Aurkibidea
1. Abiapuntua: doppia presenza, errealitate konplexu eta bikoitza
2. Denbora: hiruki gatazkatsuaren gakoa
3. Begirada zabaldu beharra: bizitzaren eta zaintzaren kate globalak
4. Hiruki gatazkatsuaren proposamena: parte hartze soziopolitikoa eta bizitzaren iraunkortasuna
Aurkibidea
1. Abiapuntua: doppia presenza, errealitate konplexu eta bikoitza
2. Denbora: hiruki gatazkatsuaren gakoa
3. Begirada zabaldu beharra: bizitzaren eta zaintzaren kate globalak
4. Hiruki gatazkatsuaren proposamena: parte hartze soziopolitikoa eta bizitzaren iraunkortasuna
Hitzaurrea
Jule Goikoetxea
Marina Sagastizabal emakumeen lan karga denetarikoek haien parte hartze politiko berariazkoan duten eraginaz arituko zaigu LISIPEren 8. ale honetan. Hiruki gatazkatsua-k azkenaldian puri-purian dabilen gai baten inguruan hitz egiten digu: bizitza ala kapitala.
Zer ondorio ditu gure bizitza kapitalaren arabera antolatzeak? Are gehiago, zer ondorio ditu emakumeentzat haien lanaren herena eta, kasu askotan, erdia musu-truk izateak? Zergatik egiten dute emakumeek lana dohainik? Zergatik dituzte gizonek baino diru sarrera gutxiago nahiz eta lan handiagoa egin? Zergatik da emakumeen parte hartzea politikan murritzagoa, esporadikoagoa, motzagoa eta gogorragoa? Zergatik hezten dituzte haiek seme-alabak? Emakumeek egiten dutena pribatizatu egiten da edo pribatuki egin beharrekoa emakumeek egiten dute? Zer da zeren ondorio? Nori egiten dio mesede sistema honek? Sistema bakarra al da?
Autoreak ez du galdera horiek guztiak erantzuteko asmorik, baina hori da esku artean dugun liburu iradokitzailearen helburua: galderak sorraraztea.
Sistema baten funtzionamendua ulertu ahal izateko, faktore asko hartu behar dira kontuan. Adibidez, jakin ahal izateko kapitalismoak nola funtzionatzen duen, egin beharreko bat “diruari jarraitzea” da. Diruari jarraitzen zaio sistema honen onuradunak nortzuk diren jakiteko. Berdina gertatzen da patriarkatuarekin, kolonialismoarekin eta arrazismoarekin: nor ateratzen da garaile eta nor kaltedun? Menderakuntza sistema baten oinarriak ezagutzeko, sistema horrek dituen boterearen ekoizpena eta banaketa aztertu behar dira: nortzuk ateratzen dira boteredun eta nortzuk ahulduak? Nortzuek lortzen dute ongizate handiagoa? Nortzuek dute denbora gehien? Zeren arabera dute batzuek denbora horren erabilera erabakitzeko gaitasuna? Ezaugarri amankomunak al dituzte boteretuak ateratzen direnek?
Hauxe beharko luke, egiatan, liburu ororen xedea: galdera egokiak egiten laguntzea irakurleari.
Hiruki gatazkatsua-k ordaindutako lana merkaturatutako lana dela azaltzen du, boterea sorrarazten duen lana, ez baititu diru sarrerak bakarrik sortzen, ezpada botere soziala eta prestigioa. Aldiz, etxeko eta zaintza lanak emakumeek ordaindu gabe egiten dituzten lanak dira, ez dute botererik sortzen, eta, merkaturatzen direnean, gaizki ordaindutako lanak bilakatzen dira, prekarizazioa emakume gehienen ezaugarri bihurturik. Azkenik, hirugarren ertz gatazkatsua dugu: bi lan mota horiek —ordaindutakoa eta musu-truk egiten dena— emakumeek duten parte hartze politikoan ere badute eragina. Egileak argiki erakusten du emakumeek lan karga handiagoa dutela, gizonek baino lan handiagoa egiten dutelako, eta horrek denbora gutxiago uzten die, eta uzten diena politika egiteko eta espazio publikoa hartzeko denbora zatitua eta ezegonkorragoa da. Hori da, hain zuzen ere, hainbat autorek aspalditik erakutsi digutena, ez soilik Miesek, Federicik, Hartmannek, Delphyk, Morenok edo Haugek, baita gure artean ditugunek ere. Hala nola, Maria Rodoren lanak, zeinek kaleak hartzeko ditugun zailtasunak irakasten dizkigun; Zuriņe Rodriguez eta Oihana Etxebarrietaren lanak, non borroka armatuak, hots, espazio politiko zehatz batean sartzeak, emakumeei dakarzkien ondorioak aztertzen diren.
Espazio publikoaren parte den esparru kulturala ere aztertu dute Eider Rodriguezek eta Uxue Alberdik haien azken liburuetan, lehenak literatura eta bigarrenak bertsolaritza esparrua. Berriki argitaratu den BIBA Talde Feministaren ikerketa ere badugu, Euskal Demokrazia patriarkala, esku artean duzuen liburuan aztertzen den fenomeno berberak jorratzen dituena, beste batzuen artean. Guztiek ondorio berbera ateratzen dute: emakumeen sozializazioak eta haien egunerokoa taxutzen duten praktikek, lana eta familia barne, parte hartze kultural eta politikoa murrizten dute, eta horrek eragin zuzena du emakumeen botere ekonomiko eskasean, hala nola diru sarreretan, baina baita haiek duten kapital sozial, kultural, politiko eta sinboliko debaluatuan ere. Emakumeen egoera estrukturala gizonek erabakia baita eta hori aldatu ahal izateko gizonek duten parte hartze politiko eta publiko egonkorra eskuratzea ezinbestekoa da. Baina hori da, hain zuzen ere, emakumeek lortu ezin dutena: haien egiturazko debaluazioa aldatu ahal izateko moduko parte hartze politiko eta publiko iraunkorra.
Askotariko dimentsioak dituen gaia da, liburu bakarrean jorratu ezin daitezkeenak, eta halaxe dela irakasten digu Sagastizabalen erreferentzia sortak. Guztion artean pentsatzeak, emakumeok idazten eta egiten duguna irakurtzea eta ikusaraztea ere esan nahi baitu.