Borroka armatua eta kartzelak
Borroka armatua eta kartzelak
2016, saiakera
128 orrialde
978-84-92468-87-4
editorea: Jule Goikoetxea
Oihana Etxebarrieta
1987, Hondarribia
 
Zuriñe Rodriguez
1988, Gasteiz
 
 

 

Gatazka armatua da
gure gatazka bakarra?

 

Plazerez hil nahi duzu odolez zikindu gabe.

(Erractus: Tractatus, “Gure artean” poema)

 

      Euskal Herriko gatazka armatuan, kartzela hegemonikoaz aparte, familia eta herria ere emakumeen espetxea izan dira (kuadrillaz ere asko hitz egin genezake). Argi dugu patriarkatua emakumeen kaiola dela. Orduan, noiz bizi gara bakean? Ba al dago bakerik? Zeri buruz ari gara bakeaz hitz egiten dugunean? Gatazkaren amaiera eta konponbidea dira bakea? Noren bakea? Noren indarkeria? Gatazka armatuetan, bakea vs. indarkeria binomioa indartzen eta polarizatzen da. Edozein gizartetan dago bakea vs. indarkeria binomioa, baina gatazka armatuetan indartu egiten da, eta protagonismo handiagoa hartzen du. Gatazka armatua bizi duen herriak indarkeria politizatzen du, eta, aldi berean, indarkeriaren normalizaziorako dispositiboak sortzen ditu. Hori bai, gatazka armatuarekin zuzeneko lotura duten indarkeria motak politizatuko ditu, baina egiturazkoak diren beste indarkeria guztiak ez ditu nahitaez politizatuko edota eztabaida politikoan txertatuko.

      Jule Goikoetxeak arrisku handia ikusten du normalizazio prozesu horien atzean. Prozesu horien bitartez, indarkeria batzuk (hegemonikoak) normalizatu egiten dira, eta beste batzuk (subalternotasunetik egiten direnak) neutralizatu (2015). Neutralizazio horren ondorioz, subalternotzat hartu izan ditugu beste biolentzia guztiak. Horregatik, gizarte gatazkatsu heteropatriarkalak subalternotasunean kokatuko du emakumeok pairatzen dugun indarkeria. Halere, aipatu beharra dago itxurazko bake egoeran dauden gizarteetan ere prozesu berbera gertatzen dela. Horietan ere, ertzetan kokatzen ditugu emakumeok pairatzen ditugun indarkeriak. Bien arteko ezberdintasuna zera da, lehenengoan indarkeria patriarkala eztabaidaren erdigunera eta agenda politiko-sozialera ekartzeko aukera zabaltzen dela, egunerokotasunean txertatuta baitago indarkeria bera, eta, bigarrenean, gizarte horietan bake ameskeria egoera bizi dutenez, zailagoa dela egunerokotasunean indarkeriari buruz hitz egitea, eta, hortaz, zailagoa definizio sozial kritikoa sortzea, indarkeriaz ari garenean zeri buruz ari garen zehazte aldera.

      Modu horretara, Euskal Herrian, bazterretan kokatuko da, nahita, gatazka patriarkala, hau da, gizonek emakumeen gainean ezarritako menderakuntzaren eta kontrolaren ondorioz sortutako gatazka, eta albokotzat joko da, ez zeharkakotzat, beste modu batean adierazteko baldintzak egon arren. Bigarren mailakotzat jotzen dugunez emakumeok pairatzen dugun indarkeriaren egitura, gure bizitzek balio txikiagoa dute; gure gorputzak garrantzirik gabeko gorputzak dira, eta negarra merezi ez duten horiek izango dira gure heriotzak. Indarkeria matxistaren inguruko eztabaidak agenda sozialera sartzeko baldintza objektiboak egon badauden arren, eztabaida ez da zeharka sartzen, bigarren mailako gaitzat hartzen dugu-eta. Omenaldi eta memoriarik ez guretzat.

      Kontzeptualizazio horren ondorioz, ikusezin bihurtuko da patriarkatutik eratorritako indarkeria, komunitatearentzat gorabeheratsuagoak diren beste indarkeria batzuen premiaren eta garrantziaren aurrean. Eta, horrekin, gatazka armatua beste gatazkarik ez dagoelako sentimendu kolektiboa eratzen da (Rodriguez, 2015). Gatazka armatu hori gizonen gatazka izango da, eta indarkeria horiek hegemonikoak eta ordena sozial bihurtuko dira, gizon batzuek beste gizon batzuen aurka sortutako indarkeriak direlako. Horregatik bihurtzen dira, hain zuzen ere, hain garrantzitsuak. Haiek hiltzen direnez, alarma pizten da; gu hiltzen garenean, ordea, egunak normaltasun osoz egiten du aurrera. Emakumeen aurkako indarkeria ez da izango benetako indarkeria, ez politikoa, ezta garrantzitsuena ere. Euskal Gatazka izendapenaren bitartez ikus dezakegu aipatu ideia. Txikitatik, gatazka armatua den horrekin identifikatu izan dugu “gatazka”; gatazka unibertsal bakarra egongo balitz bezala, zatiari osotasun izaera emanez, eta gure narratibetan ere ideia hori barneratu dugu.

      Ez dago gatazka bakar bat, gatazka hegemoniko bat dago (armatua). Horregatik, subalternotasunean irudikatu ditugun indarkeriak eta gatazkak erdigunera ekartzeko eta horiek gatazka hegemonikoarekin lotzeko erantzukizuna dauka feminismoak. Gatazka armatuan egon diren identitate androzentriko-hegemonikoak identifikatu behar dira, eta, horiek gatazka deitu diogun horretan bete duten tokia zein izan den salatu behar da. Beraz, arazo gisara erakutsi behar dugu indarkeriaren/indarkerien definizioa, eta indarkeriaren definizio kolektibo feminista sortu behar dugu. Indarkeriaren monopolioa ez delako estatua vs. herria eztabaida bakarrik, hau da, agente eta polo politiko gehiago daude monopolio horretan: gizona vs. emakumea, heterosexualitatea vs. lesbianismoa, eta abar.

      Halere, aitortu beharra dago feministok ez garela gaur hasi indarkeria problematizatzen eta definizioaren konplexutasuna agerian jartzen, hamarkadak baitaramatzagu horren gainean hitz egiten eta eztabaidatzen. Asko landu dugu gai hori, eta kolektibo feminista eta transfeminista batzuek —Medeakek, Bilgune Feministak, Feministaldek edota Farrukasek, adibidez— eskarmentu handia dute indarkeriaren definizioan, eta ekarpen diskurtsibo eta praktiko oso baliagarriak utzi dizkigute. Bada, egun dugun erronka handienetakoa da, euren ekarpenetik abiatuta, indarkeria patriarkalak gatazka politiko armatuarekin duen zerikusia zein den jakitea, bai eta horien arteko harremana zein den ezagutzea ere. Horretarako, galdera batzuei erantzuten hasi behar dugu: Euskal Herriko gatazka armatuan emakume identitatea indartu ala lausotu egiten da? Gatazka armatuak heterosexualitatearen beharra al du? Zein imajinario kolektibo mobilizatzen ditu Euskal Herriak indarkeria hitza esaten dugunean? Zein behar material, emozional, pertsonal eta sinboliko behar izan ditu gatazka armatuak? Zein izan da zaintzaren eta borrokaren espazioa? Nork zaindu du nor gure gatazka armatu honetan? Batzuek jadanik lehengo orrietan erantzun ditugu.

 

 

EMAKUMEA DA BAKEA,
GIZONA BIOLENTZIA

 

      Galdera horiek erantzuten gabiltzan bitartean, bakearen problematizazioan ere sakondu beharra dugu. Bakea vs. indarkeria binomioan, bakea definitzeko erabiltzen diren ezaugarri guztiak emakumeei esleitzeko joera izaten dugu; indarkeriari egozten zaizkionak, aldiz, gizonei atxikitzen dizkiegu. Erabaki politiko kontziente eta patriarkala da hori. Emakumeok bizitza emateko subjektutzat eraiki behar izan dugu gure identitatea. Horrekin batera, edo ondorioz, bizitza kentzearen aurkakoak garelako ideia biologizista sortu da, eta horrek eusten dio, hain justu, aipatutako dualtasun patriarkalari. Horrek, ordea, ez du inolako zerikusirik biologiarekin, generoak definitzeko eta erabiltzeko orduan baliatzen ditugun kategoria patriarkalekin baitu lotura. Horrela, emakumea bakea da, eta gizona indarkeria:

 

Bakea

Indarkeria

Emakumea

Gizona

Baketsuak

Bortitzak

Zaintzaileak

Gudariak

Ahulezia

Indarra

Koldarkeria

Ausardia

Kontziliazioa

Borroka

Amodioa

Odolzaletasuna

Hitzak

Armak

Ikusezinak (pribatua)

Heroiak (publikoa)

 

      Modu horretara, emakumeak baketsuagoak garelako falazian eta ideologian heziko gara, bakearen eta bizitzaren alde egingo dugulako sinesmena elikatuko dugu gizarteratze prozesuan. Jule Goikoetxeak (2015) binomio patriarkal hori ulertzeko teoria oso argia azaldu du. Bere ustean, patriarkatutik pentsatu izan dira bakea eta indarkeria, eta, hortaz, ideologia androzentrikotik definitu ditugun kontzeptuak dira horiek. Gatazka eta indarkeria ezarekin bizi den komunitatetzat jo izan dugu sistema patriarkalean bizi den jendartea. Gizarte baketsua, beraz, gizarte normala da, eta gatazkatsua anormala. Feminismoak sistema patriarkala indarkeriazko sistema gisa definitzen duen heinean, bakea utopia androzentrikoa besterik ez da izango, existitzen ez den hori, edo, behintzat, emakumeentzat ez dagoen hori. Zergatik? Sistema patriarkalean emakumeen kontrako indarkeria araua delako, hau da, egoera normala, egoera baketsua. Indarkeria pairatzea eta bakean bizitzea ez da inolaz ere bateraezina izango patriarkatuan. Beraz, gatazka armatuaren bukaerak edo Euskal Herriko bakeak eta normalizazioak ez dute, inondik inora ere, emakumeen bakea ekarriko. Hiltzen jarraituko dugu emakume hutsa izateagatik, indarkeria politikoa, alegia, patriarkala jasaten jarraituko dugulako.

      Unibertsitateetako fakultateetan gatazka armatuaren inguruan eta gatazken irtenbideen inguruan ematen den teoria gehiena, baita bake prozesuak negoziatzeko mahaien planteamenduaren eta diseinuaren zati handiena ere, adibide ona dira ideologia patriarkal hori ikusteko, zeinetan emakumeak, izatez, subjektu/objektu baketsutzat bakarrik jotzen diren. Zentzu horretan, gatazka armatuari buruzko teoriak oso gutxitan jarriko du arreta emakumeon egoeren eta subjektibotasunaren gainean, eta, egiten duenean, gainera, bi kategoriatan soilik ipiniko du fokua. Batetik, gatazkaren zeharkako zein zuzeneko biktima bezala irudikatuko ditu emakumeak, agentziarik gabeko subjektuak izango bagina bezala. Bestetik, ordea, agentzia emango die, baina emakumeek bakearen alde egindako lanari bakarrik erreparatuz.

      Hots, bakearen aldeko emakumeen elkarteen lana goratzeari begirakoak izango dira, eta gatazkako gizon protagonisten ama egoerara mugatuko du emakume horien aktibismoa (Maiatzeko Plazako Amak, esaterako). Beraz, badirudi, gatazka armatuetan, agentziarik gabeko biktimak izatea edo bakearen aldeko kolektiboetan militatzea dela emakumeon patua.

      Halere, bakearen aldeko aktibismoa egiten duten emakume-taldeen ausardia eta erresistentzia azpimarratu nahi ditugu hemen. Maiatzeko Plazako Amek edota Kolonbiako Emakumeen Bide Bakegileko emakumeek espazio publikoa okupatu dute, eurentzat gorde gabeko espazio hura. Baimenik eta barkamenik gabe eskatu dituzte justizia, memoria eta konponketa. Isiltasuna hautsi dute politika eginez, eta euren arteko sareak josi dituzte; beraz, subertsibo eta erresistentetzat jo behar dugu haien lana, eta merezi duten izena aitortu.

      Gure herrian, ildo horretan, Ahotsak izeneko ekimena jarri zen abian. Emakume politikari batzuek eta gizarteko eragile sozialetan parte hartzen zuten hainbat emakumek bultzatutako plataforma izan zen. ETAk 2006an su-eten iraunkorra iragarri zuenean sortu zen, eta plataformaren helburua indarkeriarekin behin betiko bukatzea eta elkarbizitzarako eragileen arteko elkarrizketak sustatzea izan zen. Abenduaren 2an, 5.000 emakumek sinatutako dokumentu batean aurkeztu zuten beren konpromisoa. Lehen aldiz egin zuten alderdi eta eragile sozialetako hainbat emakumek, elkarrekin eta beraien kabuz, konponbidearen aldeko aldarri publikoa, inflexio-puntu bat markatuz. ETAk Madrilgo aireportuan burututako atentatuaren ondorioz bukatu zen ekimena (2006-12-30). Dena dela, aipatuarekin antzekotasunak dituen gune berri bat jarri da martxan. 2016ko irailean aurkeztu dute Emagune izeneko plataforma. Izenak dioen bezalaxe, emakumeen gunea da, eta bakearen eraikuntzan eragitea, beste emakume batzuekin gatazkaz solastatzeko eztabaida-guneak eraikitzea eta konponbidean emakumeen memorien eta ahotsen presentzia egotea bermatzea ditu helburu.

      Baina bake prozesuetan emakumeak ez gara soilik biktima edo subjektu/objektu baketsu gisa agertuko. Gizonek, beren desio sexual pornografikorako objektu erakargarri bihurtuko gaitu. Emakumeen gorputzek gizonen kanpai-jotzerako prest egon behar dute bake garaian ere. Hortaz, emakumeok gatazkan izan dugun paperarekin kitzikatuko dira gizonak.

      Horren adibide iraingarrienetariko bat Soho aldizkari kolonbiarrean (Interviú espainiarraren antzerakoa) argitaratutako erreportaje sakona da. Titularra argigarria da: “Bakea Sohoren ustez” eta lehen orrialdean bi emakume agertzen dira biluzik, besarkatuta. Bata, Ana Pacheco da (FARCeko kide ohia), bestea, Isabel Londoño (detektibe ohia). Horrela ulertzen du Soho aldizkariak Kolonbiako bake eraikuntza, horrela, alegia, ulertuko dute bakea Sohoko irakurleek ere (gizonak gehienbat). Gatazka armatuan aktiboki parte hartu duten emakumeei bake aroan gordeko dioten espazio bakarra gizon kolonbiar heterosexual boteretsuek euren desio sexuala garatzeko izango da.

      Negoziazio mahaietan, ordea, eurak, gizonak, egongo dira batez ere. Bakea sortzen, eraikitzen eta ezartzen diren guneetan emakumeen presentzia ez da ongi etorria. FARCek eta Kolonbiar gobernuak La Habanako bake elkarrizketara bidali zituzten talde negoziatzaileetan emakume bakarra zegoen —FARCen partez—. Tanja Nijmeijer du izena, europarra da, zuria eta biziki ederra. FARCek zergatik hautatu du bera eta ez beste emakume bat? Negoziazio lantaldeko beste kideak gizonak dira, inolaz ere edertasun normatiboko kanona betetzen ez dutenak gainera eta guztiak kolonbiarrak[4]. Ez du FARCek Tanja Nijmeijer erabiltzen nazioarteko agenteen interesa erakartzeko, hau da, objektu gisa? Tanja Nijmeijer FARCen badu jardunbide militante luzea, eta, jakina, guk horri jarri nahi diogu arreta. Ez dugu zalantzarik bake negoziazioetan egoteko aproposa denik, baina zalantzak ditugu bakea egiten ari diren gizon heterosexual boteretsuek berdina pentsatzen ote duten.

      Euskal Gatazka zentzu honetan ez da salbuespena izan eta emakume militanteen inguruan hainbat imajinario eraiki dira. Baketsuak ez diren horiek, hipersexualizatuak izan dira batzuetan. Komandoko putaren imajinarioa elikatuz, adibidez. Hau ez da soilik etsaien gizonek garatutako desio misoginoa izan, euskal gizon heterosexual publikoek ere birsortu dute. Tanja Nijmeijer edota Ana Pachecorekin egindakoa egin dute hemen Idoia Lopez Riaño ETAko kidearekin, esaterako. La Tigresa izengoitia ipini zioten Espainiako komunikabide kontserbadoreek eta euskal hedabide batzuek inongo autokritikarik gabe ontzat hartuz hainbat albistetan errepikatu. Haren bizitza, edertasuna, sexua eta amodioa herriko kontu bilakatu dira; bere militantziaz, ordea, ez da hainbeste hitz egin.

      Desio misogino heterosexuala garatzeko, bai; baina bakea negoziatzeko ez, eta boteregunetik at egon behar gara. Euskal Herria, oraingoan ere, ez da salbuespena. Adibide xume bi ekarriko ditugu hona: 2016 Euskal Herriko Unibertsitateak antolatutako Udako Ikastaroen irekiera egiteko Euskal Herriko Bakea eta Bizikidetza hautatu zuten gai gisa. Hizlari gonbidatua Mariano Aguirre izan zen, Norwegian Peacebuilding Resource Centreko zuzendaria, gizona, eta mahai inguruan beste zazpi lagun. Horietako bi soilik ziren emakumeak eta kargu politikoak dituztenak, eta ez bakean adituak direnak. Beste adibidea, Nazioarteko Egiaztatze Batzordearena, egun bost kidek osatzen dutena; horietako bakarra da emakumea (Fleur Ravensbergen). Ez da kasualitatea, inertzia patriarkala baizik.

      Orain arte azaldu dugun bezala, emakumeek bakearekiko harreman naturalizatua dutelako ideian oinarritzen dira diskurtso esentzialista eta patriarkalak, eta horrek badu eraginik ere bake prozesuen agendetan. Emakumeak biktima bezala irudikatzen ditugunean, indarkeriaren alderdi ikusgarrienaz eta gordinenaz hitz egingo da batik bat; normalean, sexu indarkeriaz baino ez (bortxaketa, tortura...). Hortaz, indarkeria mota horien ondorioak konpontzeko neurriak bakarrik adosteko arriskua dago. Neurri horiek adosten direnean, gainera, ahaztuta eta konpondu gabe utziko dira gainerako indarkeria guztiak, egongo ez balira bezala (talde batean militatzeko betoa ezartzen zaienean emakumeei emakume izate hutsagatik, adibidez).

      Balkanetako gatazkak sakon aztertu dituen Dubravka Zarkov (2008) feministaren ustez, analisia eta konponketa sexu indarkeriaren ondorioetara biltzeak emakumeen agentziaren fokua galtzera eraman gaitzake, haien ekarpenak ikusezin bihurtuz, eta, are, horiek biktimizatuz ere. Bake negoziazioetan erdigunera ekartzen da emakumeek gatazkan jasandako indarkeria konpontzeko beharra, eta, aldi berean, ahaztu egiten da emakumeek bai gatazkan, bai gatazka amaitzeko borrokan egindako parte hartzeari eta inplikazio politikoari balioa ematea.

      Balio eta errekonozimenduez aparte emakumeen presentzia publikoa eta parte hartze politikoak bermatuta egon behar dute bakea negoziatzen den edozein gunetan. Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluak 2000. urtean 1325 Ebazpena onartu zuen. Horren arabera, gatazka armatuaren agente guztiei emakumeen eskubideak errespetatzea eskatzen die, batetik, eta bake negoziazioetan zein gatazka ostearen berreraiketan emakumeen parte hartze aktiboa bermatzea, bestetik. Errealitateak, ordea, ez digu hori erakusten. Emakumeak daude, bai, baina ez dira gehiengoa. Horietako zenbatek bermatzen duten ikuspuntu feminista, nork daki. Esaterako, 2011ko urriaren 17an Donostian burututako Aieteko Bake Konferentzian 54 lagun gonbidatu zituzten. Euskal Herriko hainbat eragile ordezkatuta zeuden bertan eta mugimendu feminista ez zen gonbidatuta izan. 54 gonbidatu horietatik soilik 13 ziren emakumeak, hau da, % 24 besterik ez[5].

 

  [4] Jadanik Gobernuaren eta FARCen arteko bake akordioak sinatu dira. Lau urteko negoziazio prosezuaren ondoren 2016ko abuztuaren 25ean aurkeztu zituzten akordioen nondik norakoak, bakearen eraikuntzan fase berri bat irekiz.

  [5] Egondako emakumeak hauek izan ziren: Gro Harlem (nazioarteko aditua), Silvia Casale eta Nuala O'Loan (Nazioarteko Harreman Taldea), Luxshi Vimalarajah (Berhof Fundation), Txaro Arteaga (Tokiko Babes Batzordeak), Uxue Barkos (Geroa Bai), Rebeka Ubera (Aralar), Anita Lopepe (Ezker Abertzalea), Ainhoa Etxaide (LAB), Ana Belén Juaristi (Confebask) eta Lucilita Bhreatnach, Sandra Donnelly eta Elisabeth Slaatum (nazioarteko adituen aholkulariak).