Hildako haurra
Hildako haurra
Gotzon Barandiaran
Azaleko irudia: Malen Amenabar
Diseinua: Metrokoadroka
2023, antzerkia
102 orrialde
978-84-19570-06-2
Gotzon Barandiaran
1974, Larrabetzu
 
2024, poesia
2018, saiakera
2015, nobela
2010, nobela
2007, poesia
2004, poesia
 

 

7. agerraldia

 

 

(Argia ilunetik zurira. Ospitaleko gelan daude luis eta panpina.)

 

panpina: Idatzi dituzun poema guztiak baino hobea da poematxo hori, saritu zizuten liburu hartakoak baino askoz hobea. Edo ez?

 

luis: Ez da hori, ez dakit, ez dira konparagarriak. Nire poema haiek onak zirela uste dut.

 

panpina: Eta poesiak mundua aldaraziko zuela.

 

luis: Ez da hori, nik ez dut inoiz horrelakorik esan.

 

panpina: Pentsatu bai, pentsatu duzu eta esan… elkarrizketaren batean esan duzula apustu egingo nuke. Idazle kanonikoa izaten jarraitzeko zugandik espero dena baino ez duzu esaten.

 

luis: Ez da hori, ez nago ados.

 

panpina: Bai, hori da, hori baino ez da. Gogoratzen duzu saria eman zizutenekoa? Gogoan dituzu orduan esandakoak eta ondorengoak?

 

luis: Gogoratuko ez dut ba! (Harrotu egiten da eta imintzio esajeratuz antzezten du) Baluarten izan zen. Aretoa mukuru zegoen, jendez lepo. Ezezagun piloaren artean ospetsu mordo bat, noski. Editoreak sarrera bikaina egin zidan. Ez zuen nire dohain bakar bat ere ahaztu. Liburu bat aurkezten denean, oso garrantzitsua da diskurtsoa. Ahal dela, liburuan ez dagoena kontatu behar duzu. Liburuarekin lortu nahi baina idatzi ez zenuena, buruan duzuna baina liburuan buruan duzun eran kontatzea lortu ez duzun hori. Ulertzen? Eta jendea hunkitzea. Oso-oso inportantea da. Hunkitzea. Eta nik lortu nuen, nola gainera. Irakurtzen ari nintzela, etenak egin nituen, publikoaren aurpegiak ikusteko. Buruarekin bai egiten ez zutenek, malkoa zuten begi ertzetan zintzilik eta ahotsaren tonua ere aldatzen nuen, behin ozen, behin samur, hitzaldi poetiko-filosofiko gogoangarria izan zen, oraindik gogoan dut pasarteren bat.

 

(Solemnitate handiz antzezten du.)

 

        Memoriak erredentzioa dakar. Oroitzen duguna ezerezetik libratu dugu, ahantzitakoa abandonatu. Naturaz gaindiko begi batek dena ikusten badu, denboratik kanpo, oroitzearen eta ahaztearen arteko bereizketa epaiketa bat bihurtzen da, justiziaren irakurketa da, eta beronen arabera, oroitua izatea saria den gisa berean, ahantzia izatea zigorra da. Industrializatutako mundua, jendarte ekonomikoki garatua, iraganak izuturik, etorkizunarekiko itsu, justiziari sinesgarritasuna erauzi dion oportunismoaren menpe bizi da. Oportunismo honek oro bihurtzen du ikuskizun: natura, historia, sufrimendua, pertsonak, hondamendiak, kirola, sexua, politika.

 

        Jendea zutik, txalo zaparrada izugarria izan zen, ez dakit, igual hamabost minutukoa-edo? Eta noski, “beste bat, beste bat” hasi ziren denak. Ezinezkoa zirudiena lortu behar nuela pentsatu nuen. Aukera paregabea zela inork inoiz lortu ez zuena lortzeko.

 

panpina: Poesiak mundua alda dezakeela uste izan zenuen orduan ere.

 

luis: Ez da hori, baina bai, nire poemek jendea horrenbeste hunkitzen zutela ikusita...

 

panpina: Eta poesia horrenbeste jendek irakurtzen duela jakinda... iraultza!

 

luis: Nik bakarrik ez, baina poesiak jendearen sentsibilitatea alda dezakeela uste dut eta jende horrek mundua alda dezakeela.

 

panpina: Hori hainbati irakurri diot eta gezur galanta iruditzen zait, harrokeria ez esatearren.

 

luis: Ez da hori, badakit poesia ez dela nahikoa, baina...

 

panpina: Zuk nahikoa zenuen poesia, munduko saririk garrantzitsuena jasota.

 

luis: Orduan bai.

 

panpina: Orain ez?

 

luis: Ez naiz hona oporretara etorri.

 

panpina: Lesbosera joan zinenean bezala?

 

luis: Nire poemek asko lagundu zioten Aylani.

 

panpina: Eta bereek zuri? Zu baino poeta hobea zen.

 

luis: Ez nago ados, ezin dira konparatu.

 

panpina: Ez, bera gurasoek abandonatutako hamasei urteko gazte gaixo etorkizunik gabekoa zen eta zu...

 

luis: Ni, zer?

 

panpina: Ez zaitut gehiegi mindu nahi.

 

luis: Esan esan beharrekoak.

 

panpina: Gordinegiak dira zuretzat.

 

luis: Eta zuretzat?

 

(Isilunea.)

 

panpina: Poeta bikaina izango zen.

 

luis: Bai, baina ez zuen aukerarik izan.

 

panpina: Ez zenioten aukerarik eman.

 

luis: Genion? Nork?