Poesia kaiera
Poesia kaiera
2000, poesia
64 orrialde
84-95511-05-3
Arantxa Urretabizkaia
1947, Donostia
 
 

IX

 

Zortzi urteko ametsa

hiru mila gaueko esperantza

hiru mila goizeko helburua

udazkeneko hamabost egun

gorri, urreztatuz

gauzatu zen.

Hamabost egunez,

printzerik gabeko Zenizienta,

ahizpa gorrotagarririk gabeko Zenizienta,

amestutako bizitzea bizi nuen,

bi zaldik (edo bost)

eramandako karrozan

inoiz erdiets ez nuen linbo epelean bizi nintzen,

neguaren hasieran

udak ezin hilean berotzen gaituenean,

Mediterraneoaren babesean,

neofito baten kontsagrazioan,

ni neu ere disfrazatu egin nintzen,

estudiante izatera jokatu nintzen.

Eta goiz erdian,

hitz entzunez ase dagoenaren egarria,

te katilu baten aurrean egindako solasak,

Proust-ek loriatutako edari miresgarria,

soinetik teinka egiten duten

liburuen pisuaren lagungarri,

ez nuen printzearen hutsunea nabaritu.

 

Baina goiz batean

ametsa hautsi egin zen

hamabiak entzun ziren erlojuren batean

 

Bata zuri aseptikoak

galtza eta alkandoren ordez,

goizeko zazpietako ezin jaikiak

zortzi t’erditako dutxa epelaren ordez

arratsaldeko nekea

ilunabarreko pozaren ordez,

Zenizienta etxean aurkitu zen.

 

Udazkeneko hamabost egun

gorri, urreztaturen buruan

eguneroko bizitza

atera zen garaile.

 

w1972