Aurkibidea
Sar hitza, EHAZE
Hitzaurrea, Danele Sarriugarte Mochales
When galdetzen dizute ea zmz (I)
Hartu flotatzeko tarte bat (I)
Eskuak aurpegian edo nola ito ur baso batean
Aurreko belaunaldiei, esker onez
Kutxa kanpoan vs. kutxa barruan
Subjektibitatea politikoki subertsiboa da
When galdetzen dizute zmz (II)
Hartu flotatzeko tarte bat (II)
Ez dakit nire aukeren gainetik amesten ari naizen
Formol Laborategia, edo zer espero genuen geure buruaz
Hitzostea, Javier Barandiaran
Aurkibidea
Sar hitza, EHAZE
Hitzaurrea, Danele Sarriugarte Mochales
When galdetzen dizute ea zmz (I)
Hartu flotatzeko tarte bat (I)
Eskuak aurpegian edo nola ito ur baso batean
Aurreko belaunaldiei, esker onez
Kutxa kanpoan vs. kutxa barruan
Subjektibitatea politikoki subertsiboa da
When galdetzen dizute zmz (II)
Hartu flotatzeko tarte bat (II)
Ez dakit nire aukeren gainetik amesten ari naizen
Formol Laborategia, edo zer espero genuen geure buruaz
Hitzostea, Javier Barandiaran
Obertura
Hasieran dena zen zaharra.
Janzten zizkiguten gure lehengusina zaharren igandeetako soinekoak, behin eta berriz birgrabatzen ziren vhsak, 80ko hamarkadako pastel koloreko txandalak, komikiak, kaseteak, Pinyponak, Araba Euskaraz 89ko bisera, sancheskiak eta bizikletak, lh osoan zehar erabili genituen testu liburuak, eraikinak, filmetako efektu berezi kutreak eta kolorea, logelako atean gure izenak idazteko hartzdun hizki koloretsuak, Laboaren abestiak, goteléa eta aitona-amonen etxeko vajilla okrea.
Mundua gu baino askoz handiagoa zen.
Gure herriak zaharrak ziren.
Triki-pandero, txalaparta, euskal dantzak, baserritar jantzia, Olentzero eta biribilketak zaharrak ziren.
Borroka guztiak jada jaso genituen zaharrak.
Ikasi genituen “kolpe, kolpe, kolpeka, josi eta josi, josi eta josi” eta “Axuri beltza ona dun baina txuria berriz hobea”, ikasi genuen disketea erabiltzen eta kanpana prakak duinki jantzita mantentzen egun euritsuetan ere. Ikasi genuen motxilak ipurditik behera eramaten, hezkuntza arautuan platano bati kondoi bat jartzen. Abestu dugu “dónde se esconden las pistolas, en los pupitres de las ikastolas”. Baina ez zegoen pupitrerik. Ze pupitre? Denok izan genituen mahai berde horiek, ez?
Entzun genuen Hemendik At. Gehiegi agian. Jolastu ginen noizbait GameBoy edo PlayStation edo Xboxen, eta Ken 7 eta Berri Txarraken diskoak eskatu genituen gabonetan. Ikusi genituen Hirukiak eta Sorgin Aspertua, Txirri, Mirri eta Txiribiton, Doraemon, Shin Chan, Txan Magoa, Lazkao Txiki, Dragoi Bola, Oliver eta Benji, Autobus Magikoa, Pokemon edo Digimon edo biak, Totally Spies, El Príncipe de Bel Air, Simpsonak, Betizu, Martin, La banda del patio, Wazemank eta atzetik zetozen El coche fantástico eta El equipo A, badaezpada.
Orain dena da berria, zuria, garbia, politikoki zuzena eta frutas del bosque usainduna.
Orain planeta osoa sartzen da gure smartphoneetan eta Mapseko pertsonatxo horia erabiliz Habana ikus dezakezu.
Ez da descampadorik geratzen pisu-blokeen parean.
Eta suposatzen da gu garela aro berri honen aurpegia.
Asmatu ez baina bidea bai, bidea, egia da guk ibili dugula. Eta gure izena jarri diote. Gu publizitatea gara soilik, iragarkiak.
Amildegi eder bat ikus daiteke asfaltoaren amaieran eta orain bai, orain iritsi da gure txanda eta hodeietan galduko den zubi bat eraikitzeko eskatu digute.
Guat-de-fak.