Aurkibidea
Hitzaurrea. Jule Goikoetxea
Marxen egoitza ezkutuaren atzean
Kapitalismoa ezinbestean al da arrazista?
Justizia globalaz: Platon, Rawls eta Ishiguro ikasbide
Demokrazia-krisia, kapitalismoaren krisi: Kapitalismo finantzializatuaren kontraesan politikoez
Interregno estatubatuarra: Neoliberalismo aurrerakoitik Trumpen garaira, eta harago
Aurkibidea
Hitzaurrea. Jule Goikoetxea
Marxen egoitza ezkutuaren atzean
Kapitalismoa ezinbestean al da arrazista?
Justizia globalaz: Platon, Rawls eta Ishiguro ikasbide
Demokrazia-krisia, kapitalismoaren krisi: Kapitalismo finantzializatuaren kontraesan politikoez
Interregno estatubatuarra: Neoliberalismo aurrerakoitik Trumpen garaira, eta harago
Zaintza-krisia?
Kapitalismo garaikidearen
kontraesan sozial-erreproduktiboak
(Itzultzailea: Mirentxu Larrañaga Sueskun)
Gaur egun, askotan dakarkigu hizpidera “zaintza-krisia”[1]. Maiz, beste hizpide batzuei lotua: “denbora-eskasia”, “familia/lana oreka” eta “murrizketa soziala”[2]; adierazpide horrek erreferentzia egiten dio zerari, nola oraintxeko zenbait presiok, norabide askotarikoek, zukutzeraino estutzen duten gaitasun sozial giltzarri mordoa: hala nola haurrak sortzeko eta hazteko gaitasuna, lagunak eta familiako kideak zaintzekoa, etxeak eta haragoko komunitateak mantentzekoa, eta, eskuarki, bestelako lotura orokorragoei eustekoa. Historian, “erreprodukzio sozial” gisako lan hori, hala deituko baitiot aurrerago, emakumezkoen lantzat hartu izan da, nahiz eta gizonezkoek ere beti egin izan duten horietako zenbait. Zeregin horrek bi osagai ditu, afektiboa bata eta materiala bestea, eta, maiz, ordainsaririk gabe egiten da, eta ezinbestekoa da gizartearentzat. Lan hori egin ezean, ezin da sortu ez kulturarik, ez ekonomiarik, ez politika-antolakuntzarik. Erreprodukzio sozialari modu sistematikoan azpijanean dabilkion ezein gizartek ezin du luzaroan iraun. Gaur egun, hala ere, horixe ari da egiten gizarte kapitalista molde berri bat. Emaitza, azalduko dudanez, krisi nagusi bat da, zaintzarena ez ezik baita erreprodukzio sozialarena ere, zentzu zabalagoan hartuta.
Nire irudiko, krisi hori beste “krisi orokor” baten alderdi bat da, bere barnean beste alderdi batzuk biltzen dituena —ekonomikoa, ekologikoa eta politikoa—, denak ere elkarrekiko intersekzioan eta elkarren larrigarri. Alderdi sozial-erreproduktiboa krisi orokor horren neurri garrantzitsu bat da, baina ez da aintzakotzat hartzen egungo eztabaidetan, zeinek nagusiki alderdi ekonomikoan edo ekologikoan jartzen baitute arreta. “Separatismo kritiko” hori arazotsua da. Alderdi soziala hain da erdigunekoa krisi zabalago batean, ezen ez baitago egoki ulertzerik hartatik modu abstraktuan bereizita. Hala ere, kontrakoa ere egia da. Erreprodukzio sozialaren krisia ez da independentea bere kasa, eta ezin da behar bezain egoki ulertu bere hartan.
Eta nola ulertu beharko genuke? Nire baieztapena: zenbaitzuek “zaintza-krisi” deritzotena hobeto interpretatzen da kapitalismo finantzializatu baten kontraesan sozial-erreproduktiboen adierazpide gutxi-asko zorrotz gisa. Formulazio horrek bi ideia iradokitzen ditu. Lehena, zaintzari buruzko gaur egungo tirabirak ez dira halabeharrezkoak; aitzitik, sustrai sistemiko sakonak dituzte gure ordena sozialaren egituran, zeinari “kapitalismo finantzializatu” deituko baitiot. Hala eta guztiz ere, eta hau da bigarren puntua, erreprodukzio sozialaren egungo krisiak adierazten du zerbait usteldua dagoela, kapitalismoaren egungo molde finantzializatuan ez ezik, baita per se kapitalista den gizarte batean ere.
Tesi horiexek landuko ditut hemen. Nire baieztapena: bigarren puntuari heldurik, gizarte kapitalista molde orok babesten du “krisirako joera” edo “kontraesan” sozial-erreproduktiboa, sakon errotua izateraino. Alde batetik, erreprodukzio soziala da kapital-metaketa jarraitu bat ekarri ahal izateko kondizioa; beste alde batetik, kapitalismoak metaketa mugagaberako duen joera horrek ezegonkortu egin ohi ditu erreprodukzio sozialerako euskarritzat dituen prozesu horiek berak. “Kapitalismoaren kontraesan sozial-erreproduktibo” horixe dago —nire baieztapena da— zaintza-krisi deritzon horren sustraian. Kapitalismoari berez dagokiona izanik ere, tankera diferente eta bereizgarria hartu izan du historiako aldi bakoitzeko gizarte kapitalista molde jakin bakoitzean: esate baterako, xix. mendean, kapitalismo liberal lehiakorrean; gerraostearen garaian, estatuak gobernatutako kapitalismoan; eta gure garai honetan, kapitalismo neoliberal finantzializatuan. Gaur egun esperimentatzen ari garen zaintza-gabeziek tankeratzen dute kontraesan hori, hain zuzen, garapen kapitalistaren aldirik berrienetakoan, hirugarrengoan.
Entsegu honetan, hiru urratsetan garatuko dut hipotesi hori. Lehenik, azalpen bat proposatuko dut kapitalismoak bere hartan dituen kontraesan sozialen inguruan, inolako erreferentziarik egin gabe ezein molde historiko jakini. Bigarrenik, zirriborro bat egingo dut kontraesan horrek zer bilakaera izan duen, garapen kapitalistak izan dituen aurreko bi aldi horietan, arestian aipatu berri dudanez. Azkenik, azterketa bat proposatuko dut gaur egun “zaintza-gabezia” deritzenei buruzkoa, kapitalismoak egungo aldi finantzializatuan duen kontraesan sozial horren adierazgarri.
I.
KAPITALISMOA “BERE HARTAN”
ETA ZER KONTRAESAN SOZIAL DAKARREN
Krisi kapitalistaren analista gehienek ekonomiaren beraren barne-kontraesanetan jartzen dute arreta. Sistema ekonomiko kapitalistaren bihotz-muinean —haien baieztapena da—, bere burua ezegonkortzeko barne-joera bat dago, zeina krisi ekonomikoen bidez adierazten baita aldian-aldian. Uste dut zuzen dagoela ikuspegi hori, iritsi ahal deneraino. Baina huts egiten du apur bat, ez baitu ematen modurik kapitalismoari berari dagozkion barne-kontraesanen edo krisi-joeren argazki oso bat egiteko. Ikuspegi ekonomista batetik jotzen duelarik, modu hertsiegian ulertzen du kapitalismoa, sistema ekonomiko sinplifikatuago bat izango balitz bezala. Nik, aldiz, kapitalismoaren adiera zabalago bat darabilt, zeinak bere barnean biltzen baititu hala ekonomia ofiziala nola haren funtsezko baldintza “ez-ekonomikoak”[3]. Ikuspegi zabalago baten bidez baino ezin ditugu kontzeptualizatu eta kritikatu, oso-osorik, kapitalismoaren krisi-joera guztiak, baita erreprodukzio soziala erdigunean jarria dutenak ere.
Nire argudiobidea: kapitalismoaren azpisistema ekonomikoa kanpotik datozkion jarduera sozial erreproduktiboen mende dago, zeinek osatzen baitute haren izateko ahalbidearen funtsezko baldintzetako bat. Funtsezko beste baldintza batzuk ere biltzen ditu bere barnean: hala nola botere publikoek gobernatzeko baliatzen dituzten funtzioak, eta naturak eskueran jartzen dituen bitartekoak, “input produktiboen” iturri eta ekoizpeneko hondakinen “isurbide” den heinean, baina ez dut horietaz eztabaidatuko hemen[4]. Arreta jarriko dut, ordea, egitate honetan: ekonomia kapitalista hainbat jardueratan oinarritzen da —doan egiten direnetan, esan liteke—: hornikuntza, zaintza-lanak eta interakzioa, zeinen bidez sortzen eta mantentzen baitira lotura sozialak, nahiz eta horregatik ez dagokien diru-baliorik eta doakoak izango balira bezala tratatzen diren. Izendapen ugari ditu. “Zaintza”, “lan afektiboa” edo “subjektibatzea” esaten zaiolarik ere, jarduera horrek kapitalismoaren giza subjektuak eratzen ditu, eta hezur-haragizko gizaki natural gisa mantendu, bai eta izaki sozial bihurtu ere, haientzako habitus eta etika kultural bat eratuz, jokaleku gisa balia dezaten. Hor, erdigunean dago, besteak beste, haurrak sortzea eta gazteak sozializatzea, etxeak eta etxeko kideak mantentzea, komunitateak eraikitzea, eta ezagutza partekatuei, antolaera afektiboei eta etorkizuneko balio batzuei eustea kooperazio soziala zurkaiztearren. Gizarte kapitalistetan, jarduera hori, asko —ezen ez dena—, merkatutik kanpo egindakoa da: etxe-barruan, auzoan, gizarte elkarte zibiletan, lan sare informaletan eta instituzio publikoetan —esaterako, eskoletan—; eta, asko —ezen ez dena—, ez da jotzen soldatapeko lantzat. Soldatapekoa ez den jarduera sozial-erreproduktibo ordaindugabe hori ezinbestekoa da, bestalde, soldatapeko lana existi dadin, gainbalioa metatu dadin eta kapitalismoak bere hartan funtziona dezan. Gauza horietako bat bera ere ez litzateke existituko, baldin eta ez balego etxeko lanik, haur-hazkuntzarik, eskolatzerik, zaintza afektiborik, ez eta beste hainbeste jarduera ere langile-belaunaldi berriak sortzeko edota lehengoak ordezteko eta indartzeko balio dutenak, bai eta lotura sozialei eusteko eta ezagutza partekatuak iraunarazteko ere. Erreprodukzio soziala, ezinbestean, funtsezko baldintza bat da gizarte kapitalista batean produkzio ekonomikorako ahalbidea izan dadin[5].
Gutxienez garai industrialaz geroztik, hala ere, gizarte kapitalistek bereizi egin izan dituzte erreprodukzio sozialeko lana eta produkzio ekonomikoari zegokiona. Erreprodukzio sozialeko lanak emakumeei lotzen zaizkienez gero, eta produkzio ekonomikoari dagozkionak gizonei, “maitasuna” eta “bertutea” erabili izan dituzte txanpon gisa jarduera “erreproduktiboak” ordaintzeko, eta dirua, berriz, “lan produktiboak” saritzeko. Horrela, gizarte kapitalistek oinarri instituzional bat sortu zuten emakumeen menderakuntzarako molde moderno berriak baliatzeko. Lan erreproduktiboa giza jardueren unibertso zabalagotik banandurik, zeinean emakumeen lanari toki bat aitortua baitzioten lehen, “etxeko arlo” instituzionalizatu berri horretara zokoratu zuten, ezkutuan geratzeraino emakumeen garrantzi soziala. Eta mundu berri horretan, zeinean dirua bihurtu baitzen botere-ahalmenerako bitarteko nagusi, lan hori ordaindu gabekoa izateak zigilatu egin zuen kontua: lan hori egiten dutenak diruz ordaindutako lanetan dihardutenen mendekoak dira, egituraz; nahiz eta ordaindugabekoen lana ordainpeko lanerako funtsezko aurrebaldintza bat den, eta nahiz eta etxeko feminitate-ideal berriek asetzeraino zipriztintzen eta iluntzen duten atzenerako.
Oro har, orduan, gizarte kapitalistek bereizi egiten dituzte erreprodukzio soziala eta produkzio ekonomikoa, erreprodukzio soziala emakumeei lotuz eta dagokien garrantzia eta balioa ezkutuan gordez. Paradoxaz, hala ere, balioa ukatzen dieten erreprodukzio sozialeko prozesu horiexen mendeko bihurtzen dituzte beren ekonomia ofizialak. Bereizkuntza-eta-mendekotasun-eta-ukapen erlazio berezi horrek, baina, ezegonkortasun-iturri posible bat dakar txertatua. Batetik, produkzio ekonomiko kapitalista ez da iraunkorra bere kasa; aitzitik, erreprodukzio sozialean oinarritzen da. Bestetik, metaketa mugagabea sustatu ohi duenez gero, arriskuan jarrarazten ditu kapitalak eta gainerako guztiok ere beharrezko ditugun prozesu erreproduktiboak eta gaitasunak. Denboraren poderioz, ikusiko dugunez, baliteke horrek ondorio bat ekartzea: arriskuan jartzea ekonomia kapitalistak premiazkoak dituen baldintza sozialak.
Hor, hain zuzen ere, “kontraesan sozial” bat dago, gizarte kapitalistaren sakoneko egiturari berari dagokiona. Marxistek nabarmendu zituzten kontraesan haiek bezalatsu, honako honek ere krisirako joera bat du oinarri. Kasu honetan, ordea, kontraesana ez dago ekonomia kapitalistaren “barruan”, baizik eta produkzioa eta erreprodukzioa aldi berean bereizi eta lotu egiten dituen muga horretan. Ez da ez ekonomia-barrukoa ez etxe-barrukoa; gizarte kapitalistaren bi osagai horien arteko kontraesan bat da.
Maiz, jakina, kontraesan hori isilarazi egiten da, eta hari loturiko krisi-joerak ezkutuan gordetzen dira. Hori larritu egiten da, ordea, baldin eta kapitalak metaketa hedarazteko duen bulkada hori askatu egiten bada bere oinarri sozialetatik, eta haien kontrako bihurtzen. Kasu horretan, produkzio ekonomikoaren logikak gainditu egiten du erreprodukzio sozialaren logika, kapitalaren euskarri diren prozesu sozial horiek berak ezegonkortuz. Orduan, gaitasun sozialak kolokan jartzen dira, etxe-barrukoak nahiz publikoak, zeinak premiazkoak baitira metaketa luzaroan iraunarazteko. Izateko duen ahalbidearen baldintzak baliogabetuz, kapitalaren metaketa-dinamikak bere buztanari egiten dio kosk, hain zuzen ere. Gaur egun, antzeko zerbait ari da gertatzen, aurrerago ikusiko dugunez.
II.
KONTRAESANA
HISTORIAN KOKATUZ
Orain arte, kapitalismoak bere hartan krisi sozialerako duen joeraren egitura jorratzen aritu naiz. Alabaina, gizarte kapitalista ezin da existitu “bere hartan”, ezpada bere bilakabidearen historian metaketarako baliatu dituen erregimen edo molde bereizgarrien bidez. Hurrengo urratsean, bada, historian kokatuko dut kapitalismoaren kontraesan sozialari buruzko azalpena, bere garabidean izan dituen aldi bereizgarrien arabera.
Egiaz, erreprodukzio sozialaren antolakuntza kapitalistak aldaketa historiko nagusi batzuk jasan ditu; maiz, ihardespen politiko zenbaiten emaitza gisa. Eta, batez ere krisialdietan, zenbait eragile sozial borrokan ibili dira mugak zedarritzearren “ekonomiaren” eta “gizartearen” artean, “produkzioaren” eta “erreprodukzioaren” artean eta “lanaren” eta “familiaren” artean, batzuetan horiek berriro ere marraztea lortzeraino. Muga-borroka horiek, hala baiteritzet nik, gizarte kapitalisten erdigunean daude, hala nola zeuden Marxek aztergai izan zituen klase-borrokak[6]. Eta horiek eragiten dituzten aldaketek oihartzun handiko eraldaketak ezartzen dituzte aldian-aldian. Aldaketa horiek lehen mailako ikuspegira ekarririk, erreprodukzio-sozial-eta-produkzio-ekonomiko moldeko (gutxienez) hiru erregimen bereiz ditzakegu kapitalismoaren historian.
Lehenengoa, xix. mendean: kapitalismo liberal lehiakorraren erregimena. Europa erdiguneko esplotazio industriala eta periferiako desjabetze koloniala elkar uztarturik, langileek “modu autonomoan” erreproduzitzeko aukera bultzatu zuen, diru-balioaren araberako zirkuituetatik at, nonahiko estatuak albotik begira zeuzkatelarik. Baina etxekotasunari buruzko iruditeria burges berri bat ere sortu zuen. Kontsideraturik erreprodukzio soziala zela emakumeek familia pribatuaren barruan zuten herrialdea, erregimen hark “arlo bereizien” ideala landu zuen, nahiz eta jenderik gehiena hura gauzatu ahal izateko baldintzarik gabe utzi zuen.
Bigarren erregimena, xx. mendean: estatuak gobernatutako kapitalismoa. Eskala handiko produkzio sozialean eta etxeko kontsumismoan oinarritzen zen erdigunean, eta orduan indarrean zeuden desjabetze kolonialak eta postkolonialak zurkaiztua zegoen periferian; hala, erregimen hark barneratu egin zuen erreprodukzio soziala, estatuaren eta enpresen bidez arduraturik ongizate sozialaren hornikuntzaz. Arlo bereizien eredu viktoriarra aldaturik, ideal itxuraz modernoago bat sustatu zuen: “familia-soldata”; nahiz eta, berriro ere, familia gutxi batzuei baino ez zitzaien zilegi izan halakorik erdiestea.
Hirugarren erregimena, berriz, gaur egun: kapitalismo finantzializatu globalizatzailea. Erregimen horrek soldata apaleko eremuetara lekualdatu du manufaktura-industria, emakumeak kontratatu ditu eskulan ordaindua egiteko, eta estatuen eta enpresen desinbertsioa sustatu du ongizate sozialean. Familia eta komunitate bakoitzeko zaintza-lanak kanpora atereaz edo kanpoan kontratatuz, aldi berean murriztu egin zaie halakoak egin ahal izateko gaitasuna. Emaitza, gero eta handiagoa den desberdintasun horren erdian, erreprodukzio sozialaren antolakuntza duala da, zeina merkantzia bihurtzen baitute halakorik ordain dezaketenek, eta salgai pribatizatua bihurtzen baitzaie halakorik ordaindu ezin dutenei; eta hori dena distirarazteko, ideal are eta modernoago bat: “soldata biko familia”.
Erregimen bakoitzean, beraz, produkzio kapitalistarako baldintza sozial-erreproduktiboek molde instituzional diferenteak bereganatu dituzte, eta ordena arauemaile diferenteak mamitu: lehenik, “arlo bereiziak”; gero, “familia-soldata”; eta orain, “soldata biko familia”. Kasu bakoitzean, halaber, jarraian erakutsi nahi izango dudan moduan, gizarte kapitalistaren kontraesan sozialak tankera diferenteak hartu izan ditu, adierazpide diferenteak krisi multzo baten fenomenoaren barruan. Erregimen bakoitzean, azkenik, orobat erakutsiko dudanez, kapitalismoaren kontraesan sozialak molde askotariko borroka sozialak akuilatu ditu: klase-borrokak, ezbairik gabe, baina baita muga-borrokak ere, biak ala biak lotuta baitoaz, elkarrekin ez ezik bestelako borrokekin ere, hala nola emakumeen, esklaboen eta herri kolonizatuen emantzipazioa xede dutenekin.
III.
KAPITALISMO LIBERALAREN
KONTRAESAN SOZIALA
Kontsidera dezagun, lehenik, xix. mendeko kapitalismo liberal lehiakorra. Garai hartan, bazirudien ezen produkzioaren eta erreprodukzioaren inguruko betebeharrek zuzenean elkarren kontraesanean zirautela. Egiaz, hala gertatu zen kapitalismoaren erdigune kapitalistako hasierako manufaktura-zentroetan, industrialariek fabriketan eta meategietan lan egitera hertsatu baitzituzten emakumeak eta haurrak, eskulan merkea zekarkienez gero, eta otzan bezain esaneko zirelako usteak gogoberoturik. Langile haiei soldata ziztrinak ordaintzen zizkieten, eta lanaldi luzeak eginarazten osasun-baldintza kaltegarrietan; hala, erlazio sozialak eta gaitasun sozialak gutxiesten zituen kapitalismo haren ikono bihurtu ziren, haiexek zurkaiztua bazioten ere produktibitatea[7]. Emaitza gisa, berriz, krisi bat ekarri zuen, bi mailatan gutxienez: alde batetik, erreprodukzio sozialaren krisia, pobreen eta langile-klaseen artean, zeinen sostengurako eta ordezpenerako gaitasunak eteteraino tenkatu baitzituzten; beste alde batetik, izu-ikara morala, erdi-mailako klaseen artean, zeinei eskandalagarria iruditu baitzitzaien hark denak zer zekarkien: “familiaren suntsiketa” eta emakume proletarioak “sexuz gabetzea”. Egoera hain zen zorigaiztokoa, ezen Marx eta Engels kritikari ezinago azeriek ere huts egin baitzuten, produkzio ekonomikoaren eta produkzio sozialaren arteko buruz buruko lehen gatazka hura azken hitz erabakigarritzat jota. Irudikatu zutelarik kapitalismoa azken krisian sartua zela, uste izan zuten ezen, langile-klaseko familiak suntsituz, sistema hark errotik erauziko zituela emakumeen zapalkuntzarako oinarriak ere[8]. Baina, egiaz, guztiz alderantzizkoa gertatu zen: denboraren poderioz, gizarte kapitalistek zenbait baliabide aurkitu zituzten, kontraesan hura gobernatzeko; hein batean, “familia” molde moderno murriztu hura sortuz, genero-diferentziari adiera berri areagotuak asmatuz eta gizonen menderakuntza modernizatuz.
Egokitzapen-prozesua Europako erdigunean hasi zen, legeria babesle baten bidez. Honako hau zen asmoa: erreprodukzio soziala egonkortzea, emakumeen eta haurren lan-esplotazioa mugatuz fabriketan[9]. “Konponbide” hark erdi-mailako klaseko erreformazaleak izan zituen aldeztaile nagusi, langileen erakunde sortu berriekin elkarlanean, eta askotariko arrazoien nahaste-borraste korapilatsu bat ispilatzen zuen. Xedeetako bat zen, esaterako, “gizartea” babestea “ekonomiaren” aldean[10] —aldeztaileetako batek egin zuen ospetsu helburua, Karl Polanyik—; eta, beste bat, “genero-berdinketaren” inguruko kezka arintzea. Baina arrazoi haiek elkar loturik zeuden bestelako zerbaitekin ere: gizonek emakumeen eta haurren gainean zuten aginpideari jarraikitasuna ematearekin, batez ere familiaren barruan[11]. Horren ondorioz, elkarren artean katramilatu ziren erreprodukzio sozialaren osotasuna bermatzea eta gizonen menderakuntza babestea.
Besterik eragin asmo zuen, halere: kontraesan soziala leuntzea kapitalismoaren bihotz-muinean, nahiz eta esklabotasunak eta kolonialismoak hura muturreko diskurtso bateraino goratua zuten periferian. Kapitalismo liberal lehiakorrak etxekoandretzea sortu zuen —hala zeritzon Maria Mies-ek[12]—, kolonizazioaren ifrentzu gisa, eta genero-iruditeria berri bat landu, “arlo bereizietan” jarriz arreta. Emakumea “etxe-barruko aingeru” gisa irudikatzea proposatu zutenek, berriz, balazta egonkortzaile bat sortu nahi izan zuten ekonomiaren aldakortasuna leuntzeko. Produkzioaren mundu gupidagabe hari saihetsetik egin zion eraso “mundu bihozgaberako babesleku” batek[13]. Alde bakoitzak berari zegokion arloan iraunez gero, eta besteen osagarri izanez gero, elkarren arteko gatazka posibleak ezkutuan gorderik segituko zuen.
Egiaz, “konponbide” hori nahiko ezegonkorra eta ahula gertatu zen. Legeria babesle hark ezin zuen bermatu eskulanaren erreprodukzioa: besteak beste, soldatak, artean ere apalegiak izaki, ez zirelako familia bat mantentzeko lain; eratu ziren etxe multzo jendeztatu eta kutsagarri haiek pribatutasuna galarazten zutelako eta birikentzako kaltegarriak zirelako; eta enplegua ere (eskuragarri zegoenetan) gorabehera neurrigabeen mende zegoelako, bankuen porrotak, merkatuen crash edo beheraldi erabatekoak eta izu-ikara finantzario larria bitarteko. Konponketa haiek ez zituzten gogobete langileak ere, zeinak asaldaturik baitzebiltzan soldata handiagoak eta lan-baldintza hobeak eskatuz, langile-sindikatuak eratuz, grebara deituz eta langileen eta sozialisten alderdiekin elkartuz. Gero eta oinarri zabalagoko klase-gatazka bizi hark, bada, zeharo arrakalatua zuen kapitalismoa, eta ez zirudien etorkizun oparorik izan zezakeenik.
Arlo bereiziak ere berdin-berdin gertatu ziren arazotsu. Emakume pobre, arrazializatu eta langile-klasekoak ez zeuden, ez, etxekotasun-ideal viktoriarrak betetzeko egokieran; legeria babesleak arindu egin bazien ere zuzeneko esplotazioa, ez zien inolako laguntza materialik edo konpentsaziorik eskaini soldaten galeragatik. Eta ideal viktoriar haietara egokitu zitezkeen erdi-mailako klaseko emakumeak ere ez zeuden beti konforme beren egoerarekin, zeinak, erosotasun materiala eta prestigio morala ez ezik, lege-gutxiengotasuna eta mendekotasun instituzionalizatua ere uztartzen baitzituen. Talde bientzat, arlo bereizien “konponbide” hura emakumeen bizkar etorri zen gehienbat. Baina, era berean, elkarren kontra jarri zituen bata eta bestea; xix. mendean prostituzioaren inguruan sorturiko borroken lekuko izan ziren, zeinek aurrez aurre jarrarazi baitzituzten erdi-mailako klasekoen ardura filantropikoak eta “ahizpa erorien” interes materialak[14].
Dinamika diferente bat garatu zen periferian. Han, kolonialismo estraktiboak suntsituriko herri azpiratuen eremuan, ez arlo bereiziak ez babes sozialak ez ziren izan txanpon estimatuak. Metropoliko botereak ez ziren ahalegindu, inondik ere, erlazio indigenak babesten erreprodukzio sozialerako; aitzitik, haiek desegitea sustatu zuten modu aktiboan. Nekazariei ondasunak arpilatu zizkieten, komunitateak txiki-txiki egin, haiek jaki, jantzi, mea mineral eta energia merkez hornitzearren, zeinak euskarritzat izan gabe ez baitzitzaien errentagarri gertatuko metropoliko industria-langileen esplotazioa. Ameriketako plantazioetan, bien bitartean, esklabo bihurturiko emakumeen erreprodukzio-gaitasunak beren mozkin-kalkuluetarako instrumentalizatzen ari ziren kolonizatzaileak; eskuarki, banandu egiten zituzten esklabo-familiak, kide bakoitza aparte salduz jabe diferenteei[15]. Haur natiboak, berriz, beren komunitateetatik aterarazten zituzten, misiolarien eskoletarako errekrutatzen, eta asimilatze-diziplina hertsatzaileetara kateatzen.[16] Arrazionalizazioen premian izanez gero, nahiko ongi zetozkien estatu “atzeratu, patriarkal” hark zerabiltzan bideak, indigenen ahaidetasunezko konpontze prekapitalistak. Hor, halaber, kolonialisten artean, emakume filantropiazaleek plataforma publiko bat aurkitu zuten, zeinaren bidez hertsatzen baitzituzten “gizon zuriak, emakume beltzaranak gizon beltzaranetatik salbatzera”[17], Gayatri Spivak-en hitzez esanda.
Jokaleku bietan, periferian nahiz erdigunean, feministen mugimenduei mina-zelai politiko batean jardun beharra egokitu zitzaien. Feminista liberalek, hain zuzen ere, ezkondu osteko estatusa eta arlo bereiziak baztertu zituzten, eta boto-eskubidea galdegin, sexua errefusatu, norbere jabetza aldeztu, lan-kontratuak egitea proposatu, lanbide askotarikoak garatu eta nork bere soldata kontrolatzea ekarri, eta, hala, bazirudien autonomia lortzeko xede “maskulinoa” balioetsi zutela hazkundea helburu zuten ideal “femeninoen” aldean. Eta puntu horretan, nahiz eta ez beste askoz gehiagotan, lehiakide feminista sozialistak bat etorri zitzaizkien, jakina. Emakumeak soldatapeko lanean hastea emantzipaziorako bidetzat ulertu zutelarik, berriz, emantzipazioak berak ere hobetsi egin zituen produkzioari egozten zitzaizkion “gizonezko” balioak erreprodukzioari egotzirikoen aldean.
Asoziazio horiek ideologikoak ziren, ezbairik gabe. Baina haien atzean intuizio sakon bat zegoen: kapitalismoak menderakuntza molde berriak ekarri bazituen ere, ahaidetasunezko erlazio tradizionala higatu izanak bazekarren emantzipazio halako bat. Lotura bikoitz batek zeuzkan korapilatuak feministak, eta askok ez zuten erosotasun handirik aurkitu Polanyiren mugimendu bikoitzaren ezein aldetan: ez babes sozialaren aldean, zeina gizonen menderakuntzari atxikia baitzegoen; ez eta merkantilizazioaren aldean ere, zeinak gutxietsi egiten baitzuen erreprodukzio soziala. Eta ez zirenez gauza, halaber, ordena liberala besterik gabe baztertzeko edo besarkatzeko ere, beste alternatiba bat behar zuten, hirugarrena, zeinari emantzipazio deitu baitzioten. Eta feministak gauza izan ziren heinean termino hura eduki sinesgarriz janzteko, modu eraginkorrean ustiatu zuten Polanyiren figura dualista, eta ordezko bat aurkitu zioten, guk mugimendu hirukoitz dei diezaiokeguna. Hiru aldeko gatazka-jokaleku horretan, babesaren eta merkantilizazioaren aldeztaileek aurrez aurre talka egin zuten, elkarren artean ez ezik, baita emantzipazioaren jarraitzaileekin ere: hala nola feministekin, ezbairik gabe, baina baita sozialistekin, abolizionistekin eta antikolonialistekin ere, zeinak guztiak ahalegindu baitziren Polanyiren indar biak buruz buru jartzen bata bestearen kontra, nahiz eta horrek elkarren arteko desadostasunak ekarri zizkien[18].
Teorian etorkizun handiko estrategia bat izanagatik ere, zaila zen ezartzeko. “Gizartea ekonomiatik babesteko” ahaleginak genero-hierarkia babesteko saialditzat hartu ziren hein berean, feministek gizonen menderakuntzaren inguruan ageri zuten oposizioa aise uler zitekeen langile-klasea eta periferiako komunitateak desitxuratzen ari ziren indar ekonomikoen sustatzaile moduan. Asoziazio ideologiko horiek luzaroan iraun zuten, harrigarriro, baita kapitalismo liberal lehiakorra gain behera etorri eta gerora ere, hilzorian gertatu baitzen gerra interinperialistek, depresio ekonomikoek eta nazioarteko kaos finantzarioak ekarri zizkioten (askotariko) kontraesanen zama astuna jasan ezinik.
IV.
ESTATUAK GOBERNATUTAKO
KAPITALISMOAREN KONTRAESAN SOZIALAK
Eta etorri egin zen gainbehera, eta erregimen berri bati bide eman zion, xx. mendean: estatuak gobernatutako kapitalismoari; hala deituko diot nik. Erregimen hura Depresio Handiaren eta ii. Mundu Gerraren errautsetatik sortua zen, eta indargabetu egin zuen produkzio ekonomikoaren eta erreprodukzio sozialaren arteko kontraesana, bestelako moldez indargabetu ere: erreprodukzioaren aldean lerrokatu zuen estatu-boterea. Aldi hartako estatuek, hain zuzen, beren gain hartu zituzten “ongizate sozialaren” erantzukizun zenbait, eta ahalegindu ziren erreprodukzio sozialean izandako ondorio lazgarri batzuk samurtzen, esplotazioak nahiz langabezia masiboak eragindakoak. Xede huraxe besarkatu zuten, bai erdigune kapitalistako ongizate-estatuek, bai periferiako estatu independente garapenzale berriek, nahiz eta haiek horretarako gaitasun txikiagoa zuten.
Berriro ere, arrazoiak nahasita zeuden. Ilustratu-eliteen geruza bat erabat sinetsita zegoen ezen kapitalaren luzegabeko interesa —ahalik eta etekinik handiena ateratzeraino zukutzea— luzera begirako eskakizun batzuen mende zegoela —metaketa luzaroan iraunarazteko behar zirenen mende—. Eragile haien irudiko, estatuak gobernatutako erregimen berri hura sortu izanak modua ematen zien sistema kapitalista salbatzeko hark berezkoak zituen jaidura ezegonkortzaileetatik, bai eta iraultzaren mamutik babestekoa ere. Produktibitateak eta errentagarritasunak, besteak beste, “biopolitika” batzuk galdegin zituzten, eta eskulan osasuntsua eta hezia lantzea, sistemaren zurkaitz gisa arituko zena, iraultzaile jendaila zarpailari kontrajarria[19]. Beharrizan ezinbestekotzat jotzen zen, halaber, inbertsio publikoak egitea osasun-laguntzan, eskolatzean, haurren zaintzan eta adinekoen pentsioetan, betiere enpresen zuzkiduren bidez osatuak; izan ere, aldi hartan, erlazio kapitalistak hainbesteraino zeuden txertatuak bizitza sozialean, langile-klaseek jada ez baitzuten bitartekorik ere beren kabuz erreproduzitzeko. Egoera halakoa izanik, erreprodukzio soziala barneratu beharra zegoen, ordena kapitalistak modu ofizialean gobernaturiko esparru hartara ekarrarazi.
Proiektu hura bat-bat egokitu zitzaion “eskari” ekonomikoak ekarri zuen arazo berriari. Ekonomiaren erreformazaleek leundu egin nahi zituzten kapitalismoaren boom/porrot ziklo endemikoak, eta ahalegindu ziren hazkunde jarraitua bermatzen, erdigune kapitalistako langileei ahalbidea emanez lan doblea egitera kontsumitzaile gisa. Eragile haiek onartu egin zuten bai sindikatzea —soldata handiagoak ekarri baitzituen— eta bai sektore publikoaren gastua —lanpostuak sortu baitzituen—; hala, espazio pribatu gisa berrasmatu zuten etxe-barrua, aproposa modu masiboan ekoitzitako objektu egunerokoen etxe-kontsumorako[20]. Eredu “fordzale” hark, batetik, kateko lana langile-klaseko familien kontsumismoari loturik, eta, bestetik, estatuak lagundutako erreprodukzioa baliaturik, merkantilizazioaren eta babes sozialaren arteko sintesi berri bat landu zuen, Polanyik antitetikotzat kontsideratu zituen egitasmoak.
Baina, batez ere, langile-klaseak —emakumeak zein gizonak— aritu ziren aitzindari, hornikuntza publikoaren aldeko borrokaren buruan; eta beren arrazoi propioengatik aritu ziren. Haien iritziz, kontua zen herritar demokratiko gisa eskubide osoko kide izatea gizartean; hortik, gero, duintasuna, eskubideak, errespetagarritasuna eta ongizate materiala, zeinak erdiesteko ezinbesteko betekizuntzat jotzen baitzen familia-bizitza egonkor bat izatea. Sozialdemokrazia besarkaturik, bada, langile-klaseek orobat balioetsi egin zuten produkzio ekonomikoaren dinamismo orokontsumitzailea. Horren ondorioz, familiaren, herrialdearen eta bizi-mundu baten alde bozkatu zuten, eta fabriken, sistemaren eta makinen kontra.
Erregimen liberaleko legeria babeslea ez bezala, estatuak gobernatutako kapitalismoaren ezarpena klaseko konpromiso batetik segitu zen, eta aurrerabide demokratiko bat izan zen. Aurreko erregimenekoek ez bezala, halaber, konponketa berriek erreprodukzio soziala egonkortzeko balio izan zieten; behintzat, batzuen batzuei eta aldi batean. Erdigune kapitalistako langile etnikoei —gehiengoa izaki— arindu egin zitzaizkien familia-bizitzako hainbat presio material, eta sustatu egin zen haiek politika alorrean sartzea. Arinki urrezko aro deitu baino lehen, ordea, erakutsi beharko genuke zer esklusio osagarrik egin zituzten posible lorpen horiek.
Hor, lehenago bezala, erreprodukzio sozialaren aldezpena (neo)inperialismoarekin nahaspilatuta egon zen erdigunean. Erregimen fordzaleek eskubide sozialak finantzatu zituzten; hein batean, periferiako desjabetze etengabeen bidez (periferia erdigunean barrenduz), zeinek bere hartan iraun baitzuten molde zaharrean nahiz berrian, baita dekolonizazioaren ostean ere[21]. Bien bitartean, estatu postkolonialak Gerra Hotzaren jomugan harrapatuak zebiltzan, eta beren baliabideen zati handi bat —harrapaketa inperialak jada murriztuak— eskala handiko garapen-proiektuetarako erabili zuten, zeinek maiz berekin baitzekarten beren herri indigena “propioak” desjabetzea. Erreprodukzio soziala, periferiako gehien-gehienentzat, kanpokoa zen artean ere, nekazaritza-eremuetako jendea bere kabuz bizitzera behartu baitzuten.
Haren aurreko erregimenak bezala, halaber, estatuak gobernatutako erregimena arraza-hierarkiarekin nahaspilatua zegoen. aebetan, gizarte-segurantzatik kanpo utziak zituzten etxeko langileak eta nekazaritza-arlokoak; hain zuzen ere, eskubide sozialak kenduak zizkieten afro-amerikar askori[22]. Eta lan erreproduktiboa arrazaren arabera banatzea, esklabotza-garaian hasia bazen ere, itxuraberritu egin zen Jim Crow legeen pean, koloreko emakumeek soldata apaleko lan ordaindu bat aurkitu baitzuten, familia “zurien” haurrak zaintzera eta haien etxeak garbitzera joanda, beren familien bizkar[23].
Genero-hierarkia ere ez zen absente egon konponketa haietan, haiek eratzeko prozesuak iraun zuen bitartean feministen ahotsak erlatiboki isilarazi baitzituzten. Mugimendu feministek artean ere ikusgaitasun publiko handirik ez zuten aldi batean (gutxi gorabehera, 1930eko urteetatik 1950ekoetara), ia inortxok ez zuen auzitan jartzen iritzi hau: langile-klasearen duintasunak berekin zekarrela, besteak beste, “familia-soldata”, etxe-barruan gizonak izatea aginpidea eta genero-diferentziaren sen sendo bat edukitzea. Horren ondorioz, estatuak gobernatutako kapitalismoaren erdiguneko herrialdeetan, joera bat zabaldu zen gero eta gehiago: balioestea genero-familiaren eredu heteronormatiboa, gizonaren ogibidea/etxekoandrearen lana euskarritzat dituena.
Erreprodukzio sozialean egindako inbertsio publikoak sendotu egin zituen arau horiek. aebetan, ongizate-zerbitzuen sistemak molde dual bat hartu zuen: batetik, laguntzak pobreak bezain estigmatizatuak zeuden, gizonen soldatarik eskuratu ezin zuten emakume eta haurrentzat (zurientzat); bestetik, gizarte-segurantza oparo bat, “langile” konstruktu moduan eraikiak izan zirenentzat[24]. Aldiz, Europako konponketek bestelako modu batean eutsi zieten hierarkia androzentrikoei, bereizketa hau egiten baitzuten: amen pentsioak eta soldatapeko lanari loturiko eskubide sozialak —sarritan, estatuarteko lehia bitarteko, jaiotzaren aldeko agertu zirenen agendek bultzaturikoak[25]—. Eredu biek familia-soldata baliozkotzen, onartzen eta sustatzen zuten. Familia eta lana ulertzeko modu androzentrikoak instituzionalizatu zituztelarik, biek ala biek naturalizatu egin zuten heteronormatibitatea eta genero-hierarkia, hein handi batean politika-eztabaidatik aterarazteraino.
Alderdi horietan guztietan, sozialdemokraziak sakrifikatu egin zuen emantzipazioa, eta babes sozialaren eta merkantilizazioaren arteko aliantza bat aldeztu, nahiz eta horrek kapitalismoaren kontraesan soziala apaldu zuen hainbat hamarkadatan. Baina estatuak gobernatutako erregimen kapitalista gain behera etortzen hasi zen: lehenik, politika arloan, 1960ko urteetan, orduan jalgi baitzen Ezker Berria, erronka jotzeko asmoz haren esklusioei, inperio, genero eta arrazaren araberakoei, bai eta haren paternalismo burokratikoari ere, den-dena emantzipazioaren izenean; eta, hurrengo, ekonomia arloan, 1970eko urteetan, ordu hartako stagflazioak, “produktibitate-krisiak” eta manufaktura-industrian irabazien ehunekoak izandako beherakadak akuilatu egin baitzituen “neoliberalak” merkantilizazioa libre uzten ahalegintzera. Zer sakrifikatuko zatekeen, baldin eta alderdi biek indarrak batu izan balituzte? Babes soziala.
V.
KAPITALISMO FINANTZIALIZATUAREN
KONTRAESAN SOZIALAK
Haren aurretik erregimen liberalak egin bezala, estatuak gobernatutako ordena kapitalista desegin egin zen krisialdi luze baten ostean. 1980ko urteen ingurumarian, iragarle erneek aise begiztatu ahal zuten ernatzen hasi berria zen erregimen baten silueta lausoa. Erregimen berri hura globalizatzailea eta neoliberala zen, estatuen eta enpresen desinbertsioa sustatzen zuena ongizate sozialean, eta emakumeak errekrutatzen eskulan ordaindu gisa baliatzeko. Hala, familia eta komunitate bakoitzeko zaintza-lanak kanpora atereaz, aldi berean murriztu egiten zaie halakoak egin ahal izateko gaitasuna. Horren emaitza: erreprodukzio sozialaren antolakuntza dual berria, zeina merkantilizatu egiten baitute halakorik ordain dezaketenek, eta pribatizatua bihurtzen baitzaie halakorik ordaindu ezin dutenei; izan ere, bigarren kategoria horretako zenbaitek zaintza-lanak egiten dituzte lehen kategoriakoentzat, ordainetan soldata bat (apala) jasotzearen truke. Bien bitartean, zaurian piko eginez eta kolpe bikoitzez, feministen aspaldiko kritika zenbaitek eta desindustrializazioak berak sinesgarritasun osoa kendu zioten, behin betiko, “familia-soldata” idealari. Hark bide eman zion, hain zuzen, gaur egungo arau modernoago bati: “soldata biko familia”.
Zorraren zentraltasun berria da garapen horien bultzatzaile nagusia, eta erregimen berriaren ezaugarri bereizgarria. Finantza-instituzio globalek zorra darabilte tresna gisa estatuak hertsatzeko, besteak beste, gastu soziala mugatzera, austeritatea sendotzera eta, oro har, inbertsiogileekin batean azpijanean aritzera herritar babesgabeei beren balioa erauztearren. Hein handi batean, zorraren bidez, orobat, Hegoalde Globaleko laborariak desjabetu dituzte enpresek, berriro ere sailean jabetu direlarik haien lurrez, hartara energia-hornigaiak, ura, labore-lurrak eta “karbono-konpentsazioen” merkatua monopolizatzeko asmoz. Gero eta gehiago, halaber, zorraren bidez dihardu metaketak ere erdigune historikoan. Soldata apaleko lan-zerbitzu prekarioek ordeztu dituztenez gero sindikatutako industria-lanak, soldatak ezinago apalak dira, erreprodukzio sozialerako beharrezkoak diren kostuak baino askoz ere apalagoak; “gig-ekonomia”[26] deritzon horretan, kontsumitzailearen gastu jarraituak kontsumitzailearen zorra ere hedatua izatea eskatzen du, zeina modu esponentzialean hazten baita[27]. Bestela esanda, zorraren bidez, gero eta gehiago, kapitalak kanibalizatzen du orain lana, hark diziplinatzen ditu estatuak, periferiatik erdigunera lekualdatzen aberastasuna, eta dagokien balioa zurrupatzen die etxe-barruei, familiei, komunitateei eta naturari berari.
Ondorioa: kapitalismoari dagozkion kontraesanak areagotzea produkzio ekonomikoaren eta erreprodukzio sozialaren artean. Aurreko erregimenak estatuak ahaldundu zituen, enpresa pribatuen luzegabeko interesak metaketa jarraituaren luzera begirako helburuaren mende jar zitzaten; hein batean, erreprodukzioa egonkortuz, hornikuntza publikoaren bidez. Erregimen berriak, aldiz, aukera eman zion finantza kapitalari estatuak eta administrazio publikoak diziplinatzeko, inbertsiogile pribatuen berehalako interesen onuragarri; tartean, desinbertsio publikoak eskatuta erreprodukzio sozialaren arloan. Aurreko erregimenak merkantilizazioa eta babes soziala elkartu zituen, emantzipazioaren kontra; erregimen berriak, aldiz, antolaera are eta perbertsoago bat sortu zuen, emantzipazioa eta merkantilizazioa bat eginik babes sozialari azpiak jatearren.
Erregimen berria bi borroka multzoren intersekzio zorigaiztokotik ernatu zen. Borroka multzoetako batek aurrez aurre jarri zituen, batetik, merkatu-librezaleen alderdia, zeina gorabidean baitzen eta ekonomia kapitalista liberalizatzera eta globalizatzera emana baitzebilen, temati; eta, bestetik, langile-mugimenduak, gain behera etorriak izaki erdiguneko herrialdeetan, zeina noizbait sozialdemokraziaren oinarrizko euskarririk ahaltsuena izana baitzen, baina jada defentsiban baitzegoen, ez bada erabat garaitua. Beste borroka multzoak aurrez aurre jarri zituen, batetik, “mugimendu sozial berri” progresistak, denak ere genero-, sexu-, “arraza-”, etnizitate- eta erlijio-hierarkien aurkakoak; eta, bestetik, bizi-mundu eta pribilegio ezarriak babestu nahian zebiltzan herritarrak, zeinek ikusten baitzuten haiek galtzeko zorian zirela ekonomia berriaren “kosmopolitismoa” bitarteko. Bi borroka multzo horien arteko talka horretatik, emaitza harrigarri bat ernatu zen: neoliberalismo “progresista” bat, zeinak “dibertsitatea”, meritokrazia eta “emantzipazioa” goresten baitzituen, baina babes sozialak desegiten eta erreprodukzio soziala berriro ere kanpora ateratzen. Emaitza, beraz, ez da soilik herritar babesgabeak kapitalaren harrapaketen mende uztea, baizik eta emantzipazioa bera ere berriro definitzea, merkatu-terminoetan, hain zuzen[28].
Mugimendu emantzipatzaile guztiek parte hartu zuten prozesu horretan. Den-denek, baita antiarrazismoa, multikulturalismoa, lgbt komunitatearen askapena eta ekologia aldezten zutenek ere, joera merkatu-librezale neoliberalak ekarri zituzten. Feministen ibilbidea, baina, bereziki zorigaiztokoa suertatu zen, kontuan izanik kapitalismoak luzaroan iraunarazi zituela, nahaspilaturik, generoa eta erreprodukzio soziala[29]. Lehendik aurreko erregimenek egin bezala, kapitalismo finantzializatuak ere instituzionalizatu egin zuen produkzio/erreprodukzio bereizketa, generoan oinarriturikoa. Aurreko erregimenena ez bezala, ordea, liberal-indibidualistaren eta genero-berdinzalearen aldekoa da erregimen berriaren iruditeria gailena; kontsideratzen da emakumeak eta gizonak berdinak direla, edozein arlotan ere, eta biek ala biek merezi dutela aukera-berdintasuna beren gaitasunak baliatzeko, bai eta —beharbada, bereziki— produkzioaren arloan ere. Erreprodukzioa, aldiz, iraganeko hondar atzerakoi gisa ageri da, zeina aurrerabiderako eragozpen bat baita, nola edo hala ezabatu beharrekoa, askapenerako bidetik jo nahi bada.
Ikuskera berria, darion aura feminista hori gorabehera, edo, beharbada, hori dela-eta, kapitalismoaren kontraesan sozialaren gaur egungo moldearen adierazgarri da, zeinak are indar handiagoa hartzen baitu. Kapitalismo finantzializatuak, soldatapeko lanerako emakumeak errekrutatuz hornikuntza publikoa murriztearekin konforme ez, eta murriztu egin ditu benetako soldatak ere; hala, gehitu egin ditu lanordu ordainduak, etxe bakoitzak familia mantendu ahal izateko sartu beharrekoak, eta bultzatu egin du zaintza-lanak etsi-etsian beste batzuen esku uzteko premia larria[30]. “Genero-arrakala” betetzeko, berriz, erregimenak langile migranteak inportatzen ditu, herrialderik pobreenetatik aberatsenetara. Eta, eskuarki, eskualde pobreetako landa-eremuetako emakumeak eta/edo emakume arrazializatuak arduratu ohi dira erreprodukzio- eta zaintza-lan horiek egiteaz, oraintsu arte emakume pribilegiatuagoek egin ohi zituztenak. Baina hori egin ahal izateko, migranteek beste batzuen esku utzi behar dituzte beren familiako eta komunitateetako erantzukizunak, are eta pobreagoak diren zaintzaileen esku utzi ere, zeinek ere beste horrenbeste egin beharko baitute; eta horrela, hurrenez hurren, “zaintza-kate global” amairik gabekoan. Zaintza-arrakala betetzeaz bestera, ordea, ondorio garbi bat dakar: hura lekuz aldatzea, familiarik aberatsenetatik familiarik pobreenetara, Iparralde Globaletik Hegoalde Globalera[31].
Halako jokaleku bat doi-doi datorkie “egiturazko doikuntza” bati lotuak dauden estatu postkolonial zordundu eta dibisarik gabekoen genero-estrategiei. Estatu horietako batzuek, etsi-etsian dibisa indartsu baten bila dabiltzalarik, modu aktiboan sustatzen dute emakumeen emigrazioa, atzerrira joan daitezen zaintza-lanak egitera eta dibisa-igorpena bideratu dezaten; beste estatu batzuek, berriz, zuzeneko inbertsioak gorteatu dituzte, esportazio-prozesuetarako eremuak sortuz; maiz, industria zenbaitetan: hala nola ehungintzan eta gailu elektronikoen muntatze eta ahokatze alorrean, zeinetarako nahiago baitute emakumeak enplegatzea[32]. Kasu bietan ere, zukutzeraino estutzen dira erreprodukzio sozialerako gaitasunak.
aebetan izan berri diren bi garapenek argi erakusten dute egoeraren larria. Lehenbizikoa, gero eta hedatuagoa dagoela “obulu-izoztea”, zeina, normalean, 10.000 $-en truke egiten den prozedura bat baita, baina orain it enpresek doan eskaintzen baitiete goi-mailako kualifikazioa duten enplegatu emakumezkoei, onura gehigarri gisa eskaini ere. Langile horiek erakartzeko eta atxikitzeko gogoak beroturik, zenbait enpresak, tartean Apple eta Facebook, pizgarri handiak eskaintzen dizkiete haurrak edukitzea atzeratu dezaten, egiaz, honako hau esan nahiko baliete bezala: “Itxaron ezazu, eta eduki itzazu haurrak 40, 50 edo, are, 60 urte betetakoan; eskain iezazkiguzu guri zure goi-errendimenduko urte produktiboak”[33].
aebetako bigarrengo garapena ere berdin-berdin da esanguratsua, eta erreprodukzioaren eta produkzioaren arteko kontraesanaren adierazgarri: ugaritu egin direla bular-esnea erauzteko ponpa xurgagailu mekaniko garesti eta goi-mailako teknologiadunak. Horixe da hautabide “doia” halako herrialde batentzat, zeinean emakumeen ehuneko handi batek parte hartzen baitu eskulanean eta zeinean legezko agindurik ez baitute amatasun-ordainsarietarako edo guraso-baimenetarako, eta zeinean maitasun-istorio bat baitute teknologiarekin. Herrialde horretan, halaber, de rigueur da bularra ematea, nahiz eta aitorpen orotatik haragoko zerbait bihurtu den. Kontua jada ez baita norbere bularretatik zurrupaka edukitzea haur bat; orain, “bularra ematea” da norbere esnea modu mekanikoan erauztea eta botila batean gordetzea, gero norberaren haurtzainak hortik edanaraz diezaion haurrari. Denbora-eskasia larria den testuinguru batean, kopa-dobleko eta esku-libreko ponpa xurgagailu horiek kontsideratzen dira baliabiderik desiragarrientzat, bati aukera ematen baitiote bular bietatik aldi berean esnea erauzteko, lanera bidean autobian autoa gidatuz doalarik[34].
Halako presioen pean, inori harrigarri gertatzen al zaio urte hauetan piztu izana erreprodukzio sozialaren aldeko borrokak? Iparraldeko feministek, maiz, “familiaren eta lanaren arteko oreka” moduan azaldu izan dute beren arretagunea[35]. Baina erreprodukzio sozialaren aldeko borrokek askoz ere gehiago biltzen dute beren barnean: funtsezko hainbat komunitate-mugimendu, helburu dutenak etxebizitza, osasun-laguntza, elikadura-segurtasuna eta baldintzarik gabeko ordainsari oinarrizko bat lortzea; hainbat borroka, migranteen, etxeko langileen eta enplegatu publikoen eskubideen aldekoak; hainbat kanpaina, irabazi-asmoak dituzten zahar-etxeetan, ospitaleetan eta haurren zaintzarako zentroetan zerbitzu sozialak egiten dabiltzan horiek sindikatu ahal izateko; hainbat borroka, besteak beste, zerbitzu publikoak lortzeko bai eguneko zentroetan eta bai zaharren zaintzakoetan, eta lan-aste laburragoak bermatzeko egindakoak, eta amatasun-ordainsari eta gurasotasun-baimen oparoak erdiestekoak. Eskakizun horiek guztiak, izan ere, bat datoz produkzioaren eta erreprodukzioaren arteko erlazioak modu masiboan berrantolatzeko eskariarekin: alegia, konponketa sozial egokiak erdiestea, jendeak —dena delakoa izanik ere haren klase soziala, generoa, sexualitatea eta kolorea— aukera izan dezan uztartzeko bai jarduera sozial-erreproduktiboak, bai ongi ordaindutako lan seguruak bezain interesgarriak.
Gaur egungo koiunturan, muga-borrokak erdigunean daude erreprodukzio sozialaren arloan, hala nola dauden klase-borrokak erreprodukzio ekonomikoarenean. Zeri erantzuten dioten? Batez ere, “zaintza-krisi” bati, zeina sakon sustraiturik baitago kapitalismo finantzializatuaren dinamika egiturazkoetan. Eta, zorraren bidez globalizatzen eta bultzatzen denez, modu sistematikoan ari da desjabetzen lotura sozialak iraunarazteko eskuragarri dauden gaitasunak. “Soldata biko familia” aldarrikatzen duelarik ideal moderno eta berriago gisa, emantzipazioaren aldeko mugimenduak bereganatu ditu berriro, zeinak, merkantilizazioa proposatzen dutenekin bat eginik babes sozialaren jarraitzaileei kontra ekin dietenez, gero eta erresuminduago eta chauvinistago bilakatu baitira orain.
Zer erna ote daiteke krisi honetatik?
VI.
ONDORIOA
Gizarte kapitalistak behin baino gehiagotan berrasmatu du bere burua bere historiaren ibilbidean. Bereziki, krisi orokorreko garaietan, noiz eta kontraesan askotarikoak —politikoak, ekonomikoak, ekologikoak eta erreproduktiboak— elkarrekin korapilatu baitira, elkarren eragina larriagotzeraino, eta muga-borrokak piztu baitituzte kapitalismoaren osagai diren bereizketa instituzionalizatuen alderdietan: non eta ekonomiak eta politikak topo egiten baitute; non eta gizarteak eta naturak topo egiten baitute; eta non produkzioak eta erreprodukzioak topo egiten baitute. Muga horietan guztietan, eragile sozial zenbait mobilizatu egin dira, eta berriro marraztu dute gizarte kapitalistaren mapa instituzionala. Horien ahaleginek bultzatu zuten aldaketa: lehenik, xix. mendean kapitalismo liberal lehiakorra zen hura estatuak gobernatutako kapitalismo bihurturik xx. mendean; eta, hurrengo, kapitalismo finantzializatuan, gaur egungo aroan.
Historiaren joanean, halaber, kapitalismoaren kontraesan sozialak alderdi garrantzitsu bat harilkatu du hark pizturiko krisialdi lasterrean. Krisi-egoera bakoitzean, erreprodukzio soziala eta produkzio ekonomikoa bereizten dituen muga hori alderdi nagusi gisa gailendu da, eta borroka sozialaren erdiko zurkaitz bihurtu. Kasu bakoitzean, beraz, kapitalistaren genero-ordena beti jarri izan da auzitan. Kasu bakoitzean, azkenean, emaitza beti egon da baldintzatua, interesgune nagusien artean ea zer aliantza eratu diren mugimendu hirukoitz honetan: merkantilizazioa, babes soziala eta emantzipazioa. Horien arteko dinamikak bultzatu zuen aldaketa: lehenik, “arlo bereiziak” bihurtu zituztelarik “familia-soldata”, eta, hurrengo, “soldata biko familia”.
Zer segitzen da gaur egungo koiunturatik? Kapitalismo finantzializatuaren gaur egungo kontraesanak behar bezain latzak al dira krisi orokortzat jotzeko, eta, hortaz, gizarte kapitalistaren beste mutazio bat iragarri beharko al genuke? Oraingo krisi honek behar besteko zabaltasunez eta ikuspegiz indarberrituko al ditu borrokak, gaur egungo erregimena eraldatzeko lain izan daitezen? Bestelako “feminismo sozialista” molde bat arrakastatsua gerta al liteke merkantilizazioarekiko maitasun-istorioaren mugimendu hegemonikoa hausteko eta, aldi berean, aliantza berri bat eratu ahal izateko emantzipazioaren eta babes sozialaren artean? Eta hala izango balitz, zer xederekin? Zer-nola berrasma liteke erreprodukzio/produkzio bereizketa gaur egun, eta zerk ordeztu lezake soldata biko familia?
Nik hemen esanikoetako ezerk ere ez du balio zuzenean galdera horietako ezeini erantzuteko. Baina, horiek planteatu ahal izateko zorua lantzen aritu naizelarik, ahalegindu naiz argi apur bat egiten gaur egungo koiunturan. Iradokia dut, zehatz-mehatz, gaur egun dugun “zaintza-krisi” honen sustraia kapitalismoari berez dagokion kontraesan sozialean datzala; edo, areago, kontraesan horrek gaur egun bere egin duen molde zorrotz horretan, kapitalismo finantzializatuan. Hori hala baldin bada, orduan krisia ez da konponduko politika sozialen bidez adabatuz. Horretarako konponbideak ordena sozialaren egiturazko eraldaketa sakon baten ildotik baino ezin du jo. Horrek berekin ekarri behar du, batez ere, gainditzea kapitalismo finantzializatuan gertatzen den azpiratze harraparia, produkzioak erreprodukzioarekiko dagiena, baina oraingo honetan emantzipazioa eta babes soziala sakrifikatu beharrik izan gabe. Eta horrek, era berean, berekin dakar berrasmatzea produkzio/erreprodukzio bereizketa, eta berrirudikatzea genero-ordena. Dena delako emaitza hori eta kapitalismoa bateragarriak izango al diren, berriz, ikuskizun dago oraindik.
* Jatorrizko testua: “Contradictions of Capital and Care”, New Left Review, 100, 2016ko uztaila-abuztua.
** Honako entsegu honen frantsesezko itzulpena Parisen aurkeztu zen, 2016ko ekainaren 14an, hango Zientzia Sozialen Goi Eskolak antolatua zuen urteroko mintzaldian (38th Annual Marc Bloch Lecture), eta haien webgunean dago eskuragarri. Eskerrak eman nahi dizkiet, besteak beste, Pierre-Cyrile Hautcoeur-i, mintzaldira gonbidatzeagatik; Johanna Oksala-ri, eztabaidak suspertzeagatik; Mala Htun-i eta Eli Zaretsky-ri beren iruzkin lagungarriengatik; eta Selim Heper-i, ikerketan laguntzeagatik.
[1] Ruth Rosen, “The Care Crisis”, The Nation, 2007ko otsailaren 27a, https://www.thenation.com/article/care-crisis/. Cynthia Hess, “Women and the Care Crisis”, Institute for Women’s Policy Research Briefing Paper, IWPR C#401, 2013ko apirila, http://www.iwpr.org/publications/pubs/women-and-the-care-crisis-valuing-in-home-care-in-policy-and-practice. Polly Toynbee, “How the Care Crisis is Making Old Age a Nightmare”, The Guardian, 2015eko irailaren 2a, https://www.theguardian.com/society/2015/sep/02/how-care-crisis-making-old-age-nightmare; Daniel Boffey, “Half of All Services Now Failing as UK Care Sector Crisis Deepens”, The Guardian, 2015eko irailaren 26a, https://www.theguardian.com/society/2015/sep/26/nearly-half-social-care-services-failing-uk-elderly-disabled-welfare; David Brindle, “Social Care is on the Cusp of a Crisis”, The Guardian, 2015eko urriaren 14a, https://www.theguardian.com/social-care-network/2015/oct/14/social-care-cusp-crisis.
[2] “Denbora-eskasia” esapideari buruz, ikus: “In Search of Lost Time: Why is Everyone So Busy?”, The Economist, 2014ko abenduaren 20a, http://www.economist.com/news/christmas-specials/21636612-time-poverty-problem-partly-perception-and-partly-distribution-why; Kirsten Salyer, “Melinda Gates Offers a Solution to Time Poverty”, Time, 2016ko otsailaren 23a, http://time.com/4233689/bill-and-melinda-gates-annual-letter-2016; Arlie Hochschild, The Time Bind: When Work Becomes Home and Home Becomes Work, New York, 2001; Heather Boushey, Finding Time: The Economics of Work-Life Conflict, Cambridge, MA, 2016. “Familia/lana oreka” irizpideari buruz, ikus: Boushey eta Amy Rees Anderson, “Work-Life Balance: 5 Ways To Turn It From The Ultimate Oxymoron Into A Real Plan”, Forbes, 2013ko uztailaren 26a, https://www.google.com/webhp?sourceid=chrome-instant&ion=1&espv=2&ie=UTF-8#q=famiy%2Fwork%20balance; Laura Vanderkam, “Women with Big Jobs and Big Families: Balancing Really isn’t That Hard”, Fortune, 2015eko ekainaren 6a, http://fortune.com/2015/06/06/women-with-big-jobs-and-big-families-balancing-really-isnt-that-hard/; Neil Lyndon, “Work-life Balance: Why Do We Choose the Office over Family?”, The Telegraph, 2015eko urriaren 7a, http://www.telegraph.co.uk/men/thinking-man/11916874/Work-life-balance-why-do-we-choose-the-office-over-family.html; Martha Beck, “Finding Work-Life Balance: How To Keep Your Job And Home Lives Separate And Healthy”, The Huffington Post, 2015eko martxoaren 10a, http://www.huffingtonpost.com/2013/04/10/work-life-balance-job-home-strategies-for-women_n_3044764.html; Hayley Earl, “How to Balance Work with Family Life: A Teacher’s Survival Guide”, The Guardian, 2015eko martxoaren 25a, https://www.theguardian.com/teacher-network/2015/mar/25/work-life-balance-teacher-survival-guide. “Murrizketa soziala” adierazpideari buruz, ikus: Shirin M. Rai, Catherine Hoskyns eta Dania Thomas, “Depletion”, International Feminist Journal of Politics, 16, 1 (2013): 1-20. or.
[3] Kapitalismoa ekonomia gisa dakusan ikuspegiari eginiko kritikaren berri izateko, eta ikuspegi “zabalago” baten aldezpenaz gehiago jakiteko, ikus: Nancy Fraser, “Behind Marx’s ‘Hidden Abode’: For an Expanded Conception of Capitalism”, New Left Review, 86 (2014): 55-72. or.
[4] Hona hemen ekonomia kapitalista baterako behar diren funtsezko baldintza politikoei buruzko azalpena: Nancy Fraser, “Legitimation Crisis? On the Political Contradictions of Financialized Capitalism”, Critical Historical Studies, 2, 2 (2015): 157-189. or. Horretarako behar diren baldintza ekologikoei buruz jakiteko, berriz, ikus: James O’Connor, “Capitalism, Nature, Socialism: A Theoretical Introduction”, Capitalism, Nature, Socialism, 1, 1 (1988): 1-22. or.; eta Jason W. Moore, Capitalism in the Web of Life, Brooklyn, 2015.
[5] Argudiobide horren aldaera ugari landu dituzte hainbat teorialari feministak. Formulazio marxista-feministen berri jakiteko, ikus: Lise Vogel, Marxism and the Oppression of Women: Toward a Unitary Theory, Boston, 2013; Silvia Federici, Revolution at Point Zero: Housework, Reproduction, and Feminist Struggle, New York, 2012; eta Christine Delphy, Close to Home: A Materialist Analysis of Women’s Oppression, London & New York, 2016. Bada beste lanketa ahaltsurik ere: Nancy Folbre, The Invisible Heart: Economics and Family Values, New York, 2002. “Erreprodukzio sozialaren teoria” dela-eta, ikus: Barbara Laslett eta Johanna Brenner, “Gender and Social Reproduction: Historical Perspectives”, Annual Review of Sociology, 15 (1989): 381-404. or.; Social Reproduction: Feminist Political Economy Challenges Neoliberalism, Kate Bezanson eta Meg Luxton (ed.), Montreal, 2006; Isabella Bakker, “Social Reproduction and the Constitution of a Gendered Political Economy”, New Political Economy, 12, 4 (2007): 541-556. or.; Cinzia Arruzza, “Functionalist, Determinist, Reductionist: Social Reproduction Feminism and its Critics”, Science & Society, 80, 1 (2016): 9-30. or.
[6] Muga-borroken berri jakiteko, ikus: Fraser, “Behind Marx’s ‘Hidden Abode’”, op. cit.
[7] Louise A. Tilly eta Joan W. Scott, Women, Work, and Family, Londres, 1987.
[8] Karl Marx eta Friedrich Engels, “Manifesto of the Communist Party”, in The Marx-Engels Reader, Robert C. Tucker (ed.), New York & London, 1978, 487-8. or.; Friedrich Engels, The Origins of the Family, Private Property and the State, Chicago, 1902, 90-100. or.
[9] Nancy Woloch, A Class by Herself: Protective Laws for Women Workers, 1890s-1990s, Princeton, 2015.
[10] Karl Polanyi, The Great Transformation, Boston, 2001, 87. or., 138-9. or., 213.
[11] Ava Baron, “Protective Labor Legislation and the Cult of Domesticity”, Journal of Family Issues, 2, 1 (1981): 25-38. or.
[12] Maria Mies, Patriarchy and Accumulation on a World Scale, Londres, 2014, 74. or.
[13] Eli Zaretsky, Capitalism, the Family and Personal Life, New York, 1986. Stephanie Coontz, The Social Origins of Private Life: A History of American Families 1600-1900, Londres, 1988.
[14] Judith R. Walkowitz, Prostitution and Victorian Society: Women, Class, and the State, Cambridge, 1980. Barbara Hobson, Uneasy Virtue: The Politics of Prostitution and the American Reform Tradition, Chicago, 1990.
[15] Angela Y. Davis, “Reflections on the Black Woman’s Role in the Community of Slaves”, The Massachusetts Review, 13, 2 (1972): 81-100. or.
[16] David Wallace Adams, Education for Extinction: American Indians and the Boarding School Experience, 1875-1928, Kansas, 1995. Ward Churchill, Kill the Indian and Save the Man: The Genocidal Impact of American Indian Residential Schools, San Frantzisko, 2004.
[17] Gayatri C. Spivak, “Can the Subaltern Speak?”, in Marxism and the Interpretation of Culture, Cary Nelson eta Lawrence Grossberg (ed.), Londres, 1988, 305. or.
[18] “Mugimendu hirukoitza” kontzeptuaren berri jakiteko, ikus: Nancy Fraser, “Marketization, Social Protection, Emancipation: Toward a Neo-Polanyian Conception of Capitalist Crisis”, in Business as Usual: The Roots of the Global Financial Meltdown, Craig Calhoun eta Georgi Derluguian (ed.), New York, 2011, 137-58. or.; eta ikus orobat: Nancy Fraser, “A Triple Movement? Parsing the Politics of Crisis after Polanyi”, New Left Review, 81 (2013): 119-132. or.
[19] Michel Foucault, “Governmentality” in The Foucault Effect, Graham Burchell, Colin Gordon, eta Peter Miller (ed.), Chicago, 1991, 87-104. or.; Michel Foucault, The Birth of Biopolitics, Lectures at College de France 1978-1979, New York, 2010, 64. or.
[20] Kristin Ross, Fast Cars, Clean Bodies: Decolonization and the Reordering of French Culture, Cambridge, MA, 1996; Dolores Hayden, Building Suburbia: Green Fields and Urban Growth, New York, 2003; Stuart Ewen, Captains of Consciousness: Advertising and The Social Roots of the Consumer Culture, New York, 2008.
[21] Garai horretan, estatuak erreprodukzio sozialerako laguntzak ematen zituen, eta zerga-sarreren eta funts gordeen bidez finantzatzen, zeinetan bai kapitalak eta bai metropoliko langileek beren ekarpena egiten baitzuten, bakoitzak bere neurrian, estatu jakin baten barruko klase-botereen arteko erlazioen arabera. Baina sarrera horien emaria hazi egin zen, periferiatik zetorren balio desbideratuarekin, atzerriko zuzeneko inbertsioetatiko mozkinen bidez eta truke desberdinean oinarrituriko merkataritzaren bidez. Raúl Prebisch, The Economic Development of Latin America and its Principal Problems, New York, 1950. Paul A. Baran, The Political Economy of Growth, New York, 1957. Geoffrey Pilling, “Imperialism, Trade and ‘Unequal Exchange’: The Work of Aghiri Emmanuel”, Economy and Society 2, 2 (1973): 164-185. or. Gernot Köhler eta Arno Tausch, Global Keynesianism: Unequal Exchange and Global Exploitation, Nova Science, 2001.
[22] Jill Quadagno, The Color of Welfare: How Racism Undermined the War on Poverty, Oxford, 1994; Ira Katznelson, When Affirmative Action Was White: An Untold History of Racial Inequality in Twentieth-Century America, New York, 2005.
[23] Jacqueline Jones, Labor of Love, Labor of Sorrow: Black Women, Work, and the Family, from Slavery to the Present, New York, 1985; Evelyn Nakano Glenn, “From Servitude to Service Work: Historical Continuities in the Racial Division of Paid Reproductive Labor”, Signs: Journal of Women in Culture and Society, 18, 1 (1992): 1-43. or.; and Evelyn Nakano Glenn, Forced to Care: Coercion and Caregiving in America, Cambridge, MA, 2010.
[24] Nancy Fraser, “Women, Welfare, and the Politics of Need Interpretation”, in Nancy Fraser, Unruly Practices: Power, Discourse, and Gender in Contemporary Social Theory, Minneapolis, 1989, 144-160. or.; Barbara J. Nelson, “Women’s Poverty and Women’s Citizenship: Some Political Consequences of Economic Marginality”, Signs: Journal of Women in Culture and Society, 10, 2 (1985): 209-231. or.; Diana Pearce, “Women, Work and Welfare: The Feminization of Poverty”, in Working Women and Families, Karen Wolk Feinstein (ed.), Beverly Hills, CA, 1979, 103-24. or.; Johanna Brenner, “Gender, Social Reproduction, and Women’s Self-Organization: Considering the U.S. Welfare State”, Gender & Society, 5, 3 (1991): 311-33. or.
[25] Hilary Land, “Who Cares for the Family?” Journal of Social Policy, 7, 3 (1978): 257-84. or.; Patriarchy in a Welfare Society, Harriet Holter (ed.), Oslo, 1984; Mary Ruggie, The State and Working Women: A Comparative Study of Britain and Sweden, Princeton, 1984; Birte Siim, “Women and the Welfare State: Between Private and Public Dependence”, in Gender and Caring, Clare Ungerson (ed.), New York, 1990, 93-96. or.; A.S. Orloff, “Gender and Social Rights of Citizenship: The Comparative Analysis of Gender Relations and Welfare States”, American Sociological Review, 58, 3 (1993): 303-328. or.; A.S. Orloff, J.S. O’Connor eta S. Shaver, States, Markets, Families: Gender, Liberalism and Social Policy in Australia, Canada, Great Britain and the United States, Cambridge, UK, 1999; Gender and Welfare State Regimes, Diane Sainsbury (ed.), Oxford, 2000; F. Williams, R. Lister, A. Anttonen, J. Bussemaker, U. Gerhard, J. Heinen, S. Johansson eta A. Leira, Gendering Citizenship in Western Europe: New Challenges for Citizenship Research in a Cross-National Context, Bristol, 2007; Ann S. Orloff, “Gendering the Comparative Analysis of Welfare States: An Unfinished Agenda”, Sociological Theory, 27 (2009): 317-343. or.
[26] Oro har freelanceek egin ohi dituzten aldizkako zenbait lan prekario oinarritzat dituena, zerbitzuen sektorean batik bat; musikaren mundutik datorkio, kontzertuetarako-eta maiz baliatu ohi dira halakoak. [itzultzailearen oharra]
[27] Adrienne Roberts, “Financing Social Reproduction: The Gendered Relations of Debt and Mortgage Finance in Twenty-First Century America”, New Political Economy, 18, 1 (2013): 21-42. or.
[28] Merkatu-librezaleen eta “mugimendu sozial berrien” arteko aliantza posiblerik ezaren emaitza gisa, erregimen berria ohiko lerrokatze politiko guztiak porrokatzen ari da, eta aurrez aurre jartzen, besteak beste, Hillary Clinton feminista neoliberal “progresista” eta Donald Trump populista nazionalista autoritarioa.
[29] Nancy Fraser, “Feminism, Capitalism, and the Cunning of History”, New Left Review, 56 (2009): 97-117. or.
[30] Elizabeth Warren eta Amelia Warren Tyagi, The Two-Income Trap: Why Middle-Class Parents are (Still) Going Broke, New York, 2003.
[31] Arlie Hochschild, “Love and Gold”, in Global Woman: Nannies, Maids and Sex Workers in the New Economy, Barbara Ehrenreich eta Arlie Hochschild (ed.), New York, 2002, 15-30. or.; Brigitte Young, “The ‘Mistress’ and the ‘Maid’ in the Globalized Economy”, Socialist Register, 37 (2001): 315-327. or.
[32] Saskia Sassen, “Women’s Burden: Counter-Geographies of Globalization and the Feminization of Survival”, Journal of International Affairs, 53, 2 (2000): 503-524. or; Jennifer Bair, “On Difference and Capital: Gender and the Globalization of Production”, Signs, 36, 1 (2010): 203-226. or.
[33] “Apple and Facebook Offer to Freeze Eggs for Female Employees”, The Guardian, 2014ko urriaren 15a; eta hemen: https://www.theguardian.com/technology/2014/oct/15/apple-facebook-offer-freeze-eggs-female-employees. Are garrantzitsuago den zerbait: onura hori jada ez zaio gordetzen, modu esklusiboan, profesional-teknikari-kudeatzaileen klaseari. AEBetako armadak, orain, emakume errekrutatuei debalde eskaintzen die obuluak izozteko aukera, baldin eta zerbitzuan luzaroan jarduteko asmoz izena eman badute. “Pentagon to Offer Plan to Store Eggs and Sperm to Retain Young Troops”, The New York Times, 2016ko otsailaren 3a; eta hemen: http://www.nytimes.com/2016/02/04/us/politics/pentagon-to-offer-plan-to-store-eggs-and-sperm-to-retain-young-troops.html. Hor, militarismoaren logikak pribatizazioaren logika gainditzen du. Nik dakidala, oraindik inork ez dio heldu lehenbailehen jorratu beharreko gai honi: zer egin gatazka armatu batean hiltzen den emakume soldadu baten obuluekin?
[34] Courtney Jung, Lactivism: How Feminists and Fundamentalists, Hippies and Yuppies, and Physicians and Politicians Made Breastfeeding Big Business and Bad Policy, New York, 2015; bereziki, 130-131. or. Osasun Zaintza Merkearen Legeak edo “Obamacare” erreforma delakoak agindutakoaren arabera, osasun-aseguratzaileek orain doan banatzen dizkiete beren onuradunei ponpa xurgagailuak. Hortaz, onura hori jada ez da emakume pribilegiatu batzuen eskubide esklusiboa. Horren eraginez, merkatu berri handi bat sortu da manufaktura-industrientzat, zeinak ponpa xurgagailuen sorta handiak ari baitira ekoizten Txinan azpikontratatuak dituzten fabriketan. Ikus: Sarah Kliff, “The Breast Pump Industry Is Booming, Thanks to Obamacare”, The Washington Post, 2013ko ekainaren 4a; eta hemen: https://www.washingtonpost.com/news/wonk/wp/2013/01/04/the-breast-pump-industry-is-booming-thanks-to-obamacare/
[35] Lisa Belkin, “The Opt-Out Revolution”, The New York Times, 2003ko urriaren 26a. Judith Warner, Perfect Madness: Motherhood in the Age of Anxiety, New York, 2006. Lisa Miller, “The Retro Wife”, New York Magazine, 2013ko martxoaren 17a. Anne-Marie Slaughter, “Why Women Still Can’t Have It All”, The Atlantic, 2012ko uztaila-abuztua; eta Anne-Marie Slaughter, Unfinished Business: Women Men Work Family, New York, 2015. Judith Shulevitz, “How to Fix Feminism”, The New York Times, 2016ko ekainaren 10a.