Nireetakoak dira
behiak jetzi ondoren
esnerik ez dutenak
lurra landu ondoren
non etzanik ez dutenak
besteek hustuko dituzten botilak
betetzen dituztenak
maitasunezko kartak
eskribitzen ez dakitenak
maitasunezko kartak
errezibitzen ez dituztenak
kantatzen ez dakitenak
kantatzen ez dutenak
ispiluaren aurrean
beren irudia
beren begirada
ezagutzen ez dutenak
zeruaren pisua sentitzen dutenak
arratsaldero
gauero
Donosti-zaharrean
bizitzeari kolore arrosa
edo gorria
ematen saiatzen direnak
gauero
etxe parean
azkeneko oztopoaren aurrean
etxera joateko indarrik ez dutenak
etxera igo baino lehen
portalean
txapela zuzenduz
aurpegian irribarre bat konstruitzen dutenak
zotinaz bizi direnak
zotinaz hilko direnak
komunean arrastoan uzten dituztenak
badakizu
gizonak dauden lekuetan
gauero komunetan
pixaren arrasto lotsagarriak
lehortzen dituztenak
baina
ni komun askotan izan naiz
eta beti begiratzen dut lurrera
lehorra egoten da
tabernetakoa ezik
niretakoak dira
gazterik zimurtzen
zimeltzen direnak
bere burua maite ez dutenak
bere burua gorrotatzen dutenak
negar egiten dakitenak
nireetakoak dira
ezin ditut maite
eta maite ditut
baina ez dute ene maitasun desesperantzatuan
salbaziorik aurkitzen
maldabeheraren beldur
atzaparrez zulatzen naute
eta
erorian
haizea eta euria lagun
ene gorputza
malkoen ildoez markatzen dute
baina nik badakit
ezin dezaketela lagun
ene begirada bera
ene esku luzatua
ene gorputz eskainia
beherantz bultzatzen dituen
pisua dela
katea
zeren
haien garrasietan
haien kontraesanetan
haien ahuleziaren indarrean
haien borroka beti galduen
eta beti berrasien beharrean
aurkitzen baitut
nik
honenbeste gorrotatzen dudan neure irudia
w1972