Izenen jabeak
«Hori izenaren jabe da», esan ohi dugu norbaitengatik, hala iritzita, merezitako fama duenean. Eta hala jolasten gara solaskidearekin, batzuetan gozo, besteetan gaizto, Txato deitzen duguna benaz sudur-zapala ote den ala herriko cyranoa, zalantzan uzten dugula. Beste horrenbeste Langile baderitzogu, edo Abraham, edo Onassis, edo nik dakita zer. Alferra, zuhurra, loteria tokatutakoa... asko dute gaitzizenek jolasetik. Dena. Galdetu Antton Olariagari bestela.
Benetako izen-abizenekin, aldiz, zailagoa izanagatik, bada adibide baragarririk eguneroko prentsan. Ugarte arrunt izen egokia da munduari belaontzi batean bira eman dion marinelarentzat, baina are aproposagoa dirudi balentria berbera egina duen Didier Mundutegi deitzea. Beste bat. Zer abizen izan lezake ertzain gorrien ez ezik besteen ere nagusiak Baltza ez bada? Kasualitateak eta dosteta, nahigabe nahasten dira biak sarritan.
Asko da deitura.
Gero, bereizten hasita, esango dugu izena beroa dela eta abizena hotza, formala, ofiziala. Logika honexek lotu zuen, arean, Berria-ko kazetaria ostegunean. Carmen Gamboak (sic) idatzitako Galerna: Recuerdos de mi niñez en tiempos de guerra liburuaren berri ematen ari dela, artikuluaren hasieran dator egilea izen-abizenekin. Aurrera egin arau, ostera, idazlea Carmen da beti, ez Ganboa: «bere aita nola atxilotu zuten kontatu du Carmenek liburuan», «gertatu zena ezagutu ahal izan du Carmenek», «Carmenek nostalgiaz hitz egiten du»...
Samurrago, etxekoago da oro horrela. Gertuago sentitzen dugu idazlea, humanoagoa zaigu. Konparazioa nahitaez dator, ordea. Irakurriko dugu egunotan «Joseba iragan denboraz mintzo zaigu Akordatzen honetan»? Edo «Alberdaniaren mahaian Anjelena eta Jokinena dira gehien saltzen ari direnak»? Seguru «Joan Mari futbolari zen garaiko kontuak dira hauek» entzungo dugula? Abizenak bestelako jantzia emango balu bezala idazten dugu. Eta ez gara deskuidatzen. Gizona abizenez; emakumea, sarritan, izen hutsez.
Bertsotan, Maialeni deituko dio gai-jartzaileak, Estitxuri, Iratxeri. Eta ondoren Egañari, Amurizari, Lizasori. Trikitixan, baserri izena izan da, orain arte, nagusi: Sakabi, Egañazpi, Laja... Gazteagoetan, ordea, eurek aukeratua, Alaitz daukagu, Maider, Maixa, Ixiar; baina Tapia eta Junkera. Kantarietan, Estitxu, Lupe, Anari, Sorkun, Afrika... Aupa Joane!, baina aupa Indurain! Ez da gurea bakarrik, ezta beti-beti betetzen den legea ere. Joera da, kazetaritzak egunerokotik jaso duen joera zabaldua. Diego Rivera, baina Frida. Eluard eta Dali, baina Gala bien emazte izan zen Helena Diakonova.
Euskadi Irratian, kazetaria eta Gorka Knörr legebiltzarkidea kalakan. Gaia, 2005eko aurrekontuak eta nola onartu diren hauek legebiltzarkide sozialista baten okerreko bozari esker. Kazetaria aurrena, Knörr ondoren, elkarren orpotik biak, ea nahita egindakoa izan zen «emakume horrek» egindako huts egitea. «Emakume horrek» behin eta «emakume horrek» gero. Rodolfo Ares izan balitz, konparazio batera, «gizaseme horrek» erabiliko lukete biek ala biek behin eta berriz? Horrela erabilita, ez zukeen harrokeriatik puska bat?
«Emakume horren» izena Irene Novales da.
Asko dugu izena. Dena. Izena duena, bada. Bestela, zer da «gorpu bat», edo «miliziar bat» baizik. Lehengoan, foto ederra, goitik beherainokoa, artistikoa, gaitza. Hiesa duen Indiako nerabe bat, ohantzean, tapakia ahoraino, begiak mintzo. Eta gutxitan bezala, izen-abizenak argazki oinean: «15 urteko Suresh Babu, joan zen igandean, Madras hiriko (India) ume eta emakumeentzako erietxe batean».
Pozik gurutzatu nuen galtzada. Ez da ohikoa ezezagun baten izena ematea. Ez artista, ez kirolari, ez politiko: gaixoa eta pobrea. Izan ere, horretan, turistenen antza dute prentsa argazkiek. Miseriak ez du izenik. Zertarako. Normala bestea da, apaingarri agertzea. Egun bereko egunkarian, aurreraxeago: «Etorkin ilara Iruñeko Pascual kalean», «Etorkin bat eskolak hartzen, Bilbon»... Baina gero maite dugu gure kronika soziala, egunkari berri baten aurkezpenean, ez dakit zer sari banaketatan halako aktorea halakorekin hizketan aritu zela, han zirela Urlia idazlea eta Sandia kantaria, Txamorro egunkari zuzendaria Belendia legebiltzarkidearekin...
2004a bazihoala-eta, «Hator kantari hator» saioa ETBn Gabon gauean. Honen berri irakurtzen Berria-n: «Eusko Jaurlaritzako inmigrazio zuzendari Omer Okek ere Oskorriren musikarekin abestuko du. Beren herria utzi eta Euskal Herrira bizitza berria hastera etorri diren hiru etorkin izango ditu lagun» (sic). Behean, «parte hartzaileetako batzuk» ataltxoa irakurtzen hasi, eta «... Iban Mayo, Aimar Zubeldia (sic), 'Vaya Semanita'-ko Los Sanchez, Jon Sistiaga, Omer Oke eta hiru etorkin...».
2005eko ekainean, Bolivia albistegi guztietan. Irratian, esplikerrak: «Sucren izaniko istiluetan, manifestari bat hil da Poliziarekin izaniko enfrentamenduetan». Alferrik aritu nintzen haren izenaren bila. Hildakoa ez da, noski, Carlo Giuliani. Ez gaude Genoan, boliviarra da, ez altermundialista, ez kooperantea Afganistanen (telebistan, Clementina Cantoni Ciampinoko aireportu militarrera iristen ageri da).
Badakik zer lan den? Ez badigute agentziek ematen, ezin diagu izenik jakin.
Ez, noski.
Zertarako nahi duk izena, bihar ez baduk gogoan izango?
Boliviako prentsak eman du: Carlos Coro, Potosikoa, meatzaria.
Horregatik, urrats handia da Suresh Baburena.
(2004-12-05)
Ostekoa:
2006ko ekainean hiru palestinar taldek (Erresistentziaren Batzordeek, Izzedin al Kassem Brigadek eta berriki sorturiko Islamaren Armadak) beren gain hartu zutelarik Israelgo armadako kaporal baten atxiloketa, Tsahal hamaikagarrenez sartu zen Gazan. Soldaduaren izena, badakigu, pertsonari indar mediatikoa ematea komeni delako: Gilad Shalit, eta 19 urte ditu.
Azti dabilenik, bada. Spielbergen filma gogoan, Le Figaro-k (2006-06-28): «Il faut sauver le soldat Shalit».