Borroka armatua eta kartzelak
Borroka armatua eta kartzelak
2016, saiakera
128 orrialde
978-84-92468-87-4
editorea: Jule Goikoetxea
Oihana Etxebarrieta
1987, Hondarribia
 
Zuriñe Rodriguez
1988, Gasteiz
 
 

 

Aitzin oharra

 

Zuriñe Rodriguez

Oihana Etxebarrieta

 

      Esku artean duzuen liburua bion artean idatzitako liburua da, baina bidelagun askorekin partekatutako eta eraikitako analisia eta ideiak daude bertan batuta. Nola ez, ideia horien gaineko erantzukizuna gurea baino ez da. Gutako bakoitzak bere harreman pertsonala zein politikoa dauka kartzelarekin eta gatazka armatuarekin. Nork berea.

      Elkar ezagutu genuenean, bakoitzak aurretiko bizipenak eta analisiak zituen hasita. Oihanak, bere tesinan, euskal emakume preso politikoen edo haien bikotekidea preso duten emakumeen harreman afektibo sexualak aztertu zituen (Etxebarrieta, 2013). Zuriñe, ordea, ETAn ibilitako hainbat emakumeren esperientziak aztertzen dabil. (Rodriguez, 2012). Liburu osoan zehar 18 emakume eta 3 gizonen kontakizun eta hausnarketak bildu ditugu. Euren nortasuna anonimotasunean mantentzeko eta euren segurtasuna bermatzeko hainbat datu aipatu gabe utziko ditugu. Bestetik, testigantza guztiak euskara batura moldatu ditugu, modu horretan elkarrizketatuen jatorria zein den ezin baita jakin.

      Gatazkak zeharkatzen gaitu, eta horrek baldintzatzen du gure mundu-ikuskera, baita gure analisia ere. Horregatik, kokagune zehatz batetik egin dugu azterketa. Neutraltasun androzentriko irreal horretatik aldentzen saiatu gara, oso argi baitugu objektibotasun analitiko horrek ez gaituela asetzen; izan ere, ez gaitu kontuan hartzen. Beraz, gure analisia subjektiboa da, baina inolaz ere ez hutsala. Pentsatua, eztabaidatua, taldean eraikia, zintzoa, kritikoa eta zorrotza da. Eta nola ez, feminista. Plazera sentitu dugu proiektu honekin, eta, aldi berean, ikasteko balio izan digu. Asko gozatu dugu lan honekin, eta gozatzen jarraituko dugu! Elkargune asko dauzkate gure analisiek, eta horietan islatutako kezka askok ere norabide berberari begiratu diote: Zer gertatzen da patriarkatuarekin gatazka armatuetan? Ahuldu egiten da? Indartu? Nola egiten diogu aurre emakume militanteok horri? Feminismoarekin sortu dugun erlazioa indartsuagoa da? Nolakoak dira gizonen erresistentzia patriarkalak eta paktu sinbolikoak? Eta, behin gatazka armatua deitu diogun hori bukatu denean, zer? Emakumeekin, zer? Feminismoarekin, zer?