Poesia kaiera
Poesia kaiera
2002, poesia
64 orrialde
84-95511-38-X
Karlos Linazasoro
1962, Tolosa
 
Poesia kaiera
2002, poesia
64 orrialde
84-95511-38-X
aurkibidea
 

Honezkero joan zaigu sasoia eta udazkenaren iraila.

Iritsi da ausaz maletatzarrak melankoliaz betetzeko garaia.

 

Joan egin behar dugu. Ez dago guretzat balaku goxorik,

guretzat ez dago opil koxkorrik kalearen bueltan.

 

Elurra atzean utzi beharra daukagu, eta gure betiko bakardadea,

eta hostro eroriek neurrira egiten ziguten trajea.

 

Baina ez dugu negarrik egingo itzulerarik gabeko bidean

ezpada zilarrezko maluta bat edo beste.

 

Ortzeak igeltso azula dirudi, eta xaguxarrek berunezko intxaurrak.

Gure pausuak nekezak dira, eta mingarriak lur arraiarentzat.

 

Bagoaz joaten. Askako odolak lurrina dario gaueko birjintasunari

bere azken izar ezkutu segaila ernaitu nahi balu bezala.

 

Eta gure amore guztiak atzean gelditzen dira, ilun-zokoan;

neskatxak, haritza, errotatxoa, erromesen perfumea, eta arbasoak.

 

Adio egiten digute urtxintxek pasatzean, eta berriz ere adio urkiek;

munduaren bila goaz, ijitoen arrasto galduen atzetik gu ere.

 

Baina ez dugu negarrik egingo aldentzean, hotzikaraz ezpainak linburtzean,

jaio ginenetik masailetik irristatzen zaigun malko betikoa besterik.