Aurkibidea
Sar hitza, EHAZE
Aurkibidea
Sar hitza, EHAZE
14. agerraldia
(auzokide 1 eta nahikari. auzokide 1ek esku banatan jarlekuak dakartza.)
auzokide 3: Hara, Nahikari, libre utzi zaituzte? Fidantzapean?
nahikari: Bai, bai, hori da, fidantzapean.
auzokide 3: Tira, gutxienez, atxilotu egin zaituzte. Gure lagun bati, lehenengotan baietz, atxilotuko zutela, gero ezetz, gero baietz, eta azkenean, ez atxilotu, ez ezer. Hor dago, plazaren erdian, noiz atxilotuko duten zain.
nahikari: Bai, itzela da hori. Bueno, agur, gero arte.
auzokide 3: Nora zoaz?
nahikari: Ba, amaren baserrira joan behar dut.
auzokide 3: Besaulkiak plazara ekarri behar dira, ez duzu mezua jaso? Arratsaldeko plenoaren aurretik jasoko dituzte. Lagunduko dizut?
nahikari: Ez, lasai, aitari deituko diot.
auzokide 3: Tira, neska, zenbat jesarleku dira ba? Atoan aterako ditugu.
nahikari: Eskertzen dizut laguntza, benetan, baina aitari deituko diot.
auzokide3: Asteko Hiritar Zintzoenaren saria jasotzeko sei puntu baino ez ditut faltan. Utzidazu laguntzen, mesedez.
nahikari: Baina…
auzokide 3: Gainera ez diot inori esango Doloresek eta zuk ez zenutela aulkiak plazara ekartzeko asmorik.
nahikari: Zer dakizu zuk?!
auzokide 3: Ezagutzen dut zuen amama. Edozer egingo luke udalaren aginduak ez betetzearren.
nahikari: Hori gezurra da!
auzokide 3: Zu jaio aurretik ere makina bat arazo izan ditu zuen amama horrek justiziarekin.
nahikari: Ze justiziarekin?! Zer diozu?!
auzokide 3: Aspaldian, oraindik herri-batzarrak egiten genituen sasoian, nork bere jarlekua jaisten zuen etxetik. Denok zuen amamak izan ezik. Hasieran onartu egiten genion gu jesarrita eta bera zutik aritzea. Baina denborarekin, batzuk kexu agertu ziren, zergatik ezin zuen Doloresek ere jesarri, beste guztiok bezala. Eroso zer egoten ginen ba, gure etxeko jarleku akoltxatuetan, gorputza eta arima atseden betean!
nahikari: Gezurretan ari zara.
auzokide 3: Doloresek ez zigun bakerik ematen! Dena zen kontra egitea, dena ukabila gora, dena kantua! Zer zen hura! Ez zigun beste aukerarik eman. Salatu, zer egingo genuen bestela!? Zuen ama ere antzeko bide okerretik zetorren baina sasoiz zuzendu genuen. Zergatik uste duzu alde egin zuela mendi puntako baserri horretara, ba? Bakea zapuztu ez ziezagun bidali genuen zuen ama baserrira azienda gobernatzera. Ordutik eroso baino erosoago bizi izan gara urte luzetan, Doloresi berriro arantzak barrurantz ernetzen hasi zaizkion arte. Baina dena bere onera etorriko da besaulki berriekin batera. Mantsotuko dugu berriro ere.
nahikari: Traidore zikinok, damutuko zaizue!
auzokide 3: Badatoz, badatoz Togetherkissingekoak. Zoaz, zoaz… ezingo zara inon ezkutatu.
(Togetherkissingekoak agertzen dira eta nahikariren atzetik doaz kamera eta guzti.)