Esker onak
Lan prozesu honetan, modu batean edo bestean lagun askok hartu dute parte. Prozesu kolektiboa izan da eta horregatik eskerrak ematen hasi nahi genuen, neurri batean liburua haiena ere badelako.
Jule Goikoetxeari, lisipe bilduma sortzeagatik eta bildumaren lehengo alerako gugan pentsatzeagatik. Beldurrez eta ilusioz ekin genion erronkari eta lan prozesu guztian zehar zure animoak sentitu ditugu.
Irantzu Mendiari, liburuaren epilogoa idaztea eskatu eta segituan baietza emateagatik. Zure ekarpen teorikoak oso baliagarriak dira guretzat eta gatazka armatuak ikuspegi feminista batetik begiratzen erakutsi diguzu. Ohore handia da liburua zure hitzekin bukatzea.
Nola ez gure eskerrik beroenak haien bizi esperientziak eta sentimendu intimoenak gurekin partekatu dituztenentzat: Poti, Itsaso, Aitziber, Juli, Uxue, Laida, Jone, Isa, Onintze, Paula, Ihintza, Alaitz, Irantzu, Idurre, Argiñe, Lorea, Gotzon, Koldo eta Jurdan. Asko ikasi dugu zuekin eta prozesuan handitzen lagundu gaituzue. Ausardiaz, erresistentziaz eta plazerez josten dituzue zuen bizitzak. Memoria bizia zarete.
Euskarazko jardun eta analisi feminista egunero ahalbidetzen duzuenoi.
Eskerrik asko gure familia politikoari, lagunei, bizilagunei, militantzia kideei, maitaleei, lankideei, gure katuari, pisu-kideei... finean, alboan bizi zaren horri.
Euskal emakume borrokalari guztiei: presoei, politikariei, amei, ahizpei, neska-lagunei, zaintzaileei, itzalean egon direnei, militanteei...
Zuriñeren partez:
Potiri. Mila esker soineko femme horrekin Donostiako Antigua auzoko terraza pijo horretan ETAz, militantziaz, borroka armatuaz, sexuaz, Euskal Herriaz, feminismoaz, kartzelaz, antisorgailuez, erbesteaz eta frankismoaz zurekin solastatzeko aukera emateagatik. Bidean joan egin zara gudari bihurtu barik. Zenbat emakume joan dira berdin? Beste zenbati utziko diogu joaten?
Agur, ohore eta memoria!
Oihanaren partez:
Evari. Haize zirimola bat bezala sartu zinen gure bizitzetan, astindu gintuzun, barrez leherrarazi gaituzu, zurekin amestu, sortu, deseraiki dugu... Haize zirimolek egiten duten bezala agertu zinen eta liburuaren prozesu honetan joan egin zara. Baina zure astinduak beti jarraituko du gurekin. Eskerrik asko gure bizitzen parte izateagatik. Maite zaitut.