Aurkibidea
Hitzaurrea. Jule Goikoetxea
Politika berrasmatzen ari gara?
Enbataka hedatu zen mugimendu herritarra
Gatazka eta gatazkak: itun feminista berritzeko unea iritsi da
Zenbait izarguneren argiak eta ilunak
Botere politikoa, ahalduntzea eta lidergo kolektiboak
Zaintza edo feminismoa sentimentalizatzeko arriskua
epilogoa: Gorputzez gorputz iraun. Mugimendua elkarrekin-egote gisara
Aurkibidea
Hitzaurrea. Jule Goikoetxea
Politika berrasmatzen ari gara?
Enbataka hedatu zen mugimendu herritarra
Gatazka eta gatazkak: itun feminista berritzeko unea iritsi da
Zenbait izarguneren argiak eta ilunak
Botere politikoa, ahalduntzea eta lidergo kolektiboak
Zaintza edo feminismoa sentimentalizatzeko arriskua
epilogoa: Gorputzez gorputz iraun. Mugimendua elkarrekin-egote gisara
Indarkeria matxista:
nire burua ordenatzeko saio bat
Indarkeria matxistaren gaiak lanketa feminista luzea izan du.
Duela hogeita hamar urte, Asanblada guztietan propio eratu ziren batzordeek lehentasun teorikoa eman zioten eta protestak nahiz mobilizazioak bultzatu zituzten, indarkeria eremu domestikotik “ateratzea” eta aldaketa legalak helburu (Hernández, argitaratzear).
Tratu txarrak jasaten zituzten emakumeentzako zerbitzuak ere sustatu ziren zenbait lekutan, arreta feministaren beharra azpimarratuz[57]. Nahiz eta mugimenduan adostasunik egon ez zerbitzuen inguruan[58].
Baina argi dago gai honek gailentasun politiko osoa irabazi duela XXI. mendean (Cucó, 2014:240). Lehen mailako gai mediatiko eta politiko bihurtu da, eta kaleko salaketak eta protestak gero eta ugariagoak dira. Zenbait erakundetan ere indarkeria matxistaren kontrako planak proposatzen ari dira[59].
Haatik, hein batean, arlo honetan, hiru aspektutan behintzat, muga jo dugula ere esan liteke: arlo juridikoan, teorikoan, eta salaketen edo protesten arloan.
Estatu espainiarrean, 2004an argitaratu zen Ley de Medidas de Protección Integral contra la Violencia de Género delakoarekin gertatu dena etsenplu ona litzateke. Gizarteak uste du arazoa bideratuta dagoela baina errealitatea aztertuz gero argi dago ezetz. Ez bakarrik legearen mugengatik (indarkeriaren definizioa, esate baterako), baizik eta praktikan emakumeak ez daudelako inondik inora babestuta, eta hainbatetan ere biktimario bihurtzen dira. Guztiaren atzean, baliabide falta, epai-operadoreen formakuntza eza eta ideologia sexista daude.
Arlo teorikoan, indarkeriaren analisia sofistikatuz joan da eta irakurgai berriak sortzen ari dira, geroago laburtzen saiatuko naizen bezala. Baina, ororen buruan eta kontrakoa dirudien arren, esan liteke jarraitzen dugula sakonki ulertu gabe zergatik gertatzen den gertatzen ari dena. Eta Begoña Pernas-ek (2015) adierazi duenez, “zaila da borrokatzea ulertzen ez den gaitzaren kontra”.
Protestei dagokienez ere ez al da sabaia jo dugula antzematen?
Nago erailketa baten aurrean ordezkari politikoak eta feministak bildu ohi gaituzten elkarretaratzeek[60], pankartari nork heldu edo komunikabideei nork hitz egin lehian, ez dutela askoz gehiagorako ematen. Jakitun gara eta ekimen berriak proposatzen ditugu baina esperimentaziorako beharra zabal-zabalik dago. Hurrengo orrialdeetan itzuliko naiz gai horretara.
TERMINO ETA TEORIA
OROHARTZAILEEN BILAKETA
Pernas-ek (2015) indarkeria azaltzeko egiten ari diren irakurketa teorikoen bilketa-lana egin du, bi lotura teoriko nabarmenduz: patriarkatuaren eta indarkeriaren artekoa, batetik, eta berdintasunaren eta indarkeriaren artekoa, bestetik.
Patriarkatua eta emakumeen kontrako indarkeria lotzeari dagokionez, gauza bat eta kontrakoa defendatzen ari da. Batzuen ustez, patriarkatua bera biolentzia da eta tratu txarrak eta erasoak berezko ondorioak. Bourdieuk eta beste batzuek ordezkatzen duten beste tradizio batean, biolentzia sinbolikoaren kontzeptua proposatu da adierazteko subjektuek (gure kasuan emakumeek) arrisku- eta gutxiagotasun-egoerak onartuko lituzketela hainbat arau eta ekintza-modu barneratuz. Bestetik, Hannah Arendt-en ideietan oinarrituriko planteamendua genuke, non defendatzen den patriarkatuak ez lukeela biolentziarik beharko, gizonen botere soziala eta ekonomikoaren instituzionalizazioa bermatzen baitu. Azken hau laburbil liteke esanez indarkeria, maila batean, boterearen eta sistemaren porrota dela, akatsa.
Autoreak aipatzen duen berdintasunaren eta indarkeriaren arteko loturari dagokionez, badugu joera pentsatzeko berdinen artean biolentziak desagertzera egiten duela, komunikazioa, gatazka edo kontsentsuaren bidez ordezkatuta. Baina hori eta kontrakoa ere gerta daitezke: “Hain zuzen, berdintasuna problematiko bihurtzen da gizarteak diferentziak aintzat hartzen dituen oinarri kultural eta zilegi bat aitortzen ez duenean” (Pernas, 2015).
Argudio-bide hau muturrera eramanez ondorioztatu beharko genuke, patriarkatua disputatzen ari den testuinguru batean bizi garenez, indarkeria kasuak gutxitu baino hazi egingo direla.
Maria Naredok, bere aldetik, Basaurin 2016ko abenduan antolaturiko jardunaldietan, indarkeria matxistaren inguruan nagusi den irakurketa episodikoa estruktural bihurtu behar dela esan zuen, eta erreparazio integralerako eskubidea aldarrikatu zuen, ikuspegi feminista eta giza eskubideen markoa erabiliz.
Autore horrek triangelu kontzeptual batean oinarritu zuen haren hitzaldia: egia, justizia eta erreparazioa. Egiaren arloan sakoneko ikerketaren beharra defendatu ostean, asistentzia letratua eta auzibide justuen alde egin zuen. Erreparaziorako zenbait gai ere zehaztu zituen: kalteen kuantifikazioa, emakumeen suspertze osoa, aitortza judiziala, biolentzia errotik desagerraraztea...
Eraildako emakumeen segida amaigabe etsigarriak gaitzespena sor dezake, baina baita inpotentzia eta “indarkeria matxista txarra da” jarrera akritikoa ere.
Egoera nahasgarri horren aurrean, feminismoaren tendentzia “dena da biolentzia” azpimarratzea izaten ari da, edozein eskubide-urraketa edo emakume eta gizonen arteko ezberdintasunari indarkeria deitzea, azalpen sakonik egin gabe.
Baina, ni neu behintzat, genero arloan gertatzen diren ezberdintasun eta menderatze guztiak ala guztiak indarkeriaren logikara eramateak ez nau asebetetzen. Batetik, “biolentoa” zer den ez dugu adostuta; eta bestetik, dena biolentziatzat hartzeak duen ondoriorik larriena, diagnostiko sozialak eta esku-hartzerako aukerak pobretzen dituela. Are gehiago biolentzia matxistaren gaia norbanakoen jarrerekin lotua dugun testuinguru batean.
Adibide bat jarriko dut esaten ari naizena argitzeko. Egiaztatuta dago emakumeek, oro har, balio berdineko lanen truke soldata baxuagoak dituztela. Hori biolentzia al da? Bada bai, biolentzia estrukturala eta ekonomikoa. Baina fenomeno hori bere sakontasunean ulertzeko (eta borrokatzeko) lan-banaketa sexualari, ekoizpen-ereduari, eta abarrei begiratu beharko diegu, horretarako berariazko kontzeptuak eta teoriak aplikatuz.
Indarkeria izendatzeko eta berrizendatzeko ematen ari diren saioez ere zerbait esan nahi dut.
Urteak eta urteak daramatzagu feministok termino egokienaren bila. Zer pentsatua ematen du jarrera horrek zeren ez baitugu horrela jokatu esku artean izan ditugun beste gai guztiekin, ez behintzat intentsitate edo jarrera berarekin.
Konparazio batera, eta beste muturrera joanez, duela berrogei urte martxan jarri genituen kontrazepzio eta sexualitate zentroak “famili plangintza zentroak” deitu ohi genituen (“planning” edo “planin” ezizenaz), horretarako Europa osoan zabalduta zegoen terminologia hona ekarrita, bertan transmititu nahi genuen ideologiatik kilometro askotara. Jabetuta geunden, nola ez, izena eta izana ez zetozela bat, baina aurrera egin genuen, eta esango nuke lan txukuna egin genuela eta jarraitzen dutela egiten orain arte iraun duten zentroek[61].
“Indarkeria matxista” lehenesten dugu orain, baina emakumeen kontrako indarkeria, genero indarkeria(k), indarkeria sexista, indarkeria sexuala... ere hor daude. Pasa den azaroan Indarkeria birpentsatzen lelopean Emakumeen Mundu Martxak, Donostian, antolatu zituen jardunaldietan, hitzetik hortzera darabilzkigun izen horiei guztiei egin zitzaien errepasoa, azken urtean proposatu den berri bat gehituz: sistemarteko indarkeria.
Ematen du izenik egokiena topatzeak politika egokiena ere asmatzea eta martxan jartzea berez ekarriko duela. Baina ez al du horrek erakusten, neurri batean behintzat, ezintasun maila bat bizitzen ari garela?
Edozein kontzeptuk badauzka bere ahuleziak eta problematizatua izan behar du, eta jarrera hori erabat emankorra izan da betidanik feminismoan. Gogora dezagun, adibide baterako, publiko/pribatu, emakume/gizon, homosexual/heterosexual... bezalako dikotomiei buruz egindako lan eskerga. Edo “genero” kontzeptuari berari buruzkoa.
Baina nago prozesu horri muga bat jarri behar zaiola, arindu pixka bat.
Emakumeen Mundu Martxako jardunaldietan, Bilgune Feministaren izenean Idoia Arraizak proposatu zuena zentzuzkoa iruditu zitzaidan oso: lortu behar dugu arlo honetan mugimendu feminista izatea kontzeptualizazio subjektua, baina mahai gainean ditugun kontzeptu guztiek ala guztiek dute erabilgarritasun kuota bat, eta “onena” bilatu ordez, testuinguru bakoitzari dagokiona aukeratzea ere onargarria izan daiteke.
Sexismoa, arrazakeria, kolonialismoa, kapazitismoa, helduzentrismoa eta bestelako botere-hierarkiei aipamena egiten dion sistemarteko indarkeriaren terminoaren adibidearekin jarraitu zuen Arraizak. Potentzialitate osoa daukala kontzeptu horrek, subjektu politiko anitzaren ideiaren existentzia sustatzen baitu eta hierarkia mota guztiak ordenatzeko aukera ematen; baina, era berean, kontzeptualki ulertzeko ere gaitza da: ez dakigu beti zertaz ari garen eta, jakinda ere, ez dago argi hierarkia horiek nola lotu beharko genituzkeen edo zein den subjektu ekintzailea. Eta, gehituko nuke nik, nortzuk eta zertarako gauden lanean.
Hau da, ohartu gabe, teoria praxitik urrunegi gelditzen zaigu kontzeptualizazio horietan. Eta borrokatu nahi duguna, gogora dezagun, emakumeek emakume izate hutsagatik (eta beren artean duten askotarikotasuna ahaztu barik) jasaten dituzten erasoak dira, bortxaketatik erailketaraino.
Gauza bat da konplexutasuna eta sakontasuna ematea gure diskurtso edo politikei eta beste bat, oso bestelakoa, gaur egun praktikatzen dugun hitz eta esamolde potoloen eta itzulezinen gurtza.
INDARKERIAREN KONTRAKO EKINTZAK:
ESPERIMENTAZIORAKO TARTEA[62]
Lau dira egun eraso matxista ezberdinei aurre egiteko erabiltzen ari garen bideak: kaleko agerraldiak, judizializazioa, komunikabideak eta heziketa. Azken honi dagokionez badaude oso ekimen interesgarriak eta oparoak gurean, gazteei zuzendutako Beldur barik programakoak[63], adibidez. Atal honetan, baina, beste hiruren inguruan zenbait galdera egin nahi nituzke.
Gero eta argiago dago espetxealdiak ez dituela erasotzaileak eraldatzen (Angela Davis-ek Euskal Herrira egindako bisitan ezin hobeto adierazi zuen moduan), nahiz eta kasu larrienetarako behintzat beste alternatibarik ez eduki momentuz. Era berean, salaketa poliziala ez da beti ez ezinbestekoa ezta irteerarik onena ere, egoerak txarrera egin baitezake eta irtenbide bat topatzea zaildu (emakume batek haren bikotekidearengandik jasotzen dituen tratu txarren kasuan, zenbait kasutan, esate baterako). Bestetik, erasoa eta egindakoaren aitortza/erreparazioaren artean orekarik doiena bilatzea litzateke helburu behinena. Neska bat bortxatu duen mutil gazte batek, adibidez, auzitegian/kartzelan bukatu behar du nahitaez?
Honetan baditugu beste bi zailtasun: (1) Feministok legeari eta legearen aplikazioari aitortu ohi diegun garrantzi sinboliko ikaragarria. (2) Gure zirkulu politikoetan dauden gizonei eta ezezagunei usu aplikatzen diegun baremo ezberdina. Ezezagunen kasuan ez ohi dugu inolako erreparorik zigorrik handiena eskatzeko. Hurbileko mugimenduetakoekin, aldiz, hortxe ibiltzen gara irtenbiderik onena topatu guran eta egoera delikatua haztatzen... Eta tarteka ere mugimendu horien zartada gure kontra bihurtzen da[64]. Nire ustez, irizpidea bera izan beharko litzateke batzuentzat eta besteentzat: ezagunentzat balio duenak ezezagunentzat ere balio beharko.
Aldiz, erasoen inguruko notizien mediatizazioari dagokionez, ez (omen) dugu batere zalantzarik: oro har, badago joera pentsatzeko zenbat eta informazio gehiago azaldu komunikabideetan, hobe. Eraso sexisten gaia izar mediatiko bilakatu da Euskal Herrian eta Estatu espainiarrean, nahiz eta medio batzuen eta besteen tratamenduan alde handia egon, jakina.
Eraso askotarikoen gainean azken urtean agertu diren erreportaje eta iritzi-artikulu andana ikusita, Berriako artikuluan idatzi nuen indarkeria matxistaren jorraketa mediatikoaren inguruan patxadaz hausnartzeko garaia heldua dela iruditzen zitzaidala. Indarkeriaren kontrako atxikimenduen metaketa publikoak eragin positibo handia duela kontzientziazioaren areagotzean. Baina galdetzen nuen ea “saturazio mediatikoak” ez al duen inongo ondorio ezkorrik edo albo-kalterik sortzen. Ez al dagoen beharrik, adibidez, ekintza horiek eta ekintza horien inguruko berriak taxuz dimentsionatzeko eta helduleku berriak asmatzeko.
Honez gain, beste bi zalantza azpimarratu nituen gerturatze mediatikoaren inguruan: bata, ea ez ote gauden eraikitzen, nahi gabe, iruditeria bat non (gizon eta emakumeen arteko) intimitatea, sexualitatea, bi gorputzen arteko enkontru eta jolas gozagarria, besteen gorputzekiko jakinmina/hurbilketa, gorputza bera... negatibizatzen ari garen, balizko erasoa izanik behin eta berriro nabarmentzen dugun alderdi bakarra. Hemen gerta daiteke osasun arloan gertatzen den gauza bera: medikuntzak osasunaz sorrarazten duen ideia gaixotasunarekin eta patologiarekin lotua gelditzen dela, eta kito. Bigarren duda, kezkagarriagoa oraindik, notizia horien uholdetik azaleratzen den ideia ez ote den emakumeak, finean, ez garela gai eguneroko egoera horiei aurre egiteko gu geurez, eta estatuaren, komunikabideen edota mugimendu feministaren babesa bilatzera derrigortuta gaudela. Hau da, emakumeen kustodializazioa elikatzea, ahalduntzearen kontura orriak eta orriak bete arren.
Bada, aitortu behar dut 2016ko udan gertaturikoak nire hitzak ñabartzera eraman nauela. Guztion ezaguna denez, Sanferminetako bortxaketa kolektiboaren kasuak bolbora legez hedatu zuen jaien eta eraso matxisten arteko harremanaren gaia gure mugetatik kanpo ere. Gertakari horren inguruan epailearen, udal ordezkarien eta, guztiaren gainetik, urteak lanean bikain daraman Gora Iruñea plataformako feministen erreakzioak funtsezkoak izan ziren.
Deitu nazazue optimista, baina esango nuke 2016ko udan gauzak mugitu egin zirela, milimetro bat nahi baduzue, baina mugitu. Eta ez bakarrik feministok jaietarako protokoloak findu ditugulako edo politikariek agerraldiak egiten dituztelako indarkeriaren kontra. Ez. Gauzak zertxobait aldatu dira: jende arrunta erreakzionatzen hasi da eta erasotzaileei aurre egiteko prest dago. Hala gertatu da zenbait lekutan. Hor ikusten dut nik aldaketa.
Eta prozesu horretan erabakigarria izan zen komunikabideen papera.
Hala ere, jarraitzen dut pentsatzen indarkeria matxistaren tratamendu mediatikoak merezi duela gogoeta feminista bat edo beste.
Protesten arlora pasatuz, eztabaida interesgarriak sortu dira feminismoan azken urtean zenbait ekintzaren inguruan, nahiz eta, noiz edo noiz, sare sozialetan erabilitako lintxamendu doinua gehiegizkoa izan nire gusturako. Feminista gazteek, han-hemenka, “beldurrak aldez aldatu behar du” lelopean, bultzaturiko gaueko protesten harira gertatu dena, esate baterako.
Begi-bistakoa da emakumeen ekintza publikoak ez daudela normalizatuta. Gazteei zuzenduriko fikziozko serieak ikustea besterik ez dago egiaztatzeko emakumeoi hobesten zaigun ekintza publiko bakarra maitasunaren arlora mugatzen dela, Ruth Iturbide (2016) ikertzaile nafarrak haren doktore-tesian aztertu moduan. Emakume batek biktima posizioari uko egiten dion unean biktimario bihurtzen da.
Horrekin loturik, badugu beste oztopo larri bat: Euskal Herrian bizi (izan) dugun egoera politikoaren metabolizatze gaitzaren ondorioz, indarra erabiltzea (baita maila sinbolikoan ala erritualean bada ere) tabu bihurtu da eta hori emakumeen ekintzak mugatzeko ere baliatzen ari da.
Zenbait feministak defendatu dute autodefentsaren filosofia eta jarrera zabala dela eta horretara mugatu behar garela.
Autodefentsa izan da euskal feministek erabilitako estrategia nagusietakoa, emakume gazteen artean arrakasta osoarekin. Noranahi begiratzen duzula topatzen duzu halako tailer bat. Eta jorraketa bikaina suposatzen du zeren indarkeriaren kontzientziazioa teknika fisiko eta emozionalen ikasketarekin uztartzen baita, azken atalean aipatuko dudan gorputz politiko sendo bat osatuta gelditzen dela.
Baina, autodefentsarekin batera, esperimentaziorako tartea arakatu eta zabaldu behar dugula azpimarratu dute beste batzuek[65]. Eta sormena handituz doala argi dago[66].
Indarkeria matxistaren kontrako ekintzetan, “indarkeriaren performancearen” egokitasuna aldarrikatzen ari dira gaur egun Medeak taldekoak, esate baterako[67]; eta proposamen horrek gogoetarako behintzat ematen duela iruditzen zait.
Dena den, nire ustez, gakoa neskei eta emakumeei autoritatea/indarra sentitzen eta erakusten ikastea litzateke. Eskolan irakaslerik eraginkorrena, konparaziora, ez ohi da ikasleen aurrean garrasika edo txilioka dabilena, begirada edo keinu batez taldea kontrolatzen dakiena baizik. Horretaz ari naiz. Ez dakit horretarako indarraren performancea baliatzea efikaza izango den, agian balio sinbolikoa izan dezake. Edozein kasutan, panorama ikusita, froga/akats asko egin beharko ditugu, haserretik eta baita ludikotik ere, eta horretarako sormena piztu.
[57] 2016ko abenduaren 15 eta 16an, Matxismoari Planto lelopean Basaurin (Bizkaia), Indarkeria Matxistaren Kontrako Plana aurkezteko antolaturiko jardunaldietan, emakume erasotuak artatzeko arreta feministaren nondik norakoak azaldu ziren. Bartzelonako Tamaia elkarteko Beatriu Masiàren esanetan, arreta feminista bat emakumeak osatzen saiatu behar da, jakina, baina baita aldaketa indibidual eta sozialak eragin eta emakume horiek beste batzuk laguntze-bidean jarri ere.
[58] Une hartan, feminista batzuek uste zuten kontrazepzioaren arloan zerbitzuak sortzeko jorraturiko bidea ez zela egokia eta instituzioei presionatzea zela gure egiteko bakarra.
Zerbitzuei dagokienez, Nafarroako Koordinadora Feminista izan zen aitzindaria. Londresen, tratu txarrak jasaten zituzten emakumeentzako harrera-etxeak bisitatu ondoren, Iruñean larrialdietarako zentroa eta aterpetxea zabaltzea lortu zuten, 1984an, udal-gobernuaren eta profesional askoren babesarekin. Eta 1988an, Euskal Herri osoko feministak erakarri zituzten jardunaldiak antolatu zituzten. Basaurin ere Emakumeentzako Informazio Zentroa zabaldu zuen bertako Emakumeen Taldeak 1989an, indarkeriaren arloan arreta berezia eskainiz. Gaur egun Marienea Emakumeen Etxean dago kokatua.
[59] Nire inguru hurbilean dauden bi aipatuko ditut:
(1) EHUko USVreact izeneko proiektua, Londresko Brunel Unibertsitateak zuzendua eta unibertsitatean indarkeria sexualak bizi dituzten pertsonak sostengatzeko prestakuntza eredu iraunkorrak sortzea helburu duena. EHUko ikertzaileak: Marta Luxan, Jokin Azpiazu, Mila Amurrio eta Ainhoa Narbaiza (ikus: http://usvreact.eu/eu/).
(2) Basauriko Berdintasun Arloko arduradun Anabel Sanz bultzatzen ari den Indarkeria Matxistaren Kontrako Plan Integrala. 2016ko abenduan aurkeztua izan zen plan honek hiru ardatz ditu: sentsibilizazioa, prebentzioa eta kontzientziazioa; arreta integrala, sendatzea eta jabetzea; eta salaketa publikoa, memoria eta erreparazioa.
[60] Politikarien elkarretaratzeak eta diskurtsoen hobekuntza feminismoaren garaipentzat hartu beharko genituzke.
[61] Dena den, nire argudioari kontra eginez ametitu behar dut kontrazepzioari buruzko terminologia/jardute horren kasuan, sistema ez zela koaptatzen saiatu, indarkeriaren gaiaz gertatzen ari den kontrara.
[62] Atal honetan, Berria egunkarian, 2016ko martxoaren 5ean argitaratu nuen “Indarkeria matxista: zenbait galdera” artikuluan oinarrituko naiz. Handik hartuko ditut hainbat pasarte hitzez hitz, baina aldi berean edukien zenbait berrikuspen eta zabalpen ere egingo dut. Ikus: http://www.berria.eus/paperekoa/1832/022/003/2016-03-05/indarkeria_matxista_zenbait_galdera.htm
[63] Beldur barik gazteei zuzentzen zaien indarkeria matxistaren arloko programa da. 2008an sortu zen, Emakundek eta Eudel-ek bultzatua eta Euskadiko Udalen Berdinsarearen markoan. Emakundek sustatzen du gaur egun eta Alixe Rodriguez dabil koordinatzaile lanetan.
[64] Ikus Tania Martínez Portugalek egindako Master Amaierako Lana: La violencia sexista en colectividades sociales y políticas de izquierdas: casos y procesos de resiliencia de mujeres activistas (2015).
[65] Indarkeria matxistan nola jokatzearen inguruan dauden jarrera ezberdinetan sakontzeko, ikus, esaterako, Argiarekin batera banatzen den Larrun pentsamendu aldizkarian, 2015eko abenduan, argitaraturiko “Indarkeria matxista. Pankartaz harago ekiteko ordua” monografikoa. Idoia Arraiza, Maitena Monroy eta Maria Viadero izan ziren elkarrizketatuak. Helbide honetan dago eskuragai:
http://www.argia.eus/astekaria/docs/2489/azala/larrun_204.pdf
[66] Hor dugu, esaterako, Maria Seco eta May Serranok bultzaturiko Women in Black ekintza, non beltzez jantzitako emakumeak lurrera botatzen diren, gorputz hilak irudikatuz.
http://www.argia.eus/albistea/women-in-black-ekimena-egin-dute-genero-indarkeria-gaitzesteko
[67] Gai horretaz aritu zen Medeak taldeko Kattalin Miner, Emakumeen Mundu Martxako jardunaldietan egin zuen interbentzioan.