Aurkibidea
Sarrera. Koldo Izagirre
Sphinx
Ondartza gorriak auts-itsaso mintzul
dirudi, ertz gabe: giza-lurrun atsik
ez beraren baitan: leoiak etzanik,
artzuloetan lo, sargoriarren aul.
Eguzki gingaren sutan, ortzi zear
txori bat ez dabil; lekaroan zabal
ixilak bere ego; lozorroan kixkal,
noizpeinka igitzen du sugek bere bizkar.
Auts-itsasoan zut, bakar, andre-luna.
Zer dun sudur zabal, betile usu, ezpain
lodi, begiandi, biotz barnaren gain?
Ire esku ote dun giza-igarkizuna?
Andre-luna mintza-zorian nabari.
Oidipu-k bakarrik, ordea, asmakizun
orren esangura muina duler. Inun,
baina, oraingoan, ez da bera ageri.
Ara! arpegi ori len ezaguna dut.
Aigitoar antzik ez du. Ao-eder,
adatsa urre autsez bitxiturik dager.
bekainak uztaituz, matrail alboak zut.
Baserrietako andere aunagu:
gure erriko Ione, Loreti ta Miren.
Aberriaren zain eta muin izanen!
Andre-luna, berriz, noizdanik zaitugu?
Itz egin nai digun. Itxoin, baina, labur!
Nork sortuko digu, erle burrundari,
itz-neurtuz iantzita, zure loren ezti?
Euzkadi zarreko andre-luna, agur!
w 1946