3.
Begirada zabaldu beharra:
bizitzaren eta zaintzaren
kate globalak
Hiruki gatazkatsuaren azterketak, batik bat, Euskal Herriko errealitateari eta, bereziki, Hego Euskal Herriko errealitateari egingo dio erreferentzia. Hala ere, ez da fenomeno isolatu bat, beste errealitate batzuetan topa dezakegu; gainera, berau ulertzeko begirada zabaltzea eta beste prozesu batzuekin erlazionatzea ezinbestekoa dugu. Hasteko, aipatu dugun industrializazioa eta Ongizate Estatuaren garapena ezin dira ulertu hego globalera begiratu gabe.
Silvia Federicik (2017b), Marxen obrari jarraituz, seinalatu duen gisara, industrializazioa gertatzeko eta kapitalismoa garatzeko hiru prozesu izan ziren beharrezko: lehena, tokian tokiko lur komunalen zein ezagutza eta jabetza kolektiboen ezabatzea; bigarrena, emakumeen gorputzen gaineko kontrol zorrotza ezartzea; eta hirugarrena, Hego aldeko herrien kolonizazioa.
Lehen eta bigarren prozesuak, gurean, landa eremuaren gutxiespena, hizkuntzaren gaineko jazarpena eta emakumeen kontrako errepresioa ekarri zituen. Horrela, euskara deabruaren hizkuntza bilakatu zen, herriaren jakintzak eta errituak ezabatu eta kristautu ziren; herritar asko eta, zehazki, emakume asko sorginak izatearen akusazioren pean erre zituzten (Sara, Zugarramurdi, Durango... asko dira inguruan ditugun adibideak).
Hirugarrenak, aldiz, Hego aldeko herrien baliabide naturalak ustiatu eta bertako kulturak zein pertsonak ezabatuko ditu. Adibide bat: Boliviako Benecio Quispek[9], indigena aimarak, euskal brigada internazionalistari azaldu zigun Espainiako inperialismoak Potosi menditik lapurtutako urre eta zilar guztiarekin posible litzatekeela bertatik Madrileraino zubi bat eraikitzea. Beraz, Iparraldeko herrien “garapena” Hego aldeko herrien miseria izan da. Nahiz eta kasu gehienetan, denborarekin koloniek independentzia gerrak abiarazi eta irabazi, kolonizazio prozesu horiek ez dira amaitu, gaur egun arte presente baitaude han eta hemen: estatu kolpeen bitartez (azkena Bolivian); AEBen interesak eta, hortaz, multinazionalen interesak gordetzen dituzten agintarien bitartez (Kolonbia, Txile, Ekuador, Brasil); baliabide materialak lapurtzeko helburu duten gerren bitartez (Irak, Afganistan, Siria...). Hegoaldeko herrien kolonizazioak eta bertako baliabideen ustiaketak hegoaldetik iparralderako migrazio prozesuak abiarazi dituzte, Hegoaldean bizi proiektu duinak garatzea ezinezkoa bilakatu baitute.
Amaia Perez Orozco (2011) ekonomialariak seinalatu duenez, gaur egun, dimentsio anitzeko krisi baten aurrean gaude: mundu mailako krisi ekologikoa, Hegoaldeko herrietan erreprodukzio krisi sakona eta Iparraldeko herrietan zaintza krisia.
Krisi ekologikoa, denbora talkek ezaugarritutako krisia da (Riechmann, 2001), hau da, kapitalismoaren garapen globalak dakarren erritmoen azelerazioak produkzioaren erritmoen eta naturaren erritmoen arteko talka izugarriak ekarri ditu. Berez, materia guztiak biodegradagarriak dira, baina horretarako denbora luzeak beharrezko. Aldiz, kapitalismoak sustatzen duen kontsumismo basatiak ez du denbora nahikorik uzten materiak biodegradatzeko. Horregatik, produkzio zein kontsumo eredua eraldatzea eta erritmoen desazelerazioa ezinbestekoak dira krisiari aurre egiteko.
Erreprodukzio krisiak eta zaintza krisiak, aldiz, aurpegi ezberdinak dituzte Hegoaldeko zein Iparraldeko herrietan. Lehenengoetan, multinazionalek natura baliabideak ustiatu eta lapurtu egiten dituzte Iparraldeko herrietan kontsumitzeko, askotan, gerrak tarteko (petrolioa horren adibide argia da); horrek Hegoaldeko herrietan bizi proiektuak garatzea galarazten du. Bigarrenetan, hainbat prozesuk eragin dute zaintza krisia: aldaketa demografikoak (bizi itxaropena luzatu eta jaiotzen gutxitzea); emakumeen parte hartzea lan merkatuan; zerbitzu publikoen pribatizazioa; eskubideen merkantilizazioa...; ongizate eredua desegitea eta, aldi berean, lanaren sexu banaketan aldaketarik ez gertatzea. Finean, horrek guztiak zaintza beharren handitzea ekarri du baina zaintza behar horiek asetzeko inolako berrantolaketarik ez da gertatu (ez da zerbitzu publikorik garatu, ez da lanaren sexu banaketa deuseztatu, ez da lan horien kolektibizaziorik eman...). Lan merkatuaren arautze ezak eta zerbitzu publikoen murrizketak zaintza lanak berriro ere familia eremuan kontzentratzea baino ez du ekarri: familiak sistemaren “azken koltxoi” bihurtu dira, zehatzago, familia nuklearra osatzen duten emakumeen bizkar.
Datuekin konproba dezakegu hau: Eustat-eko Denbora Aurrekontuen Inkesten arabera, krisi ekonomikoaren garaietan (1998an eta 2013an), jendarte osoaren batez besteko denbora aintzat hartuz, handiagoa da etxeko eta zaintza lanei dedikatutako denbora lan merkatuari eskainitakoa baino. Beraz, urte horietan ongizatea produzitzen duten zerbitzu eta baliabideak gehiago dira etxeetatik eratorritakoak lan merkatutik baino (Legarreta eta Garcia Sainz, 2015).
Bestela esanda, ospitale batetik ohe bat kentzen denean, etxeetan ohe bat gehiago jarri beharrean gaude. Gainera, ohe horretako gaixoa familiako emakume batek artatuko du ziurrenik, eta bai lan merkatuan, bai lan erreproduktiboetan aritzen den emakumea izango da. Lehen aipatu dugun lez, Dependentzia Legeak familiako emakume hori bere enplegua utzi eta etxean soldata baten truke zaintza lanak egitera bultzatuko du. Gainera, krisi ekonomikoaren aitzakiaren pean egindako murrizketen artean, zaintzaile horien kotizatzeko eskubidea urratu zen. Legeak sustatzen duen bigarren aukera, eta ez horregatik gutxien erabiltzen dena, familiakoa ez den beste emakume bat kontratatzea da. Batzuentzat, hementxe hasiko dira zaintzaren kate globalak.
Beste batzuentzat, ordea, lehenagotik hasitakoak dira. Izan ere, lan merkatuan posizio hobeagoa dutenen artean etxeko eta zaintza lanak merkantilizatzea kontziliaziorako estrategia izan da. Hainbat ikerketak erakutsi du merkantilizazioa bikote heterosexualetan sarritan agertzen den gatazkari irtenbidea emateko estrategia izan dela (Agirre-Miguelez, 2014; Gonzalez eta Jurado-Guerrero, 2009): gizonen inplikazio eza dela-eta eztabaidatzen ibili beharrean, bikote askorentzat lan horiek egingo dituen beste emakume bat kontratatzea bide errazena da.
Emakumeen parte hartzea lan merkatuan sustatu da baina, aldi berean, gizonen inplikazioa etxean ez da handitu, hori bera erakusten dute Denbora Aurrekontuen Inkestetan oinarritutako ikerketek, han eta hemen (Gershuny, 2001; Sagastizabal eta Luxan, 2015). Berdintasunaren izenean, politika sozialek bi “etxeko buruen” eredua sustatzen dute, breadwinner eredua hiritar eredugarria bilakatuz (Lewis, 2002). Hortaz, momentu honetan bi “etxeko buru” ditugu edo, hobe esanda, “etxeko buru bat eta erdi” (Flaquer eta Escobedo, 2014) eta “etxeko andre” baten faltan gaude; bestearen tokia beteko duena, alegia. Testuinguru honetan, sarri, etxeko eta zaintza lanak burutzeko egiten diren kontratazioek etxeko eremuan gizonen inplikazio eza sustatzen dute. Era berean, botere harremanak beste eremu batera mugitzen dituzte, ezkutuan, isilean eta mugiezin mantenduz (Mestre i Mestre, 2002). Hortaz, emakumeen arteko kontratu berria sortuko da (Salazar, Jimenez eta Wanderley, 2010), hauen arteko desparekotasunak handituz eta sexuaren araberako lan banaketa bere horretan mantenduz.
Gehienetan, emakume etorkinak izango dira etxeko eta zaintza lan horiek burutuko dituztenak, diskriminazioan oinarritutako Atzerritarren Legea dela medio eta etxeko eremuak ahalbidetzen duen lan harremanen arautzerik ezak lagunduta. Zaintzaren kate globalak horrela osatuko dira: jatorrizko herrietan zaintzen dituzten pertsonak utzi eta Iparraldeko herrietan inork burutu nahi ez dituen etxeko eta zaintza lanak bere gain hartuko dituzte. Kate globalen katebegi guztiak emakumez osatutakoak dira (Bofill, 2013). Era honetan, XXI. mendeko esklabotza egoera berriak ezagutuko ditugu Iparraldeko herri “eredugarri eta demokratikoetan”, batez ere, nagusien zaintzaren testuinguruetan. Hori dela eta, Magdalena Diaz Gorfinkiel-ek (2008) hurrengo galdera planteatuko du: ez ote gara batzuen kontziliazio estrategiak besteen kontziliazio ezintasunaren gainean eraikitzen ari? Eta denboraren ikuspegi batetik esan genezake: denbora berreskuratzeko estrategia hauek ez al dute bestea denborarik gabe uzten? Kate globalak, beraz, hiruki gatazkatsuaren dimentsio garrantzitsua dira.
Goazen ikustera nola banatzen diren zaintza lanak jendartean. Ongizatea produzitzen duten eremuak aintzat hartuta, zaintza lanak estatuaren, etxearen (edo familiaren), merkatuaren eta komunitatearen artean banatu daitezke. Lau eremuok “zaintzaren diamantea” osatzen dute (Razavi, 2007). Estatu espainolaren kasurako, Cristina Garcia Sainz-ek (2016) hurrengo banaketa kalkulatu du: zaintza lanen % 86 etxean edo familian burutzen da, gainontzeko % 14, ordea, beste eremuetan (% 51 zerbitzu pribatu informaletan; % 3 zerbitzu pribatu formaletan; % 37 zerbitzu publikoetan eta % 9 komunitatean). Hortaz, egun zaintza lanen zatirik handiena etxean edo familian burutzen da; eta ondoren, zerbitzu pribatu informalen bidez. Denbora Aurrekontuen Inkesten azterketan oinarrituz, esan genezake Hego Euskal Herriko testuingurua ez dela oso bestelakoa (Sagastizabal eta Luxan, 2015; Legarreta eta Sagastizabal, 2020). Ikerketek azpimarratu lez, denboraren erabileran jazotzen diren desparekotasunak gehienbat genero aldagaiaren bidez azaldu daitezke; beste era batean esanda, genero aldagaiak baldintzatzen du, batez ere, etxeko lanari eta zaintzari eskainitako denbora; klase sozialaren, jatorriaren edota sexualitatearen gainetik (Callejo eta Prieto, 2015; Martell eta Roncolato, 2016).
Italiako soziologoek aipatu moduan, doppia presenza-n dauden emakumeek behin egin beharreko lan horiek guztiak bete ondoren, ez dute beste ezertarako denborarik izango. Zaintzaren kate globalak osatzen dituzten emakumeek, are gutxiago. Hortaz, nola bultzatu eraldaketa bat, iraultza bat, ezertarako denborarik ez dugunean? Non geratzen dira eskubide zibil eta politikoak gauzatzeko aukerak eta denborak testuinguru honetan?
[9] Benecio Quispe, Unibertsitate Indigena Aimararen (UNIBOL) errektore ohia da.