Feminismoa eta politikaren eraldaketak
Feminismoa eta politikaren eraldaketak
2017, saiakera
120 orrialde
978-84-92468-98-0
editorea: Jule Goikoetxea
Mari Luz Esteban
1959, Pedrosa de Valdeporres (Burgos)
 
 

 

—epilogoa—

Gorputzez gorputz iraun.
Mugimendua
elkarrekin-egote gisara
[83]

 

      Testu honetan azpimarratu nahi izan dudanez, politikaren arloan berrikuspen eta eraldaketa sakonean gaude murgilduta. Erronka garaia deitu dut, ikusteke baitago noraino izango garen kapaz eraldaketa horiei taxuz aurre egiteko.

      Politika orain arte nola ulertu dugun ondo laburbilduta gelditu da Amador Fernández-Savater-en (2011) hurrengo aipuan. Politika izan da, haren ustez, “bizitzaren zentzu-horizonte bat”:

      Ekintza, intentsitate kolektiboak, manifestazioak, borroka, zentro sozialak, proiektuak eta pizturiko disputak, milaka topaketa eta bilera, irakurketak eta ikasketak, afektuak eta ametsak. Nork bere eraldaketa gizarte eraldaketarako higiduraren baitan.

      Politikarien politikarekin baino gizarte mugimenduekin zeukan zerikusia. Gainera jausten zitzaigun errealitatetik aireratzeko antolatuak zeuden guneak, ekiteko moduak eta konplizitateak.

      Badakigunaren irudia proiektatu behar dugu, dena ondo doala, gauzak kontrolpean ditugula, indartsuak garela. Baina, ez digu gehiegi eskatzen aktibismo politikoak? Borroka, emaitzak, erantzuna ahoan, morala beti goian, borroka, emaitzak, erantzuna ahoan, beti adoretsu, kanpora herabeak, zalantzatiak, malenkoniatsuak...

      [...]

      Politika bertan behera gelditu zen erantzun moduan, irtenbide moduan, erreferentzia mundu zehatz moduan, baina tinko dirau galdera moduan, zauri bat adina irekia. (in Esteban, 2015:79).

      Franco Berardi, Bifo ezizenez ezaguna den filosofo italiarrak esan du matxinada kolektiboa fenomeno fisiko, afektibo eta erotikoa dela[84]. Eta gehitu du:

      Modernitatearen utopiak gaztaroaren gorespen testosteronikoaren gainean eraikiak izan ziren. Utopia bortitzak eta itxaropentsuak izan ziren. [...] Gure indarra ezin da gazte-oldarrean oinarritu, gizonezkoen agresibitatean, batailan, lankidetzaren eta partekatzearen gozamenean baizik. Desiraren alorra berregituratzea, gure espektatiben ordena aldatzea, aberastasuna birdefinitzea da, agian, gizarte eraldaketa guztien artean, garrantzitsuenetakoa.[85] (in Esteban, 2015:80).

      Gorespen edo asaldatze hori “testosteroniko” deitzearekin ez nago ados, oso determinista iruditzen baitzait, gizon askoren jarrera oldarkorra gizarteratze-prozesuekin erlazionatu ordez, horren azalpen biologizista gauzatzen baitu.

      Hala ere, Berardiren planteamendua ezin indartsuago eta eraldatzaileagoa iruditzen zait, euskal gizartearen oraingo unearentzat egokia bezainbat.

      Eta ideia hori mugara eraman nahiko nuke, esanez, bai feminismoa baita gizarte mugimenduak ere, edozein fenomeno politiko, ezer baino gehiago, fenomeno fisiko, afektibo eta erotikoak direla. Edo horrela ikus ditzakegula. Eta horrek praxi politikoa beste nonbaitetik begiratzeko eta beste norabait bideratzeko aukera irekitzen digula.

      Politika eta aktibismoa fenomeno fisikoak lirateke.

      Orrialde batzuk geroago, politika hezur-haragizko dinamika gisa uler daitekeela defendatuko dut, horretarako gorputzaren teorian oinarriturik.

      Fenomeno afektiboak ere bai.

      “Afektua” hitz polisemikoa da, esangura oso ezberdinak dituena, eta komenigarria litzateke une bakoitzean zer adierazten ari garen argitzea. Nire aldetik, ez naiz sentimenduekin edo afektibitatearekin lotzen ari, baizik eta ingelesezko “affect” terminoaren esanahia ari naiz baliatzen. Jo Labanyi Espainiako kultur ikasketetan adituak ederki argitu du adiera hori. Afektua, harentzat,

      izakiek eta gauzek, kanpoko indarrek eta energiek gure gorputzean duten inpaktua da. Afektua kanpo munduak gure gorputz-sentsazioetan duen inpaktu aurrekontzientea da. Beraz, afektua gure inguruneari emandako erantzun fisiko bat-batekoa da, pentsamendua baino lehenagokoa, zeinak, segundo batzuen buruan, sentsazioa eta pentsamendua bateratuko dituen, kontziente bilakatuta. Geroago, sentipena emozio bilakatuko da: beldurra, lotsa, etab.[86]

      Azkenik, politikoa erotikoa ere bada.

      Audre Lorderen (2003), eta Gilles Deleuze eta Felix Guattariren lanetan (1975) oinarrituko naiz erotikoaz aritzerakoan. Izan ere, “Erotikoaren erabilerak. Erotikoaren boterea” saiakeran, Lordek gogoratu du Antzinako Grezian Eros-ek sortzeko ahalmena eta harmonia pertsonifikatzen dituela:

      Erotismoa gure “niaren” zentzuaren hasieren eta gure sentipen indartsuenen kaosaren arteko lekua da. Barne-gogobetetze zentzua du, zeina, behin esperimentatuz gero, ezingo dugun gure helburuetatik egotzi. Zeren sentimendu sakon horien osotasuna esperimentatu eta haren boterea aitorturik, autobegirune-zentzu bategatik, ezingo baitiogu gutxiago exijitu geure buruari. Kaos jainkoarengandik sortua den Erosek ahalmena eta harmonia irudikatzen du, bizi indarra. (2003:11)[87].

      Lorderen esanetan, emakumeentzat erotismoa bizi indarra da, sexualitatearen irakurketa estuekin edo “emakume-armen” ideiarekin zerikusirik ez duena.

      Erotismoa, politikarako eta bizitzarako sortze ahalmena eta bizi indarra dela gehituko nuke nik.

      Autore horrek erotismoaren eta pornografiaren artean delineatzen duen marra zorrotzak ez nau gogobetetzen baina iradokitzailea da oso haren teoria jardute soziala eta gizakien arteko edozein arlo beste era batera pentsatu ahal izateko.

      Deleuzek eta Guattarik desiraren inguruan egin duten berrirakurketak ere ematen du zer pentsatua. Haientzat ere, desira ez da falta edo hutsunea, baizik eta ahalmena, indar eragilea, motorra. Desira eraikuntza da, norbanakoek eratzen dituzten agentziaren, dimentsioen, lerroen, norabideen anizkoiztasuna. Jarioa, isuria. Erotismoak eta desirak bizitza goratu egiten dute.

      Baina ez gara nahastu behar. Politikaz, desiraz edo erotismoaz autore horiek esandakoak ez du inolako antzik kapitalismoaren planteamenduekin, zeinetan modu zehatz batez desiratzera eta ekoiztera derrigortuta gauden, Alexandra-Odette Kypriotaki idazle greziarrak adierazi duenez:

      Kapitalismoak desiratzeko, kontaktatzeko, ekoizteko gaitasun amaigabea exigitzen digu. Denbora bat etengabe lanpetua, presiopean, emaitzen zain. Gaur derrigorrezkoa da pozik egotea, optimista eta baikorrak izatea.[88] (in Esteban, 2015:81).

      Ez al gaude hortxe ere euskaldunok, gure diskurtsoen eta gure ekintzen balizko emaitzen menpe, pentsatuz inoiz, nolabait, ez dakigu nola baina nolabait, “zoriona” etorriko zaigula?[89]. Zorionaren bilaketa itsua eta askatasuna lotzen dituen filosofia kapitalista hori gurera ere heldu da[90].

      Politika ulertzeko ordezko adierazpen “fisiko, erotiko eta afektibo” horrek, derrigorrean, subjektu politikoa ere birformulatzera eramaten gaitu. Pablo Romerok (2013) honela definitu du subjektu politiko klasikoa:

      Bere burua aski duen norbanakoa, borondate propio eta munduan ekiteko gaitasunarekin (guztiz bereizia dagoen mundu-objektuaren gainean ekiten duen subjektua), gure munduaren zimendu legez, beste fenomeno guztiak zintzilik dituen erreferentzia eztabaidaezina: bozkatzen duen norbanakoa, edozein bizitza-jazoera aurrean arrazoizko erabakiak hartzen dituen norbanakoa, erosten duen norbanakoa, kontsumitzen duen norbanakoa... eta sufritzen duena, maitatzen duena, frustratu egiten dena, gaixotzen dena, azken batean, bizitzaren bilakaerari bakardadean aurre egiten diona. (2013:100).

      Baiezta daiteke Euskal Herrian horrela ikusi dugula eta ikusten dugula subjektu politikoa (eta gehituko nuke: harro gaude). Guretzat ere subjektu politikoa, subjektu burujabea, autozentratua, bere burua kontrolpean daukana edo eduki dezakeena da.

      Tradizio anarkista duten herrialde edo testuinguruetan errazago sortu ohi dira politikaren eta subjektu politikoaren inguruko berrikuspenak eta kezkak. Baina, kultura marxistaren seme-alabak garen neurrian, horren abantailak eta desabantailak ere nozitzen ari gara. Eta ez naiz esaten ari politika ulertzeko edo bideratzeko era bakar bat egon behar duenik.

      Ideia, helburu, proiektu... superamaituen, superborobilen denbora ez al zaigu bukatu?

      Kypriotakik gehitu du politika eta mobilizazioak “elkarrekin-egote” gisa ulertu beharko genituzkeela eta “elkarrekin-egoteko” modu berriak topatu beharko genituzkeela, “elkarrekin-egote” hori berregin, birsortu, egunerokotasunean gozatu, praktika handien edo xumeen bidez.

      Eta ideia ahaltsu horretan sakontzeko gorputzaren teoriari begiratu diezaiokegu.

      Brian Turner-ek (1994) nabarmendu du XX. mendearen bigarren erdialdeko gizarte mendebaldarraren ezaugarri nagusietako bat gorputzaren zentraltasuna dela, teknologia biomedikoen eta kontsumoaren hazkundearekin eta gizarte-mugimenduen aldarri-ereduekin lotu dituena.

      Gorputzaren teoriatik argudia daiteke edozein eraldaketa sozial zein politikok berarekin dakarrela gorpuztasunaren eraldaketa. Eta alderantziz, gorputzen berreratzeak eragiten dituela nahitaez mudantzak norbanakoan, talde identitateetan eta ekintza kolektiboetan.

      Hortaz, feminismoan ageriko mudantzak gertatzen ari direla esaten badugu, ondorio logikoa litzateke pentsatzea gure gorpuztasuna ere, elkarrarremantzeko, mendekotasuna sentitzeko eta teorizatzeko, aldarriak zehazteko, ekintzak gauzatzeko... dugun modua birmoldatzen ari direla. Ziur naiz haragiberritze prozesu horietan sakontzeak etorkizunerako gakoak ekarriko dizkigula.

      Praxi politikoa (feminista) hezur-haragizko jarduera gisa uler daitekeela defendatu dugunok gero eta gehiago gara, gorputz politikoen sorrera eta hedapena izan baita estrategia feminista nagusietakoa, bai pentsatzeko bai ekiteko. Gorputz politiko bat, haragiztaturiko irudikapen, irudi, ideia, jarrera, teknika eta portaeren konfigurazioa da, gorputz-eraketa zehatza:

      Gizarte mugimendu batek (gure kasuan, feminismoak) kontzienteki edo inkontzienteki bultzatua, banaka edo talde mailan gauzatzen dena. Gorputz politiko batek beregain daramatza pertsona, generoa eta gizarte harremanak ulertzeko, eta mundua ezagutu, begiratu eta eragiteko modu zehatzak, errealitateari eusteko, erantzuteko eta eraldatzeko moduak (edo saioak). (Esteban, 2013:193).

      Adibideak soberan ditugu, abortuaren aldeko ekintzetatik banda feministetara, autodefentsa tailerrak barne[91].

      Ezein herri mugimendu, azken batean, gorputz kolektiboa da:

      Norbanako gorputzak mugiarazten eta lotzen dituzten ekintzen bidez eratuz doan gorputz kolektibo bat, gorputzak hedatuz, berriztatuz eta artikulatuz doazen heinean sortzen den emozio eta energia partekatu bat, ideologiaz osaturik dagoena, jakina. (Esteban, 2013:168-169).

      Gorpuztasuna teoria eta praxi feministaren berezko osagaia izan da betidanik. Baina esan liteke kultura mendebaldarrak sorrarazi duen adimenaren eta gorputzaren arteko bereizketari buruzko kritika sakonduz doan neurrian, feminismoa ere gero eta somatizatuago dagoela. Eta gazteak (batez ere) gero eta jabetuago daude feminista nagusien kontzientziaziorako ere zutabe izan zen bereizketa horren albo-kalte teoriko, politiko eta pertsonalez.

      Politika “elkarrekin-egote” gisa uler dezakegula esaten dudanean, gorputzen arteko harremanaz ari naiz, non gorputzen arteko mugak lausotu eta gorputzak berak desitxuratuta suerta daitezkeen, hezur-haragizko kolektibo bat osatuz.

      Elkarrekin-egote hori eraldaketa sozialarekin lotu beharko litzateke, noski, ez bainaiz inmobilizazioaz edo pasibotasunaz hitz egiten ari. Eta horrek erronka berriak ekartzen ditu bai teorian eta ikerkuntzan baina baita gogoeta sozialean ere.

      Gizarte edo kultura bat ezin dira interpretatu testuinguru ezberdinetan era ezberdinak hartzen dituzten sinbolo eta erritual-multzo gisa bakarrik, ezta aldagai sozio-ekonomikoen multzo huts bezala ere. Gizartea eta kultura ez lirateke soilik alderdi normatibo, araugile, sinboliko edo soziologikoa.

      Era berean, gizakiak ez ginateke ideologien edo sinboloen ontzi edo garraiobide hutsak edo zenbaki soilak. Bizitzak badu dimentsio korporala, emozionala, materiala, performatiboa, eraikitzailea, produktiboa. Sentitzen dugunak pentsatzeko era bat eragiten duelako eta alderantziz.

      Etsenplu bat ematearren: emakumeoi amatasun eredu hegemoniko eta zehatza inposatzen zaigunean, emakumeen eta umeen arteko harremana ikusteko eta harreman hori bizitzeko modua ere irakasten zaigu. Emakume askok sentitu ohi duten erru sentimendua ez da ez kasualitatea ezta ideia hutsa ere, haragiztaturiko sentipena baizik.

      Feminismoa somatizatu dugula esaten dudanean, esan nahi dut munduarekiko dugun arreta, aditasuna, mundua aldatzeko ekintzak, ez direla soilik kognitibotik, arrazoitik sortzen, baizik eta gorputzetik eta gorputzarekin gauzatzen direla. Baina gorputz horiek elkarrarreman estuan daude. Gure gorputza mundura zabalik dago beste gorputzekin, objektuekin, paisaiekin elkarrarreman intimoan.

      Euskaldun izatea edo feminista izatea, beraz... ekiteko eta sentitzeko erak dira, besterik ez. Eta ikuspegi teoriko honek ez digu soilik balio gizartekoa beste era batera ikertzeko edo interpretatzeko, politikoa ulertzeko eta eraberritzeko ere baliagarria izan daiteke, edo hori da argudiatzen ari naizena. Gonbidapen bat besterik ez.

      Gorputzez gorputz iraun du feminismoak. Eta gorputzez gorputz egingo du aurrera.

 

 

[83] Azken atal honetan, testu hauetan oinarritzen ari naiz: Esteban (2013, 2015, 2016).

[84] Ikus Berardiri Amador Fernández-Savaterrek eldiario.es egunkari digitalean egindako elkarrizketa:

      http://www.eldiario.es/interferencias/bifo-sublevacion-afectos_6_319578060.html

[85] http://blogs.publico.es/fueradelugar/1625/%C2%BFy-si-no-hiciesemos-nada

[86] Ikus: https://emocriticas.wordpress.com/2014/11/09/entrevista-a-jo-labanyi/, eta Lanbanyi (2010).

[87] Ikus: https://drive.google.com/file/d/0B0_bNCz-LFttdTRFVzBjZDdza28/view

[88] http://blogs.publico.es/fueradelugar/1625/%C2%BFy-si-no-hiciesemos-nada

[89] Gure Esku Dago ekimenaren lelo erromantikoak (“jende zoriontsua, herri libre batean”) hori diosku https://gureeskudago.eus/es/

[90] Zorionaren bilaketaren kritika egin dute, besteak beste, Eva Illouz-ek (2007) eta Sarah Ahmed-ek (2010).

[91] Ikus Esteban (2013) eta Guillo (2013).