Feminismoa eta politikaren eraldaketak
Feminismoa eta politikaren eraldaketak
2017, saiakera
120 orrialde
978-84-92468-98-0
editorea: Jule Goikoetxea
Mari Luz Esteban
1959, Pedrosa de Valdeporres (Burgos)
 
 

 

Enbataka hedatu zen
mugimendu herritarra

 

      Ana de Miguelek (1995) idatzi du feminismoa edozein garaitan eta edozein tokitan topa daitekeela, “emakumeek patriarkatupean jasan duten patu bidegabe eta mingotsaz kexu azaldu, eta aparteko egoera, bizitza hobeagoa aldarri izan duten guztietan” (1995:217). Baina, berariaz, aldarrikapena modu koherente eta antolatuan artikulatzen eta bultzatzen dutenean, bai teorian bai praktikan (ibidem).

      Dolores Julianok (2008) sakondu du ideia horretan: “Feminismoaren iraultza handia ez da izan arauak ez betetzea, hori betidanik egin izan dute emakumeek, baizik eta beraiek auzitan jartzea, beren ekitate falta eta suposatzen duten justiziarik eza azaleratzea” (2008:14).

      Olatuka neurtu ohi da Mugimendu Feministaren historia. Bat. Bi. Hiru. Feminismo ilustratua, mugimendu sufragista, feminismo garaikidea. Edo beste batzuen esanetan: sufragismoa, 60-80etako feminismoa, feminismo postmodernoa. Ez dago adostasunik.

      Baina, itsasoari begira dagoen herri batean bizi arren, olatuen tempo hori ez da gurera guztiz egokitzen.

      Bi aro bereiziko nituzke nik 1976az geroztik garatu den euskal feminismoan: XX. mende amaierakoa eta XXI. mende hasieratik gaur arte berrituz joan dena.

      Gure genealogia feministak. Euskal Herriko Mugimendu Feministaren kronika bat liburu nahitaezko eta mardularen egileek (Epelde, Aranguren eta Retolaza, 2015) gogorarazi digute XX. mende amaierako feminismoaren lehen zantzuak Baionan kokatu behar direla, 1976an.

      Pixka bat geroago sortu eta enbataka hedatzen hasi zen mugimendua Hegoaldean, batez ere emakume gazte eta langileen artean (Zabala, 2008:27). 1977an, 3.000 emakume inguru bildu ginen Leioako campusean egin ziren Euskal Herri mailako I. Jardunaldi Feministetan. Hurrengo urteetan Bilboko kaleak hartu zituen abortatzeko eskubidearen leloaren oihartzunak Euskal Herritik kanpora ere zabaldu ziren.

      Hasiera-data hori ere hartuko dut nik liburu honen abiapuntu, nahiz eta jakin hori baino askoz lehenago feminismoaren aurrekariak izan zirela gurean, banakako zein taldeko ekimenak[5]. Mende zaharraren azken bi hamarkadak funtsezkoak izan ziren egunotan ezagutzen dugun feminismoaren egituratze eta bilakaeran.

      Lehen aroko feminismoaren erritmoa markatzeko 1984an eta 1994an burutu ziren Euskal Herri mailako II. eta III. Jardunaldiez baliatuko gara[6].

      1984 arte nork bere gorputzaren gainean erabakitzeko eskubideak ardaztuko duen mugimendua, hortik aurrera, sendotuz eta dibertsifikatuz joango da, hainbat gai tartean: indarkeria, antimilitarismoa, pornografia, hezkuntza, osasuna eta boterea; emakumeen askotarikotasuna ere gero eta presenteago (Aresti eta Aranguren, argitaratzear). Hainbat enpresatako emakume langileen (edo langileen emazteek lagunduriko) grebak ere azpimarragarriak dira: Suchard, Moulinex, Artiach, Michelin, Olarra, Euskalduna... Eta zerbitzu publikoetan egindako protestak (Hernández, argitaratzear).

      1994ko Jardunaldietan, aldiz, agerian geldituko da emakumeen artean dauden ezberdintasunak eta borrokarako esangura berrien bilaketaren beharra, bai aktibismoan bai diskurtsoetan (ibidem): elkarteak argaldu eta feminismoaren kaleko presentzia gutxitu egingo da. Elkarteen jarduera, gehienbat, data zehatzen ingurura murriztuko da: martxoak 8, ekainak 28 eta azaroak 25.

      Mende berriarekin hasten den bigarren aroan, berriz, sakondu egingo da aldez aurretik hasita zegoen dibertsifikazioa, eta jarduera feminista lau modu handitan antolatzen da: elkartegintza, feminismo instituzionala, profesionalizazioa, hezkuntza/ikerkuntza.

      Teoria eta praxia jorratzeko modu berriak ere sortuko dira queer teoria eta transfeminismoaren babespean, eta Medeak taldearen eskutik gai eta adierazpen ugari birformulatuko dira: sexualitatea, transexualitatea, pornografia, prostituzioa...

      Azken hogei urte honetan feminismoa hedatzeko baliabideetan eta egituretan gertatu den berrasmatze prozesu sakona ere nabarmendu behar dugu. Mende hasieran sortuko dira, esate baterako, Bizkaian lehen Jabekuntza Eskolak, oraingo Emakumeen Etxeetako ernamuinak[7].

      Nola dakigu ondo goazela?, galdetu zuten bi feministak Hernanin, Emakumeen Etxearen sorreraren kariaz antolatutako jardunaldi batean. Besteak ikaratzeko dugun gaitasunean arreta jarriz, gehitu zuten.

      Ez dakit feminismoak ikara sortu duen haren inguru hurbil zein urrunean. Argi dago nahiko genukeena baino askoz txikiagoa izaten dela gure eragina. Baina deserosotasuna bai, horixe erein dugu, lanabes bikaina iruditzen zait, gainera, kanpora eta barrura begira. Deserosotasuna erne egoteko eta ziurtasunak uxatzeko modurik eraginkorrenetakoa baita[8].

      XX. mende amaiera bitarteko feminismoaren ezaugarriak eman beharko banitu, mugimendu unitarioa, herritarra, berdinzalea/horizontala eta antisistemikoa izan zela nabarmenduko nuke.

      Horrelakoa izaten jarraitzen al du?

 

      1.— Mugimendu unitarioa izan zen.

      Unitarioa izatea da ezberdinek elkarrekin jarduteko gaitasuna edukitzea. Euskal izaeraren ezaugarrietako bat? Feminismoarena, zalantzarik gabe.

      Nolakotasun horretan faktore anitzek parte hartuko dute, baina, feminismoaren kasuan behintzat, badute zerikusia tarte luze batean Hego Euskal Herrian —Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan— elkarte nagusiak izan ziren Emakumeen Asanbladek[9], antolaketa molde behinena eta zientoka emakume erakarri zituena.

      Bertan, beste inon antolatuta ez zeuden emakumeak elkarrengandik oso bestelako jarrera zuten elkarteetako kideekin batzen ziren: alderdi politikoetakoetako partaideak[10] eta talde autonomoetakoak, sindikatuetako ekintzaileak, auzo elkarteetako kideak...

      Feminista abertzaleek erakunde propioak eduki dituzte betidanik (Aizan, Egizan eta aurten 15. urtebetetzea ospatzen ari den Bilgune Feminista), zapalkuntza hirukoitzaren ideiatik (emakume, langile eta euskaldun moduan) abiatuta. Emakume abertzaleak ere bazeuden Asanbladetan.

      Ideologia politikoen polikromia gaur arte.

      Dena ez zen harmonia. Dena ez zen partaideen arteko adostasuna. Noiz edo noiz liskarrak lehertzen ziren: errealitatea irakurtzerakoan, estrategiak finkatzerakoan, ekintzak diseinatzerakoan, euskal gatazkari zegozkion kontuak baloratzerakoan... Aldian behin, feminista autonomoek manipulazioa eta entrismoa leporatzen zizkieten alderdi politikoetakoei[11], edo lesbianak besteekin haserretzen ziren ez omen zutelako lesbianismoaren gaia ganoraz jorratzen, edo...

      Gogoan dut nire burua, gazte lañoa baino ez nintzela, kalapita horien guztien aurrean ikusle eta ikasle.

      Baina egunerokotasunean sentipen bat gailentzen zen, gailentzen da gaur egun ere, egon zitezkeen bestelako militantzien aurrean, gu guztiongan, feminismoa zela/dela nagusi. Eta hori nahikoa zen iskanbilak bideratzeko.

      Denbora aurrera, Gipuzkoako Emakumeen Asanblada eta Nafarroako Koordinadora Feminista desegin eta Arabako eta Bizkaiko Asanbladak beste edozein taldetako tamaina eta izaera hartuz joan ziren. Eta atzerago Asanbladetan sartzen ziren zenbait emakume-talde desagertu ziren (batez ere 90eko hamarraldian) eta, pixkana-pixkanaka, elkarte berriak ere jaio.

      Feminista guztiak elkarrekin jarduteko joera horrek, tankeraz aldatu arren, ez du bere indarra galdu. Eta orain arte ere koordinatzeko eta elkarrekin gutxi-asko egoteko prestasun eta gaitasun nahikoa dugula erakutsi ohi dugu, hainbat kanpaina, gai eta ekimenen bueltan.

      Data seinalatuetan antolatu ohi diren ekitaldiez gain, abortatzeko eskubidearen aldekoa eta indarkeria matxistaren salaketa lirateke etsenplurik gertukoenak. Eta ekimenei dagokienez, bi aipatzearren, Mendekotasuna dutenak Laguntzeko Euskal Sistema Publiko baten aldeko Plataforma[12] izan zena, edo geroago indarra hartu duen Emakumeen Mundu Martxa[13].

      Hala ere, geroago komentatuko dudan moduan, eta nahiz eta kanpaina/ekimen bateratuak eta koordinatuak egiteko gaitasuna soberan eduki, Asanbladak ezaugarritzen zituen ezberdinen arteko eztabaida zabalak bezain kartsuak praktikatzeko eredua apalduz joan da. Kontrakoa irizten badiogu ere.

 

      2.— Mugimendu feministaren bigarren izenondoa, herritarra izatea da.

      Euskal mugimendu feminista herritarra izan da, oso deszentralizatuta egon baita eta auzo eta herrietan sakonki errotuta. Armiarma-sare bat bezala zabaltzen zen lurraldetik.

      Joyce Gelb-ek, 1992an argitaraturiko “Feminismo y acción colectiva” izeneko artikulu batean, hiru testuinguru geografiko-historiko-politiko bereizi zituen feminismoaz hitz egiteko: britainiarra, iparramerikarra eta suediarra. Amerikako Estatu Batuetako feminismoan, funtsezkoak izan dira, besteak beste, presio talde deritzenak, lobbyak, zeintzuek gobernuan ere eragiteko ahalmen itzela erakutsi duten egunotaraino. Suediar feminismoaren ezaugarri nagusietako bat, aldiz, Estatu-feminismoa izatearena da, aukera berdintasuna lortze alderako neurri instituzionaletan aditu bezain eredu. Erresuma Batuko feminismoak, azkenik, askoz ere enfasi handiagoa jarri ohi du (autoreak aztertzen duen garaian, behintzat) ideologia feminista zabaltzen, erakundeetatik aparteko mugimendu autonomo eta auto-antolatua lehenetsiz eta Estatuari gutxiago begiratuz.

      Sailkapen horri jarraituz Euskal Herriko feminismoa britainiarraren tankerakoa izan da, tokian tokiko auto-antolaketa indartzen saiatu dena eta emakumeek berek kudeatutako zerbitzuen sorrerara bideratua.

      70eko hamarkadaren amaieran eta 80koaren hasieran euskal mapa koloreztatu zuten Familia Plangintza Zentroak[14] (ikastolekin batera gure gizartean egon den zerbitzu publiko-eredurik herritarrena, nire ustez), edo gaur egungo Emakumeentzako Informazio Zentroak dira gure testuinguruan horren adibiderik nabarmenenak. Aurrerago hizpide izango ditudan Emakumeen Etxe ugaldu berriak ere eredu horretan kokatu beharrean gaude.

      Lehenago egindako galderari erantzunez, gaur egungo feminismoak noraino jarraitzen duen herritarra izaten, esango nuke, elkarteei dagokienez bederen, eredu horrek indarrean dirauela. Dena den, elkarteez gaineko feminismo mota ezberdinen garapenak (erakundeetakoa, berdintasun-arloena, hezkuntzakoa, ikerketakoa...) axola handiko ñabardurak eragin ditu feminismoan.

      Posible al da erakunde, unibertsitate edo bestelako zentro ofizial batean dagoen feminismoa herritarra izatea? Zeintzuk lirateke mugak? Zeintzuk baldintzak?

 

      3.— Aipatu dudan feminismoaren hirugarren ezaugarria, horizontala edo igualitarioa izatea da.

      Eta, maila batean, horren bokazioa izaten jarraitzen du, aldaketak aldaketa. Berriz ere, igualitarismoa edonongo feminismoaren ezaugarri orokorra izaki ere, euskal kultura-ezaugarria izango litzateke, beste hainbat eremutan ere aurkitzen baitugu.

      Berdinzaletasun-egarri horrek jarrera kolektibista garatzeko bidea eman dio feminismoari, anonimotasunean jarduteko tenorea, ezagutza kolektiboa sorraraziz eta indartuz. Orain desagertzear leudekeen anonimotasuna eta kolektibotasuna. Geroago sakonduko dut ideia horretan.

 

      4.— Aipatu dudan laugarren bereizgarria, izaera antisistemikoa da, aurreko hirurekin estuki loturik hau ere.

      Oso trebeak izan gara hemengo feministak lege-aldaketak (dibortzioa, abortua, enplegua...) eta erakunde-aldaketak helburu zituzten ekintzak bultzatzen, betiere herritarron mobilizazio eta antolaketa autonomo eta alternatiboak alde batera utzi gabe.

      Izan ere, orain ez gaude 80ko hamarraldian, non, esate baterako, Emakunde (EAEko Emakumearen Euskal Institutua, 1988) sortu zenean, mugimenduaren parte handi batek “Emakunde no nos cunde” oihukatzen genuen. Honetan, ere, mudantzak antzematen dira, aurrerago ikusiko dugunez.

      Beste politika eremuetan bezalaxe, aldarri erreformistak eta haustaileak izan nahi dutenak uztartzeko joera nagusitu da gure artean. Jardunbide hau topa daiteke maila ezberdinetako erakunde eta politiketan, udaletan eta foru aldundietan kasurako, non sistemaren kontrako protestak eta jarduerak antolatzen dituzten pertsona berak berdintasunaren aldeko lanpostuetan diharduten lanean.

      Hauxe da, nire ustez, Euskal Herrian bizitzen ari garen une historikoaren marka edo marketako bat. Hots, ez dugu izaera herritarra eta iraultzailea galdu gura baina, hein berean, erakundeetan parte hartzeko prest gaude, parte hartzen ari gara, kontraesanak kontraesan. Eta fenomeno horren inguruan ez da mereziko lukeen gogoeta garatzen ari.

      Noraino mantentzen dira aipatu ditudan ezaugarri horiek guztiak XXI. mendean? Horretaz arituko naiz ondoko azpiatalean.

 

 

  [5] Ikus, esate baterako: Ugalde (1993), Llona (2000), eta Silvia Bermúdez eta Roberta Johnson-ek koordinatu duten A New History of Iberian Feminisms (2017) bilduma, non Euskal Herriari dagozkion sei artikulu sartzen diren, Ilustraziotik gaur arteko analisiekin. Artikulu horien autoreak hauexek dira: Amaia Álvarez Uria, Bakarne Altonaga Begoña, Maialen Aranguren, Nerea Aresti, Mari Luz Esteban, Jone M. Hernández, Miren Llona, Josune Muñoz San José eta Iratxe Retolaza Gutierrez.

  [6] Aurrez esan dudan bezala, lehen jardunaldi feministak (Euskal Herriko Emakumeen I. Jardunaldiak) 1977an egin ziren, UPV/EHUko Leioako campusean (Bizkaia). Euskal Herriko II. eta III. Jardunaldi Feministak, berriz, 1984an eta 1994an, hurrenez hurren, Leioan. Eta Euskal Herriko IV. Jardunaldi Feministak (orain arteko azkenak) 2008an izan ziren, Portugaleteko Nautika Eskolan (Bizkaia).

  [7] 1985etik aurrera garatuko den feminismo akademikoaren historia aztertzen duen artikulu batean, Jone M. Hernández eta Elixabete Imazek (2010) hiru aldi zehaztu dituzte epealdi horretan bideratu diren ikerlerroak sailkatzeko: (1) “desmitifikatu” aditzaren bidez izendatu duten lehenean, nekazari arloan eta narratiba mitologiko eta nazionalistekin loturiko euskal emakumearen irudia kritikatu zen; (2) “azalarazi” izeneko bigarren aldian, berriz, emakumeen egoera askotarikoa aztertzen hasi ziren ikertzaileak, egunerokoarekin erlazionaturiko gai eta kezkak zabalduz eta argituz; (3) “desafiatu” izena eman diote XXI. mende hasieran kokatzen duten hirugarren faseari, non ikerketa feministak eta generokoak sendotzen diren.

  [8] Nahiko idazten ari da deserosotasunaz. Esaterako, Sarah Ahmed-ek (2004) konfort heterosexuala eta homosexualaren kontra idatzi duena interesgarria da. Gurean, Uxue Alberdik gogoeta egin du bertsolariaren deserosotasunaz Kafkaren Aulkia ikuskizunaren harira, Harkaitz Canok idatzitako ipuin bati erreferentzia eginez.

  [9] Nafarroan, Nafarroako Koordinadora Feminista izena hartu zuen.

[10] Batez ere EMK-Euskadiko Mugimendu Komunista eta LKI-Liga Komunista Iraultzailea partiduetako kideak.

[11] Entrismoa taktika politiko bat da, zeinaren bidez partiduetako kideak sartu behar ziren beste erakundeetan (elkarteak, sindikatuak...) partiduetarako jarraitzaileak bereganatzeko eta beren postulatuetara hurbilarazteko.

[12] 2005-2008 urte artean indarrean egon zena eta talde feminista eta sindikatuetako ordezkariek osatua. Zaintza Plataforma izenez ezaguna izan zen.

[13] Emakumeen Mundu Martxa Plataforman talde askok hartzen dute parte. 2014an Kurdistandik Lisboara Europa zeharkatu zuen Karabanaren harira indar berezia hartu zuen.

[14] 60ko hamarkadan sortu zen Baionan lehen planifikazio-zentroa (Epelde, Aranguren, Retolaza, 2015:447). Hegoaldean, 1978an zabaldu zituen bere ateak Andraize zentroak Iruñeko Txantrea auzoan. Hortik aurrera Bilboko Errekaldeko Modulua, Iralako Auzolan, eta Basauriko Modulua etorriko ziren, zerrenda luze bat osatu arte. EAEko zentroak, Bilboko hirurak salbu, Osakidetzan integratu ziren 1990ean eta pixkana-pixkanaka haien izaera galduz joan ziren.