Hizlandia
Hizlandia
2006, saiakera
224 orrialde
84-95511-89-4
azala: Xabier Gantzarain
Iñigo Aranbarri
1963, Azkoitia
 
2018, narrazioak
2014, nobela
2011, nobela
2008, nobela
2000, poesia
1998, poesia
1997, kronika
1994, nobela
1989, poesia
1986, poesia
 

 

Eskribauen egia

 

Erreferentea bera erdi-gordean dela, geografia denean mintzo dena, ale ederrek mozkortzen naute aldiro. Halako zerbait gertatzen zait, esaterako, Gezurmendirekin. Gezurmendi Azkoitiko parajea da, herritik ez oso aparte. Eta Gezurmendinekoak badira oraindik ere, halaxe ezagutzen dira herrian. Ez da bakarra: Garain ere bada Guzurmendi izeneko beste baserri bat, eta Gorliz inguruetan, auzoa da. Lekeition, berriz, udaletxe gibelean, egun izen bereko ostatua dagoen tokian, bazen garai batean Guzurmendiko atea izenez ezagutzen zen pasabidea harresi zaharrean. Eta ezin burutik kendu: ez mendi eta ez mendikote, baina bai guzur. Berbetan, kalakan aritzeko tokia izango zen ate ingurua, merioak egurrean katigaturiko eskribauaren agiriaz gaizki esaka jarduteko, gezurrei gezurrak eransteko besterik ez bazen ere.

        Gezurrarenak, egin du bide gurean. Gezur-harrobi deitzen die Salvat Monho Isturitzeko apaiz olerkariak hatsa bera gezur dutenei. Irudia, begi gozagarri da. Ostera, nahiago izan dugu gezurra afalondoko kontuekin lotu, edo artazuriketakoekin, edo baxoerdiekin: «Ostatuko kontuak dire oiek», irakurtzen diogu Damaso Intzari. Sexismoari itzuri ezinik, ez dago zalantzarik, atso kontuak dira gezurrak, edo dotoretuta, andrearen negarra. Bat aukeratzekotan baina, ez da txarrena Eusebio Maria Azkuerena: eskribauen egia.

        Sortu zenetik, prentsak sobera izan du eskribauen egiatik. Batzuetan, berak kaleratu du, beren-beregi, gezurra den albistea. Beste batzuetan, berriz, gezur hedatzaile huts izan da. Maizetan, gezurrarekin baino, gezurraren bezainbesteko berriekin gorde du egia. Condor legioak Gernika bonbardatu zuelarik, Frantziako Havas prentsa agentzia izan zen suntsiketaren inguruko gezurra Europan barrena zabaldu zuena. Luze gabe, Volkischer Beobachter Alemaniako Langileen Alderdi Nazionalsozialistaren kazetan argitaratu zuen albistea. 1937 hartako apirilaren 29an, Sevillako ABCk, iturri frankistak aipatuz, gazteleraz eman zuen eskribauen egia: «Guernica está destruida por el fuego y la gasolina. La han incendiado y la han convertido en ruinas las hordas rojas».

        Behin eta berriro errepikatuta, azkenean Hitlerren Propaganda ministro zen Joseph Goebbels-ek berak ere, sinetsi egin zuen egia usteko gezurra. Bere eguneroko pribatuan, gogor ekiten dio The London Times-etik abiaturiko «difamazio kanpainaren» aitzi. Zer gertatu zen ondo zekien arren, Havas agentzia zen martxoaren 11 hartako Atochako eskribaua Goebbelsentzat.

        Txile, 1975eko ekaina. La Mañana egunkariak berri honekin zabaldu zuen hilaren 6ko alea: «Extremistas asesinaron a un capitán del regimiento Talca». Leitu dezagun pixka bat: «El capitán de Ejército Osvaldo Heyder Goycolea de la dotación del Regimiento Talca fue ultimado a balazos, el día de ayer en las inmediaciones del cerro La Virgen y las instalaciones de Entel». Talca bertako La Tercera zehatzagoa da: «Se constató que no fue un delito común sino el fruto de una fría acción extremista y que dicho capitán se encontraba investigando el tráfico de armas en la región».

        Osvaldo Heyder Goycolea ez da, ordea, Egiaren eta Adiskidetzearen Batzordeak osaturiko txostenean agertzen, lan horretan, 1973tik 1990era indarkeria politikoz hildako militar guztien izenak jasotzen diren arren. Orain badakigu: armadak berak kapitaina «istripuan hil zela» idatziz zarratu zuen ikerketa txostena. Orain badakigu: Heyder Goycolea ez zen «istripuz» hil, «muturreko» haiek ez ziren MIRekoak, eta hari guztiek Pinocheten polizia sekretua zen DINAra jotzen dute. Baina kapitainaren heriotza errepresio kanpaina baten aitzakia ezin egokiagoa izan zen.

        Ez dago baina, beti gezurra zertan esan errealitatea estaltzeko. Bada beste aukerarik. 2004ko azaroaren 12an, AEBetako hegazkin militarrek Faluja bederatzigarren egunez bonbardatzen zuten bitartean, Kaliforniako Redwood Cityko auzitegiak hiltzera kondenatu zuen Scott Peterson. Emaztea hil izana leporatzen zitzaion. Baina bazen elementu gehiago: bururik eta besorik gabe San Frantziskoko badiako ur azalean agertu zen gorpua zazpi hilabeteko zegoen. People aldizkariko azal, krimenaren star bihurtuta, Petersonen kasuak gezurmendi guztiak hartu zituen. Eta hain gogoz hartu ere, non ia ez zen estatubatuar militarren ahotsa entzun esanez Falujaren kontrako erasoa ondo zihoala, «bete-betean jotzen ari zirela insurgentzia babestua dagoen auzo eta etxeetan». Handik hiru egunera, BBCko kazetari baten izu orroa: Falujan, bi milatik gora ziren estatubatuarren bonbapean hildakoak, gehienak zibilak. Gerora jakin zen Iraken arma kimikoen gezurrarekin sartu ziren hegazkinek fosforo zuria eta MK77a erabili zutela erasoetan. Los Angeles Times-ek Falujaren sufrimendua ekarri nahi izan zien, ordea, irakurleei. Azalean, marine bat ageri zen, aurpegia lokatzez lohitua eta ia erorian zuen zigarroa zuela ezpainetan. Horra giza sufrimenduaren irudia: ezin lasai erre izana.

        Marinea —ke hari lerdena ezpain artetik— Donostian zen atzo zortzi. El Diario Vasco-k bazuen zer gogorarazi irakurleari. Azalean, argazki bat nabarmen honako testuaren lagun: «Primer día en Gipuzkoa del alto el fuego de ETA». Eta fotoa, ondo aztertzekoa. Donostiako Club Nautico atzeko moila txikian, jende gaztea nagusi. Neska batzuk —eguzkitako betaurrekoak, sorbaldak agerian zurezko zoru gainean eserita—, marrazten ari dira. Eguraldi ederraren seinale, gibelean, mutil bat eranzten. Figura nabarmenena, kamerarantz oinez datorren gizonezkoa da. Nesketako bat du beha. Eguzkipean, irribarretsu dator, etorkizunera bezala. Atzean, Santa Klara uhartea, ezin berdeago. Esperantza. Hona berria, su-etenaren lehenbiziko eguna. Zer jasotzen du baina, argazkiak? Zangozan bi polizia hiltzen dituztelarik, Intxaurrondon azken atxilotua torturatzen ari direlarik, ez da Aizpuruaren eta Labaienen klubontziaren osteko moilatxoan gazterik marrazten, biluzten, oinez, musuka, gezurmendian? Egunkariak eman nahi izan dio balio sinbolikoa berez edonoizkoa eta ia edonongoa izan daitekeen kamera kliskari.

        Su-etena eta giroa sendotu ahala, prentsa dosierrak naroago etorriko zaizkigu. Historia handiak lagunduta, historia txikien garaian sartuko gara. Eta egongo da, ez dut dudarik egiten, gezurretarako tarterik. Izango da iragan epikoagoak liluratuta, Amical Mauthausen elkarteko lehendakari ohi Enric Marco-k bezala, «horrela jendeak gehiago entzuten didalako», gezurretako alter ego-rik asmatuko duenik. Eta izango da behinola asmatu, inork desegin ez, eta dagoeneko fosilduriko egia bihurtu den gezurrik. Hedabideen lana da hau guztia zorroztea.

        Baina ez dakit, bada aski motiborik etsiak hartuta bizitzeko. Gaur zortzi, egunkari honetan, ETB 2k eman behar zuen erreportaje baten berri irakurtzen: «ETAren eta GALen biktimen testigantza». Lagungarri zekarren argazkia ikusita erabaki nuen osorik leitzea: «ETAk eta GALek hildako lau pertsonaren alaba eta emazteen testigantza jaso dute Nosotras que amamos tanto lanean. Beren esperientzia kontatuko dute». Erretratuan, Barbara Durhkop eurolegebiltzarkidea eta Enrique Casasen alarguna. Ez ETAk eta ez GALek hil ez zuen senadore sozialista. Zorroztasun eza, goragotik dator. Jo hemeroteketara, irakurri Josep Borrell-ek Europako Parlamentuan su-etenaren berri eman zueneko kronika.

        Garai berriotan ere, nahita ematen zaie jaten gezurrei. Eta eskribauek idazten segitzen dute.

(2006-04-02)