Hiruki gatazkatsua
Hiruki gatazkatsua
2020, saiakera
96 orrialde
978-84-17051-51-8
Marina Sagastizabal
 
 

 

2.
Denbora:
hiruki gatazkatsuaren
gakoa

 

 

      Gutxitan galdetu diogu geure buruari zer ote den denbora, jakintzat edo naturaltzat hartu baitugu, besterik gabe. Txikitatik erlojua bidelagun izan dugu: sukaldeko paretan eskegita etxeko erritmoak gidatu ditu. Erlojua gure bizitza sozialak sinkronizatzeko tresna da, jendartea antolatzeko era bat, beraz, baina ez bakarra.

      Denboraren antolaketa hau ez da naturala, ezta neutroa ere. Erlojuak denbora abstraktu eta linealaren berri emango digu: orduen, minutuen eta segundoen segida da. Denbora abstraktua dela esatean testuinguru espazial, sozial, edo politikotik aldenduta dagoela esan nahi dugu. Betidanik ez da horrela izan: erlojua kapitalismoaren garapenarekin batera jaio baitzen, industrializazio garaian.

      Erlojua sortu baino lehen, bestelako denbora batzuk erabiltzen ziren eguneroko bizitza antolatzeko: eguzkiak adieraz zezakeen egunaren zein momentutan geunden, adibidez. Nekazaritzari lotutako erritmoak nagusi ziren: naturari eta, bereziki, uztari lotutakoak. Hala erakusten dute hileen euskarazko adierek: urtarrila edo ilbeltza, izotzila (izotzaren hila); maiatza edo ostoila (hostoen hila); uztaila (uzta biltzeko hila) edo garila (gariaren hila); abendua edo neguila (neguaren hila), eta loila (haziak lo daudela adierazten du), besteak beste.

      Naturaren erritmoak urtaroekin eta, oro har, lurraren zikloekin harremanetan daude, hortaz, erritmo ziklikoak dira, etengabe errepikatzen direnak. Hori dela eta, erlojua existitzen ez zen garai horietan denbora eta espazioa banaezinak ziren eta denboraren adierek zentzu espaziala zuten: gertu, urrun, hurbil... bezalako adierazpenek denboraren zentzua islatzen zuten. Erritmo biologikoak ere ziklikoak dira, erritmo fisiologikoak naturarekin sinkronizatuak daude: eguzkiarekin erritmoa aktibatu egiten da eta gauarekin, ordea, lasaitu. Ekintza eta atsedena funtzionamendu fisiologikorako behar-beharrezkoak baitira.

      Naturaren erritmoez harago, kanpaiek ere bizitza sozialaren erritmoak gidatu dituzte. Kristautasunaren inposaketarekin batera, kanpaiek erlijio kristauaren araberako antolaketaren berri emango dute: mezarako ordua adieraziko dute, baita egutegi kristauaren araberako jai egunak zein errituak ere. Zentzu honetan, kanpaiek komunitate bizitzaren momentu esanguratsuen berri ematen zuten: ospakizunak, festak, hondamendia, guda...

      Merkataritzaren garapenarekin batera, kanpaiak herriaren edo komunitatearen bizitza salerosketen eta produkzioaren erritmoen arabera antolatzeko erabiltzen hasiko dira. Barbara Adam-ek (1995) oso ongi azaldu zuen legez, erlojuaren denbora industrializazioari eta kapitalismoaren garapenari lotzen zaie. Aberastasunaren metaketaren eta errentagarritasunaren logikari jarraiki, denbora dirua bilakatuko da, ahalik eta gehiena produzitzea ahalik eta denbora gutxienean lehentasuna izango da, “denbora = dirua” printzipioa indartuko da, alegia. Horrela, gure bizitzaren erritmoak, erritmo sozialak, erritmo biologikoak, produkzioaren beharrizanen menpe jarriko dira eta teknologiaren garapena helburu hura lortzeko bidaide paregabea suertatuko da. Argi artifizialari esker gauez lan egitea posible bihurtuko da, makinek eta muntaketa-kateek produkzioaren azelerazioa ekarri eta atsedenak murriztea ahalbidetuko dute, etenik gabeko produkzioa posible izango da, etab. Atsedena “galdutako denbora” bilakatuko da, produzitzen igaro ez dugun denbora, hain zuzen ere.

      Zenbait autorek azpimarratu dutenez (Thompson, 1979; Adam, 1995; Martin Criado eta Prieto, 2015), industrializazio garaian langile mugimenduak aurrera eramandako borrokak, funtsean, denboraren gaineko kontrola edo denboraren burujabetza eskuratzeko izan ziren. Ikuspegi makro batetik, historiaren norabidea aldatzeko eta etorkizunaren jabe izateko borrokek iraultzari bide eman zioten; ikuspegi mikro batetik, aldiz, lan baldintza duinak eskuratzeko eta produkzio denborak murrizteko ahaleginak izan ziren. Biak ala biak, denboraren burujabetza eskuratzeko borrokak.

      Ongizate Estatuaren garapenaren testuinguruan denborari lotutako eta langileen lan baldintzak hobetzeko hainbat neurri martxan jarri ziren, hortik jaio baitzen 8+8+8 eredua. Hots: zortzi ordu lan merkatuan aritzeko, zortzi ordu aisialdirako eta zortzi ordu lo egiteko. Era berean, gure bizitza zikloak erregulatu zituzten: haurtzaroa eta gaztaroa formakuntzarako, helduaroa lan merkatuan aritzeko eta zahartzaroa erretirorako.

      Beraz, gure eguneroko erritmoetatik eta gure bizitza ziklotik etxeko eta zaintza lanari lotutako denborak desagertuko dira. Denbora hauek desagertzeak, aldiz, ez du esan nahi langileen bizitzak sostengatzeko lanak burutuko ez direnik. Haatik, hau guztia posible izango da soilik Ongizate Estatuak sustatutako familia eredua indartuz, hau da, “etxeko nagusia” eta “etxeko andrea” figurek osatutako familia nuklear heterosexuala indartuz. Lehen esan dugun bezalaxe, Ongizate Estatuaren baitan, hiritar ideala eta eskubideduna lan enplegu formala duen gizon zuri-nazionala eta heterosexuala da. Hortik kanpo geratzen den oro, bigarren mailakoa.

      Eguneroko denborak eta bizitza zikloak generoaren arabera bereiziak daudela esan dezakegu: bataren patua bizitza lan merkatura bideratzea bada, bestearena, aldiz, familiara bideratzea izango da. Bataren bizi erritmoak produkzioari lotutakoak badira, bestearenak, erreprodukzioari.

      Hori dela eta, Ongizate Estatu familistetan batik bat, emakumeen parte hartzea lan merkatuan oso murritza izan da, urteetan zehar hala erakutsi dute emakumeen langabeziaren[7] edota lan baldintzen datuek (langabezia oso altua izan da eta gehienak aldi baterako lanak edo lanaldi erdiak izan dira). Beraz, Ongizate Estatuak, “enplegu osoko” jendarte gisa irudikatu den horrek, herritar jakin batzuei baino ez dizkie eskubideak bermatu. Esaterako: ez-nazionalak diren pertsona guztiak eskubide horietatik kanpo geratuko dira (bai eskubide sozialetatik, bai politikoetatik)[8], familia nuklearraren eredutik at dauden bizitza proiektuak ez dira ez aitortuak ez eskubidedunak izango, eta familia nuklearraren barruan kokatzen diren emakumeen eskubideak senarrarengandik jasotako eskubideak izango dira (adibidez, pentsioak).

      1990eko hamarkadaz geroztik, emakumeen parte hartzea lan merkatuan sustatu zen da, aldi berean, Europan garatuko diren politika neoliberalek lan merkatuaren desarautzea, lan orduen moldagarritasuna eta, oro har, zerbitzu publikoen pribatizazioa bultzatuko dute. Hortaz, emakumeak ez dira lan merkatu egonkor eta babestu batera sartuko, agenda neoliberalak gidatutako lan merkatura baizik. Pentsa genezake, beraz, berriz ere kapitalismoak fase honetan emakumeen lan esku merkeaz baliatu nahi duela aberastasuna metatzeko.

 

 

[7]  Eustat-eko datuen arabera, 1985etik 1998ra emakumeen langabezia-tasak gizonenak halako hiru ziren. Urte horretatik aurrera, emakumeen langabezia tasek behera egiteko joera erakutsiko dute eta 2007. urtean lehen aldiz emakumeen eta gizonen langabezia tasak berdindu ziren, krisi ekonomikoaren eragina zela eta, 2007an gizonen langabezia-tasek gora egin baitzuten. Urte horretan, langabeziaren handitzea zela eta, kezka soziala nabaria izango da; aldiz, hogeita bi urtetan zehar ez da kezka sozialik egon emakumeen langabezia-tasak ikaragarriak izan arren.

[8]  Yasemin Soysal-ek (2010) jatorriaren araberako bi herritartasun eredu sortu direla dio: bata, nazionalena eta eskubideduna, ingelesez citizenship delakoa; eta bigarrena, eskubide murritzekoa eta erroldaren araberakoa, denizenship delakoa, hots, erresidentzian oinarritutako bigarren mailako herritartasuna.