1.
Abiapuntua:
doppia presenza,
errealitate konplexu
eta bikoitza
Laurogeiko hamarkadan Italiako hainbat soziologok[3] izena jarri zioten aspalditik izana zuen egoera bati: doppia presenza. Hots, presentzia bikoitza gisa izendatu zuten emakume[4] langileen errealitatea, bai etxean, bai etxetik kanpo lan egin behar izateak zekarren lan karga eta denbora falta mahai gainean jarriz.
Jakina, laurogeiko hamarkada baino lehenago ere emakumeak lan merkatuan aritu ziren, esaterako, landa eremuko baserrietan produkzio zein erreprodukzio lanak burutzen zituzten eta, gerora, industrializazioarekin batera etxea eta produkzio eremua banatu arren, emakume asko herrietatik hirietara mugitu ziren. Bertan, batik bat, neskame gisa lanean edota fabriketan aritu ziren (oihalgintzan, esaterako)[5].
Industrializazioaren garapenak etxearen eta fabrikaren arteko banaketa zurruna ekarri zuen: etxean ongizaterako lanak egingo dira (lan erreproduktiboak: umeen, helduen eta nagusien zaintza, etxeko lanak…) eta fabrikan, ordea, lan produktiboak. Garaiko emakumeentzat bi lanak uztartzea zaila izango da, bi lan eremu banandu eta kontrajarri bilakatu baitziren.
Silvia Federicik (2017a) fabriketako edo tailerretako lana eta zaintza uztartzeko Ingalaterrako amen estrategiak deskribatu ditu: askok opioa ematen zieten umeei, lan orduetan lotan egon zitezen. Denborarekin, bateraezintasun hori amaitzeko bai gizon langileen aldetik, baita gobernu zein enpresarien aldetik ere, emakumeak lantegietatik kanporatzeko kanpainak abiatuko dira. Horrela, Joan Wallach Scott (1993) historialariak azaldu lez, emakume langilearen figura “problematikoa” bilakatuko da XIX. mendean zehar eta bere lanaren egokitasuna eztabaidagai izango da. Langile gizonak “soldata familiarra” aldarrikatzen hasiko dira, hots, familia osoa mantentzeko (emaztea eta seme-alabak) adinako soldata lortu nahi zuten. Enpresariak, aldiz, emakumeek etxean burututako lanek ekar dezaketen onurez jabetuko dira (langileen ongizatea bermatzea, baita etorkizuneko langileen zaintza eta heziketa ere). Zenbait autorek seinalatuko dute langile hauen jarreraren atzean zegoen kontraesana: langile klasearen batasunean pentsatu beharrean eta guztientzako soldata duinen alde borrokatu beharrean, askok emakumeak lan eremutik kanporatzea defendatu zuten (Hartmann, 1980); gainera, ildo honetan lerrokatu ez ziren langile gizonak salbuespena izan ziren (Perrot, 1990).
Hortaz, XIX. mende erdialderako “soldata familiarra” langileriaren gehiengora zabalduko da (Nash, 1993). Modu honetan, genero erregimen berri bat ezarriko da, Carole Pateman-en hitzetan (1995) “kontratu sexual” modernoa da: “etxeko gizonak” eta “etxeko andreak” osatutako familia eredua. Batek soldata etxera ekarriko du eta besteak etxeko eta zaintza lanak zein lan afektibo-sexualak burutuko ditu, laranja erdia eta maitasun erromantikoaren mitoa dugu honakoa, arau heterosexualaren oinarri ekonomikoa, patriarkatuaren eta kapitalismoaren arteko ezkontza.
Goazen adibide bat jartzera: Eustat-eko Etxeko Lanaren Kontu Sateliteak burutzen duen estimazioaren arabera, 2013an Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako etxeetan produzitutako eta ordaindu gabeko ondasun eta zerbitzuek 21.342 milioiko balioa izan zuten, hau da, Barne Produktu Gordinaren % 32,4. Hizkera marxistan, esan genezake produkzio sistema kapitalistak 21.342 euroko plusbalioa atera zuela etxeetan produzitzen diren ondasun eta zerbitzuetatik. Beraz, emakumeek dohainik eta maitasunagatik zein genero-arauak betetzeagatik lan hori guztia burutzea kapitalismoarentzat negozio borobila da. Argi eta garbi, laranja erdiaren bi aldeak ez daude maila berean kokatuak: batak aitorpen ekonomiko eta soziala dauka; besteak, ordea, ez.
Baina ņabardurak egin beharrean gaude: XIX. mendean zehar langileek borrokaldi sutsuak burutu zituzten euren lanak aitorpena izan zezan, baita euren lan baldintzak hobetu eta, oro har, esplotazio kapitalistarekin amaitzeko ere. Klase kontzientzia sustatu, sentimendu kolektibo indartsu bat garatu eta sekulako borrokak aurrera eraman zituzten. Era honetan, munduan zehar iraultza sozialistak ezagutzeko aukera izan genuen eta honek ere Mendebaldeko hainbat herrialdetan Ongizate Estatuaren garapenean izango du isla. Eredu hau “kapitalaren” eta “lanaren” arteko paktu gisa ezagutu da: langileek iraultza sozialista muturreraino eramateari uko egingo diote eta Estatuak (zein enpresariek), horren truke, langileen lan baldintzak hobetu eta kapitalismoaren kalteei erreparazio bideak jarriko dizkiete. Horrela, eskubide sozialak bermatuko dituen hiritartasun[6] eredu berri bat garatuko da.
Hala eta guztiz ere, hiritartasun eskubideetara sarbide izateko hiru baldintza ezarriko dira: nazionalitatea, enplegu formala eta ezkontza. Lehen aipatutako “etxeko gizona” hiritar ideala izango da eta eredu horretatik kanpoko guztiak bigarren mailakoak: emakumeak, pertsona ez-nazionalak, eta familia nuklear tradizionalaren eskematik at daudenak. Era berean, Ongizate Estatuak ongitasun soziala produzitzeko hiru eremu nagusi izango ditu: Estatua, merkatua eta familia. Familia, ongizatea sortzeko agente nagusia izango da, batez ere, ongizate eredu “familista” duten estatuetan (Espainia, Italia, Grezia, Portugal...) eta, noski, gure Hego Euskal Herrian.
Eredu honen arabera, familien eginkizuna senideen zaintzaz eta ongizateaz arduratzea da, hortaz, de facto zaintza zerbitzu publikorik ez da garatuko eta laguntzak ematekotan, etxe barruan familiako kide bat kontratatzea edo merkatuaren bitartez pertsona bat kontratatzea sustatuko da. Horren adibide argia dugu 39/2006ko Legea, “Dependentzia Legea” izenez ezaguna. Italiarrek, beraz, doppia presenza egoera ongizate eredu familistetako errealitate gisa deskribatu zuten.
Beste testuinguru batzuetan fenomeno berbera izan dute aztergai, esaterako, Estatu Batuetan second shift (Hochschild eta Machung, 2003) edo lanaldi bikoitza izendatu da. Era berean, Marta Nuņez soziologo kubatarrak (2011) emakumeen lanaldi bikoitz hura aztertu zuen eta horien papera lan merkatuan oso garrantzitsua izan dela azpimarratu; iraultza sozialistak emakumeen parte hartzea lan merkatuan sustatu duela seinalatuz eta, aldi berean, gizonen inplikazioa etxeko eta zaintza lanetan ez dela horrenbeste sustatu agerian jarriz.
Gure testuinguruan, Ongizate Estatua garatzen hasi orduko, krisian sartu zen. 1989. urtean Berlingo Harresia erori eta Margaret Thatcherrek eta Francis Fukuyamak “gizartea hil dela” edo “historiaren bukaera” iragarri baitzuten, hots, kapitalismoak munduko hegemonia irabazita zeukan eta ordurako Ongizate Estatua mantentzeko arrazoirik ez zegoen, iraultza sozialistarekiko beldurrak desagertu baitziren. Era honetan, neoliberalismoak indar handia hartu eta mundu globaleko Hego aldeko herriak gogor kolpatuko ditu; aldi berean, Ipar globaleko ongizatean atzerapauso nabariak jazoko dira: eskubide sozialen murrizketak, lan merkatuaren moldagarritasuna, sektore publikoaren pribatizazioa, mugarik gabeko merkantilizazioa...
Neoliberalismoaren testuinguru honetan, emakumeen presentzia lan merkatuan sustatzen eta kontziliazio politikak garatzen hasiko dira. Lehen aipatu bezalaxe, kapitalismoaren fase ezberdinetan kapitala metatzeko emakumeen lan esku merkea beharrezkoa izan da. Industrializazioaren lehen aldian emakumeak eta umeak fabriketan aritu ziren. Gaur egun, lan merkatuaren “aktibazioaren” estrategiaren pean emakumeen lan eskua sustatu nahi da. Hortaz, ez gaitzaten engainatu: kontziliazio politikak Europar Batasuneko ekonomiaren estrategia “aktibatzailearen” barruan ulertu behar ditugu, ez ziren berdintasuna sustatzeko jaio, produkzioa handitzeko baizik.
Italiako soziologoak honetaz berehala jabetu ziren eta emakumeen presentzia lan merkatuan handitzeak etxeko eta zaintza lanak alde batera uztea ez zuela ekarri salatu. Emakumeen parte hartzea lan merkatuan sustatu bai baina, aldi berean, lanaren sexu banaketa zalantzan ez jartzea kontziliazio politiken filosofia da. Politika hauen arabera, familia eta lan ordaindua uztartzea emakumeen “ardura indibiduala” da; hortaz, emakumeek lan karga bikoitza aurrera eraman behar dute, doppia presenza-ren protagonistak bilakatuz, esango dute italiarrek. Izan ere, egoera hau ez da bi lanen batuketa hutsa, bi lanak aldi berean eta espazio desberdinetan burutu behar baitira; beraz, etengabe saltoka ibili beharra dago eremu batetik bestera eta kezka batetik bestera. Aldiberekotasunak eta denbora logika ezberdinen talkek doppia presenza errealitatea ezaugarritzen dute. Emakumeek bizitzaren eta kapitalaren arteko talka egunerokotasunean eta euren gorputzetan bizi dute. Gainera, kontuan izan behar dugu bi logika hauek ez direla uztargarriak, ezin dira kontziliatu, bateraezinak baitira. Haatik, emakumeek euren eguneroko bizitzetan halabeharrez bateratu behar dituzte, bizitzak aurrera jarraitu behar baitu eta, horretarako, norbaitek eutsi behar dio.
Honek guztiak eragin zuzena dauka emakumeen bizitzetan: estresa, antsietatea, gehiegizko lan karga, norberaren denboraren gabetzea, karga mentala, erritmo biologikoetan talkak eta desorekak... Italiarren arabera, doppia presenza-n dauden emakumeek bi lan hauez gain besterik ez egiteko denborarik ez daukate.
Hasiera-hasieratik, beraz, denbora gakoa izango da.
[3] Ikus Laura Balbo (1994) eta Franca Bimbi (1999).
[4] Liburuan zehar, emakumeak eta gizonak aipatzen ditugunean, ez dugu modu esentzialistan egiten. Hots, soziologian aztertzen ditugun beste errealitate sozial askorekin gertatzen den bezalaxe, bi kategoria hauek ere historian zehar eraikitako errealitate sozialak dira; beraz, ez dira naturalak (ez biologikoki, ezta kulturalki ere). Kategoria hauen erabilera ez da neutrala: patriarkatua eta heteroaraua mantentzeko tresnak direla jakin arren, lan honetan sozialki eta estrukturalki posizio jakin batean kokatzen gaituen kategoria gisa erabiltzen dira.
[5] Euskal Herriko emakumeen historiari hurbilpen bat egiteko ikus Agirrezabala eta Amuriza (2001).
[6] Hiritartasun eta hiritar hitzak erabiltzeko hautua egin da, kasu honetan, eredu hegemonikoari erreferentzia egiteko, honek hiria baitu oinarri.