Album
Album
Formol Laborategia
Azaleko irudia: Dani Fano
Diseinua: Metrokoadroka
2022, antzerkia
174 orrialde
978-84-17051-96-9
Formol Laborategia
 
 

 

Hitzaurrea

 

Danele Sarriugarte Mochales

 

      Kaixo, ongietorri.

      Formol Laborategiaren Album antzezlanaren liburu-bertsioa da hau. Liburu horren hitzaurrea, zehazki.

      Ni Danele Sarriugarte naiz, eta testu bat idazteko eskatu didate, asuntoarekin bat egiten nuelakoan eta Formolen tamainako hitzaurre bat egin nezakeelakoan. (Kristoren ilusioa egin dit). Asuntoarekin bat egiten dudala ziur naiz, eta Formolen neurriko zerbait egiteko gai naizen ez dakidan arren, sAIATU eGINGO nAIZ :).

      Zuri —hau irakurtzen ari zarenari— dagokizunez, berriz, ez dakit hitzaurreak amaieran irakurtzen dituzun, ala hasieran, ala ezta txantxetan ere. Gainera, hau teatro-liburu bat da: obra ikusiko ote zenuen honi ekin aurretik? Zuk bai; zuk ez; zu ez zara gogoratzen. Edozein zarela ere ekarpenen bat egiteko moduko zerbait esan nahi nizuke. Lortuko al dut?

      Bai? Ez? A-gi-an?

 

* * *

 

      Maketa atera zutenez geroztik jarraitu dut Formol, baina albuma lehen aldiz Aulestin ikus-entzun dut 2022ko apirilean, adelen, proiektua sortu zen leku berean. Hasieratik amaierara barrez lehertu naiz: algara ez beti gozoak baina bai sakonetik atereak.

      Bueno, egia esan, hasiera-hasieran Intza eta Mikel oholtza gainean dantzan hasi direnean Gasolinak, Bexamelak eta Desenchantéeak uztartuz, haiekin batera zoruraino jaisteko gogoa gailendu zait barrearen gainetik. Musikak garai konkretu batera eraman nau (2000ko hamarkadaren amaiera) eta publikoan gauden batzuek ezin dugu saihestu burua errekonozimenduz mugitzea. Zorionez azkar samar gogoratu naiz oholtza ez dela taberna eta ni ez naizela antzerkilaria.

      Ni hitzaurrelaria naiz momentu honetan. Horregatik ez dizkizut banan-banan deskribatuko Album osatzen duten pasarteak eta nire erreakzioa haien aurrean, nahiz eta nahi nukeen. Sintetizatu egingo dut eta nire interpretazioa emango dizut. Nire ondorioak. Nire zergatik gustatu zaidan obra hau hainbeste, eta zergatik uste dudan irakurri eta ikusteak zerbait esango dizula.

      Baina lehenik Formol-ei hitz egin nahi diet.

 

* * *

 

      Formol: bejondeizuela.

      Zerbait esateko esan zizueten, eta ez da erraza izaten ezer esatea, esateko asko eduki arren, esateko daukagun hori besteren koordenatuen arabera esan behar denean, besteren neurri eta doinuan.

      Iruditzen zait koordenatu horiei buelta eman diezuela. Iruditzen zait aurrekoen neurri eta doinuek elikatuta neurri eta doinu zeuenak ekarri dituzuela. Iruditzen zait horietako batzuk badirela beste batzuon doinu eta neurriak ere eta zuei esker orain gorputza dutela (motxila, ostruka).

      Iruditzen zait zerbait-esateko-esan-digute esate hutsak badioela zerbait, eta ez gutxi.

      Iruditzen zait zuen leloekin lasai manifestatuko nintzatekeela.

      Iruditzen zait zenayoezu binomioen jolasak badioela zerbait; norbere bideari ekin behar zaionean espektatiben zama nola astuntzen den kontatzea ez dela edozer gauza; eta 24-25-26-27 urte izatea zer den azaldu duzuela, eta sentipen horietako batzuk orokorrak izan daitezkeela garaia garai, baina zuek zuenean kokatu dituzuela eta horrek badioela zerbait eta ez gutxi gure iraganaz, gure kolektibitateaz, gure etorkizunaz.

      Adinaz ari naizela, orain dela ez asko Virginie Despentesi irakurri diot, bere pertsonaia baten ahotik, norberaren hogeiak direla norberaren garaia; sasoi hori daramagula gurekin edonora goazela ere, bolada horrek taxutzen digula gure zera.

      Formol: uztaldiari erreparatuta, zuek (95-95-93) eta ni (89) ez gaude hain urrun, berez. Baina ni beti ibili naiz 80koei begira lepoan kontraktura bat egin beharrez, eta beti berandu iristeko sentsazioa kostata kendu dut gainetik. Zuek lagundu didazue horretan, garaiari beste argi bat eman diozue, Aulestin 2022ko apirilean, eta liburu honetan.

      Formol: eskerrik asko. Ez zeneukaten zertan ezer esan, eta izugarri pila esan diguzue.

 

* * *

 

      Hitzaurre hau irakurtzen ari zarenari dagokizunez, edozein zarela ere: aditu albuma; aldatu da paradigma.