Aurkibidea
Sar hitza, EHAZE
Hitzaurrea, Danele Sarriugarte Mochales
When galdetzen dizute ea zmz (I)
Hartu flotatzeko tarte bat (I)
Eskuak aurpegian edo nola ito ur baso batean
Aurreko belaunaldiei, esker onez
Kutxa kanpoan vs. kutxa barruan
Subjektibitatea politikoki subertsiboa da
When galdetzen dizute zmz (II)
Hartu flotatzeko tarte bat (II)
Ez dakit nire aukeren gainetik amesten ari naizen
Formol Laborategia, edo zer espero genuen geure buruaz
Hitzostea, Javier Barandiaran
Aurkibidea
Sar hitza, EHAZE
Hitzaurrea, Danele Sarriugarte Mochales
When galdetzen dizute ea zmz (I)
Hartu flotatzeko tarte bat (I)
Eskuak aurpegian edo nola ito ur baso batean
Aurreko belaunaldiei, esker onez
Kutxa kanpoan vs. kutxa barruan
Subjektibitatea politikoki subertsiboa da
When galdetzen dizute zmz (II)
Hartu flotatzeko tarte bat (II)
Ez dakit nire aukeren gainetik amesten ari naizen
Formol Laborategia, edo zer espero genuen geure buruaz
Hitzostea, Javier Barandiaran
Nude weird party
Barbie eta Ken larrua jotzera behartzen genituen, plastikoa plastikoaren kontra, plak, plak, plak, haien gerripe leunak elkarren kontra igurzten, baina ez genuen frikzio nahikorik lortzen, han ez zen ez zimurrik, ez malkarrik, ez ilerik. Gorputzak labaindu egiten ziren gerri-talka bakoitzean.
Esnatu naiz eta Ken lo dago oraindik. Lurrean datza. Lo edo hilda. Panpinak ba ote daki inoiz zer ari den interpretatzen?
Aurpegia margotzen genien boligrafoz, eta ilea ebaki, jostailu berria erabat trauskiltzeraino. Ez zitzaien atzera ilerik hazten, buruko azalean poro mordo bat bazeukaten ere.
Etzan zaitez nire ondoan, Ken. Besarka nazazu atzetik, besarkatu ezin duten zure beso zurrun horiekin, eskerrak ez garen okelazkoak, pentsatu bestela, zenbat min, zer zaila aurpegiko giharren aldaera guztiak kontrolatzea, tristura, zalantza, lotsa. Gure irribarreak gauza bakar bat esan nahi du, zoriontasuna, diruak ematen duen poz betea, gure furgoneta eta albaitaritza klinika erosten lagundu diguna. Begiratu kamerari eta erakutsi hortzak, elkar engainatu berri duten bikoteen moduan. “Dientes, dientes, que eso es lo que les jode” .
Baina bistaratu duzun guztia zure kontra itzul daiteke. Zenbat begiren esku utzi duzu zure bizitza? Kamerak daude zure kaiolan, mugetatik irten ez zaitezen. Nahikoa da begi bat, norbait begira dagoela jakitea. Tabernan, manifan, desertuaren erdian. Norbait daukazu begira, eta, hortaz, zuri buruzko iritzi bat eraikitzen ariko da, eta iritzi hori ezin izango duzu inoiz kontrolatu, baina zu saiatu egingo zara. Zerbait esateko esan dizute. Gero esan duzun horretaz lotsatzeko esango dizute, eta barkamena eskatzeko. Ez dela hori zuri zegokizun koreografia.
Ez al duzu uste, Ken, dena errazagoa litzatekeela plastikotik atera izan ez bagintuzte? Toys‘R’Us-eko apal batetik besterako begiradekin behar beste neukan. Imagination, life is your creation. Zikindu beharrik ez. Anestesiatu egin digute azala. Zuk ez dakizu musurik ematen. Nik ez daukat titibururik. Bizitza labaintzen ari zaigu, eta badakizu zer den okerrena? Eternoak garela.
Gaztetasuna deituriko kutxa ikusezin eta madarikatu bat besarkatzeko egin gintuztela horrela, beso zurruneko.
Nerea Ibarzabal
(2022)