Borroka armatua eta kartzelak
Borroka armatua eta kartzelak
2016, saiakera
128 orrialde
978-84-92468-87-4
editorea: Jule Goikoetxea
Oihana Etxebarrieta
1987, Hondarribia
 
Zuriñe Rodriguez
1988, Gasteiz
 
 

 

Hitzaurrea

 

Jule Goikoetxea

 

      Lisipe emakume gerlarien burua izan zen, gizonek gidatutako mundu ikuskera misogino baten aurka borrokatu ziren amazonen burua. Emakume marka daramagunon zokoratze amaigabea bermatu nahi duten pentsamendu, mekanismo eta egituren aurkako borroka armatua da emakumeon borroka. Armatuak doazenak, oro har, gizonak dira. Estatuak eta bankuak dituzte, su armak, arma kimikoak, enpresak, erakundeak, kartzelak eta justizia sistema. Gizonek gobernatzen dute guztia. Biolentzia, gatazka, armak, historia, kapitala eta protagonismoa. Eta gobernatu ezin dituzten emakumeak, erail egiten dituzte, kanporatu, iraindu, gutxiagotu. Baina badira armatuak doazen emakumeak ere. Patriarkatuaren aurkako borroka armatua humanitatearen borrokarik zaharrena, zailena eta interesgarriena dela erakusten diguten emakumeak.

      Esaera zahar afrikar batek dio lehoiek hitz egiten ikasten ez duten arte, historia ehiztariek idazten jarraituko dutela. Emakumeak mintzatzen hasten ez diren arte, alegia, estatuak eta bankuak gidatzen, su armak eta politika publikoak ekoizten, kartzelak eta justizia sistema taxutzen, gizartea eta mundua gobernatzen hasten ez diren arte, ehiztarien historia eta errealitatea bizitzen jarraituko dugu.

      Hau da lisipe bildumaren helburua: lehoiek hitza hartzea. Ahaztu gabe emakumeok ehiztariak baino bi aldiz azkarragoak izan behar dugula, ehiztariek lortzen dutenaren erdia lortzeko.

      Gizarte patriarkalean gatazka politikoa gizonek elkar akabatzen dutenean gertatzen da eta bakea edo normalizazioa gizonek elkar akabatzeari uzten diotenean.

      Izan ere, patriarkatuan emakumeen kontrako biolentzia da araua, eta normalizazioak zera esan nahi du: emakumearen mendekotasuna. Gizarte baketsu eta normal bat da gizarte bat non emakumezkoak otzanak eta esanekoak baitira eta gizonezkoek gobernatzen baitute. Sistema patriarkalean emakumeek eremu pribatua taxutzea da norma, emakume normala objektua, gorputza, naturala, partikularra, lizuna eta femeninoa da. Gerlariaren deskantsua, ama, emaztea edo puta. Eguneroko praktikak patriarkalak diren heinean, normalizazioa eta bakea emakumearentzat, eguneroko gatazka eta biolentzia jarraituan oinarritzen dira.

      Patriarkatuan, gizonen bakea emakumeon biolentzia da, halabeharrez.

      Borroka armatuaren eta errepresioaren diskurtso ofizial eta publiko-publikatuetan ez da patriarkatua aipatzen, alegia, emakumeok emakume izateagatik bizi dugun gatazka politikoak ez du izenik. Ez du izanik.

      lisipe bilduma irekiko duen lehen liburu honek argi azaltzen du gizonek monopolizatutako gatazketan emakumeok parte hartzeko, ama, puta, emazte edo zaintzaile-garbitzaile izan behar dugula.

      Horregatik, emakumea ez da gizonarekiko desberdina, esplotatua baizik. Gizona-emakumea diferentzia esplotazio mekanismo bat da, menderakuntzarako kategoria politikoa, beltza-zuria edo ugazaba-langilea bezalaxe. Horregatik da sistema patriarkaletan gizonen bakea emakumeen biolentzia. Sistema kapitalistan ugazabaren bakea langilearen biolentzia den bezalaxe.

      Euskal Herrian estatuaren aurkako borroka armatua egitera eraman zuten arrazoiak ez dira patriarkatuaren kontrako borroka armatua egitera daramaten arrazoiak baino legitimoagoak. Aldiz, patriarkatuaren aurkako borroka pedagogiaz eta kantuz armatu behar ei da, goxotasunez eta amatasunez, estatuaren eta kapitalismoaren aurkako borrokan ez bezala. Zuekin, jaun-andreok, Euskal Patriarkatua.

      Naturaren espazioa emakumeen espazioa da eta espazio publikoa kulturaren, arrazoiaren, politikaren eta legearen espazioa: berdinen eremua, gizonen tokia. Beraz, emakumea izaki ez-politikoa da. Aluarekin jaio eta emakume marka jartzen zaionetik politika egiten duten horiek zaintzera eta produzitzera kondenatua dago.

      Edo, bestela esanda, gatazka politikoa egiten duten horiek zaindu eta produzitzen ditu.

      Nolatan izango da gizon publikoaren gatazka, emakume pribatuaren gatazka? Alegia, noren gatazkaz ari gara euskal gatazka politikoaz aritzean?

      Ez gatazka armatuan, ez ezagutzan, ez medikuntzan, ez hedabideetan, ez justizian, ez gara subjektu nagusia inon; protagonismoa, politika, legea, eskubidea, historia, gizonena da. Kanporaketa sistematiko horri esaten zaio normaltasuna. Bake egoera.

      Beraz, noren bakeaz ari gara normalizazioaz mintzatzean?

      Emakumeek musu truk lan egitea, esklaboak bezala, edo gizonen lanegunaren bi halako egitea, gutxiago kobratuz, ez da gure herriaren gatazka politikoa. Horretarako, ez dago nazioarteko batzorderik, gizonen desarmatze prozesurik (alegia, botere guneetatik kanporatze prozesurik), ez dago Euskal Gobernuetan batzorde loteslerik: ez dago gatazka politikorik, normaltasuna soilik.

      Horregatik “gatazka politikoa” (gerra, biolentzia politikoa), gizonek elkar akabatu eta bortxatzen dutenean gertatzen da. Eta “bakea”, gizonek haien artean akordio bat lortzen dutenean.

      Ikuspuntu patriarkaletik, estatua ei da arerioa edo biolentzia gauzatzen duen erakunde multzo nagusia. Horregatik estatuaren aurka borrokatzen direnak gudariak dira. Aldiz, patriarkatuaren kontra borrokatzen garenok, putak, traidoreak, etsaiak, konbertsoak, burgesak edo espainolak gara. Ez euskal gudariak. Bada, hori bukatu da.