Aurkibidea
1. Abiapuntua: doppia presenza, errealitate konplexu eta bikoitza
2. Denbora: hiruki gatazkatsuaren gakoa
3. Begirada zabaldu beharra: bizitzaren eta zaintzaren kate globalak
4. Hiruki gatazkatsuaren proposamena: parte hartze soziopolitikoa eta bizitzaren iraunkortasuna
Aurkibidea
1. Abiapuntua: doppia presenza, errealitate konplexu eta bikoitza
2. Denbora: hiruki gatazkatsuaren gakoa
3. Begirada zabaldu beharra: bizitzaren eta zaintzaren kate globalak
4. Hiruki gatazkatsuaren proposamena: parte hartze soziopolitikoa eta bizitzaren iraunkortasuna
Sarrera[1]
Liburu hau ikerketa zabalago baten[2] testuinguruan kokatzen da, lau urtez garatutakoa. Oraingoan, baina, hitz soil eta gertukoetan saiatuko gara ikerketaren ideia nagusiak laburbiltzen. Hurrengo orrialdeetan topatuko dituzun ideiak, beraz, urteetan zehar garatuz joan dira: kasu batzuetan, handik eta hemendik beste autore batzuei irakurritakoekin topo egingo duzu; beste batzuetan, ikerketa aldian beste kide batzuekin partekatutako eta eztabaidatutako ideiekin eta, gehienetan, herri mugimenduen testuinguruan kideekin solastatutakoekin eta hausnartutakoekin. Ideiak eta gogoetak dira, mugimenduan, nik neuk idatzitakoak baina beste askoren ekarpenetan oinarritutakoak. Liburu honen bitartez jende gehiagorengana heltzea eta mugimenduan jarraitzea da helburua.
Hiruki gatazkatsua izango dugu mintzagai, eguneroko bizitzari lotutako hausnarketa da honakoa, gure egunerokoan gurutzatzen diren hiru dimentsioren artikulazioan oinarritzen baita: etxeko eta zaintza lanak, ordaindutako lana eta parte hartze soziopolitikoa. Hain zuzen ere, hiru eremu hauek gure bizitza zikloetan nola zeharkatzen gaituzten ikusiko dugu; hiruren denborak nola uztartzen diren, edo talka egiten duten; gure bizitzetatik bertatik zer-nolako estrategiak garatzen ditugun aztertuko dugu hiru denbora hauekin malabarak egiteko; halaber, bizitzaren eta kapitalaren arteko gatazka gorpuzten dutenen esperientziak ezagutu eta beste mundu bat amesteko abiapuntu izango dugu.
Testua hiru ataletan banatu dugu. Lehen atalean, hiruki gatazkatsuaren abiapuntua zein den azalduko dugu, ondoren, denboraren aferari buruz arituko gara eta, jarraian, ikuspegia zabaldu eta bizitzaren zein zaintzaren kate globalei erreparatuko diegu. Bigarrenean, hiruki gatazkatsuaren proposamena azaldu eta parte hartze soziopolitikoa eta bizitza harremanetan jarriko ditugu; segidan, hiruki gatazkatsuaren protagonisten bizipenak eta esperientziak izango ditugu aztergai. Azkenik, hirugarrenean, etorkizunari eta utopiari begira jarriko gara.
[1] Eskerrak eman nahi dizkiot Joxean Sagastizabali, zuzenketa lanengatik; Matxalen Legarretari, edukien gaineko iruzkinak egiteagatik; eta Haizea Nuñezi, eduki juridikoei buruzko komentarioengatik.
[2] Zehazki, doktorego tesi baten testuinguruan kokatu behar dugu. Matxalen Legarreta Izak (EHU) eta Teresa Torns Martinek (UAB) zuzendutakoa eta Hezkuntza, Kultura eta Kirolaren Ministerioak finantzatutakoa. Jatorrizko izenburua honakoa da: “La triple presencia. Estudio sobre el trabajo doméstico-familiar, el empleo y la participación sociopolítica”.