zurrun hori, ez baititu, inondik ere, espropiatuak esplotatuengandik bereizten; aitzitik, kolore guztietako jende jabetzagabea jartzen du bi “es”en menpe aldi berean.
3.
ORAINDIK ERE
EZINBESTEAN ARRAZISTA AL DA
KAPITALISMOA?
Zer datorkie hemendik aurrera antiarrazismoaren teoriari eta praktikari? Zer esan nahi du bi “es”en bereizketa arinduz joateak? Azkenean desegiten ari ote da 500 urtez arraza-zapalkuntza kapitalista zurkaiztu duen egitura? Kapitalismoa jadanik ez al da ezinbestean arrazista? Eta, ez baldin bada, orobat ari al da desegiten arrazismoak jendea bereizteko duen boterea?
Nire azterlanaren arabera, desegiten ari da arrazismoak gizarte kapitalistan daukan egiturazko oinarria, edo are guztiz desagertzen. Hastapenetik gaurko egunera, kapitalismoak beti behar izan ditu espropiazioa eta esplotazioa; iraganean, baina, halaber behar zuen biak bereiz egotea eta bakoitzari populazio jakin bat adjudikatzea, kolorearen lerroak bereizirik. Gaur egun, aldiz, ez dauka bigarren baldintza horren beharrik; kontrara, oraingo erregimenak soldatapeko lanerako errekrutatuak ditu pertsona heldu jabetzagabe ia guztiak, baina haien erreprodukzio-kostu sozialki ezinbestekoen oso azpitik ordaintzen die gehien-gehienei. Esparru publikoaren hornidura eraitsiz “gizarte-zerbitzuak” murriztu izanak zorraren garroetan harrapatuta utzi ditu biztanle jabetzagabe gehienak. Eta, prekaritatea unibertsal bihurtuta, kapitalismo finantzializatuak ia mundu guztia esplotatzen eta espropiatzen du gaur egun.
Hori dena gorabehera, ordea, arraza-zapalkuntzak badirau kapitalismoaren fase honetan ere. Koloreko jendea arrazializatuta dago oraindik, eta beste batzuek baino arrisku handiagoa dute pobre, langabe, etxegabe izateko, gosea pasatzeko, gaixotzeko; krimenaren eta abusuzko maileguen biktima izateko; kartzelara joateko eta heriotza-zigorrera kondenatuak izateko; poliziaren jazarpenaren eta erailketen biktima izateko; kanoi-bazka eta sexu-esklabo izateko, eta gerra amaigabeetan iheslari edo “albo-kalte” bihurtzeko; ondasunez gabetuak izan eta indarkeriatik, pobreziatik eta klima-aldaketaren hondamendietatik ihes egin behar izateko, eta azkenean, gainera, mugetan kaiolatuta geratzeko edo itsasoan itotzen utziak izateko.
Denak batera aintzat harturik, bilakabide horiek puzzle bat osatzen dute. Kapitalismo finantzializatua, alde batetik, desegiten ari da aurreko erregimenetan arraza-zapalkuntza zurkaizten zuen egitura politiko-ekonomikoa; bestetik, ordea, arraza-desberdinkeria gerizatzen du oraindik ere, eta arrazagatiko etsaigoa sustatzen. Galdera da: zergatik? Zergatik dirau arrazismoak bi “es”en arteko bereizketa sakona desagertu ondoren ere? Aldi berean esplotatu- eta espropiatu-kondizio objektiboa dutenek zergatik ez dute ikusten bidaide direla itsasontzi berean (nabigatzeko kapaza ez den itsasontzi zuloz bete horretan)? Zergatik ez dira batzen aurka egiteko kapitalismo finantzializatuak espropiazioaren eta esplotazioaren artean lausotu duen lotura horri, hainbesteko kaltea egiten dien horri?
Berez, ez da harritzekoa halako aliantzarik sortu ez izana lehenago, kapitalismoaren historian; izan ere, garai batean, bi “es”en arteko bereizketa arrazializatuak erdigune kapitalistako “langile libreak” bultzatzen zituen beren interesak eta helburuak bereiztera periferiako menpekoenengandik (erdiguneko periferiakoenak barne). Horren ondorioz, klase-borrokatzat jotzen zena erraxegi bereizi zen esklabotzaren, inperialismoaren eta arrazismoaren kontrako borroketatik. Batzuetan, are, borroka horien kontra ere egoten zen klase-borroka, eta alderantziz ere gertatzen zen: arraza-zapalkuntza gainditzearen aldeko mugimenduek, zenbaitetan, ez dute uste handirik izan (soldatapeko) “lanarekin” aliantzak egite horretan, eta aliantza hori erdeinatu ere egin dute tarteka. Kapitalismoaren eragina, historian, emantzipazio-indarrak ahultzea izan da.
Baina hori garai batean zen. Zer espero daiteke aliantza horietatik gaur egun, gizarte kapitalistak arraza-zapalkuntza berez “ezinbestekoa” ez duen honetan? Mintzagai dugun ikuspegitik begiratuta, iragarpenak bi alderdi ditu. Modu objektiboan erreparatuz gero, kapitalismo finantzializatuak leundu egin du bi “es”en arteko bereizketa, garai batean arrazismoari bizirik eusten zion bereizketa hura. Modu subjektiboan begiratuta, ordea, baliteke gaur egungo antolaerak arrazagatiko etsaigoa handitzea; epe laburrean bai, behintzat. Izan ere, mendeetako estigmak eta bortxaketek bat egiten dutenean kapitalak menpeko esplotagarri eta espropiagarriak aurkitzeko daukan gose aseezinarekin, ondorioa segurtasun falta eta paranoia larria da (eta, ondorioz, harrapakako ihesaldi bat, segurtasuna nork eskuratuko), baita arrazismo areagotua ere.
Jakina, garai batean harrapaketatik (hein handi batean) babestuta zeudenek orain ez daukate batere-batere gogorik harrapaketaren lastak beste batzuekin batera sufritzeko; eta ez arrazistak direlako bakarrik, nahiz eta batzuk badiren. Kontua da haiek ere badituztela beren arrangura legitimoak, modu batean ez bada bestean azaleratzen direnak, halaxe behar du eta. Baina, ez dagoenez arrazaz haraindiko mugimendurik espropiazio ia unibertsala inposatzen duen sistema sozial hau abolitzeko, eskuineko populismo autoritarioaren lerro gero eta jendetsuagoetan aurkitzen dute adierazpidea halako arrangurek. Gaur egun, kapitalismoaren erdigune historikoko herrialde ia denetan ernetzen ari dira halako mugimenduak, baita lehen periferia zeneko herrialde gutxi batzuetan ere. Gure garaiko “neoliberalismo progresistari” emandako erantzuna da, zeharo espero izatekoa zena. Ikuspegi hori mamitzen duten eliteek, modu zinikoan, “bidezkotasuna” hartzen dute ahotan espropiazioa hedatu bitartean, garai batean “zuri” edo “europar” posizioa zela medio okerrenetik babestuta zeudenei eskatuz uko egin diezaiotela beren estatus mesedegarriari, besarka dezatela beren prekaritate gero eta handiagoa, eta amore eman diezaiotela bortxaketari. Aldi berean, ordea, inbertitzaileei bideratzen dizkiete herritar horien baliabideak, trukean onarpen morala baino ez eskainita[14].
Horiek horrela, gizarte postarrazial baterako perspektiba politikoa ez da oso itxaropentsua, nahiz eta baden irekitze estruktural baterako aukerarik. Arrazaz haraindiko aliantzak ez dira hutsetik piztuko bi “es”ak modu berri lausoago batean konfiguratuta egoteagatik; kontrara, kapitalismo finantzializatuaren mundu predatzaile anker honetan, gero eta handiagoak dira arrazagatiko etsaitasunak. Horregatik, nahiz eta gaur egun, printzipioz, posible litzatekeen kapitalismo ez-arrazial bat sortzea, badirudi praktikan ezinezkoa dela, zenbait joera sedimentaturen, asaldura larriagoturen eta manipulazio zinikoren konbinazio toxiko bat dela kausa.
Aieneka hasi baino lehen, ordea, galdetu behar genuke zer litzatekeen zehazki kapitalismo ez-arrazial bat gaur egungo baldintzetan. Interpretazio baten arabera, hauxe litzateke: erregimen bat non koloreko jendea dagokion proportzioan ordezkatuta egongo litzatekeen bai munduko finantza- eta politika-botereen goi-aginpidean eta bai biktima espropiatu eta aldi berean esplotatuen artean. Aukera horrek —esan diezaiogun “kapitalismo finantzializatu ez-arrazial”— ez lituzke askorik gogobete behar antiarrazistak, zeren berekin ekarriko bailuke, besteak beste, etengabe okertuz joatea koloreko jende gehien-gehienaren bizi-baldintzak. Kapitalismo finantzializatu ez-arrazialak, desberdinkeria gero eta handiago baten menpeko paritate baterantz bideraturik, onenean ere aukera-berdintasunezko menderakuntza bat ekarriko luke arrazagatiko etsaitasun gero eta handiago baten erdian.
Garatzen ari naizen azterbide honek, berriz, iradokitzen du premia gorria dagoela eraldaketa erradikalago bat egiteko. Neoliberalismo progresistak dioenaren kontrakarrean, arrazismoa ezin da garaitu aukera-berdintasunezko menderakuntza baten bitartez, ez eta, liberalismo arruntak dioen bezala, legeria erreformatuz ere. Halaber, eta nazionalismo beltzari zor zaion begirune guztiaz esanda, erremedioa ez da enpresa-eremuak sustatzea, komunitatea kontrolatzea edota autodeterminazioa gauzatzea. Bestalde, sozialismoaren ulerbide tradizionalaren kontrakarrean, arreta esplotazioan bakarrik jarriz gero ere ezin dira emantzipatu arrazializatuak, ez eta edozein koloretako langileak ere oro har, jakina; nahitaezkoa da espropiazioa ere jomugan jartzea, zeina bestela ere lotuta baitago esplotazioari. Are: berez-berez, kapitalismoak espropiazioaren eta esplotazioaren artean sortu duen lotura tematia gainditu beharra dago, hartara matrizea oso-osorik eraldatzeko, kapitalismoaren “es” horiek deuseztatzeko, bien sinbiosia eragiten duen sistema zabalagoa abolituz.
Gure garai honetan arrazismoa gainditzeko, arrazen arteko aliantzak behar dira, eraldaketa hori helburu izango dutenak. Halako aliantzak, noski, ez dira modu automatikoan pizten egiturazko aldaketa bakar bat eginda soilik, baina sor daitezke ahalegin politiko etengabea eginez gero. Gogoan izan beharreko sine qua non-a, kasu honetan, kapitalismo finantzializatuan esplotazioak eta espropiazioak duten sinbiosia nabarmentzen duen ikuspegia da. Biak nola ehunduta dauden azaleratuz, izan ere, ikuspegi horrek iradokitzen du ezen bi “es”etako bat ere ezin dela gainditu bestea gainditu ezean. Bat eginda daude bien patuak, bat eginda dauden bezalaxe garai batean guztiz bereiz eta orain hain deserosoki gertu dauden populazio horien patuak. Gaur egun, esplotatuak orobat espropiatuak diren honetan (eta alderantziz), posible izan daiteke, azkenean, haien arteko aliantza bat begiztatzea. Agian, bi “es”en arteko lerroa lausotuz, kapitalismo finantzializatuak ernamuin bat sortu du biak aldi berean abolitzeko. Baina, nolanahi ere, geure esku dago geroko gero ibili gabe ekitea eta posibilitate historiko hori bene-benetako emantzipazio-indar historiko bihurtzea.
Eskerrik asko Robin Blackburn-i, Sharad Chari-ri, Rahel Jaeggi-ri eta Eli Zaretsky-ri, halako iruzkin baliagarriak egiteagatik; eskerrik asko, halaber, Daniel Boscov-Ellen-i, ikerketan laguntzeagatik; eta, bereziki, mila esker Michael Dawson-i, inspirazio eta akuilu izateagatik.
* Jatorrizko testua: “Is Capitalism Necessarily Racist?”, Presidential Address, apa Eastern Division, Proceedings and Addresses of the American Philosophical Association, 92, 2018, 21-42 or.
[1] C.L.R. James, The Black Jacobins (Londres: Penguin Books, 1938); W.E.B. Du Bois, Black Reconstruction in America, 1860-1880 (1938); Eric Williams, Capitalism and Slavery, Chapel Hill, NC: University of North Carolina Press, 1944; Oliver Cromwell Cox, Caste, Class and Race: A Study of Social Dynamics, Monthly Review Press, 1948; Stuart Hall, “Race, Articulation and Societies Structured in Dominance”, Sociological Theories: Race and Colonialism, Unesco, 1980: 305-345. or.; Walter Rodney, How Europe Underdeveloped Africa, Howard University Press, 1981; Angela Davis, Emakumeak, arraza eta klasea, D. Sarriugarte Mochales (itz.), Donostia, Eskafandra bilduma, Elkar-Jakin, 2016; Women, Race, and Class. Londres: The Women’s Press, 1982; Manning Marable, How Capitalism Underdeveloped Black America, Brooklyn: South End Press, 1983; Barbara Fields, “Slavery, Race and Ideology in the United States of America”, New Left Review I/181 (1990eko maiatza eta ekaina): 95-118; Robin D. G. Kelley, Hammer and Hoe: Alabama Communists during the Great Depression, University of North Carolina Press, 1990; eta Race Rebels: Culture, Politics, and the Black Working Class, Free Press, 1996; Cedric Robinson, Black Marxism, Chapel Hill, NC: University of North Carolina Press, 1999; eta Cornel West, “The Indispensability Yet Insufficiency of Marxist Theory” eta “Race and Social Theory”, biak hemendik atereak: The Cornel West Reader, New York: Basic Civitas Books, 1999, 213-230. or. eta 251-267. or.
[2] Michael C. Dawson, Blacks In and Out of the Left, Harvard, 2013; Ruth Wilson Gilmore, Golden Gulag: Prisons, Surplus, Crisis, and Opposition in Globalizing California, University of California Press, 2017; Cedric Johnson, Revolutionaries to Race Leaders: Black Power and the Making of African American Politics, University of Minnesota Press, 2007; Barbara Ransby, Making All Black Lives Matter: Reimagining Freedom in the Twenty-First Century, University of California Press, 2018; Keeanga-Yamahtta Taylor, From #Black Lives Matter to Black Liberation, Haymarket, 2016.
[3] Amerikako Elkarte Filosofikoaren One Hundred Fourteenth Eastern Division bilkuran emandako presidentza-diskurtsoa. Savannah, GA, 2018ko urtarrilaren 8an.
[4] Gezurra litzateke esatea Marxek ez zituela inondik ere kontuan hartu prozesu horiek; egiaz, Kapitala idatzi zuenean, esklabotzaz, kolonialismoaz, irlandarren egozpenaz eta “erreserbako langile-armadaz” jardun zuen. Alabaina, azken kontzeptu hori salbu, gainerako auziak ez zituen landu era sistematikoan, eta auzi horiek ez zuten sorrarazi funtzio integral estrukturaleko kategoriarik Marxek kapitalismoa ulertzeko zuen moduan. Ikus: Karl Marx, Capital I, Ben Fowkes (itz.), Londres, Penguin Books, 1976, 781-802, 854-870, 914-926 eta 931-940. or. Dena den, haren ondorengo pentsalari askok eta askok ahalegina egin dute arraza-zapalkuntzaren analisia marxismoan sartzeko. Ikus goiko oharrak, lehena eta bigarrena. Neure saio honetan, bestelako arrazoibide kontzeptual bat garatu dut, baina haien lanetan oinarrituta.
[5] Jason Mooreren gogoeta batean oinarrituta dago esaldi hori; izan ere, Moorek nabarmendu izan du kapitala lan ordaindugabearen espropiazioan oinarritzen dela gaur egun (hala naturaren nola jendearen lan ordaindugabearen espropiazioan, hain zuzen), eta produkzio etekintsua lortzeko baldintza bat dela hori. Honela dio: “Produktibitatea maximizatzeko teknologiek sistema osoaren metaketa berpizten dute, kapitalizatu gabeko naturaz luze-zabal beretzeko prozesu bat abian jarrita. Amsterdam bakoitzak du Vistularen arro bat. Eta Manchester bakoitzak Mississippiren delta bat”. Jason W. Moore, “The Capitalocene. Part II: Accumulation by Appropriation and the Centrality of Unpaid Work/Energy,” The Journal of Peasant Studies, DOI: 10.1080/03066150.2016.1272587, 2017.
[6] Hurrengo atalean azalduko dudan bezala, jende-multzo bat zatitu eta garaitzeko balio duten halako taktikek arrazaren arabera kodetutako zenbait estatus-hierarkia mobilizatzen dituzte, herritarrak subjektuengatik bereizten dituztenak, eta herrikideak atzerritarrengatik, norbanako libreak esklaboengatik, “europarrak” “natiboengatik”, “zuriak” “beltzengandik” eta “langile” eskubidedunak “bizkarroi” menpekoengandik.
[7] Karl Marx, Capital I, 873-876. or.
[8] Hasierako pilaketa harago aztertu eta metaketa primitiboaren kontzeptuan sakontzen duen esplikazio bat irakurri nahi izanez gero, ikus “Extended Primitive Accumulation” izeneko kapitulua liburu honetan: Robin Blackburn, The Making of New World Slavery: From the Baroque to the Modern, 1492-1800, Verso, 2010.
[9] Metaketa subjektibazioaren mende dago, eta fenomeno are zabalago baten kasu berezi bat da hori. Beste esparru batzuetan ere, kapitalismoaren “azpisistema ekonomikoak” ezinbestekoak ditu zenbait kanpo-baldintza, iraungo badu: besteak beste, botere politikoek baino segurtatu ezin dituzten baldintza batzuk. Argi dago metaketak legearen euskarria behar duela jabetza-eskubideak bermatzeko, kontratuak betearazteko eta gatazkak ebazteko. Eta berdin dira beharrezkoak errepresio-indarrak ere, zeinek matxinadak deuseztatu, ordena iraunarazi eta desadostasunak kudeatzen baitituzte. Halaber, krisiei aurre egiteko zenbait ekinaldi politiko, agerian geratu denez, ezinbestekoak izan dira maiz kapitalismoaren historian, azpiegituren, gizarte-ongizatearen eta, jakina, diruaren hornitzaile publiko izan baitira. Honako obra hauetan, funtzio politiko funtsezko horiei buruz aritu naiz: “Behind Marx’s Hidden Abode: For an Expanded Conception of Capitalism”, New Left Review 86 (2014), 55-72. or.; eta “Legitimation Crisis? On the Political Contradictions of Financialized Capitalism”, Critical Historical Studies, 2. lib., 2. zk. (2015), 1-33. or. Idazlan honetan, berriz, subjektibazio politikoaren funtzio berdin nahitaezkoari jarriko diot arreta.
[10] Judith Shklar, American Citizenship: The Quest for Inclusion, Harvard University Press, 1998.
[11] Karl Marx, Capital I, 915. or.
[12] Nancy Fraser eta Linda Gordon, “A Genealogy of ‘Dependency’: Tracing a Keyword of the US Welfare State”, Signs: Journal of Women in Culture and Society, 19. lib., 2. zk. (Winter, 1994), 309-336. or. Hemen berrargitaratua: Nancy Fraser, Fortunes of Feminism: From State-Managed Capitalism to Neoliberal Crisis, Verso Books, 2013.
[13] Nire ustez, beraz, estatuak gobernatutako kapitalismoko lan arrazializatuan espropiazioaren elementu batzuk esplotazioaren zenbait elementurekin nahastu ziren. Alde batetik, soldata bat pagatzen zieten AEBetako erdiguneko langile kolorekoei, baina haien erreprodukzio-kostu sozialki nahitaezkoen batezbestekoaren azpitik. Bestetik, pertsona libreen eta AEBetako herritarren estatus formala zuten, baina ezin zuten botere publikoetara jo beren eskubideak defendatzeko; aitzitik, ustez indarkeriatik babestu behar zituzten berberek eragiten zieten maiz indarkeria. Horrenbestez, bi “es”en elementu politiko eta ekonomikoak nahas-mahas zeuden koloreko jendearen estatusean. Hain justu, estatus hori hobeto ulertzen da horrela, esplotazioaren eta espropiazioaren arteko nahasketa edo hibrido gisa, “superesplotazioaren” kontzeptu ezagunagoaren bidez baino. “Superesplotazioa” termino iradokitzailea da ezbairik gabe, baina arrazaren araberako soldata-arrakalaren alderdi ekonomikoari baino ez dio erreparatzen, estatus-ezberdintasunari ez ikusi eginda. Nire teoriaren helburua, berriz, harrapaketa ekonomikoak menpekotasun politikoarekin duen lotura argitara ateratzea da. Superesplotazioaz gehiago jakin nahi izatera, ikus, adibidez: Ruy Mauro Marini, Dialéctica de la Dependencia, Mexico City: Ediciones Era, 1973.
[14] Neoliberalismo progresistaz gehiago jakin nahi izanez gero, ikus: Nancy Fraser, “The End of Progressive Neoliberalism”, Dissent (2017ko udaberria); hemen online: https://www.dissentmagazine.org/online_articles/progressive-neoliberalism-reactionary-populism-nancy-fraser
Ikus hau ere: “From Progressive Neoliberalism to Trump —and Beyond”, American Affairs, I. lib., 4. zk. (2017ko negua), 46-64. or.; eta online: https://americanaffairsjournal.org/2017/11/progressive-neoliberalism-trump-beyond/.