Kapitalaren lantegi ezkutuak
Kapitalaren lantegi ezkutuak
Nancy Fraser
itzulpena: Maialen Berasategi Catalán, Irene Arrarats Lizeaga, Danele Sarriugarte Mochales, Mirentxu Larrañaga Sueskun
2021, saiakera
184 orrialde
978-84-17051-71-6
editorea: Jule Goikoetxea
Nancy Fraser
1947, Baltimore
 
 

 

Hitzaurrea

 

Jule Goikoetxea

 

      Baltimoren 1947ko maiatzaren 20an munduratutako Nancy Fraser filosofo estatubatuarraren azken hausnarketak euskaratu ditugu lisipe bildumaren hamargarren ale honetan. Maialen Berasategi Catalán, Irene Arrarats Lizeaga, Danele Sarriugarte Mochales eta Mirentxu Larrañaga Sueskun dira plazer aberasgarri horren arduradunak. Fraser abizena ezaguna izanagatik ere, askok ez dute izan feminista dibulgatzailearen obra euskaraz irakurtzeko aukerarik. Dibulgazio sen horrek gidatu du, hain zuzen ere, itzulpen honetan aurkezten diren artikuluen hautaketa. Kapitalaren lantegi ezkutuak: Mapa bat ezkerrarentzat obrak aurretiaz ingelesez argitaratutako sei artikuluk osatzen dute. Artikulu gehienak New Left Review ezkerreko aldizkari ezagunean eman ziren argitara, eta, azken urteetan, Fraserren pentsamendua taxutu duten oinarrizko ideiak jasotzen dituzte, esate baterako, kapitalismoa ordena instituzionalizatu gisa kontzeptualizatzearen beharra, ordena hori posible egiten dituzten faktore ikusezinen azalpen xehea eta kapitalismoaren erro misogino, sexista eta arrazistaren leheneratze politikoa.

      Sakonki jorratu ohi ditu gai horiek guztiak New Yorkeko The New School Unibertsitatean bere ikasleekin batera, eta, jakina denez, bere obra gehienen ernamuina dira saio horiek, baita Cinzia Arruzza eta Tithi Bhattacharyarekin batera Danele Sarriugartek euskaratutako Feminismoa % 99ren alde: Manifestu bat (Txalaparta, 2019) liburuarena ere. Luze eta zabal aztarrikatu zituen aurrez kapitalismoaren teorizazioan ehundutako tradizio filosofikoak Kapitalismoa: Teoria Kritikoarekin elkarrizketan (Polity, 2018) eta Justiziaren eskalak: Espazio politikoa berrasmatzen mundu globalizatuan (Polity, 2008) liburuetan, besteak beste. Bertan, liberalismoaren zenbait oinarri paradigmatiko xehatzen ditu, justizia sozialaren esanahien eta markoen berrikusketa proposatzen du, eta historia politikoaren eta mugimendu sozialen azterketa kritikoa garatu. Aintzatespena eta Birbanatzea liburuan Judith Butlerrekin izandako elkarrizketan aurki daiteke justifikazio eta argudio teoriko horien hausnarketa filosofiko eguneratua. Baina, esan moduan, autore dibulgatzailea dugu Fraser eta horren adibide dira egunkari anitzetan idatzitako ehunka iritzi artikuluak. Adibidetzat, New York Times egunkarian idatzitako pasarte hau, berriki berrargitaratua:

 

      Niretzat feminismoa ez da soilik emakume indibidualak botere eta pribilegio postuetan jartzea egungo gizarte-hierarkietan. Gehiago da hierarkia horiek gainditzea. Horrek gizarte kapitalistaren menderakuntza sexuala egituratzen duen sistema desafiatzea eskatzen du. Batez ere, ustez bi jarduera-mota ezberdin bereiztea: alde batetik, lan “produktiboa” deritzona, historikoki gizonekin lotua eta soldatapekoa; eta, bestetik, jarduera “erreproduktiboa”, historikoki ordaindu gabea eta emakumeek egiten dutena. Nire ustez, “produkzio” eta “erreprodukzio” lanen arteko banaketa hierarkiko hori da gizarte kapitalistaren egitura definitzaile bat eta bertan dauden asimetrien iturri sakona. Ezin da “emakumeen emantzipaziorik” egon, egitura hori mantendu bitartean. (A Feminism Where ‘Lean In’ Means Leaning On Others. NYT, 2015-10-15)

 

      Zerk ezberdintzen ditu soldatapeko gizonaren esplotazioa eta soldatarik gabeko emakumeen desjabetzea? Hori da eskuartean duzuen artikulu bildumak lantzen duen beste gaietako bat, zeinak lotura zuzena duen arrazializatutako gorputzen desjabetzearekin, hori baita, autorearen iritziz, gorputz zurien eta, zehazki, gizon zuri proletarioen esplotazioaren ezinbesteko baldintza. Are gehiago, soldataren bidez bizi diren gorputz esplotatuak ordaindu gabeko zaintzaren bidez sortzen dira, Fraserren aburuz. Eta bi ardatzoi beste hirugarren bat gehitu behar zaio: kapitalismo patriarkal eta kolonialak Estatuarekin duen erlazioa. Ez al du kapitalismo mota honek Estatuaren bidez desjabetzen eta esplotatzen? Baiezkoa da autorearen erantzuna, baina tentuz hausnartu behar da Estatuak kapitalismo globalean duen papera. Kapitalismo globalarekin finantzializatutako egungo zerbitzuzko kapitalismo digitalaz ari da. Zerk desberdintzen du estatu-kapitalismo industrialean egituratuko esplotazioa kapitalismo finantzializatuak behar duen desjabetze masibotik? Polanyiren mugimendu bikoitzetik Fraserren mugimendu hirukoitzera pasatu gara. Hots, merkantilizazioa mugarik gabe hedatzearen aldeko indarrek eta gizartea babestearen aldeko indarrek “erregulazioaren” aldeko “adostasun” gutxienekoa lortu zuten hogeigarren mendean. “Adostasun” hori desagertu da hogeita batgarren mendean eta mugimendu hirukoitz bat dugu, non aurreko bi indar horiez gain, emantzipazioaren aldeko mugimendua ere badugun. Noiz, nola eta zergatik gertatu da eraldaketa hori? Nola ulertu behar dugu justizia soziala testuinguru berri honetan? Nola antolatu behar dira mugimendu sozialak emantzipazioa denona izan dadin? Galdera horien inguruko gogoeta bat da eskuartean duzuena. Gogoeta horiek, aldiz, praktika eta antolaketa berrien gauzatzea dute xede.