Album
Album
Formol Laborategia
Azaleko irudia: Dani Fano
Diseinua: Metrokoadroka
2022, antzerkia
174 orrialde
978-84-17051-96-9
Formol Laborategia
 
 

 

Bizkarrezurra

 

Motxila bat daramagu harriz betea

Guk ez beste norbaitek eraikitako horma bat

Bizkarrean eramatera derrigortuta gaude

 

Bizkarrezur bat daramagu beti aldean

Norbaitek eraiki eta eraitsitako horma horren

Hondakinekin izan zen zutitua

 

Motxila bat daramagu susmo bat ere bai:

 

Gezurra zen egokitu zitzaigun garai petral hau

Baina gezurraz ohartzeak ez du askorik esan nahi

 

Orain galdera handiak datozkigu bueltan

Zertarako balio digute oinordetzan jasotako ziurtasunek?

Eta zergatik ezin dugu ezer ziurrik esan haiei buruz?

 

Gure aurrekoek banderak zituzten aldarri

Guk galderak baino ez dauzkagu zeruak uztartzeko:

Zein izango da askatasun hitzaren zentzua guretzat?

 

Ernegagarri zaigu Historiaren derrigortasuna

Ihesaldirako aukera bera ukatzen digu

Enbarazu egiten digun bizkarrezur bat bezala

 

Nahiko genuke une hau eta leku hau utzi

Bizkarrezurrez mudatu muskerrak azalez nola

Hautatu gabe egokitu zaigunaz ez arduratu

 

Senideei eta maitaleei agur zintzoa eskaini

Alde egin inori eskutik heldu beharrik gabe

Eta ihesaldiari askatasun deitu

 

Orain ordea galdera handiak datozkigu

Eta sentitzen dugu ez dagoela haiengandik ihes egiterik

Nola eman gure neurriko esanahi bat askatasunari?

 

Zer zama da lurrera lotzen gaituen hau?

Motxila bat daramagu harriz betea

Balio dute harriok inoren aurka jaurtitzeko?

Gezurra zen bizitzea egokitu zaigun garai hau

Orain galdera handiak datozkigu bueltan

Eta galderokin zer egin horixe galderarik handiena

 

Motxila bat daramagu harriz betea

Enbarazu egiten digun bizkarrezur bat bezala

Eta askatasuna ez da agian

Galderei erantzuteko derrigortasuna baizik.

 

 

 

Paul Beitia

(2021)