Feminismoa eta politikaren eraldaketak
Feminismoa eta politikaren eraldaketak
2017, saiakera
120 orrialde
978-84-92468-98-0
editorea: Jule Goikoetxea
Mari Luz Esteban
1959, Pedrosa de Valdeporres (Burgos)
 
 

 

Basauriko
Emakumeen Taldeko
nire adiskideei

 

 

 

Hausnarrean

 

      Feminismoak azken berrogei urteetan izan dituen ezaugarri eta eraldaketak hartuko ditut hizpide liburu honetan, nahiz eta aipatuko ditudan hainbat ideiak feminismoaren mugak gaindi ditzaketen[1].

      Gure feminismoa, edozein feminismo legez, heterogeneoa izan da eta da, askotarikoa, talde, jarrera eta jardun oso ezberdinekin, kontrajarriak bezain bateragarriak.

      Ez dut aukerarik aniztasun horren guztiaren erretratu osatua eta xehatua egin ahal izateko[2]. Horren ordez, gailentzen diren zenbait joerari erreparatuko diet, dauden eremuak aintzat harturik: elkartegintza, feminismo instituzionala, profesionala, akademikoa... Jakitun gutariko nahikotxo esparru batean baino gehiagotan gaudela eta horrek konplexutasun handia ematen diola gure aktibitateari eta, beraz, analisiari.

      Azken urteetan, gizarte edo herri mugimenduetako zenbait adituk “mugimendu” kontzeptuaren ezegokitasuna aipatu dute. María Martínez EHUko soziologoak (2015), esate baterako, problematizatu du termino hori Estatu espainiarreko feminismoaz egin duen doktore-tesian, eta “mobilizazio feministez” hitz egitea proposatu du. Gaur egungo errealitatea askotarikoegia eta zatikatuegia dela argudiatu du, feminista guztien egitekoa kontzeptu horretan laburbildu ahal izateko.

      Pentsakizun hori iradokitzailea izanik ere, “mugimendu feminista” kategoria lehenetsiko dut nik, osotasun batean bizi garela konbentzituta bainago, unitate konplexu batean, tarteka zatikatua eta kontrajarria. Are gehiago ohartuta euskal feministok batera jarduteko eta agertzeko erakutsi ohi dugun prestasunaz.

      Beste era batera esanda, feminista izatea praktika pluralen gainean eraikitzen den identitate kolektiboa litzateke, feminismoa bera nola definitzen dugun baino elkarrekin zer egiten dugun (Hernández, argitaratzear).

      Feminismoa mugituz joan da eta doa. Etengabe ekiten. Etengabe eraldatzen. Haren mugimendua ez da oraindik eten. Gorabeherak gorabehera, aldaketak aldaketa.

      Nolanahi ere, azken hamar urteetan antzematen diren eraldaketek ez dute bakarrik hitz egiten feminismoaren baitako transformazioaz, euskal gizartearen eta euskal politikaren transformazio orokorraz baizik.

      Basaurikoa (Bizkaia) naiz, eta Basauriko Emakumeen Taldean (eta Bizkaiko Emakumeen Asanbladan) eman nituen nire lehen urratsak feminismoan. Industriak elikaturiko eta migratzaileek gorpuzturiko herri langile eta borrokalari batean hazia eta hezia izateak moldatu du nire politika ikusteko eta praktikatzeko manera. Urteak aurrera joan ahala beste zenbait ekimen eta esparrutan ere jardun dut. Gaur egun Basauriko Emakumeen Taldean jarraitzen dut eta Marienea Basauriko Emakumeen Etxean parte hartzen dut. Nire lanbideak ere beti egon dira feminismoari lotuta. Zenbait urtez Basauriko Familia Plangintzako medikua izan nintzen eta orain gizarte antropologiako eskolak ematen ditut Euskal Herriko Unibertsitatean, antropologia feministaren esparruan ikerketak egiteaz gainera. Esperientzia askotariko horrek berebiziko eragina izan du ere nire ibilbidean.

      Baina nireaz harago ohikoak diren jardunbide bikoitz edo hirukoitz horien arteko harremanez pentsatzea premiazkoa dela esango nuke.

      Berrogeita hamazazpi urte ditut. Ni bezala, feminista kopuru handi bat edadekoa da dagoeneko. Batzuek ekintza politikoa atzera utzi dute baina iritzia emateko edo gertaera handitan agertzeko prest jarraitzen dute. Beste batzuek jo eta ke diraute, beti legez, nork bere eremuan.

      Maialen Lujanbiok esan du: “Ez gara nahi bezain gazte zahartuko. Azala leun eta eder... Heldu ere, ez gara uste bezain gazte heldu... Ez uste bezain haustaile, ez uste bezain desberdin”[3].

      Mugimendu feministak bizitza luzea du. Berrogei urte gutxienez (historia nola idazten den). Bejondeigula. Baina adinak ematen digun eskarmentua egunerokotasuna arintzeko aukera bezain motxila astuna izan daiteke. Gazte batek injustizien aurrean izan dezakeen energia eta freskura jada galduta egotearen arriskua ere bai. Eskarmentua ez baita dena.

      Zahartzeaz bat gaztetzen ari da feminismoa, eta belaunaldi ezberdinak batera egoteak geure buruari aitortu nahi diogunak baino inportantzia handiagoa dauka.

      Adin diferenteetako emakumeak betidanik egon dira feminismoan. Gazteen talde propioak sortu ziren 80ko hamarkadan baina batzuen eta besteen arteko adin aldea ez zen oraingoa bezalakoa. 2008an izan ziren Euskal Herriko IV. Jardunaldi Feministek ondo agerian utzi zuten feministen belaunaldi berri oso bat bazegoela eta etorkizuna nolabait bermatuta zegoela. Pozgarria izan zen.

      Feminista gazteek berariazko jardute eta proposamenak egin nahi dituzte eta egiten ari dira. Horretan daude, beren lekua topatu gura eta leku hori topatu izanaren artean ekilibrista. Inoiz baino unibertsitate tituludun gehiagorekin. Asko langabezian edo enplegu prekariotan.

      Haatik, gazteen artean ere bereiz daitezke adin-tarte eta aztura ezberdinak. Ez da ez belaunaldi bakarra ezta homogeneoa ere. Baina orokorki esan daiteke mugimendua gazteen eskuetan dagoela gero eta gehiago, instituzioetatik aparte dagoena behinik behin. Eskerrik asko!

      Eta horren gazte ez garen asko hor gaude, egiten ari direna estimatu guran baina gazteek noizbehinka duten oroimen faltaren aurrean, iragana-beti-da-hobea pentsatzeko tentazioari aurre eginez.

      Teoria feministak bere edukiak berrikusteko eta eraberritzeko dohain izugarria erakutsi du. Geroz eta zabalagoa, geroz eta konplexuagoa, geroz eta sofistikatuagoa, geroz eta abstraktuagoa izateraino. Horren konplexua eta horren sofistikatua non behin baino gehiagotan ere praxitik atzetu egiten zaigun.

      Beste hainbat galderaren artean, teoria eta praxi feministaren arteko lotura pixka bat desorekaturik ez ote dugun galdetu nahi diot neure buruari liburu honetan.

      Feminista (gazte) ezin-hobeto-prestatuz beterik dugu herria, diagnostiko, proiektu eta planak burutzeko taxuz ikasiak. Batzuk lanean ari dira, beste batzuk aukera baten zain. Ni ez naiz feministok leku-guztietara-iristeko-kapaz edo edozein-arduratan-ondoen-egingo genukeenak garela defendatzen duen horietakoa. Gainera, gauza bat da prestakuntza teorikoa eta beste bat, oso bestelakoa, politikaren larre zabal eta korapilatsuan egokiro jokatzen jakitea edo jokatu ahal izatea.

      Bestalde, teoria feminista eta teoria politiko “orokorra” mundu paraleloetan bizi dira maizegi, elkargune gutxirekin eta, egotekotan, emakumeen bizkar. Politikaren eremua kontrolatzen duten gizon-sare boteretsu eta sarri ikusezinetatik apartaturik. Modu kaballeroso eta politikoki zuzenean, hori bai.

      Badira gizon feministak, nola ez, asko nabarmendu barik baina feminismoarekin zinez konprometiturik. Ezinbestekoak dira.

      “Emakume” (eta “gizon”) terminoak erabiliko ditut testu honetan, betiere zentzu sozialean, gu guztiok emakume edo gizon izendatuak garen neurrian. Idatziko ez ditudan komatxoak jar ditzala irakurleak irakurri ahala.

      Liburu honetan, azken urteetan idatzi ditudan zenbait testutatik eta han-hemenka emandako hitzaldietatik tiraka egingo dut, neure ideiak sakontzen, ordenatzen eta osatzen saiatuz. Garrantzitsuak diren gai asko ez ditut ukituko.

      Sarrera honetaz gain, hiru multzotan daude antolatuta liburu honen edukiak: bi atal gehi epilogo bat.

      Politika berrasmatzen ari gara? galderarekin hasiko naiz, azken berrogei urteotako mugimenduaren ezaugarri nagusiak eta berauek izan dituzten eraldaketak gogoetagai. Bertan, eremu politikoan antzematen ditudan hainbat erronka aletuko ditut.

      Idazten hasi nintzenean aldaketak ez zirela horrenbesterako pentsatzen nuen, lehengo izaera bera mantentzen genuela, nola edo hala. Liburuaren idazketa bukatutakoan aitortu behar dut jarraitutasun dezente topatu ditudala baina aldaketa sakonak ere bai, gure aro berriaren ezaugarri eta gogoetagarri. Zenbaitzuk kezkagarriak ere bai.

      Zenbait izarguneren argiak eta ilunak izenburua duen liburuaren bigarren zatian, gaur egungo feminismoan garrantzi osoa duten hiru gai jorratuko ditut: boterea, indarkeria eta zaintza. Azken biak zelai feministaren erdi-erdian daude, giltzarri bihurtuta, eta horri buruz ere arituko naiz, azterketa sakona egin gabe eztabaidarako guneak non ikusten ditudan zehaztuz.

      Ideia batekin bukatu nahi dut liburua (eta hortxe, epilogoa): feminismoa gorputz kolektibo gisa ikustea/bizitzearena, intelektu, arrazoi, emozio, sentipen, irudimen... dena batera: elkarrekin-egote eta elkarrekin-ekite bat.

      Gustatuko litzaidake irakurleak proposamen modura hartzea hemen agertzen diren ideiak, eztabaidarako abiapuntu gisara, eta deslai ager daitezkeenak ere bere pentsaeraren eta bizipenen galbahetik pasatzea.

      Hausnarrean izena jarri diot sarrera honi, Argentinan behien artean hezia eta egun lodifobiaren kontrako feminista den Lucrecia Masson-ek (2015) proposatu duen “epistemologia hausnarkariak” gatibaturik[4].

      Argentinarrek bezala, euskaldunok baditugu lotura materialak eta sinbolikoak behiekin. Eta feministak, zerbait izatekotan, betizuak gara, basatiak, hezigaitzak, larrekoak.

      Hona pentsamendu hausnarkariaren zenbait apunte Masson-en hitzetan:

Behien ibilera ondo gordeta gelditu zen nire erretinan, motel-motel dabiltza, elkarrekin.

 

Hausnarkaria adeigabea eta ikonoklasta da.

Ez du sinesten bere ideietan, ez-originaltzat du bere burua.

Badaki hitz egitean itzultzen ari dela.

 

Hausnarkariak beti kolektiboa den asmakuntza politiko ariketa baten alde egiten du.

 

Berarentzat eta bere komunitatearentzat erreminten bila ari da,

ulertuz erreminta horiek ez direla erdiesten den zerbait,

etengabe eraikuntzan dagoena baizik.

 

[...]

 

Metodo hausnarkaria:

motela da, nagia, ez oso produktiboa, ez oso sexya, handia, gehiegizkoa, larru gogorrekoa, ez oso delikatua, ez oso fina, motel dabil, alferra, utzia, haren formetan.

 

Epistemologia hausnarkariak salbamenduaren diskurtso zurrunak errefusatzen ditu. Uste du badaudela kontakizun posible asko. (Masson, 2015:5,9,10,19,21).

      Ildo beretik joan nahi dut nik. Baieztapenak borobildu baino galderak eragin, nahi dutenekin eta nahi dutenen artean solastatzeko: zahar zein gazte, aditu zein aritu, teoriko zein praktikante, profesional zein aktibista, feminista publiko zein anonimo, emakume zein gizon izendatu...

      Kategoria horiek eta beren arteko talkak desafiatuz.

 

 

  [1] Eskerrak eman nahi dizkiet testu hau borobiltzen eta orrazten lagundu didatenei: Edorta Arana, Miren Guillo, Marta Luxan, Isabel Otxoa eta Biki Pozo.

  [2] Euskal Herriko feminismoaren historian sakontzeko 1977, 1984, 1994 eta 2008. urteetan eginiko Jardunaldietako ponentzietara jo beharra dago. Hortik aparte egindako lanen artean, bi liburu aipatuko nituzke: Begoña Zabalaren Movimiento de Mujeres. Mujeres en Movimiento (2008); eta Edurne Epelde Pagola, Miren Aranguren Etxarte eta Iratxe Retolaza Gutierrezen Gure Genealogia Feministak. Euskal Herriko Mugimendu Feministaren Kronika Bat (2015).

  [3] http://www.eitb.eus/eu/irratia/euskadi-irratia/programak/faktoria/audioak/osoa/3982782/maialen-lujanbio-faktoria-euskadi-irratia-nola-zahartu/

  [4] Massonek Epistemología rumiante (2015) izeneko fanzinea du idatzia. Animaltasunean oinarritzen du egiten digun proposamena, bere gorputzari eta gizatasunari ezarri zaizkien mugak desafiatzera ausartuz.