Poesia kaiera
Poesia kaiera
2002, poesia
64 orrialde
84-95511-38-X
Karlos Linazasoro
1962, Tolosa
 
Poesia kaiera
2002, poesia
64 orrialde
84-95511-38-X
aurkibidea
 

Egun batez ijitoak etorri ziren gure bailara ezkutura

bere zakur tropel eta karromato zarpailaz.

 

Irria ekarri ziguten, eta urrezko bitxiak, eta gosea,

eta turuta handi bat, eta amets goxoak egiteko esperantza.

 

Eta arbola ezezagunak ere ekarri zizkiguten, eta tximuak,

eta lorito hitzontzi bat, eta komikoen neke sendaezina.

 

Larru-bixitan zetozen asko, oinutsik eta eskuak bete oihartzun,

eta guk geure jakirik ederrenak prestatu genizkien isilik.

 

Eta esan ziguten beste mundu batzuk ere bazeudela hemendik urrun,

eta beste udazken batzuk, eta han ere maitatzen zela hemen bezala.

 

Eta trikuek ere, adibidez, berokia kentzen zutela amodioa egiteko,

eta han ere hitz ederrak esaten zitzaizkiela neskatxa politei.

 

Gauak plazako bonbila gorriak piztu zituen orduan, eta ijitoek

tramankulu guztiak bildu zituzten, eta andreak, eta umeak.

 

Eta ipurtargiek hain dotore seinalatzen zuten bideari ekin zioten

berriro, eta zakurrek tristuraz begiratu ziguten pasatzean.