Aurkibidea
Hitzaurrea. Jule Goikoetxea
Politika berrasmatzen ari gara?
Enbataka hedatu zen mugimendu herritarra
Gatazka eta gatazkak: itun feminista berritzeko unea iritsi da
Zenbait izarguneren argiak eta ilunak
Botere politikoa, ahalduntzea eta lidergo kolektiboak
Indarkeria matxista: nire burua ordenatzeko saio bat
Zaintza edo feminismoa sentimentalizatzeko arriskua
epilogoa: Gorputzez gorputz iraun. Mugimendua elkarrekin-egote gisara
Aurkibidea
Hitzaurrea. Jule Goikoetxea
Politika berrasmatzen ari gara?
Enbataka hedatu zen mugimendu herritarra
Gatazka eta gatazkak: itun feminista berritzeko unea iritsi da
Zenbait izarguneren argiak eta ilunak
Botere politikoa, ahalduntzea eta lidergo kolektiboak
Indarkeria matxista: nire burua ordenatzeko saio bat
Zaintza edo feminismoa sentimentalizatzeko arriskua
epilogoa: Gorputzez gorputz iraun. Mugimendua elkarrekin-egote gisara
Aldaketak eta aukerak
Berlingo Harresiaren suntsiketak harrotu zuen lehendik ernaturik geneukan sentipena: teoria politikoek eta eraldaketa sozialerako proposamenek berrikuspen sakona behar zuten. Baina 2008tik aurrera hainbat herrialdetan eztanda egin zuten matxinadek derrigortu gintuzten politika goitik behera birpentsatzera.
Lurrikara horrek “mugimendu global berriak” sorrarazi ditu (Calle, 2003:6), non betiko mugimenduen ezaugarriak beste era batera konbinatu diren: batetik, jasandako indarkeria mota ezberdinak artikulatzeko joera dago; baina, aldi berean, ez zaio jada funtsik ikusten eskaera/mobilizazio mota guztiak modu unibokoan gain hartuko dituen gatazka nagusi edo antolaketa politiko bakar bat lehenesteari.
Hemen ere antzerako prozesu batean murgildu gara, hori bai, euskal gatazkak eragin dituen berezitasunekin[15]. Horrela, azken hamarkadan gertaturiko krisi finantzarioak, Estatu espainiarraren trantsizio demokratikoaren porrotak, eta borroka armatuaren amaierak aro berri baten hasiera bultzatu dute, eta sentipen nagusiak, nire ustez, hauek dira: nekea, ziurtasun eza, eta impasse sentsazioa (baina, aldi berean, itxaropena).
Testuinguru horretan, identitatearen irakurketa meharretan eta zurrunegitzat hartzen diren praktiketan oinarrituriko antolaketa-eskemen gaineko kezka zabaldu da, jende gaztearengan batez ere. Hain justu beraiek dira krisiaren eragina eta Estatuaren errepresioa bereziki jasaten ari direnak. Eta politika egiteko eta militatzeko ohikoa izan den kultura birpentsatzen ari da, propio diseinaturiko metodologiak asmatuz.
Horren adibiderik borobilena Joxemi Zumalabe Fundaziokoak egiten ari diren bide oparoa litzateke. Duela urte batzuk “Militantzia moduen inguruko hausnarketa” bultzatu ondoren, Dabilen harriari goroldiorik ez liburua (Joxemi Zumalabe Fundazioa, 2014)[16] argitaratu zuten, aktibista mota askok parte hartu zuten prozesuaren emaitzekin. Eta beraiek dira baita filosofia horren hedapenaren arduradun nagusietakoak ere[17].
Haatik, errealitatean, lehengo eta oraingo metodologiak eta joerak nahasturik leudeke.
Estatu espainiarreko feminismoan gertaturiko aldaketak aztertu dituen liburua idatzi du Silvia Gil-ek, Nuevos feminismos. Sentidos comunes en la dispersión (2011). Gilek azken urteetan arazo sozialak hautemateko edo haiei aurre egiteko zabalduz joan den begirada alternatiboa islatu du testu horretan. 15M mugimenduak ageriago utzi zuen alternatibotasuna.
Berebiziko garrantzia aitortu dio autoreak berritzat hartzen duen baterako parte-hartzeari: lehenago egiten zenaren kontra —dio—, gaur egungo talde batzuetan programak/egitarauak eta helburuak ez leudeke beti guztiz finkaturik, baizik eta Politika elkar topatzeko metodologiatzat hartzen da, ibilian ibiliz eraikitzen, aniztasunetik eta singulartasunetik. Eta baterako parte-hartze horrek guztiontzako espazioen sorrera erraztuko luke, subjektu politiko bakar baten edo egitura bakar baten premia deuseztatuz.
Ez dakit noraino betetzen den hori horrela gure kasuan. Baina, ondorengo orrialdeetan, sumatzen diren eta eraldaketa sakon eta orokor baten iragarle liratekeen zenbait osagai komentatu nahi ditut.
Feminismoaren hirugarren aro baten hasiera bizitzen ari al gara?
Baietz esango nuke.
KULTURA POLITIKOA(K)
ETA XEDEEN FINKAPENA
Euskal ezkerrean hegemonikoa izan den teoria marxistak eragin osoa izan du gure Politika irakurtzeko eta praktikatzeko moduan.
Ohikoa izan dugun historiaren irakurketa utopiko eta lerrobakarrak kausa nagusi bat behar zuen eta arerio nagusi bat. Horrela, etorkizuneko gizarte utopikoaren izaera zehatz-mehatz finkatu ondoren, horri egokitzen zitzaion estrategia bakar eta bateratua aldez aurretik taxuz diseinatzea zen hurrengo zeregina.
Euskal feminismoak ere hortik edan du, bestelako ikusmoldeak egon badira ere, hala nola partidu mistoetatik aparte antolatu ziren feminista independenteenak (noizean behin marxismoaren eta feminismo kulturalaren nahasketa bitxia eginez ere). Horiek emakumeen eta gizonen arteko diferentziak azpimarratzen zituzten eta botere-hartzearen kontra teorizatu, besteak beste.
Esan bezala, teoria eta praxi politikoaren berrikuspenak eta kritikak zabalduz joan dira azken hamar-hamabost urteotan, batez ere dogmatismo eta zurruntasunaren aurrean, malgutasuna, esperimentazioa eta autotransformazioaren beharra, eta errealitatearen azterketa irekiagoak eta konplexuagoak proposatuz. Eta hortxe, feministen intzidentzia erabatekoa izan da.
Baina lehengo kultura politikoak badauka oraindik ere pisua feminismoan, jardute politikoaren xedeak finkatzerako orduan, adibidez. Eta sinkretismo interesgarriak sortzen ari dira.
Horrela, euskarazko zirkuluetan indarra hartuz joan den hurbilpen feministan, euskaltasunaren, abertzaletasunaren eta feminismoaren planteamendu eraberrituak perspektiba postestrukturalistekin gurutzatzen ari dira. Konparazio batera, euskal estatu feministaren aldarrikapena eta transfeminismoaren proposamen haustaileak aise uztartzen dira.
Hain zuzen ere, oraindik orain sakontzeke dagoen (baina gazte euskaldunak liluratuta dituen) estatugintza feministaren teoriarekin gertatzen ari dena deigarria da[18]. Maila batean bederen, ideia fetitxe bihurtzen ari da, aspektu baikor eta ezkorrekin, nire ustez: alde batetik, iradokitzailea da, baina, bestetik, inoiz erdietsiko genukeen balizko estatu horretan, gaur egun ditugun kezka, eztabaida eta zalantza guzti-guztiak konponduko omen lirateke, batere argi egon gabe hori lortzeko prozesua zein izango litzatekeen.
Arreta behinena estatuan jarri barik ere, instituzioetan presente (ordezkari politiko baina batez ere profesional gisa) egotearen beharra nahiko orokortua dago feministen artean, geroago jorratuko dudanez. Azken urteak, adibidez, oso oparoak izan dira administrazio publikoaren maila eta arlo askotarako programen eta planen jorraketan.
Alabaina, esango nuke feminista askok jarraitzen dugula pentsatzen gure ahaleginik handiena harreman pertsonal, politiko eta ekonomikoen eraldaketan inbertitu behar dugula, eta horretarako subjektu printzipala herri mugimenduek izan behar dutela.
Horrela bada, xede potolo bat baino maila apalagoko helburu ertainak edo txikiak zehaztea litzateke lehentasuna, arlo eta maila guztietan: harremanak eta elkarbizitza, sindikalgintza eta lan-baldintzak, indarkeria matxista, migratzaileen eta errefuxiatuen eskubideak, hezkuntza, sexualitatea, osasungintza...
Eta, horretarako, nahitaezkoak dira herriz herriko eta tokian tokiko taldeak eta ekintzak bultzatzea eta indartzea. Baina hau ez dator beti bat modu egonkor batean militatzeko ohituraren jaitsierarekin, hurrengo orrialdeetan ikusiko dugunez.
Azpiatal hau amaitzeko, anarkismoak (korronte legez) euskal feminismoan izan duen presentzia txikiaz ere zertxobait esan nahi nuke. Bada, orain badaude kolektibo bakan batzuk (okupazioaren, gaztetxeen eta mugimendu antidesarrollistaren eremuetan, bereziki), beste feministekin harreman estuan lanean edo ez. Ikusteke dago filosofia horrek zer ibilbide izan dezakeen aurrerantzean.
EZAGUTZA EKOIZTEKO ETA
ZIRKULATZEKO METODOLOGIAK[19]
Esan dut dagoeneko, 70eko hamarraldiaren amaieran eta 80koaren hasieran, bizitasun handiko testuinguru politiko batean, emakume-talde ugari sortu zirela, eskubide eta baldintza sozial eta legalen egoera negatiboak bultzatuta eta kaleetan nahiz lantokietan feministek zuten presentzia nabarmenari esker.
Zein izan zen garai hartan ezagutza sortzeko eta zirkularazteko erabili zen metodologia nagusia? Talde horien funtzionamenduaren oinarria autokontzientziaren filosofia zen. Hau da, teoriaren eta norberaren esperientziaren arteko erlazioa, baina, betiere, feminismoaren ikuspegi oso politizatu eta ekintzaile bati jarraituz.
Autokontzientzia-taldeak Estatu Batuetako feminismo erradikalaren baitan sortu ziren aurreko mendeko 60ko hamarraldiaren amaieran. Kathie Sarachild hasi zen terminologia hori erabiltzen, 1967an, New York Radical Women (Malo, 2004:22) deritzenetan eta 70etako feminismoaren motor nagusietako bat izan zen autokontzientziaren jarraitzaile.
Feminista haiek azpimarratu zutenez, “pertsonala politikoa da” filosofiaren ildoko jardunbide hark izaera zientifikoa zuen. Hona hemen nola azaltzen duen Sarachildek berak (1978):
Autokontzientzia egiara iristeko metodo modura eta ekintzarako eta antolaketarako bitarteko modura hartzen zen, aldi berean. Antolatzaileek egoeraren azterketa egiteko mekanismo bat zen eta, aldi berean, emakume haiek antolatzen ari ziren beste emakumeei (eta haiek ere antolatuko zen beste jende bati) eskaintzen zitzaien mekanismo bat. Era berean, ez zen hartzen gerora beste ekintza bat ekarriko zuen garapen feministaren fase soil modura, baizik eta estrategia feminista globalaren funtsezko osagai modura. (Malo, 2004:23).
Basauriko Emakumeen Taldean parte hartzen hasi nintzenean, 80ak hasi berri, esku artean genituen testuak irakurtzera eta horien gaineko eztabaida egitera mugatzen zen gure prestakuntza, batik bat. Testu horietako asko Bizkaiko Emakumeen Asanbladaren aldian aldiko bileretan eztabaidatzen ziren, halaber.
Testu argitaratu edo mekanografiatuak izaten ziren, eta, sarritan, unean-unean lantzen ari ginen eztabaida edo kanpaina zehatzekin lotuak (abortua, kontrazepzioa, dibortzioa, sexualitatea, lana...), baina baziren bestelako argitalpenak ere: saio teorikoak, literatura lanak...[20]. Eta beti lotzen genituen teoriak (askotariko joeretakoak) gure esperientziekin, teoria haiek berresteko, baina baita haiek ezeztatzeko ere, edo gutxienez, haiei ñabardurak egiteko.
Baina, autokontzientzia lantzeaz gainera, oso politizatuta geunden, eta etengabe eztabaidan jarduten genuen orotariko gaiez, ondoren, eztabaida haiek ekintza zehatz bihurtzen saiatzeko. Aldi berean, borroka-moldeez (adibidez, biolentzia edo ez-biolentzia...) eta antolaketa-moldeez (militantzia bakarra edo bikoitza...) ere eztabaidatzen genuen. Alegia, ideia bikoitz hau genuen abiapuntu: “pertsonala politikoa da” eta “politikoa pertsonala da”.
Gainera, teoria eta eztabaida horiek laburtu edo landu egiten ziren (talde-lanean, batik bat), eta hitzaldi edo esku-orrien bidez zabaltzen genituen. Hitzaldiak ere idazten ziren, jardunaldi tematiko nahiz orokorretan aurkezteko; horien artean, bereziki azpimarratzekoak dira Euskal Herriko Jardunaldi Feministak, zeinetan beti parte hartu baitute euskal erakunde feministek antolaketa-lanetan.
Gaur egungoarekin alderatuta handia da jauzia eta handiak ere prestakuntza- eta eztabaida-dinamiketan aurki daitezkeen ezberdintasunak.
Alde batetik, ekoizpen teoriko feminista izugarri ugaritu da, eta zaila da pertsona bat proposamen guztien jakinaren gainean egotea. Gainera, sendotuz joan dira espazio akademikoak eta ikerketakoak. Horrek jakintzaren espezializazio bat ekarri du (eta hierarkizazioa), eta ordezkatu egin du ezagutza ekintzaile talde txikitan pentsatzeko eta sortzeko estrategia, nahiz eta estrategia horrek oraindik hor jarraitzen duen, askoz era ahulago eta ezkutuagoan bada ere.
Hala, bereizi egin dira pentsatzea eta ikertzea, batetik, eta egitea, bestetik, nahiz eta oraindik badiren emakume batzuk arlo guztietan parte hartzen dutenak eta guztietatik elikatzen direnak.
Hau da, aurrera egin dugu maila teorikoan, espezializazioan eta profesionalizazioan, baina galdu egin dugu horizontaltasunari eta ikerketa (arautua nahiz arautu gabea) gure esperientziarekin uztartzeari dagokienez, baita ideiak eta jakintza osotasunean nola sortzen eta artikulatzen diren ikusgarri egiteari dagokionez ere.
Hainbat eztabaidagai atera daitezke hortik, adibidez, autoretzen auziari buruzkoa, edo jakintza kolektiboaren kontzentrazio edo/eta jabetze indibiduala dei genezakeenari buruzkoa. Askotariko espazioetan izan dudan aldibereko esperientziaren bidez, egiaztatu dut, oro har, taldeetan sortutakoa nekezago zabaltzen dela eta, batik bat, zirkuitu subalternoetan barrena zabaltzen dela; gainera, taldeetan ekoizten den ezagutzak aditu deritzenek sortutakoak baino aitortza apalagoa dauka eta/edo iturria aipatu ere egin gabe erabili ohi dira.
Berdinzaleak izan nahi badugu ere, feministei ere eragiten digu gure gizartean nagusi den “adituen kulturak”. Horren ondorioz, gerta daiteke, adibidez, pertsona bati egozten zaizkiola berez talde jakin batean sortuak diren ideia edo irakurketa batzuk. Ezagutzaren hierarkizazioa taldeen artean ere gerta daiteke, mugimenduaren barruan duten prestigioaren edo “glamourraren” arabera.
Bestalde, ikerketaren kalitatea balioesteko kultura akademiko hegemonikoak —aipu sistema endogamiko eta murriztaile batean oinarritua— eta ezagutza unibertsitatetik kalera noranzko bakarrean “transmititzen” delako ideiak zaildu egiten dute ezagutza hori nola sortzen den eta lanketa teorikoaren eta ekintzailetzaren arteko elkarreragin konplexuak erakusteko mapa bat osatzea.
Nola iristen da gizartera edo beste gune batzuetara edonolako gune feministetan sortutako ezagutza?
Espazioen arteko erlazioak norbanakoen bitartez bideratzen dira nagusiki, eta norbanako horiek espazio batzuetatik beste batzuetara aldatzen dira. Pertsona horiei esker igarotzen da jakintza batetik bestera eta sortzen da jakintza, haiek egiten dituzten jarduera askotarikoen bidez (irakurraldiak, hitzaldiak, ikastaroak, jardunaldiak, elkarrizketa informalak, elkarteen bilerak, eztabaidak...). Zirkuitu horietan, ideiak eta edukiak trukatzen eta proiektatzen dira sozialki, askotariko euskarrietan (argazkiak, bideoak, testuak...), eta komunikabideen edo gizarte sare feministen nahiz ez-feministen bidez zabaltzen dira, era berean.
Nire ustez, funtsezkoa da zirkuitu horien osagai edo kate maila guztiak azalera ateratzea eta besteak kontuan hartzea, jakintza ez partzializatzeko eta guztioi eragiten digun adituen kulturari aurre egiteko, edo, gutxienez, ñabartzeko.
Adibidez, produktu akademikoei dagokienez, kontu handiz jaso beharko genituzke unibertsitateko nahiz unibertsitatetik kanpoko orotariko erreferentziak. Hala ere, jabetzen naiz jakintzak beste era batera administratzeko, ezinbestean eragin beharra dagoela ezagutzaren sisteman (unibertsitate-sisteman).
MILITANTZIA MODUAK, ELKARTEEN AHULTZEA
ETA FEMINISMOA KONTSUMOGAI
Militatzeko edo behintzat nork bere burua feministatzat hartzeko molde berriak loratzen ari dira.
Emakumeen taldeek iraganaldian baino agertzeko/desagertzeko tendentzia gehiago erakusten dute, eta hori ez da lehen bezala ezkor hartzen. Bestetik, duela hogei urte gertatzen zenaren aurka, gero eta emakume gehiago daude, feminismoan zerbait egiteko prest bai, baina elkarte zehatz batean egon (gura) gabe.
Adibide bat ematearren, berdintasunerako zenbait udal kontseilutan elkarteetako partaide direnak eta ez direnak batera daude.
Horrez gain, feministok esparru guztietan astero-astero antolaturiko hitzaldi/mintegi/jardunaldi/ekimenetara emakume mordoa hurbiltzen da. Hots, publikoa ziurtatuta dugu, planteamendu feministekin ikasteko eta belarriak goxatzeko prest. Zaila da jakiten emakume horiek gero zer egingo duten jasotakoarekin. Beste era batera esanda, feminismoa kontsumogai bihurtu dugu, eta entzule-ikusle-hartzaile eta aktibisten arteko harremanak asko desorekatu zaizkigu.
Tere Maldonadok, Miren Arangurenek Berria egunkarian idatzitako artikulu bati erreferentzia eginez[21], “Konpromiso kolektiboa: gugandik jarraituz” argitaratu du egunkari berean[22], militantzia eta aktibismoaren arteko ezberdintasunak hizpide harturik.
Konpromiso kolektiboan dago koska, haren ustez: gero eta indibidualistagoa eta hedonistagoa den gure gizarte honetan.
[“Konpromiso” hitzak] oihartzun batzuk ekartzen ditu gogora, hedonistok oso gustukoak ez ditugunak: betebehar, erantzukizun eta ardurarekin lotutako oihartzunak [...] Baina ez genuke nahasi behar geure jarrera pertsonala eremu desberdinetan (ogitan edo lanean gaudela) militantziarekin. Azken hori trinkoagoa da. Planifikatua. Estrategikoa. Taldean adostua. Militantziak ez du ekartzen bakarrik denbora librea betetzea, edo norberaren aberastasun pertsonala handiagotzea; feminismoak aldarrikatzen duen politikoa denaren definizioaren biraketa gauzatzea baizik. Komuna eta guztiona den horretan inplikazioa eskatzen du. Ez era puntualean, ez gaur bai baina bihar hondartzara noa (militante hedoniston dilema izaten dena askotan). Berriro Arangurenen hitzak: “ekintza norberarengandik hasi arren, ekiteak elkarrekiko harreman bat ekarri behar du”. Derrigorrean. Mugimendu feministaren politikaren gakoa elkarlana da. Badaude gauza batzuk bakarrik en comú egingo ditugunak. Ez artaldearen moduan, jakina, oso agindupeko txarrak gara feministok: parte-hartze aktibo eta kritikoaren bidez soilik. Nigandik hasita, gugandik jarraituz.
Beste aldetik, iritzi-feminismo edo feminismo iritzi-emaile izendatuko nukeenak ere indar handia hartu du euskal gizartean.
Izen-abizen ezagunak dituzten hainbat emakumek sare sozialetan eta komunikabideetan egunean-egunean presentzia nabaria dute. Euskarazko komunikabideetan, Berrian eta Argian, gehienbat. Feministak publiko bihurtu dira. Eta horrek ikusgarritasuna ematen dio feminismoari.
Baina fenomeno horren bidez, eta ia konturatu gabe, elkarte/jardute-feminismoaren eta iritzi-feminismoaren arteko bereizketa sendotzen ari da, politikarako kapazenak era bikain eta zolian hausnartzeko eta idazteko gaitasuna dutenak bailiran.
Urte askoan, baliorik handiena talde-dinamikei eta talde-aitortzari eman ohi zitzaien, izen propioak, nolabait, bigarren maila batean utziz. Eta ez zen kasualitatea, ondo mamurturiko erabakia baizik. Matxinada zapatistak zabalduriko aurpegi estalien irudia eta filosofia baino lehenago, feministok norbanakoen identitateak ezkutatzeko beharraz eta bertuteez sinetsita geunden eta gure testuak era kolektiboan idatzi eta sinatzen genituen. Norbanakoen eta taldeen arteko oreka neurtuagoa zen, nahiz eta horrek ez duen esan nahi botere hierarkiarik ez zegoenik edo haiek kudeatzea erraza zenik.
Izen propio horien gain-presentzia mediatikoarena ondo kokatze aldera, bi elementu aipatu beharrean gaude: lehenik eta behin, sare sozialen gaurko garrantzia ukaezina, haien ekarri eta albo-kalteez; bigarrenik, dugun kultura komunikatiboa, non “sinadura” kolektiborik ia-ia ez den existitzen...
Baina ez al genuke patxadaz hausnartu behar horren inguruan? Ez al gaude sortzen, ohartu gabe, feministen arteko hierarkia eta elite berriak? Nola konpentsatu, nola neutraliza daiteke hori?
Gizartea aldatu da eta egokitu behar gara. Ados. Baina utzidazue beste galdera bat egiten: zeintzuk dira politika (feminista) baten arrakasta bermatzen duten ahalmenak edo trebetasunak?
Hauexek datozkit niri burura: arazo sozialen teorizazioa eta errealitatearen diagnostiko konplexuak eta txukunak egitea; testuingurua/k ondo ezagutzea eta testuinguru horietara teoriak zedarriztatzea; galdera berriak egitea; aldaketarako eta disidentziarako estrategiak bururatzea eta aurrera eramatea; herri-elkarteak indartzea eta gizartea astintzea; feministak ez diren emakumeekin nola aritu jakitea; ordezkari politikoekin negoziatzen edo haiek presionatzen asmatzea...
Gai bat teorikoki garatzen dakien bat ez da derrigorrez gaitasun horien guztien jabe.
Baina aldaketa horren ondoriorik kezkagarriena hauxe da: gertakizun horrek XX. mendearen amaieran gure ezaugarri garrantzitsua izan zen anonimotasun- eta, horrekin batera, kolektibotasun-filosofiari kosk larria egiten diola.
Ezin premiazkoagoa iruditzen zait anonimato/kolektibotasun eta norbanakotasunaren inguruko eztabaida horretan sartzea, gure unera egokituz[23]. Eta ez bakarrik anonimotasunak kide guztion parekidetasunaren alde joko lukeelako, baizik eta lehenago aipatu dudan gu-guztion ezagutzaren ekoizpena eta zirkulazioa jokoan daudelako, eta politikarako gaitasun guztiak aintzat hartzearen kontra egiten duelako.
Beste gai batera etorriz, alor ezberdinetan eragina izango luketen feministen lobbyak sortzeko gogoa ere hautematen da gure gizartean[24]. Goiz da ikusteko ildo berri horrek (garatuz gero) zer lotura izango lukeen elkarte-eredu klasikoagoarekin, eta noraino horrek ondorioak izango dituen ala ez feminista guztien arteko koordinazioan eta erabakimenean.
Azpiatal hau bukatzeko, talde ezberdinen arteko aliantzak sortzeko dagoen joera ere azpimarratu nahi dut.
Europa osoan, aldarrikapen bateragarriak dituzten talde feministen eta ez-feministen arteko aliantza interesgarriak indartzen ari dira, arrazismoa, sexismoa edo transfobiaren kontrako ekimenak uztartuz, esate baterako.
Hemen ere, antzerako ekimenak sumatzen hasiak gara. 2014an sortu eta 2015ean amaitu zen Gora Gasteiz plataforma horren adibiderik ezagunena izango litzateke[25].
Euskal Herrian jaio diren eta ez diren emakumeen artean zenbait lekutan ehuntzen ari diren aliantzak arretaz jarraitu behar ditugu eta zaindu, ez baita beti bide erraza. Adibide batzuk: “Brujas y Diversas/Sorgin eta Anitzak” Bilboko talde feminista, edo Ondarroan eta Hernanin jorratzen ari diren emakumeen arteko aliantzak.
ELKARTZEKO GUNE BERRIAK:
GRADUONDOKOAK ETA EMAKUMEEN ETXEAK[26]
Lehen esan dudanez, jakintza sortzeko espazio klasikoetatik aparte (modu autonomoan nahiz erakunde politiko edo sindikatuetan lan egiten duten talde edo elkarte feministak, koordinakundeak, plataformak, jardunaldiak, etab.), azken aldian, funtsezko hiru eremu iraunkor daude feminismoan, ekintza espezifikoak bideratzeaz gain mota askotako emakumeen (eta gizon batzuen) bilgune gisa dihardutenak, eta aukera ematen dutenak ezagutza eta ekintzailetza uztartzeko, modu asko eta interesgarrietan: (1) indarra hartzen ari diren graduondokoak eta masterrak; (2) Emakumeen Etxeak, non biltzen baitira emakume-taldeak, berdintasun-zerbitzuak eta jabekuntza-eskolak[27]; eta (3) internet eta sare sozialak, baina ez dut testu honetan horretaz jardungo, ez baitut esparru hori sakon aztertu.
Graduondokoak: dakitenak eta ez dakitenak
Badira urte dezente ikerketa feministen eztanda eragin duten graduondoko ikasketa feministak ditugula Hego Euskal Herriko unibertsitateetan.
EHUri dagokion informazioarekin hasiz eta zenbait datu ematearren, 2001ean, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunaren Gaineko Masterra eskaintzen hasi zen, eta 2008an, Ikasketa Feministak eta Generokoak Masterra eta izen bereko Doktorego-Programa. Nafarroako Unibertsitate Publikoari dagokionez, berriz, aitzindariak izan ziren bai genero ikerkuntzan baita irakaskuntzan ere, IPES elkartea eta Gizarte-Langintzaren arloko elkarlan luze eta emankor baten ondorioz. Gaur egun badute Generoan Aditua titulua. Deustuko Unibertsitateak, azkenik, Emakumeen Kontrako Indarkerian Esku hartzeko Masterra eskaintzen du 2003tik aurrera.
Ikasgela, bereziki graduondoko ikasketetan, unibertsitatean dagoen mota ezberdinetako feministak topatzeko gune nagusia da. Unibertsitateak aparteko aukera eskaintzen du prestakuntza feminista sustatzeko eta ezagutza feminista ekoizteko eta legitimatzeko. Horrek, eta irtenbide profesionala aurkitzeko aukerak erakarrita, feminista asko iristen ari dira unibertsitatera, gazteak eta ez hain gazteak, ekintzaileak eta ez-ekintzaileak.
Baina gune horretan, abiapuntuko baldintza da “badakitenen” (irakasle eta ikertzaileak, irakasten dutenak), eta “ez dakitenen” (ikasleak) arteko bereizketa. Unibertsitate-sistemaren oinarrizko ideia da ikasleak ezagutza jasotzera sartzen direla unibertsitatean, eta, hortaz, ez da beti erraza izaten zirkulazioa kontrako noranzkoan ere gertatzen dela erakustea eta/edo ikasleen jakintza baliatzea.
Gainera, horrek esan nahi du urratu egiten direla mugimendu feministak bereizgarri lituzkeen berdinzaletasuna eta horizontaltasuna. Bereizketa hori sendotzen du, halaber, irakasleen adinaren eta ikasleen adinaren artean izaten den aldeak. Nolanahi ere, ikertu egin beharko da praktikan hori guztia nola orekatzen ari den edo zer ñabardura egiten ari diren.
Dena den, eremu horren alderdi positiboak ere azpimarratu nahi nituzke. Lehenik eta behin, unibertsitateak prestakuntzarako irekitzen duen aukera bikaina, oso beharrezkoa baita gaur egun, kontuan hartuta emakumeek garai batean baino gutxiago parte hartzen dutela elkarteetan eta, izugarrizko informazio pila egonik eskuragarri, ezinbestekoa dela informazio hori antolatzea. Unibertsitate-ikasketek, beraz, aukera ematen dute prestakuntza orokorra lantzeko, baina baita askotariko gai eta ikuspegietan sakontzeko eta espezializatzeko ere. Bigarrenik, prestakuntza hori arlo profesionalean baliatzeko aukera zabal dezake. Eta hirugarrenik, alderdi positiboa da irakasleek eta ikasleek elkar aberasten dutela, haien esperientzia, ezagutza eta ikerlanaren bidez. Hori guztia kontuan hartuta, unibertsitatea funtsezko gunea da, gaur egun, ezagutza feministaren zirkuituak izendatu ditudan horietan.
Emakumeen Etxeak: aukera berrien sorrera
Etxe hauek Mugimendu Feministak betidanik izan duen aldarrikapen nagusiari erantzuten diote, espazio propioak eraikitzeari. Baina badira ere tokian tokiko emakumeen elkarteek ordura arte egindako lanaren aitortzarako lekuak.
Aurten eratu den Emakumeen Etxeen Sarearen[28] barne-dokumentu batek halaxe dio:
Emakumeen Etxeek, berdintasunaren bidean aurrera egiteko indarrak, proiektuak, borrokak eta ideiak batu nahi dituzte. Emakume elkarte eta talde feministak elkartzeko espazioa, emakumeentzako erreferentziazko gunea, baita bide horretan lagundu nahi duten ororentzat ere, espazio irekiak dira. Emakumeen etxeak emakumeentzako erreferentziazko espazioak dira: emakumeen jabekuntza sustatzea helburua dutenak, baita berdintasunaren aldeko tokiko politika publikoen erreferentzia direnak. Ondorioz, Emakumeen Etxeak tokiko politika feministak indartzera datoz.
Bertan, ekimen eta ekintza politiko oso ezberdinak garatzen dira: bilerak, koordinazioak, kanpainak, ikastaroak, mintegiak, erakusketak, antzerki edo musika-saioak... bestelako erakundeetan eskaintzen ez dituzten zerbitzuekin batera: genero- eta sexu-heziketa, eskubideen gaineko informazioa, aholkularitza juridikoa, babes soziala eta psikologikoa, besteak beste.
Baina antolatzen diren jarduera horien guztien artean, bereziki aipatzekoak dira jabekuntza- edo jabetze-eskoletan barnebiltzen direnak[29].
Euskal Herriko lehen jabekuntza-eskolak Bizkaian sortu ziren 2003an, zenbait udaletan berdintasun arloan lanean ari diren eta mugimendu feministarekin zuzeneko lotura duten berdintasun-teknikarien ekimenez[30]. Eskola horiek modu koordinatuan dihardute; gogoeta, prestakuntza eta topaketarako guneak dira; eta haiek bideratutako jardueretan ehunka emakumek parte hartzen dute urtean. Hain zuzen ere, eskolen helburua da emakumeen partaidetza politiko eta soziala sustatzea, politika publikoetan eragiteko modua izan dezaten.
Prestakuntza-programak oso zabalak dira, eta askotariko alderdiak lantzen dituzte, hala nola, jarduera espezifikoki feministak (prestakuntza teorikoa, irakurraldiak, eztabaidak...), emakumeen sektore batzuetan eragin berezia duten arazoei buruzko tailerrak (gizarte-trebetasunak, informatika, osasun-arazoak...) nahiz kultura-jarduerak (literatura, artea, antzerkia, zinema....).
Eskola horiek ibilbide laburra egin dute oraindik eta ez da egin horiei buruzko sakoneko ebaluaziorik. Hortaz, ez dakigu zenbaterainoko inpaktu erreala duten “ikasleen” bizitzan edo emakumeen egoera orokorrean. Baina iruditzen zait funtsezko guneak izan direla prestakuntza feministan jauzi kualitatiboa egiteko[31].
Emakumeen Etxeetara itzuliz, bertan, ezberdinak diren emakumeen arteko harremanak askoz ere zabalagoak eta askotarikoagoak dira (edo izan daitezke) unibertsitatean edo bestelako guneetan baino, eta orobat badute horizontalagoak izateko joera, egitura bera horizontalagoa den heinean. Etxea esparru ofizialaz kanpoko gune alternatibo bat izateak ere erraztu egiten du horizontaltasun hori. Halaz ere, gerta liteke, noski, balizko horizontaltasun horren azpian botere-erlazioak ezkutatzea.
Ahulguneen artean, halaber, bertan sortzen eta gertatzen den orok askozaz proiekzio mugatuagoa duela esango nuke, askozaz eragin gutxiago ezagutzaren sisteman.
Izaera konplexu eta askotarikoa eta egitura horizontalago hau abagune paregabea izan daiteke gaur egungo feminismoak dituen erronkak bideratzeko. Horrela konpentsatu baitaitezke, nire iritziz, beste toki askotan ditugun arriskuak, desorekak eta hierarkiak.
Beraz, Emakumeen Etxeak badira erronka eta aukera aldi berean.
ELKARTEEN DINAMIKAK,
METODOLOGIAK, EKINTZAK
Gaur, edozein elkartetan, helburuak eta agendak modu malguagoan zehazteko joera dagoela esan dut lehenago. Baina baieztapen horrek zenbait ñabardura behar ditu.
Urrun gelditzen dira denborak non ohikoa zen elkarte gehienok koordinatu eta ikasturte osorako aldarrikapenak, xedeak eta leloak finkatzea. Azken bi hamarkadotan izan ditugu ahalegin jarraitukoa eskatu diguten aldarrikapen komunak (zaintza-sistema publikoa edo abortuaren ingurukoak, esate baterako). Baina, oro har eta baterako ekintza mailan behintzat, ez dago horrenbeste aurreikuspenik.
Bestalde, diru-laguntza kultura batean bizi gara, eta elkarteek askoz lehenago pentsatu behar dute zer antolatu nahi duten epe ertainean. Gainera, instituzioek zehazten dute zer eta zertarako eska dezakegun finantzazioa, helburu nagusiak eta printzipio ideologiko zein kontzeptualak xedatuz, eta ez dugu ondo aztertuta zenbaterainoko eragina duen horrek mugimendu autonomoan.
Ekintza zehatzei dagokienez, irudipena dugu sormen maila altuagoa dugula orain lehen baino, ekintza aberatsagoak eta askotarikoagoak burutzen ditugula. Baina ideia horrek noraino du hiztegi-berritzetik eta memoria faltatik? Esate baterako, une honetan performance hitza hitzetik hortzera darabilgun ekintza mota hori arrunta zen 70/80/90eko hamarkadetan ere, sormenak gaindi egiten zigunean.
Metodologia parte-hartzaileen hedapena ere aipatu dut.
Ohikoa bihurtu da. Jardunaldi edo topaketa batean gaude eta, une batean, eztabaida dinamizatze aldera, metodologia horiek aplikatzen hasten gara, dinamika hori gidatzeko iaioa den pertsona edo kolektibo baten esanetara jarriz. Edo enpresa bat ere izan daiteke.
Aldez aurretik erabat finkatuta egon ohi diren prozedura horietan lehentasun osoa ematen zaie urrats zehatzak jarraitzeari (askotan, ariketa edo jolas modura planteatuta) eta talde txikitan biltzeari: bat-batekotasunari toki gutxi, dena ondo pentsatuta eta diseinatuta hasieratik amaieraraino.
Bada, arlo honetan ere badago, nire ustez, gogoetarako mamia.
Metodologiak metodologia, uste dut baiezta daitekeela modu horizontalean eztabaidatzeko kultura pobretzen ari dela, zientoka emakume barne hartzen zituzten asanbladetan antolatzeari utzi genionetik. Konstatazio bat baino ez da. Eta txirotze hori ez da konpentsatzen ari ez metodologia parte-hartzaileen bidez ezta sare sozialen bidez ere.
Egizue kontu iraganean maiztasun lotu baten barruan egiten zirela eztabaidak, eta gai berari buruz saio bat baino gehiago antolatzen zirela, herri eta auzoetako talde txikietatik Asanbladara eta alderantzizko joan-etorri askorekin, gaiaren pisua eta erabakien garrantziaren arabera.
Egia da partaide asko dituen Bilgune Feminista bezalako elkarte handietan, lehengo eztabaida-kultura hori mantentzeko parada dutela: emakume asko gai beraren inguruan behin baino gehiagotan aritzeko, gaietan sakontzeko aukera... Baina, oro har, ohitura hori galdu da eta sasi-eztabaidak egiten ditugu jardunaldi edo ekitaldietan gehienbat. Hots, itzuli askotako partaidetzan, sakoneko eztabaidan eta, larriagoa oraindik, guztion arteko erabakimenean galerak nabaritzen dira hein handi batean.
Ez nuke gura iraganaren idealizazioan jaustea, baina demokrazia kontzeptuaren adiera ezberdinez asko hitz egin arren, beldur naiz ez ote garen demokrazia metodologia/teknika huts bihurtzen ari, benetako partaidetza bermatu gabe.
INSTITUZIONALIZAZIOA ETA
PROFESIONALIZAZIOA
Orain arte aipatu ditudan gai guztietatik harago, badago denborarekin haziz joan den beste joera bat: feminismoaren espezializazioa, profesionalizazioa eta instituzionalizazioa. Eta maila batean, burokratizazioa.
Propio sorturiko lanpostuetan dauden profesionalen kopurua eta enplegu feminista zabaldu da. Espezializazioari eta proposamenen sakontasunari dagokienez ere gaur egungo oparotasuna azpimarragarria da.
Feministak (ia) nonahi daude: berdintasun-teknikari, lankidetza-teknikari, ikertzaile, irakasle, hezitzaile, mediku, abokatu, psikologo, mintegi eta eskoletako dinamizatzaile... zentro publiko, pribatu zein diruz lagundurikoetan, erakunde orokor edo berdintasun arlokoetan, gobernuz kanpoko erakundeetan, kooperatibetan, enpresa txikietan...
Feminismoaren hedapen profesional edo instituzional horrek mugimenduaren aberastasunaren eta gizartearen berdintasunaren alde egiten du, ezinbestekotzat jo dugu eta bultzatzen ari gara, ekimen feministetan konprometitzen diren kontratatuen egoera, sarri, prekarioa bada ere.
Non leudeke, bada, arriskuak?
Arriskuetako batzuk aipatzearren esango nuke, arestian adierazi bezala, espezializazioak badakarrela bere baitan jakinduriaren hierarkizazioaren eraikuntza bat: nortzuek dakiten eta nortzuek ez ongi zehaztuta gelditzen da, errealitatea horrelakoa izan ala ez.
Bigarren arrisku bat, soldata baten truke militatzeko prest daudenen eta ezer jaso gabe jarduten dutenen oreka deskonpentsatzen ari dela. Garai batean non enplegu feministarik ez zegoen edo gutxi zegoen, mugimendua musu-trukeko ekintzaileek osatzen zuten. Gaur egun ez da horrela eta elkarte autonomoetan ere badaude liberatuak.
Horrekin loturik, feminismoaren oenegizazioa[32] gertatu da (Zabala, 2008:34-35), herrialde edo testuinguru pobreetako emakumeekin dugun lotura hierarkizatuz, besteak beste.
Beste arrisku bat, langileen eta aktibisten arteko erritmo, jardueren eta aukeren balizko talka da, azkenean, mugimenduen ahultzea dakarrena, elkarte feministak “traba moduan” ikusita izateraino.
Profesionalak planak eta proiektuak diseinatzeko daude kontratatuta eta horretarako egokiro prestatuta. Lehen esan dudanez, Euskal Herri mailan dugun programen eta planen jorraketa ezin oparoagoa eta miresgarriagoa da. Ederto.
Baina, bat, plan horien diseinuan eta garapenean dena ez da teknika kontrolatzea, eta profesional/liberatuen eta beste eragileen arteko elkarlana eta atzera-elikadura funtsezkoak dira. Eta horretarako malgutasun osoa behar da alde guztietatik.
Bi, proiektuek ez dute arrakastarik izango elkarteetan edo herri mailan dagoen jendearekin kontatu ezean. Proiektu bat idatzita egotea ez baita, berez, politika feminista baterako berme bakarra: gizarte eragileen parte-hartzea eta borondate politiko zabala ezinbestekoak dira nahiz eta munduko planik onena diseinatu.
Beraz, erritmoak eta dinamikak harmonizatu beharko lirateke. Gainera, “paperak” dena onartzen badu ere, politika baten arrakastaren gakoa, nire ustez, osagai ezberdinen arteko oreka litzateke: plan teoriko bera, politika aplikatzen deneko testuingurua ondo ezagutzea, errealitatea aldatzeko koiuntura sozial aproposa egotea, eta prozesu horretan parte hartu behar duten eragileen mobilizazioa lortzea. Oreka hori gertatu ezean paperontzira edo tiraderara doa plana.
Eta, hiru, instituzio batean inplikatuta egoteak badakar ordezkari politikoek eta egiturak berak ezartzen dizkiguten mugei nahitaez doitzeko beharra. Aldi berean, boterea ematen dizu kaleko jendearen aurrean, botere gehiegi, agian. Eta horrek guztiak nork bere pentsamendu kritikoa pobretu dezake. Hori konpentsatzeko bide ezberdinak saia daitezke baina, nire iritziz, bat ezinbestekoa “kaleko” mugimenduarekin harreman estua mantentzea da.
Beste mota bateko arriskua lanpostuaren beraren iraupenarekin lotua legoke: noiz edo noiz enplegua edo lanpostua bera mantentzea helburu nagusia bihur daiteke eta ez hainbeste egindako lana baloratzea eta horren arabera beharrak (eta lanpostuak) zehaztea.
Nola konpentsatu arrisku horiek guztiak?
Noraino instituzioekin/instituzioetarako lan-egiteak lekua eta indarra kentzen dizkie herri-mugimenduei?
Horra erantzun barik ditugun galdera potoloak.
NORAINO DIRA BATERAGARRIAK
ERREFORMA ETA HAUSTURA?
Aurreko gaiari buelta bat gehiago emanez, 2017an baiezta daiteke politika feministan eta politika orokorrean ere, erreformak eta hausturak bateragarriak direla pentsatzera helduak garela, salbuespenak salbuespen. Praktikan behintzat horrela jarduten dugu, bateragarriak bailiran.
Baina hainbat erakundetan (udal, foru aldundi edo gobernuetan) egin duguna edo egiten ari garena ez dugu inondik inora sakonean ebaluatu.
Eta ez nau kezkatzen lanpostu edo erakunde propioak eratzeak, edo enfasia lege-aldaketetan, berdintasunerako planetan edo neurri administratibo-juridikoetan jartzeak. Kezkatzen nauena da noraino egitura horrek, askotan gu jabetu barik, elkarte feministen irakurketa/jarduera propioei gain hartzeko edota neutralizatzeko izan dezakeen ahalmena. Estatuaren egiturek mugimendu bat koaptatzeko duten indarra itzelekoa da-eta. Beraz, arrisku horien kontrako neurriak eta estrategiak ere asmatu eta indarrean jarri beharko genituzke.
Zertan gelditu dira azken urteetan egindako plan eta protokolo asko?
Planen bat aurrera ez doanean, hauteskundeak galtzeari edota gure kontra ari den partiduari egozten diegu, eta plan berri batzuk diseinatzeari ekiten diogu egindakoaren benetako azterketa sakona eta patxadatsua egin barik. Eta ebaluaketa egotekotan, horren emaitzak ez dira gizartearekin partekatzen. Eta hau ere beste arazo bat da.
Aldaketa sozialak fenomeno konplexuak dira, oso. Beste gauza askoren artean, motelak. Eta ez dira beti emakumeen alde gertatzen. Bertan parte hartzen duten faktoreak eta prozesuak askotarikoak dira, gainera. Gure programa, egitasmo eta eginkizunetan buru-belarri jarraitu behar dugu baina horrekin batera, nola edo hala, egiten ari garena erlatibizatuz.
EUSKARA ETA KULTURGINTZAREN
GOTORLEKUA
Antzematen diren transformazioen errepaso honekin bukatzeko, indartsu gailentzen ari den beste fenomeno bat komentatu nahi nuke. Lehenago hitz egin dut (euskarazko) iritzi-feminismoaren sorreraz, eta orain ideia hori osotu nahi dut.
Azken denboraldian, teoria/ikerketa/saiakera/iritzi feminista geroz eta gehiago lantzen ari da euskaraz. Iraganeko gaztelera/euskara desoreka bistakoa iraultzeko atarian geundeke, hein batean behintzat.
Lan dotorea egiten ari dira diziplina ezberdinetan hainbat ikertalde, hala nola, antropologian, soziologian, zientzia politikoetan... Eta euskarazko ekoizpen zientifikoa modu esponentzialean hazten ari da[33].
Kulturgintzako zenbait arlotako produkzioa ere deigarria da, eta horren gailurrean bertsolaritzan aspaldi hasi zuten kanporako eta barrurako prozesu kolektiboa. Nabarmentzekoa da euskalgintzaren eta feminismoaren artean mantentzen diren sinergiak eta berrelikadurak[34], non ezagunak diren Idurre Eskisabelek eta Lorea Agirrek planteaturiko ideiak.
Egunean-egunean, dozenaka emakumek artikuluak, liburuak, dokumentalak edo testuak argitaratzen dituzte prentsan, sare sozialetan edo ezein argitaletxe edo ekoiztetxetan; edo parte hartzen dute irratsaio edo telebistako saioetan.
Baditugu berariazko argitaletxe/bilduma feministak: Edo![35], Lisipe, Eskafandra.
Euskaraz.
Ez ditut profilak gogoko baina herritar aurrerakoiaren subjektua ezaugarritu beharko banu, orain eta hemen, feminista eta euskalduna izateko puntu asko dituen pertsona dela esango nuke.
Gazteleratik edo frantsesetik itzultzetik euskaraz sortzera eta idaztera pasatuak gara. Egiten ditugun jardunaldi feministetan ere euskarak gero eta presentzia handiagoa dauka, Gipuzkoan bereziki.
Ez hori bakarrik. Mundu intelektual eta artistikoan zenbait feminista batu eta agerraldi kolektiboak egiten ari dira, “agerraldi” hitzaren esanahi bikoitzean: presentzia eta inpaktua[36]. Eta horrek elite feminista berrien emergentzia ekarri du, horren efektu sinbolikoaz oraindik gutxi dakigula.
Bejondeigula.
Baina kontuz triunfalismoekin. Zuhur joka dezagun.
Gertakizun horien guztien eraginari inolako garrantzirik kendu gabe, esango nuke ispilatze efektu bat ere bizitzen ari garela.
Euskaldun guztiak ez dira feministak, ezta euskarazko komunikabideetako irakurle guztiak ere.
Komunikabideei dagokienez desoreka handi bat sortzen ari da gainera: euskarazkoetan gizarte osoa erretratatzen da, nola edo hala; baina badago mundu oso bat, emakumeei dagokiena eta ez dagokiena, gaztelerazko komunikabide boteretsuetan apenas sartzen dena. Ainhoa Etxaideren esaldi bat parafraseatuz[37] esan daiteke feministok apurtu ditugula euskarazko komunikabideen eta argitaletxeetako josturak. Eta harro gaude. Baina ez gaztelerazkoak.
Bizitza eta politika gure txikitik baloratzea, neurtzea, asmatzea... mundua gure neurrikoa dela pentsatzera garamatzan joerak baditu ondorio baikorrak baina ezkorrak ere bai: irakurketak, taktikak edo dena delakoak egoki ez planteatzearena. Aztergaia koadrotik kanpo gelditzeak baditu bere arriskuak.
Feminismoa, gero eta gehiago, euskaraz mintzo da, bai. Baina erronka handi bat dugu kulturari, hizkuntzari eta euskalgintzari begira, baita eskubide sozial eta ekonomikoei dagokienez ere. Erronka eta aukera berriro.
Aukera, beste herri mugimenduekin aliantzak egiteko, euskararen mugimenduarekin egiten ari garenez. Aukera, momentuz euskaraz hitz egiten ez dutenekin edo jatorria, adina, bizilekua edo dena delakoagatik inoiz egingo ez dutenekin nola jardun pentsatzeko. Konbentzituta bainago horretan ere eredu izan gaitezkeela.
Baina aukerarik zailena, nire ustez, Euskal Herrian, oro har eta emakumeen artean, dauden ezberdintasun sozio-ekonomikoen gaiari dagokio, horretan nola egin ez baita esan-eta-egin. Eta guaiak izatearen tentazioa hortxe dago beti.
Angela Davis-en etorrerak (eta Eskafandra eta Katakrak-en eskutik haren obra itzultzeak) genero, klase eta arrazaren arteko harremanen errealitatea jarri du berriro ere mahai gainean, feminismoaren gai eta kezka zaharra.
Mota horretako teoria konplexuen egokitzapenak egiteko ahaleginean bagaude ere, 80ko hamarkadan egiten ziren irakurketetatik harago joan beharko dugu, hiru faktore horiei bestelako batzuk ere gehituz: etnia/kultura/hizkuntza, sexualitatea, adina, nazionalitatea, ezintasun fisiko edo psikologikoa, erlijioa...
Eta nire ustez, gaur gaurkoz, erabat urrun gaude azpiratze faktore guzti-guztiak bai teorian bai praktikan elkarlotzetik. Klase-ezberdintasunak, adibidez, alde batera uztea erabat ohikoa da.
Elkarlotze orokor horrek (intersekzionaliteak, nahi baduzue, gaurko hitz bat erabilita) autokritika zorrotza eskatzen du: nondik nago hitz egiten, norentzat, noren izenean, noren alde...? Eta zailena erantzuteko: zeintzuk dira nire pribilegioak?
Gogoratu dezagun Michel Foucaultek (2003) proposatu zuen boterearen ideia zirkularra eta botere-posizio aldakorren planteamendua:
Boterea zirkulatzen duen zerbait legez aztertu behar da, katean bakarrik funtzionatzen duen zerbait. Ez dago inon, hemen edo han, ez dago inoiz batzuen eskuetan, ez da inoiz aberastasun edo ondasun legez jabetzen. Botereak funtzionatu egiten du. Boterea sarean gauzatzen da. (2003:34).
Bada, proposamen horretaz baliaturik, esan behar da hemen eta orain feministen artean sortzen ari diren hierarkia berriek euskararen alde egiten dutela. Eta hori egoera ezezagun bezain akuilagarria egiten zait niri behintzat.
Ezberdintze-faktore horiek guztiak barne hartzen dituen itun feminista berri baten beharra ikusten dut nik.
[15] Ikus Esteban (2015).
[16] Ikus: http://joxemizumalabe.eus/
[17] Gaur egun beste proiektu batzuk garatzen ari dira betiere helburu hauekin: Kolektiboen arteko gogoeta eta elkarlan estrategikoak sustatzea; aktibismo politikoa indartzeko transmisioa eta formazioa bultzatzea; topagune herrikoiak bultzatuz, jendarte eraldaketarako gogoeta eta debatea zabaltzea; eta beren eta gainerako kolektiboen barne funtzionamendua sendotzeko tresnak lantzea (http://joxemizumalabe.eus/nor-gara/)
[18] Arlo honetan Jule Goikoetxearen planteamendu bizkorgarriak nabarmendu behar dira.
[19] Atal hau “Euskal feminismoa eta ezagutzaren zirkuituak: mugimendua, unibertsitatea eta emakumeen etxea” (Esteban, 2015) artikuluaren atal baten bertsio gaurkotua da. Noiz edo noiz edukiak hitzez hitz sartzen baditut, ez dut letra etzana erabiliko irakurketa errazte aldera. Mila esker SIMREF eta HEGOAko editore izan diren Irantzu Mendia, Marta Luxan, Matxalen Legarreta, Gloria Guzmán, Iker Zirion eta Jokin Azpiazuri, edukiak hona ekartzeko baimena emateagatik.
[20] Gogoan dut, adibidez, zer-nolako eztabaida sutsuak sortu zituen Jo Freeman-ek idatzitako “La tiranía de la falta de estructuras” izeneko dokumentu batek, non mugimendu politikoen antolaketa dela-eta sortutako arazoez idazten zuen. Mundu osora zabaldu zen testu hura. Ikus: https://www.nodo50.org/mujeresred/feminismos-jo_freeman.html
Gogoan dut, halaber, irrikaz irakurri genituela osorik Simone de Beauvoirren memoriak.
[21] http://www.berria.eus/paperekoa/1955/019/001/2016-02-24/nigandik_hasita.htm
[22] http://www.berria.eus/paperekoa/1832/014/003/2016-07-17/konpromiso_kolektiboa_gugandik_jarraituz.htm
[23] Santiago López Petit filosofoak, publico.es egunkari digitalean Joan Carbonell-ek egin dion elkarrizketa batean, Estatu espainiarrean gertatzen ari diren politikaren aldaketen inguruan eta 15M mugimenduari buruz hizketan, aipatu du anonimotasunaren garrantzia: “El gesto radical de la ocupación de la plaza abre un espacio del anonimato. Me interesa remarcar que se trata de un espacio del anonimato, ya que esto es lo que se ha ido perdiendo en la ‘nueva política’”. Ikus: http://ctxt.es/es/20161026/Politica/9224/Entrevista-Santiago-Lopez-Petit-filosofia-Cataluna-CUP-Podemos-odiar-la-vida.htm
[24] Bilgune Feministak, 2014ko abenduan, Ondarroan antolatu zuen Emakume Abertzaleon VI. Topaketa eta gero, hainbat emakume lidergo feministen aukera berriez hausnartzen ari dira.
[25] Ikus plataforma horren ibilbidea kontatzen duen Izan Kolore dokumentala esteka honetan: http://goragasteiz.com/
[26] Atal hau ere “Euskal feminismoa eta ezagutzaren zirkuituak: mugimendua, unibertsitatea eta emakumeen etxea” (Esteban, 2015) artikuluaren atal baten bertsio gaurkotua da. Berriz ere, noizbehinka, edukiak hitzez hitz sartzen baditut ere, ez dut letra etzana erabiliko irakurketa errazte aldera.
[27] Euskal Herrian, udalerri gutxitan daude Emakumeen Etxeak, adiera hertsian, baina zabaltzen ari da gogoa beraiek sortzeko. Hala ere, leku askotan daude berdintasunerako arloak eta zerbitzuak, emakumeentzako jarduerak sustatzen dituztenak, jabekuntza-eskola modura nahiz bestela. Emakumeen Etxeez ari naizenean, beraz, aintzat hartzen ari naiz errealitate horiek guztiak.
[28] Sare honetan zortzi etxe biltzen dira: Arrasateko Emakume Txokoa, Azpeitiko Emakumeen Txokoa, Basauriko Marienea, Donostiako Emakumeen Etxea, Durangoko Andragunea, Eibarko Andretxea, Ermuko Emakumeen Topalekua (lehena, 2003an sortua) eta Ondarroako Etxelila.
[29] Liburu honen bigarren partean, botereari dagokion atalean, sakonduko dut ahalduntze kontzeptuan. Ezaguna denez, kontzeptu hau XX. mendeko 60ko hamarraldian hasi zen erabiltzen, Ameriketako Estatu Batuetan eta Latinoamerikan, afroamerikarren eta pobreen eskubideen aldeko borroketan. Baina 70eko hamarraldian hedatu eta sendotu zen, emakume mugimenduen eskutik. Kontzeptu horrek aurrez kontzientziazioari eta partaidetza sozio-politikoari buruz eman ohi ziren definizioak aberastu ditu, eta horietatik harago jo du. Izan ere, eskubide eta testuinguru politiko eta kulturalei erreferentzia egiteaz gainera, aldaketa zailtzen duten prozesu psikologiko, politiko, kognitibo eta ekonomikoak integratzeko xedea du (de León 1999:191). Ikus, halaber, Denman, Aranda eta Cornejo (1999).
[30] Eskola hauen sorreran paper nagusia izan zuten mugimendu feministako kide diren zenbait berdintasun-teknikarik: Anabel Sanz, Begoña Fernandez, Idoia Ehizmendi eta Rosa Baltar.
[31] Euskal Herriko ahalduntze-eskolen azterketa baterako, ikus: Fernandez Boga (2012).
[32] Edozein mugimendutan hautematen den fenomeno hau afektaturik dauden herritarrek berek kudeaturiko elkarteen kontra joango litzateke, Gobernuz Kanpoko Erakundeei (GKE) lekua lagaz, eta gizarte zibilaren despolitizazioa elikatuz.
[33] Azken urteetan zenbait artikulu-bilduma atera dira diziplina ezberdinetako edukiekin, hala nola: Álvarez, Amaia; Lasarte, Gema (ed.) (2012) Genero eta gorputza euskal literaturan eta kulturan. Castillo, Isa; Retolaza, Iratxe (koord.) (2013) Genero ariketak. Feminismoaren subjektuak. Aizpuru Joaristi, Alaitz; Altonaga Begoña, Bakarne (koord.) (2014) Diskurtsoak, eraikuntzak, gorputzak. Gorputzen eta binarismo sexualaren eraikuntzaz. Esteban, Mari Luz; Hernández García, Jone M. (2016) Etnografía feministak Euskal Herrian. XXI. mendera begira dagoen antropologia. Guillo, Miren (koord.) (2017) Festak, genero-harremanak eta feminismoa: begirada teoriko eta antropologikoak, praktika sortzaileak eta plazeraren kudeaketa kolektiboak.
[34] Ikus Onintza Irureta Azkunek, 2016an idatzi zuen “Feminismoa eta Euskalgintza. Bi borroken hurbilketa xumearen kontakizuna” artikuluan, xehetasun osoz deskribatu duen ibilbidea.
[35] Duela gutxi liburuak ateratzeari utzi dion argitaletxe honen aurkezpenean (http://argitaletxeaedo.org/zer-da-edo/) ez dago feminismoari aipamen zuzenik, baina uste dut esan daitekeela argitaletxe feminista izan dela.
[36] Azken Durangoko Azokan, Jakin eta Elkar-en elkarlanetik atera berri den Eskafandra bildumaren lehen liburuaren aurkezpenak sortu zuen ikusminaz eta oihartzunaz ari naiz, adibidez. Ikusgarria zen oholtza gainean zazpi neskafandrek (Lorea Agirre, Idurre Eskisabel, Amagoia Gurrutxaga, Ainara Lasa, Maialen Lujanbio, Eider Rodriguez eta Anari Alberdi), Danele Sarriugarte itzultzaileak eta Olatz Osa editoreak sortzen zuten irudia.
[37] 2016ko martxoaren 17an, Gasteizko Udalaren Berdintasun-Zerbitzuak antolaturiko “Las mujeres en el poder: oportunidades y contradicciones” mahai-inguruan esan zuen emakumeak dauden erakundeetako josturak leherrarazten ari direla.