Hildako haurra
Hildako haurra
Gotzon Barandiaran
Azaleko irudia: Malen Amenabar
Diseinua: Metrokoadroka
2023, antzerkia
102 orrialde
978-84-19570-06-2
Gotzon Barandiaran
1974, Larrabetzu
 
2024, poesia
2018, saiakera
2015, nobela
2010, nobela
2007, poesia
2004, poesia
 

 

4. agerraldia

 

 

(Alkatearen bulegoa.)

 

aguazila: Bere gorentasuna.

 

alkatea: Txostena?

 

aguazila: Hemen duzu, jauna.

 

alkatea: Ez duzu usteko irakurriko dudanik, ezta? Laburtu egidazu.

 

aguazila: Orrialde bakarrekoa da, jauna.

 

alkatea: Zer?

 

aguazila: Bai, jauna. Berorrek esandakoa esan dut. Ia auzo guztiak entzun du. Galderaren bat egin du auzokide batek baina…

 

alkatea (esaldia amaitu aurretik): Galdera? Auzokide batek? Zehaztu hori.

 

aguazila: Artekaleko plazako pregoilekuan pregoia tente eta ozen lau haizetara zabaldu ostean, auzokide batek, pregoiaren bitartez zabaldutako mezuari buruzko galdera bat luzatu dit. Pregoia horren argia izan dela aintzat hartuz, baliteke auzokideak ulermen arazoak izatea, edota Munduko Osasun Erakundearen patologien zerrendako gaixotasuna izatea, hain zuzen ere, automisofobia.

 

alkatea: Automisofobia?

 

aguazila: Hori da, alkate jauna, Artekaleko auzokideak gaurko bandoari buruzko zalantzak ditu, automisofobiaren eraginez.

 

alkatea: Zehaztu hori.

 

aguazila: Mozkin jaunari deituko diot.

 

alkatea: Nor da Mozkin jauna?

 

aguazila: Berak esango dizu.

 

alkatea: Oposizioak ez du ezer jakin behar.

 

aguazila: Jauna, zuk ez duzu oposiziorik.

 

mozkin: Jaun hori, Andoni Mozkin nauzu, Mozkin SL enpresako burua.

 

alkatea: Ez dut sekula izen hori entzun. Zehaztu.

 

mozkin: Besaulki berriak banatuko dituen enpresako burua nauzu, jauna.

 

alkatea: Zer dakizu automisofobiaz?

 

aguazila: Neuk erantzungo dizut, jauna. Duela lau legealdi hasi ginen herriko ur-biltegietan automisofobia eragiteko amfa botatzen.

 

alkatea: amfa? Zehaztu hori.

 

aguazila: amfa kolore eta zapore bako antsiolitiko mota bat da, baina euforia sortu beharrean, intseguritatea sortzen du, norbere burua zakar-poltsa nardagarri baten pareko sentitzeraino. Guk merkatu beltzean erosi genuen, besteak beste, Mozkin jaunaren ekarpen ekonomiko ezinbestekoari esker.

 

mozkin: Eta emaitzak ematen ari da, bistan denez. Artekaleko biztanleak dira amfa probatu duten lehen europarrak. Oso pozik gaude emaitzekin eta, zuei esker, laster amfa Europa osoan komertzializatuko dugu.

 

alkatea: Horregatik agindu zigun Alderdiak aspaldi txorrotako urik ez edateko.

 

aguazila: Hain zuzen. Urteotan guztiotan bereziki Artekaleko auzokideen jarrera aldaketak aztertu ditugu. Ondorioek arrazoia eman digute.

 

mozkin: Urteetako lanaren emaitza jasotzeko ordua da eta zu izango zara, alkate jauna, garaipenaren loriak jasoko dituena. Zorionak.

 

aguazila: Ekarri orain. (Atzamarra belarrian. Aktore batek xanpaina dakar) Ospa dezagun garaipena, jaunok. Automisofobiaren alde! Hamaika orduko loa bermatuko digun besaulkiaren alde!

 

mozkin: Topa! Automisofobiaren alde! Gora amfa!

 

aguazila: Gora!

 

alkatea: Osasuna!

 

aguazila: Osasun… eza, jauna, osasuneza, zehatz esanda, jajaja.

 

(mozkinek barre dagi, alkateak ere bai, baina behartua, txistea ulertu ez, baina ulertu balu bezala itxura eginez.)