XI
Atoz
ilunabarrean,
atoz.
Piztuko dugu sua
eta hari so,
karren bero gorriak
laztandurik,
kontatuko dautzut
nola amesgaizto bat egin dudan
nola egin dudan amets
dragoi
berde
handi bat
zegoela auzoan,
aldapa gaineko etxe koskorraren atzean
eta dragoi hark,
ahotik sua zeriola,
gure etxe aurrera etorri zela
eta bakarrik nengoela,
baina haren suak,
atzaparrek,
gorputzaren berde biziak,
buztanaren kolpeek,
aho sutsuaren kiratsak,
ezin zezaketen ezer
gure etxeko pareten aurka.
Kontatuko dautzut
nola egin duten alde
banaka
isilik
arrastaka,
eguneko orduek,
hilabete bakoitzeko egunek.
Nola nengoen zure zain
sutondoko bazter honen zain.
Eta zuk,
zangoak luzaturik,
eskuak gurutzaturik,
begiak hertsirik,
entzunen dautazu.
Ene hitz bakoitzak
leku bat aurkituko du zure buruan
ene perpausek
lanbro tantadez apaindutako
amaraun distirant bat osatuko dute.
Gero,
kearen eta haize beroaren besoetan,
helduko zait zure erantzuna.
Esanen dautazu
nola egun ez dagoen jadanik
herri bakoitzeko
neskatxarik politena harrapatzen duen dragoirik
nola gure etxeko paretek,
egunero berreraikiak,
egunero zainduak,
inoiz ez arrotzak,
guk iraun dezaguno
iraunen duten.
Kontatuko dautazu
nola egin duten ihes,
zaratatsu,
egunek eta asteek,
baina nola izan diren
luze
sei hilabete hauek,
nola espero zenuen momentu hau,
nola berrezagutzen duzun zeure kadira,
etxeko usaina.
Eta elkarrekin,
puzzle bat egiten den bezala,
pauso bakoitzaz,
keinu bakoitzaz gozatuz,
biharko planak eginen ditugu,
bihar,
berriro.
Baina gaur,
sutondoan,
garren bero gorriak
laztandurik,
senti dezagun elkarren bizitzea
luza dezagun
gorputzak elkar ukitu baino lehen
sentitzen duten dardara.
Begira,
sua tristatzen ari da.
Bota dezagun beste enbor bat.
Eta isilduko gara,
gure isilaldia
hitzez espresatzeko
zorion sakonegi bat izanen da.
Atoz
ilunabarrean,
atoz.
Duela sei hilabete,
duela sei hilabete
piztu nuen sua,
duela sei hilabete
mahaia jarri
ohea prestatu
leihoa ireki.
Atoz
ilunabarrean,
atoz.
w1972