Oroit zaitez
marrubi bila joaten zinetenean
ametsaren gorri gaziak
sabaiaren kontra
ahoa gozatzen zizunean
erdia zuretzat
erdia niretzat
o
xortena bakarrik utzi dautazu
Oroit zaitez
sanjose loreak
eta siemprevivak
sagarrak
gereziak
eta masustak
belarrian jartzen badituzu
belarritakoak dirudite
rubizko perlak
odol tantoak
Oroit zaitez
udaberria uda bihurtzen ari zenean
nola biltzen zenituzten
margaritak
ez zapuztuak
ez gehiegi irekiak
ez hertsiegiak
ez gristatuak
ez barearen xistuak kutsatuak
ez pipiak janak
lurraren beroa sentitzen den lekutik
banan
bana
ebakiak
buruak aterki txipi
margaritazko aterki txipi bat bezala
jarriak
eta xortenek ez dute axola
ebakiko ditugu
zume batez korapilatuak
Oroit zaitez
itsasoan
olatuen muturrak zuritu zirenean
arkumetxoak
zuk ez duzu beldurrik
zu antxeta bat zara
baina
ez dut gaua ulertzen
baina
ilargiaren malenkonia
baina
aztorearen hegala
baina tximistak
ni antxeta bat naiz
Oroit zaitez
haren eskua zurea besarkatzen
baina
belar artean galtzen naiz
baina
ihintzak busti egiten nau
baina
ihintzak malkoak ateratzen dizkio
zure galtzari
Oroit zaitez
lore gainetik pasatzen zinen
aidean
oinak apur bat jasorik
belaunak apur bat bildurik
loreak ez zapuzteko
margariten zuria ez zikintzeko
gona
hegaldiaren haizeaz
ni antxeta bat naiz
zangoen artean sartzen zitzaizun
enaren hegal lirainak
emaidazu eskua
zure pultsua eta harena
bat egiten ziren
buru gainean
udaberriko arbola guztiek
eskaintzen zizkizuten beren fruituak
beren loreak
beren malkoak
omenaldia
oroit zaitez
ez zen amets bat
bestela
ez zinateke oroituko
margariten buru dardartiez
zapaten zolaren azpian
belar luzea burua makurtzen
zure aurrean
eguzkiak markatzen zuen bidetik
ni antxeta bat naiz
Oroit zaitez
zure aboza ez zen
oraindik
kexutara ohitu
oinazeak ez zizun
oraindik
bularra zapaltzen
ez zuten
oraindik
malkoek kanporako bidea ikasi
ez zizuten
oraindik
masaila erretzen.
Oroit zaitez
lanbroa besapean ezkutatzen zenean
lanbroa besapean eta kopetan
basoen usain gorri alferra
goizaren dei ausarta
orbelaren agonia
ni antxeta bat nintzen
gauzak dardararen oroitzapena
baizik
ez direnean
musika ahaztuen eko isila
soinuaren oinazea
isilduz
isilduz
handiago egiten denean
martxoa apiriltzen ez denean
oroit zaitez
oroit zaitez
eztarriko korapilo hura berriegi zen
oraindik
zuregan aboza izateko
hizkuntza egokirik aurkitzeko
mintzatzeko
Oroit zaitez
haren aboza
ez naiz ahaztu, ez
maite
aldapa gora
arrastaka
arrastaka
negarretik
apartatzen gaituen azken gailurrean
azken zentimetroen aurka
borrokatzen
nola ahaztuko naiz
maite
balantzaka
baina,
baina
Oroit zaitez
oraindik
esperantzaren heriotzaren berri
ez zenuenean
ametsa menperatzeko
orbaina lehortzeko
indarrik ez zenuenean
oraindik
zu ni bezalakoa zara
zu hura bezalakoa zara
Oroit zaitez
oraindik
garaiz zenean
oraindik
eskuak luza zitezkeenean
oraindik
traje grisaren gainean
aurpegia erabat gristatu ez zenean
oraindik
mintza zintezkeenean
nik ez diot inori gaitzik egiten
nik ez diot inori maitasunik
eskatzen
oraindik
antxeta bat zinenean
oraindik
arrosa bat eskaini zeniokeenean
zimur bat borratu
irribarre bat
oraindik
negar egin zitekeenean
ez naiz ahaztu
maite
nola ahaztuko naiz
eskua burua laztanduz
maite
oroit zaitez
oraindik
argiaren beste aldera joan ez zenean
itsasoaren haraindian
abiatu ez zenean
ni aspaldian hil nintzen
ez naiz neure buruaren fantasma bat
baizik
baina niri egiten dautazu min
baina
ene fantasmak ez dira egun argian bizitzen
oroit zaitez
udazkena dasta zezakeenean
atzerako bidea irekirik zegoenean
oraindik
parez pare
oroit zaitez
oroit zaitez
ala
ezin badezakezu
asma ezazu.
w1972