VIII
Neure mahaiaren
gainean
neure argiaren zirkulu horiaren
azpian
aurkitu nuen.
Zazpiaren hotsa euri tantadetan aditzen zen bitartean
aurkitu nuen,
aspaldian
pausoz
p
a
u
s
o
segitzen nauen
kirats gauza gabea,
neure itzalaren itzal
neure tristeziaren aingura,
bakardadea.
Urteroko lagun,
amets guztietatik
bidaia guztietatik iratzartzean aurkitzen dudan mundua, adiskidea.
Oraindik ez,
itxaron ezazu apur bat,
maite nahi dut oraindik,
udazkenaz zorabiatu
arratsaldez gozatu
gauez amestu
gau luze, ernez
miretsi
nahi dut oraindik.
Baina lehengo goizean,
Pisako dorre okertuaren oinean,
Italiako eguzki errukigabearen argiaz,
neure aurpegian
urteen lehen seinaleak
ikusi nituen
irriaren ildo hunkigarriak
malkoen eta pozaren bidexkak
begien ertzetan.
Oraindik ez,
pentsatu nuen,
oraindik ez.
Neure mahaiaren zirkulu horiaren azpian
zazpiaren hotsa euri tantadetan
jadanik ito zenean,
arratsalde euritsu
ilun batez,
Pisako dorrearen itzalean
sortutako fantasma beltz ezaguna
neure tristeziaren aingura,
bakardadea.
w1972