Feminismoa eta politikaren eraldaketak
Feminismoa eta politikaren eraldaketak
2017, saiakera
120 orrialde
978-84-92468-98-0
editorea: Jule Goikoetxea
Mari Luz Esteban
1959, Pedrosa de Valdeporres (Burgos)
 
 

 

Hitzaurrea

 

Jule Goikoetxea

 

      Panoramika bat dakarkigu Mari Luz Estebanek, Lisiperen bigarren alean. Euskal Herrian feminismoak bizi dituen aldaketak eta horiek sorrarazten dituzten erronka berriak aurkezten ditu. Feminismoa, fenomeno historiko eta politiko gisa, praktika multzo eta pentsamendu korronte ezberdinek osatzen dute, eta, beraz, feminismoaz eta feminismotik egiten diren ekarpenak testuinguru politiko zehatz batean kokatu behar dira. Hala egiten du Estebanek, lehen orrialdeetan, egungo eraldaketa politikoek Euskal Herriko feminismoan (izan) duten eragina azaltzen duenean. Azpimarratzekoa da, Lisipeko aurreko alean bezala, autorearen lerrokatze esplizitua hasieratik. Metodologia eta epistemologia feministaren oinarria da tokikotze hori, espazio (fisiko eta intelektual) neutro eta inpartzialen existentzia alboratuz.

      Politika berrasmatzen ari gara? Galdera horrekin irekitzen du elkarrizketa Estebanek. Nolakoa da egungo mugimendu feminista? Zein izan da azken hamarkadetan ezagutza sortzeko eta zirkularazteko erabili den metodologia nagusia feminismoan? Nola iristen da egun gizartera edo beste gune batzuetara, gune feministetan sortutako ezagutza?

      Teoria eta praxi politikoaren berrikuspenak ez dira aurreko hamarkadetakoak bezain zurrunak, eta errealitatearen azterketa irekiagoak eta konplexuagoak proposatzen ari direla uste du Estebanek, eta artikulazio edo emaitza interesgarriak sortzen dituzte aurreko kultura politikoarekin nahastean. Lehen Emakumeen Asanbladak eta elkarteak ziren biltzeko gune ohikoenak; orain berriz, ohiko elkarteez gain, feminismoko graduondoko eta masterrak, Emakumeen Etxeak eta sare sozialak ere elkargune bilakatu dira. Horrek erlazio zuzena du ezagutza transmititzeko eta produzitzeko eran, elkartasuna sortzeko eta feminismoaren zabaltzea sendotzeko moduetan.

      Zeintzuk dira politika (feminista) baten arrakasta bermatzen duten ahalmenak edo trebetasunak? Noraino instituzioekin/instituzioetarako lan-egiteak lekua eta indarra kentzen dizkie herri-mugimenduei? Noraino dira bateragarriak erreforma eta haustura?

      Botereaz hausnarketa sakonagoa eta zabalagoa egitera gonbidatzen gaitu eta esaten du indarkeria matxistaren adiera ezberdinek, eta haren kontrako praktika eta ekimen berriek aldaketa iradokitzaile batzuk ekarri dituztela, nahiz eta tentuz aritu gai horren inguruan, indarkeriaren esanahiaren orrazketa proposatuz.

      Zeintzuk dira ahalduntze terminoaren gaurko erabilerak? Eta erabilera horien ondorioak? Nola egituratzen da lidergoa? Nola babestu eta kritikatu aldi berean boterean dauden feministak? Nola ehundu emakumezko horien eta mugimenduaren arteko harremana? Hamaika galdera eraldaketa bakoitzeko, hamaika erantzun galdera bakoitzeko.

      Zaintzaren inguruan sortutako talde eta proposamenak biltzen ditu Estebanek azken orrialdeetan, eta ekonomia feministaren ekarpena azpimarratu. Emakumeen alienazioa berarekin ez dakarren elkar babestearen teoria baten alde egingo du amaieran, egungo familia harremanak eta ideologiak gainditze bidean. Nola ekidin harreman sozialetan sortzen diren hierarkia fisiko eta kontzeptualak? Zergatik du balio sozial handiagoa familiak, adiskidetasunak baino? Zergatik du amodioak egitura eta itxura hetero-normatiboa? Nola apurtuko ditu feminismoak emakumeak bestelakotzen duen laguntasunaren eta amodioaren mailakatze patriarkala?

      Ale honetan hamaika galdera aurkituko ditugu erantzun bakoitzeko eta hamaika eraldaketa konfrontazio bakoitzeko. Ondo lotu gerrikoak.