Borroka armatua eta kartzelak
Borroka armatua eta kartzelak
2016, saiakera
128 orrialde
978-84-92468-87-4
editorea: Jule Goikoetxea
Oihana Etxebarrieta
1987, Hondarribia
 
Zuriñe Rodriguez
1988, Gasteiz
 
 

 

Gatazkan bizi gara

 

Zuriñe Rodriguez Lara

 

      Bizitzaren balioa agertzen da, soilik, baldin eta baldintza batzuk badaude, eta, horien arabera, bizitzaren galerak garrantzia badauka. Beraz, heriotza baten ondorioz negar egiten da, soilik, baldin eta bizitza horrek axola badu. Bizitza batzuek bakarrik dakarte dolua: bizi izan diren bizitzek.

(Judith Butler, 2010)

 

      Gatazkan bizi gara. Gatazkez dugu gorpuztuta bizitza eta gatazkaren arrakaletan aurkitzen dugu geure burua, askotan, gorputz gatazkatsu disidenteok; ertzetan, bazterretan, iluntasunaren alde desiragarrian. Beste askotan, erdigunean korapilatzen gara eta bertan elkartzen, sarri, hain aurkakoa eta patriarkala den eremu horren boterea geureganatzen dugula. Badugu beste aukerarik? Badago gatazkarik gabeko lekurik? Hobeto esanda, interesatzen ote zaigu horrelako tokirik?

      Gatazkan bizirik irauten ikasi dugu; gainera, ongi mugitzen gara. Badakigu, ordea, batzuetan galdu egiten garela. Gatazkei esker hamaika erresistentzia asmatu ditugu, estrategia subertsiboz josi ditugu gorputzak eta disidentzia praktikatu dugu. Beste askotan, berriz, gatazketan arau izan gara, baita oso eroso sentitu ere normalak izanda. Gatazkek berek egin gaituzte feminista, eta bere egunerokotasunean praktikatu dugu sexua, barre algarak egin, haserretu, malkoak isuri, ikasi eta irakurri; eta, nola ez, militatu egin dugu, asko militatu dugu. Gehiegi akaso? Militantzia bera gatazkatsua baita, eta, askotan, gatazka zehatz batzuek —zeintzuek?— militatzera eraman gaituzte. Militantzia, halere, ez da gauza aseptikoa, ezta neutroa ere. Esan beharrik ez dago, militantzia harremanek osatzen dute; gizonen, emakumeen eta bestelako identitateen arteko harremanek, eta harremanetan boterea sortzen da, menderakuntza eta erresistentzia.

      Jakin badakigu gatazkak asko direla, baina liburu honetan gatazka zehatz batera —eta horren ondorioz sortzen diren beste gatazka askotara ere— bilduko dugu gogoa: gatazka armatura. Badaude herriak, gurea kasu, gatazka armatuan murgilduta bizi direnak, eta horrek eragin zuzena du jendarteetan. Gatazka armatuan dagoen herria ez da patriarkatutik at bizi, ez baitugu ezagutzen patriarkaturik gabeko herririk. Monique Wittig-ek esaten zuen bezala, “ez dago ihesbiderik, ez baitago lurralderik, ez Mississippiren beste ibaiertzik, ez eta Palestinarik edo Liberiarik ere, emakumeontzat” (1992). Beraz, emakumeok mendekoak izaten jarraitzen dugu baita gatazka armatuetan ere, sistema patriarkalak berak gatazka armatuetan bizirik irauten duelako.

      Halere, Monique Wittigen hitzei jarraituz: “Emakumeok egin dezakegun gauza bakarra geure baliabideen bitartez eustea da; iheslari, esklabo iheslari edo lesbiana gisa” (1992). Izan ere, gatazka armatuetan erresistentzia prozesuak ere gertatzen dira, eta, horietan, sistema patriarkala ahultzen da; hutsuneak sortzen dira eta emakumea den hori birdefinitzeko aukera askotarikoak irekitzen dira. Aukera horiek baliatu izan dituzte historikoki feminista askok, eta subertsiorako espazio bilakatu dituzte gatazka armatuko hainbat momentu eta leku. Gatazka armatua feminismotik irakurtzea gatazka armatuaren teoria egitea da.

      Horretaz gain, gainerako gizarteetan bigarren mailan edo, behintzat, ezkutuan mantentzen ditugun hainbat elementuk tarte handiagoa hartuko dute gure gizarteratze prozesuetan, eta protagonista bihurtuko dira. Horren adibide nabarmenetakoa da kartzela bera. Euskal Herrian, asko hitz egiten dugu kartzelaz. Gure intimitatean sartuta dagoen instituzioa da, eta askotan gurutzatu izan du gure gorputza, bai sinbolikoki, bai fisikoki.

      Gizartean jakitun gara sistema kapitalista-heteropatriarkalaren birika garrantzitsua dela gatazka armatu-politikoen ondoriozko kartzela, eta horri begira jarri dugu fokua pertsona eta agente askok. Kartzela aztertzen hasi garenean, gizartean gertatzen diren dinamika guztien lupa dela ikusi dugu. Bertan, beharrak, diskriminazioak, botere harremanak eta gizon-emakumeen arteko ezberdintasunak biderkatu egiten dira, eta, aldi berean, esperimentaziorako gune, norbanakoaren izaera garatzeko gune eta besteekin harreman ez-normatiboak eraikitzeko espazio ere bilakatu daitekeela ikusi eta ikasi dugu.

 

 

NORI EGITEN DIO NEGAR
EUSKAL HERRIAK?

 

      Euskal Herriko gatazka politiko armatua ulertu nahi badugu, osotasunean aztertu behar dugu. Sarreran aipatu dugun bezalaxe, gure bizitzako toki, une eta praktika asko busti ditu gatazkak. Hemen, kartzelan zentratuko gara, baina ez dugu kartzela bakarrik aztertuko. Kartzela eta emakume preso politikoen bizitza eta egoera gatazka armatu-politikoaren baitan ulertzeko, ezinbestekoa da gizonen, emakumeen eta beste identitateen arteko harremanak eta kokalekuak ulertzea. Izan ere, gorputz disidenteok ondorio larriak jasaten ditugu gatazka armatuetan, gizon eta gorputz normatiboek baino askoz ere ondorio larriagoak.

      Judith Butler filosofoak (2010) azaldu duen bezala, bizitza, oro har hartuta, zalantzan egoten da gatazka armatua duten eremuetan, berau galtzeko eta desagertzeko arrisku etengabea egoten baita. Beraz, galeraren continuuma sortzen da. Hau da, gorputz guztiak bilakatzen dira gudu-zelai, nonahi, eta bizitza segurua ez delako sentipenarekin bateratu behar izaten dira eguneroko zereginak; baita militantziako zereginak ere. Bizitzaren galeraren sentsazioarekin gauzatzen dugu askotan militantzia, eta, galera horrekiko beldurrean, tenkatu egiten dira genero harremanak.

      Zaurgarritasunak inoiz baino garrantzi handiagoa bereganatzen du espazio armatuetan. Zaurgarritasuna askoz ohikoagoa izango da, eta askoz naturalizatuagoa egongo, edo, behinik behin, horren gaineko kontzientzia handiagoa izango dugu, bake[1] egoeran dauden gizarteetan baino. Horregatik, gatazka armatuan murgilduta dagoen gizarteak bestelako harremana eraikiko du heriotzarekin. Heriotzaren bitartez eratuko dira harremanak, modu sinboliko zein errealean, eta praktika politiko nahiz intimoei txertatuko zaie dolua. Bizitza bat galtzen denean, edo galtzeko arriskua agertzen denean, doluak protagonismoa hartuko du, eta, doluaren bidez, negar egingo diogu bizitza horri. Alegia, gure bizitzako edozein espaziotan egongo dira dolua, mina eta negarra; hortaz, gure militantziara ere sartuko dugun errealitate eta prozesu politikoa izango da dolua. Hau da, gorputzak desagertzen direnean, doluaren beharra agertuko da, gorputz horien absentziari taldean negar egitekoa, eta negarra ekintza kolektiboaren errepertorio bat gehiago bihurtuko da.

      Begoña Aretxaga antropologoak militante abertzaleen hiletak aztertu ditu, eta heriotzak Euskal Herriko gatazka armatuan dituen presentzia eta garrantzia ikusi ditu. Egiaztatu ahal izan du berebiziko garrantzia eskuratu duen egitate eta gertakari sozial bihurtu dela politikak heriotzarekin duen harremana, euskal kultura abertzaleari dagokionez (1988: 23). Gorputz zehatz eta sexualizatu batzuek pairatzen dute heriotza. Sistema kapitalista heteropatriarkaletan bizitza guztiek balio bera ez dutela irakatsi digu teoria feministak (Pérez, 2014: 111); horregatik, modu berean baiezta dezakegu heriotza guztiek ere ez dutela balio berbera izango. Hots, gatazka armatuetan galderaren fokua aldatu beharra dago, eta Euskal Herriko gatazkan heriotza guztiak berdinak al diren galdetu beharko dugu. Bestela esanda, heriotza guztiek jasoko dute dolu bera? Edozein gorputzek merezi ditu dolua eta negarra? Erantzuna argia da: ez!

      Gorputz eta heriotza guztiak ez dira berdinak, ez dute dolu berbera jasoko eta ez dute garrantzi sozial eta politiko berbera izango. Alde batetik, dolua eta besteen negarra jasoko dituzten heriotzak daude, eta, bestetik, dolua egingo duten eta bizitzaren galerari negar egingo dioten gorputzak daude. Beste modu batera esanda, lehen mailako eta bigarren mailako gorputz militanteak egongo dira, eta militantzian parte hartzeko eskubiderik edukiko ez duten beste gorputz batzuk egongo dira. Denak egongo dira sexualizatuta, eta publiko-pribatu dikotomiaren arauetan eutsiko zaio horien zatiketari. Hau da, gizonak izango dira batez ere dolua jasoko duten gorputzak, eta emakumeak gorputz horiei dolua egingo dieten subjektuak. Zergatik, ordea? Gatazka armatuan ikusgarritasun handiena izan duten gorputzen heriotzek eskuratuko dute balio handiena; hots, espazio publikoan borroka egin duten eta eztabaida politikoan parte hartu duten horien heriotzek. Ikusezinagoak izan diren gorputzen heriotzek, berriz, balio sozial txikiagoa izango dute; alegia, borroka armatuaren eta eztabaida politikoaren alderdi ezkutuan egon direnen heriotzek ez dute besteek adinako balioa erdietsiko.

      Halere, nahiz eta gatazka armatuetan emakumeen heriotzek gizonen heriotzek adinako baliorik izan ez, salbuespenak daude. Euskal Herriko kasuan, hainbat gizon eta emakume hil dira errepidean sakabanaketa politikaren ondorioz, heien lagun edo senitarteko presoak bisitatzera zihoazenean. Errepideetako istripuetan galdu dute bizitza. Haien gorputzak desagertu egin dira. Jada ez daude. Gatazkaren ondoriozko bizitza-galerak dira horiek.

      Hamasei lagun hil dira sakabanaketaren ondorioz errepideetan, eta horietatik zazpi emakumeak izan dira[2], ia erdia. Heriotza horiek, modu sinbolikoan, militanteen sostengurako lan emozionalak egin dituzten gorputzak izan dira; hau da, presoak bisitatu, laztandu, animatu, maitatu edo zaindu dituzten gorputzak. Edozein jendartetan jotzen dira lan horiek ez-politikotzat, eremu pribatuan, etxean eta aisialdian egin beharrekotzat, ezkutukotzat. Militantea preso bihurtzen denean, etxea (eremu pribatu eta ezkutuko hori) partekatzeko aukera desagertzen da, eta zaintza eta sostengua ikusarazteko aukera irekitzen. Horrela, publikoak bilakatzen dira zaintza eta sostengu lanak, agerian jartzen direnak. Adibidez, herrian badakite preso jakin bat bisitatuko duzula larunbatean, eta animoak ematera eta berarekin barre edo negar egitera joango zarela. Publiko bihurtu da barneko kontu pribatutzat hartu izan dugun hori.

      Errepideko istripuetan galdutako gorputzak militantea zaintzeko eta sostengatzeko pentsatutako gorputzak dira, berez, gatazka armatuetan nagusi diren logika patriarkalen arabera, negarrik jaso behar ez luketen gorputzak, negar egiteko baitaude pentsatuta. Kartzelaren eta dispertsioaren ondorioz, ordea, gorputz publiko bihurtzen dira (senitarteko eta lagun presoak izango dira gorputz pribatuak, gatibu daude-eta), eta, beraz, negarra jaso dezaketen gorputz bihurtzen dira, axola duten gorputzak, eta, militanteak ez izan arren, gogoratzea merezi duten gorputzak.

      Botereak sexualizatutako eta zeharkatutako bizitza dago jokoan; bizitzari egiten diogu negar, eta balio politikoa eman. Jakina, bizitzak eta bizitzak daude. Gatazkaren erdigunean bizitzaren balioa jartzeak, konfrontazio-eremu gisara, bizitzaren zaurgarritasunetik bertatik hitz egitea ahalbidetzen digu, baina baita horren ahalmen eta erresistentziatik hitz egitea ere.

      Ildo horretan, adibide eredugarri gisa, Basque lives matter! (Euskal bizitzek ere axola dute[3]) kanpaina ekarri nahi genuke orriotara. Horren bidez, lehenbiziko aldiz aldatu da diskurtsoaren fokua, eta militanteez mintzatu beharrean (gure iruditegiak, gehienbat, gizonezko bezala deskodetzen duen kontzeptua izaki), axola duten bizitzez hitz egiten da. Termino sinboliko edo errealetan, bizitzaren galera horrek zabaltzen dio atea negarrari, eta ez du generoak eta horrek ordena sozialean duen kokalekuak ezarriko nork egin behar duen negar eta nori egin behar zaion negar. Kanpaina horrek marko diskurtsiboa aldatu du, euskal herritarren bizitzak jarri baitira erdigunean, eta ez euskal gizon militanteen bizitzak soilik.

 

 

FULL-TIMEKO GIZON PUBLIKO MILITANTEA
VS. FULL-TIMEKO EMAKUME
PRIBATU ZAINTZAILEA

 

      Gatazka armatuetan, gizartea bitan egongo da banatuta; gizonak alde batean egongo dira eta emakumeak bestean. Hots, produkzioa eta erreprodukzioa edota alde publikoa eta pribatua bezalako binomioak sortuko dira. Binomioaren atal bati hegemonia, unibertsaltasuna eta menderatzaile izatea esleituko zaizkio; bestea, ordea, hegemoniaren, unibertsaltasunaren eta menderatzaile izatearen aurkakotzat hartuko da. Gizonak pertsona eta militante unibertsalak izango dira; emakumeok, ostera, gizona ez den hori guztia izango gara. Bada, gizona publikoa, produktiboa, subjektua, arrazionala eta maskulinoa izango da; emakumea, berriz, pribatua, erreproduktiboa, objektua, irrazionala eta femeninoa. Zatiketa horretan, gizona da publikoa eta emakumea pribatua; gizona ikus daitekeen hori eta emakumea ezkutatu beharreko beste hori. Gizona gudaria izango da. Eta emakumea?

      Atal publikoan, gainera, boterea, prestigioa eta politika egongo dira; atal pribatuan, aldiz, menderakuntza, ospe galera eta kultura. Nola ez, gizonak publikotasunean egoteko hezten dira, eta publikotasuneko ezaugarri guztiak ikasiko eta praktikatuko dituzte (produkzioa, espazioaren okupazioa, politika, diskurtsoa, arrazionaltasuna...). Emakumeok, ordea, esparru pribatuan —gizonak ez dauden espazio horretan— egoteko heziko gaituzte, eta pribatutasunaren logikak ikasiko eta praktikatuko ditugu (erreprodukzioa, diskrezioa, kultura, sentimenduak...).

      Gatazka armatuetan, borroka eta eztabaida politikoa espazio publikoan egingo dira oro har, hau da, gizonen berezko espazio horretan; beraz, eurak izango dira protagonista hegemonikoak. Espazio publikoa, bertan gatazka armatua egoteaz gain, gizontasuna garatzeko eta maskulinitatearen erakustaldia egiteko agertoki sinboliko bihurtuko da. Gizon zehatz eta gutxi batzuek —terroristak batzuentzat, gudariak besteentzat— osatuko dute gatazka. Bestalde, beste gizon zehatz batzuen aurka egingo dute borroka armatu zein politikoa.

      Gainera, gatazka armatuetan, Irantzu Mendia (2014) soziologo feministak argudiatu duen bezala, generoen arteko ezberdintasunak polarizatzen eta tenkatzen dira eta, ondorioz, askoz hermetikoagoa izango da gizon-emakume kategoria politikoa. Hau da, gatazka armatuetan gizonak zein emakumeak ekoizten ditugunean, bake egoeran dagoen jendartean baino ezaugarri gehiago esleitzen dizkiegu gorputz horiei. Gatazka armatuan genero estereotipoak eta gatazka estereotipoak uztartu beharko dira askoz ere konplexuagoa bihurtuz sexualizazio prozesua (gizon eta emakumeen fabrikazioa). Konplexutasun horren baitan, bestelako elementuak sartuko dira jokoan. Horiekin, bikoiztu egingo dira estereotipoak eta kategoriak, eta are hermetikoagoak eta bereiziagoak izango dira emakume izatearen eta gizon izatearen arteko desberdintasunak, balizko bake egoeran dagoen jendartean baino. Besteak beste, indarkeriarekin, militarismoarekin, errepresioarekin, klandestinitatearekin, doluarekin edota minarekin zerikusia duten kategoriak sartuko dira jokoan. Esaterako, Euskal Herriko gatazka armatuan pentsatzen dugunean, kategoria edo hitz gako batzuk mobilizatzen ditugu: ETA, Estatu espainiarra, Guardia Zibila, biktimak, tortura. Kategoria horiek ez dira ez neutroak, ez unibertsalak; hots, sexua edukiko dute eta generoetako bati esleituko zaio kategoria bakoitza errepikatzeko erantzukizuna, estereotipoa sortuz horrengan eta modu zehatz bateko izaera edukitzera behartuz.

      Oso antzeko prozesua gertatzen da kartzelarekin. Era sinbolikoan, feminitate eta maskulinitate normatiboa ezartzeko dispositiboa da. Elisabet Almedak (2002) emakume presoen kondena bikoitzaren ideiaren bitartez ikusarazi du egitate hori. Bere ustean, bi zeregin betetzen dituzte emakumeen espetxeek. Batetik, arau penala bete ez duten emakumeak zigortzen ditu eta, bestetik, kondena ezartzen die, moralaren gordetzailea den emakumearen rola hausteagatik. Kartzelan, gizarteak “emakume txartzat” hartzen dituen emakumeak egongo dira, beren generoari esleitu dizkioten arauak apurtu dituztenak, alegia. Gizonen kartzeletan, ordea, zigor kodea urratzeagatik bakarrik zigortzen dituzte.

      Espetxeko espazioaren banaketan erraz ikus dezakegu esandakoa (aurrerago sakonduko dugu gai hori). Esaterako, kiroldegiak gizonen espetxeetan egoten dira batik bat, haiek baitira kirola egiteko beharra izango duten bakarrak. Kirola emakumeen kontua ez dela esaten ari zaizkigu horren bitartez... Madrilgo Soto del Realen gizonek kaxa elektrikoak fabrikatzen dituzten bitartean, Valentziako Picassent-eko emakumeen moduluetan jostunak izaten ikasten dute.

      Horregatik, bai gatazka armatuan, bai kartzelan, feminitate eta maskulinitate hegemonikoak blindatzeko saiakera egiten da. Gizonak gizonago izatera behartuta daude, maskulinoagoak eta harroagoak izatera. Aldiz, emakumeak emakumeago eta femeninoago izatera bideratuko dira. Generoen polarizazioaz gain, genero bakoitza —bi besterik ez dira egongo— monokromatikoa izango da. Gizon eta emakume izateko modu bakarra dagoela dirudi, eta oso modu zorrotzean gainera.

      Blindaje horretan, gizon publikoaren eta emakume pribatuaren kategoriak askoz ere gehiago polarizatuko dira; zentzu batean, kategoria bateraezinak izanda, baina, beste zentzu batean, bateragarri bihurtuta. Hau da, emakume hermetiko hori pribatua den heinean ezin izango da, inolaz ere, publikotasunean egon (bateraezina), gizon hermetikoa egongo delako hor. Halere, atal publikoa egon dadin atal pribatuak egon behar du; hau da, gizon publikoa existitu dadin, emakume pribatuak egon beharko du. Gainera, gatazka armatu eta politikoak ez du etenik izango, hogeita lau orduko borroka material eta sinbolikoa izango da; beraz, gizon publikoek full-timeko militanteak izan beharko dute, borrokarako prest beti. Horretarako, beste gorputz batzuek —full-timeko emakume pribatuek— egon beharko dute haiek elikatzen, janzten eta haien arropa garbitzen; une oro eztabaidarako eta borrokarako prestatzen, alegia. Horregatik, gizonak maitatuta, laztanduta eta bihotz arinduta ailegatzen dira, gehienetan, espazio publiko militantera.

      Alabaina, gatazka armatuetan inoiz baino bateragarriagoak izaten dira gizon-emakume kategoriak, inoiz baino beharrezkoagoa baita euren artean elkartzea. Araubide heterosexualaren indartze prozesua gatazka armatuan murgildutako jendarteetan ere gertatuko da. Hau da, batetik, gizon eta emakume ugari fabrikatuko ditu eta, bestetik, sailean ekoitziko ditu heterosexualak.

      Gainera, gorputz disidenteak ez dira kontuan hartuko, ez dira iruditerietan egongo eta ez da horientzako lekurik izango. Seguru asko, ez gara gai izango gure imajinario kolektibotik aniztasun funtzionala duen edota homosexuala den gizon militante baten irudia eta izena berreskuratzeko. Gaitasun are txikiagoa izango dugu saiakera hori bera halaxe diagnostikatutako emakumearen gorputzarekin eta izenarekin egiten badugu. Ia ezinezkoa gertatuko zaigu. Gorputz intsumisoak eta arauari ihes egiten dioten identitateak ikusezin bihurtzeko mekanismo izatetik harago doa ezintasun hori. Erantsitako mekanismoa da; bai, behintzat, gatazka publiko armatuko parte hartze politikoari dagokionez, xedetzat baitu gorputz horiek borroka armatu politikotik kanporatzea. Feminitate eta maskulinitate hegemonikoa zorrotz blindatuko direla ziurtatzeko egiten da kanporatze hori, eta, nola ez, erregimen heterosexuala egonkortuko dela bermatzeko; izan ere, identitate gogaikarri horiek zalantzan jartzen dute gorputzek gatazka armatuan duten antolaketa. Dena dela, gorputz eta identitate deserosoak egon bagaude, eta iraultzeko nahiz irauteko erresistentziak garatzen ditugu.

      Emakume askok subertsiorako espazio bilakatu izan dituzte euren espetxealdia eta gatazka armatuan izan duten parte hartze politikoa; maitasun harreman edo sexu praktika berri eta eraldatzaileak bizitzeko gune bihurtuz horiek, batetik, edota kontzientzia kritikoa eta artikulazio feminista garatzeko, bestetik. Zentzu horretan, emakume askori kartzelak ahalbidetu die lesbianismoarekiko lehenengo hartu-emana izatea. Frankismo garaian eta frankismo osteko urteetan, kartzelan egondako hainbat emakume preso politikoren solasaldietan, kartzela harreman lesbikoak ezagutzeko lehenengo gune bihurtu zela ikus daiteke, ordura arte ez baitzuten bi emakumeren arteko maitasuna edo desio praktika ikusteko aukerarik izan.

      Gizarte frankista eta postfrankista kode sexual oso kontserbadore eta misoginoan zegoen oinarrituta (Nash, 2013); beraz, oso zaila zen bi lesbiana kalean musuka ikustea. Imajinario kolektiboan lesbianak ez ziren existitzen. Heterosexualitatearen diktadura erabateko araua zen. Kartzelak praktika hori ikustea ahalbidetzen zuen, eta, askorentzat, euren iruditerian praktika lesbikoak sartzeko eta naturalizatzeko estrategia izan zen kartzela bera. Horixe izan zen Yeserias kartzelan preso egon zen Jone emakume militantearen kasua.

      Egon naiz kartzelan eta emakume asko enrollatu dira nire aurrean [...] Oroitzen naiz Don Josez. Maria Jose deitzen zen, baina gero jakin nuen emakumea zela. Eta esan zidan: “joder, chorba, que polvo tienes”. Nirekin ligatu nahi zuen. Nik banituen lagunak lesbianak zirenak, baina horrela esanda inork ez zidan hitz egin. Don Jose hori zen la jefa del cotarro. Bazuen putiklub bat kartzela barruan. Horrek eramaten zituen galtzontziloak eta dena. (Jone)

      Iruditegi lesbikoa garatzeko laborategia ez ezik, norbanakoaren desio lesbikoa garatzeko gune subertsibo ere bihurtu zuten batzuek kartzela. Ezarritako heterosexualitatea apurtzea posible eta desiragarria zela ikusi zuten, eta lesbianismoa praktikatzera igaro ziren.

      Harremana zegoen Komando Autonomoetako bi neskaren artean, eta lasaitasuna, naturaltasuna eta elkar ukitzeko jarrera zegoen. Une hartan, harreman lesbikoek beldurra ematen ziguten oraindik, miatu gabeko lurraldea ziren. Orduan, emakume batzuenganako erakarpena sentitzen hasi nintzen; bi emakumerekin eduki nituen harreman lesbikoak; horietako bat kartzelan ezagutu nuen. (Laida)

      Kartzelaz gain, militantzian ere erresistentziarako arrakalak topatu zituzten emakume militante askok. Frankismo garaian, Iparraldean erbesteratuta egotea askatasun gune bihurtu zuten emakume militante feminista askok. Etxetik urrun eta itzultzeko aukerarik gabe egoteagatik gizon eta emakume askok erbestean jasaten duten min sentipenaren aurrean, emakume batzuen kasuan, min hori urtu egiten da eta askatasun zein plazer sentimenduarekin nahasten, hain zuzen ere, familiarengandik urrun egoteagatik. Gurasoen etxetik ateratzeko aukera dakar erbesteak, eta askatasun momentutzat hartu zuten askok, gurasoen etxea aurkako eremu errepresiboa baitzen askorentzat.

      Jule Goikoetxea filosofoak azaltzen duen bezala, familia, gure gizarteko oinarrizko unitatea izateaz gain, esplotaziorako gune pribilegiatua ere bada, eta indarkeriazko mekanismo asko ezartzen dira instituzio horri eusteko: baldintzarik gabeko zaintza, amatasunaren gorespena, emakumeek etxean egiten duten doako lana eta abar (2015). Gainera, frankismoan familia heterosexual, katoliko eta erreproduktiboan sostengatzen zen erregimeneko diskurtso ofizialista. Horregatik, familia kartzela bihurtzen zen/da emakume batzuentzat; urrun eduki beharreko gune esplotatzailea. Marcela Lagarde mexikarrak emakumeen gatibutasunaz hitz egitea proposatu digu. Sistema heteropatriarkalak bizi-kartzelak sortzen ditu emakumeen egunerokotasunean, ideia menderatzailean horrela hartzen ez direnak, bizi eta babes eremutzat jotzen baitira; baina, funtsean, emakumeen bizitza baldintzatzen duten kartzelek bezala funtzionatzen dute, emakumeen autonomia kontrolatzen baitute eta euren askatasuna kentzen (2011: 640). Kartzela horietako bat, besteak beste, familia da. Horregatik, erbestera joatea guztiz askatzailea eta subertsiboa izan zen emakume militante batzuentzat.

      ETA politiko-militarrean aktiboki parte hartu zuten Poti eta Aitziberren kasua da horixe. Potiren kasuan, Iparraldeak askatasuna, autonomia eta zoriona ekarri zizkion. Etxe propioa segurtatu zuen, eta horrela egiturazko indarkeria horretatik urrundu zen. Horretarako, lana eta autonomia ekonomikoa eskuratzen saiatu zen, eta, horrela, familia tradizionalaren ideia (gizona / emakumea / seme-alabak) indargabetu zuen erbestean. Aitziberren kasuan, gainera, argi ikus daiteke gizonek, erbestean ere, beren pribilegio patriarkalari heltzen segitzen dutela, berdinak izan behar luketen horiek —emakume borrokalariak— euren esklabo bihurtu nahi izaten baitituzte. Horregatik, emakumeentzat ez da familia biologikoa izango indarkeriaren instituzio bakarra, euren familia politiko eta militanteak ere horrelaxe jarduten du-eta. Familia politikoen kartzelaz eta gizon kartzelazainen erantzukizunaz hitz egin behar genuke. Gizon militante publiko ezkertiar independentista horiek, askotan, emakumeen independentzia oztopatzen zuten; haientzat askoz funtzionalagoa zelako emakume pribatu bat jabetzapean edukitzea, eurek, bitartean, borroka publiko eta armatua egin zezaten.

      Erbestean, batez ere, gizonekin bizi behar izaten zenuen. Une batean, nik ez nuen gizonekin bizi nahi jada, ez nuen nahi, ikaragarria zelako. Ezin hobeto bizi ziren eta guztiaz aprobetxatzen saiatzen ziren, ezta? Orduan, ez nituen onartzen. Beste neska batekin bizitzea lortu nuen momentu batean, eta pisu bat lortu genuen, bi neska geunden pisu bat. (Aitziber)

      Virginia Woolf-en norberaren gelari buruzko ideiak duen gaurkotasuna ikus dezakegu emakume horien testigantzetan. Emakumeek, aske izateko, gela bat —Potiren kasuan pisu bat eta Aitziberrenean emakumeekin bizitzea— eta autonomia ekonomikoa behar dituztela aldarrikatzen zuen Woolfek (1929; 2014an euskaratua). Gutxieneko horiekin, emakumeak bere ahalduntze prozesua hasteko eta garatzeko oinarriak jar ditzake. Egia da militantzia mistoa oztopoz josita dagoela emakumeentzat; baina, agentzian jartzen badugu arreta, militantzia norberaren gela eskuratzeko leku aproposa izan daiteke, eta, behin gela izanda, plazerak esperimentatzeko tarteak irekitzen dira nonahi.

      Argi nuen bakarrik bizi nahi nuela, eta ez erakundeko gizonekin. Bada, lana topatu nuen eta etxe bat alokatu. Hura nire etxea zen, kontratua nire izenean zegoen, eta telefonoa nuen! Antisorgailuak aurkitu nituen, eta inolako arazorik gabe erosten nituen. Frantziara joatea askapena zen. Aire freskoa zen farmaziara pilulak edo kondoiak eskatzera joan ahal izatea, eta gero etxera igotzea gogoak emandako horrekin. (Poti)

      Familia politiko zein biologikoen espetxeaz gain, herria ere kaiola handia izan da emakume militante abertzale eta feminista batzuentzat. Herriak emakumeei eskaintzen zizkien/dizkien aukerak eta etorkizuna guztiz errepresiboak ziren/dira, feminitate normatiboaren erreprodukzio fidela eta bakarra.

      Katxondeoz beti esaten nuen que yo me metí terrorista para no limpiar la casa, herriko etxekoandreek ikara ematen zidaten, igandeetan plazan dantzan, gero, bi ume buru handi xamarrak zaindu, gero gizona partida jokatzen eta futbola irratian. Eta zuk guapa-guapa egon behar duzu, con faldas de tubo. (Itsaso)

      Erbestea ahalduntzeko eta emakumeen arteko sareak josteko baliatu izan zuten emakume askok; eta nazioarteko militantzian aritu zirenek kontzientzia feminista artikulatzeko erabili zuten. 60ko, 70eko eta 80ko hamarkadetan hainbat militante bidali zituzten Europako beste herrialde batzuetara, eta hango mugimendu feministak ezagutzeko aprobetxatu zuten. Emakume militante askok baliatu zuten Europako egonaldia, mugimendu feminista hasi berri baitzegoen, feminismoaz blaitzeko eta mugimendu feminista artikulatzeko. Garai hura hasi arte, militantzia gizonez inguratuta egitera ikusi zuten behartuta beraien burua; une hartan, ordea, beste emakume batzuen erreferentziak aurkitzeko aukera ireki zitzaien. Emakumetasunaren aniztasunaz, borrokaren alde alaitsuaz, emakumeen arteko amodioaz eta sexu aukerez ikasi eta esperimentatu zuten askok, eta horiekin estrategia berriak ikasi zituzten, borroka hegemonikoaren gogortasuna baretzeko lagungarri egin zitzaizkienak.

      Parisen egon nintzen. Han, feminismoa eta borroka jaia ziren, emakume lesbiana pila bat zegoen, eta guretzat, beste zerbait zen, gure erakundearen barruan ez zegoen bat ere ez... Baina Parisen ezberdina zen, oso ikusgarria zen. Feminismoaren eferbeszentzia zoragarria zegoen. (Isa)

      Feminismoa ezagutzea emakume batzuek erabili zuten estrategia izateaz gain, feminismoa beren bizitzaren salbagerriko bihurtu zela aldarrikatzen dute. Behin ezagututa, bizitza eta egunerokotasuna aldatzen direla sentitu dute.

      Belgikara joan ginen. Militantzia feminista edukitzen hasi nintzen, autodefentsa taldeetan, tratu txarrak jasaten dituzten emakumeei lagunduz, abortuarekin lagunduz... Emakume batek honakoa esan zidan: “ez duzu ezer egiterik, inoiz ez dizkigute emango espazioak, hortik guzti horretatik atera behar da eta mugimendu feministara sartu”, eta ikaragarria iruditu zitzaidan. Une hartan ez nion kasurik egin, baina handik bi urtera bai. [...]. Feminismoak salbatu nau hortik guztitik. Bizitzan gertatu zaidan guztiarekin bizirik atera banaiz, oso gauza gogorrak izan baitira, feminismoari esker izan da. Indarra eman dit, ideologia eman dit, neure burua babesteko armak eman dizkit; armak tresna zentzuan... Feminismorik gabe ezin dezaket nire bizitza ulertu. (Uxue)

 

  [1] Letra etzanez jarri dugu bake hitza, bakearen definizioaren hutsuneetan sakonduko dugulako aurrerago.

  [2] Rosa eta Arantza Amezaga (1982-09-29), Pilar Arsuaga (1990-07-01), Mari Karmen Salbide (1999-04-03), Sara Fernandez (2003), Karmele Solaguren (2004) eta Natividad Junko (2007).

  [3] Berria egunkarian argitaratuta. http://www.berria.eus/paperekoa/1832/024/001/2016-05-14/euskal_bizitzek_ere_axola_dute.htm