Aurkibidea
1. Abiapuntua: doppia presenza, errealitate konplexu eta bikoitza
2. Denbora: hiruki gatazkatsuaren gakoa
3. Begirada zabaldu beharra: bizitzaren eta zaintzaren kate globalak
4. Hiruki gatazkatsuaren proposamena: parte hartze soziopolitikoa eta bizitzaren iraunkortasuna
Aurkibidea
1. Abiapuntua: doppia presenza, errealitate konplexu eta bikoitza
2. Denbora: hiruki gatazkatsuaren gakoa
3. Begirada zabaldu beharra: bizitzaren eta zaintzaren kate globalak
4. Hiruki gatazkatsuaren proposamena: parte hartze soziopolitikoa eta bizitzaren iraunkortasuna
6.
Utopiak eta ukroniak
Iraultzak denbora, denbora,
eta denbora gehiago behar du.
Alvaro García Linera, 2017
Aldaketa handien garaia bizi dugu, erritmo bizian gertatzen direnak. Zalantzarik gabe, faxismoari zein ofentsiba neoliberalari aurre egiteko momentuan gaude. Parez pare daukagu zaintzaren eta erreprodukzioaren krisia[17], baita krisi ekologikoa ere; sistema bera krisi sakonean dago. Liburu honen idazketaren amaierak, COVID-19ak eragindako testuinguruarekin bat egin du, non kapitalaren eta bizitzaren arteko talka are ageriagoa egin den[18]. Etorkizun hurbilean topatuko dugun egoera aurreikustea zaila den arren, orain arte egindako mugimenduek erakusten dute krisi egoera berriro ere kapitala metatzeko erabiliko dela, biztanle gehienen kalterako.
Ezinbestekoa izango da kolektiboan antolatu eta egoerari aurre egin. Sistemaren krisia sakona da eta honek dena birplanteatzera garamatza, aldaketa indibidualak zein kolektiboak burutzera; eguneroko bizitza antolatzen duten bizi baldintza estrukturalak eraldatzera. Utopiaren zerumuga berriak amesteko unea da, beraz.
Utopia zertarako? Eduardo Galeanok esan zuen gisan, ibiltzeko. Pauso bat aurrera eman eta utopiak ere pauso bat aurrera emango du, helmuga ukiezina baita, baina bidea egiten laguntzen digu. Utopiaz gain, ukroniarekin ere amestu dezakegu, hots, denbora-utopia: bizitzarako tartea utziko duen denbora antolaketa irudikatu eta norabide horretan pausoak emateko.
Denbora dirua den garai honetan, feminismoetatik, kapitala bere esanahi guztietan zalantzan jarri nahi da, baita denbora-zentzuan ere (Legarreta, 2013). Hartara, hainbat galdera zabaltzen zaizkigu: Nolakoa litzateke gure eguneroko bizitza denbora dirutan ulertuko ez balitz? Nolakoa denbora kronometrikoaren hegemoniarik gabe? Zeren arabera antolatu nahi dugu gure egunerokoa? Zein dira erdigunean jarri nahi ditugun erritmoak?
Ukronia unean uneko errealitatearekin konektatzeko asmoz, “denbora politikak” martxan jarri zituzten lehen aldiz, 80ko hamarkadan, Italiako Alderdi Komunistako emakumeek. Le donne cambiano il tempo[19] (Cordoni, 1993) ekimena osatu zuten instituzioen, mugimendu feministaren eta Akademiaren artean. Proposamenak bizitzarako tartea utziko duen denbora-antolaketa gauzatzea zuen xede, eta hiru ardatz zituen.
Lehenak, bizitza-zikloan jarri zuen arreta eta lan merkatuaren denborak duen garrantzia kritikatu. Bizitza-eredu linealaren aurrean, bestelako denborak barnebilduko dituen bizi-ibilbidea proposatu zuten; denbora erreproduktiboak, sozialak, komunitateari lotutakoak, besteak beste. Horretarako, lan-baimenen sistema birplanteatzea eta zabaltzea proposatu zuten (parte hartze soziopolitikorako, familia nuklearretik at dauden zaintza lanak burutzeko...); lan merkatuko denbora gure bizi-proiektuen erdigunetik ateratzea baitzen helburua.
Bigarrena, eguneroko bizitzan oinarritua zegoen. Aurretik azaldutako 8+8+8 ereduak erritmo biologikoei jaramonik ez egitea kritikatu eta egunerokoaren antolaketa lan merkatuak ardazten duela seinalatu zuten. Horrexegatik, bizitzarako tartea utziko duen eguneroko antolaketa aldarrikatu, lan merkatuari dedikatutako denbora murriztu, eta lanen zein denboraren banaketa parekidea proposatu zuten (bai produktiboa, bai erreproduktiboa).
Hirugarrenak, hiriko denboraren antolaketari so egin zion, eta erritmo indibidualen zein kolektiboen arteko desinkronizazioa salatu. Hiriko erritmoek lan merkatua dute erdigune: hortaz, zerbitzuek, garraioek, dendek... lan erreproduktiboen erritmoekin koordinaziorik eza erakusten dute eta honek emakumeak kaltetzen ditu, batez ere. Hartara, udal bakoitzak hiriko ordutegiak arautzeko eskumena izatea proposatu zuten.
Italiako feministek sortutako ekimenak erresistentzia nabarmenekin egin zuen topo; izan ere, bizitza erdigunean jartzeak kapitala hortik baztertzea dakar. Hori dela eta, hirugarren puntuak baino ez zuen garapenik izan, baita gerora gauzatu diren denbora politiketan ere (Torns eta al., 2006; Legarreta, 2014).
Honek agerian jartzen du denbora-politikak sistemaren aldaketa globalago baten eskutik garatu beharra; ongizate materiala eta denboraren ongizatea elkarloturik baitaude. Hortaz, lanen eta denboraren banaketak, aberastasunaren banaketarekin bat etorri beharko luke. Jendartearen eraldaketa denboraren ikuspegitik baino ez bada planteatzen, hankamotz gera daiteke; hala eta guztiz ere, edozein proposamen eraldatzailek bere baitan denboraren dimentsioa aintzat hartu beharko luke.
Ildo honetan, Burujabetza Feminista[20] izan daiteke ekarpen utopiko interesgarria, hau da: geure gorputzen, denboren eta lurraldearen gaineko burujabetza. Proposamen honek burujabetza kontzeptua zentzu zabalean ulertzen du: lurraldean sustraitzen da, tokian tokiko testuingurua aintzat hartzen du eta bertako ekoizpen moduen jabetza berreskuratzea planteatu; baita natura baliabideen burujabetza eskuratu ere. Baina gorputzari ere erreparatuko dio; geure gorputzen eta erreprodukzio moduen burujabetza proposatzen duelako. Buru eta jabe, bi elementuok kontuan hartu eta bizitza sostengatzeko prozesuak erdigunean jarri nahi ditu: ekoizpen eta erreprodukzio moduak jasangaitzak dira naturarako? Kolonizazioan eta arrazakerian oinarritutako harremanak betikotzen dituzte? Harreman patriarkalak indartzen dituzte? Langileen esplotazioan oinarritzen dira? Orduan ez digute balio.
Kapitalaren eta patriarkatuaren denbora alboratzeak, eta bizitza erdigunean jartzeak, beste erritmo eta lehentasun batzuen baitan bizitzea esan nahi dute. Horretarako, denboraren gainean erabakitzeko ahalmena berreskuratu behar dugu: lan merkatuaren esklabo bilakatuko ez gaituzten bizi proiektuen alde borrokatu; familia eredu patriarkala birproduzituko ez duten elkarbizitza proiektuak aurrera eraman; lurrarekiko eta bizitzarekiko errespetuan garatuko diren ekoizteko eta kontsumitzeko ereduak, esplotazioan oinarrituko ez diren lan harremanak...
Feminismoen premisa bat da izaki guztien ezaugarria dela elkarrekiko mendekotasuna. Hau da, inor ez dela guztiz autonomoa, guztiz buru-askea, kapitalismoaren eta modernitatearen mitoa baita. Bizitzan zehar autonomia maila handiagoa eskuratu dezakegu, baina etengabe zalantzan egongo da, zaurgarria delako. Edozein unetan gaixotu gaitezke; eta bizitzak aurrera egin ahala autonomia maila txikituz joango da. Beraz, bizitzan zehar besteen beharra daukagu, halabeharrez.
Elkarren mendeko bagara, guztiok gaude eremu honetan ardura hartu beharrean. Ez zaintzea ez da aukera bat, ez zaintzeko eskubidea ez baita eskubide bat: boterean dagoenak baino ezin duelako halakorik egin. Ez baitago erabakitzeko ahalmenik. Ez baitago denboraren gaineko burujabetzarik. Guk zaintzen ez badugu, beste norbaitek egin beharko du. Bizitzak aurrera egiteko norbaitek eutsi behar diolako.
Zaintzarako eskubide kolektiboak, ordea, guztiok bertan inplikatzeko interpelatzen gaitu. Homo economicus edo “gizonezko etxeko nagusi” eredu duen herritartasunetik, vulnerabilis eredura pasatzeko gonbita da; zaurgarritasuna ezaugarri duen herri-eredura, alegia. Hiritik herrira eta kapital metaketatik bizitzarako jauzia egingo duena. Beraz, Ongizate Estatuaren aurrean bestelako egiturak eta antolaketak amestea tokatzen zaigu, balio ez digun errezeta baitugu orain dagoena.
Eta berriro, galderak: zer nolako jendartea sortuko genuke eskubideak lan merkatutik eratorri baino, zaintzan dugun inplikaziotik eratorriko balira? Eta familia eredu patriarkala oinarritzat ez duen herritartasun eredua eraikiko bagenu? Edo nazionalitate zein hizkuntza bakarrean, hegemonikoan, oinarrituko ez den eredua sortuko bagenu?
Hau guztia borrokatzeko, zubi lanak egitea ahalbidetuko dituzten denbora eta espazioak sortzea ahalmen handikoa izan daiteke. Herritartasun eredu hegemoniko honen kontra borrokatzeak subjektu anitzen elkarlana ekar lezake: esplotazio kapitalista, kolonial-arrazista, eta patriarkalean oinarritutako eredua baita oraingoa. Gainera, borroka hori ez da zertan ulertu era abstraktu edo teorikoan, bizitzatik bertatik borrokatu beharreko zerbait gisa baizik. Egun, zaintza-lanaren eremua da, besteak beste, zapalkuntza horiek guztiak elkarlotzen dituena; horien guztien adierazpen gordina baita. XIX. mendeko borrokak proletarioenak izan baziren, baliteke XXI. mendeko borrokak zaintzaileenak[21] izatea.
Bide honetan, hiruki gatazkatsuari aurre egiteko errezetak asmatu eta probatu beharko ditugu. Lerrootan hainbat bizipen, ideia, estrategia... ezagutu ditugu, orain era kolektiboan honi guztiari heltzea izango da erronka.
Jarrai dezagun beraz, mugimenduan, denboraren gatazkan.
[17] Liburuaren hirugarren atalean azaldu dugunari egiten zaio erreferentzia hemen, Amaia Pérez Orozcok (2011) aipatzen duen dimentsio anitzeko krisia, alegia.
[18] Testuinguru honek agerian jarri du lehentasuna produkzioa aurrera ateratzea izan dela, langileen osasun arriskuen gainetik. Bestalde, zaintzaren krisia mahaigaineratu du, non umeen, nagusien zein gaixoen zaintzari etxeetan eta eremu pribatuan aurre egiten ari zaion eta, kasurik onenean, komunitatearen bitartez zaintza-beharrak asetzen ari diren (sare herritarrei esker).
[19] Euskaraz: “Emakumeok denborak aldatzen ditugu”.
[20] Burujabetza Feministaren proposamenean oinarritutako hausnarketa da: Euskal Herriko Bilgune Feminista eraikitzen ari dena, beste eragile, herri sektore, zein norbanakoekin elkarlanean. Ez da gaitz guztiak konponduko dituen errezeta magikoa; kolektiboki eta mugimenduan eraikitzen ari den ibilbide irekia baizik.
[21] “Zaintzailea”, kasu honetan, “cuidatoriado” hitzaren itzulpena da, “proletariado” hitzetik eraikitako kontzeptua, alegia. María Ángeles Durán (2018) ekonomialariak egindako proposamen kontzeptuala da, zaintza lanen izaera eta balioa agerian jarri nahi duena.