Hizlandia
Hizlandia
2006, saiakera
224 orrialde
84-95511-89-4
azala: Xabier Gantzarain
Iñigo Aranbarri
1963, Azkoitia
 
2018, narrazioak
2014, nobela
2011, nobela
2008, nobela
2000, poesia
1998, poesia
1997, kronika
1994, nobela
1989, poesia
1986, poesia
 

 

Eta arkadian gu

 

Bat: automobila, tartea topatuta, aparkatzeko gertu. Atzean, gidari presatuak, luzetsita, bozina jotzen ari. Ilara, gero eta luzeagoa da. Harantz-honantzak, ondo doaz, baina ez zain daudenek nahi bezain azkar. Espaloiaren kontra ondo utzi duelarik, atzeko auto gidariari lehoiaren orroa atera zaio aldamenetik igarotzean:

        — Emakumea izan behar!

        Eta egia da. Denok dakigun zerbait da emakumeek arazoak dituztela autoak gidatzeko. Ez da neuk asmatu dudan zerbait. Berria-k zioen, martxoaren 8ko gehigarrian: «Emakumeok behar genuen autoa?». Eta artikuluan, etorkizuneko autoaren ezaugarriak aipatzen ari dela, besteak beste, honelakoentzako soluzioa: «Aparkatzeko erraza».

        Bi: irratian, esatariak Ertzaintzak Bilbon gizon bat atxilotu duela dio, emaztea jipoitzeagatik. Ondoko mahaian, komentarioa berehala:

        — Seguru etorkinak direla.

        Eta itu-ituan asmatu. Berria-ko gehigarri berezi horretantxe, AP agentziako argazki bat. Bi emakume ageri dira. Batak igeltsatua darama besoa. Bestea, zauritua gozatu nahian-edo ikusten dugu, berbetan. Argazki oinak: «Tratu txarrak ematen dizkieten emakumeentzat Erakundeen arteko Akordioa sinatu dute». Ez dizuet esan: besoa loka duenak musua estaltzen dion zapia darama. «Musulmana», datorkio irakurleari bat-batean. Ondoko mahaikoak arrazoi: emakumeei erasotzea etorkinen kontua da.

        Hiru: bi mutil, martxoaren 8a kari, eztabaida betean. Indar kontura ekarria zuten gaia, ea nola egingo dituzten emakumeek hainbat lan. Ezinezkoa dela zioen batak, eta besoko igeltsua ez, baizik eta lepa gainera igo beharreko zakuak-edo aipatzen zituela iruditu zitzaidan. Besteak zioen:

        — Badituk gizonen lanetan onak diren emakumeak!

        Eta egia berriro ere! Hitz horiexek irakur baitzitezkeen arestian aipaturiko gehigarrian: «Emakumeak gizonen lanetan».

        Honatx hiru txorten. Arretaz irakurrita, askoz gehiago ditu, nahi izatera. Oparoa atera zen martxoaren 8an, Emakumeen Nazioarteko Eguna zela-eta Berria-k gehigarri gisa kaleratu zuen eranskina. Zortzi orrialde, sei artikulu nagusi eta hamaika txorteneko hamabi piku. Bakar baten hautua egiteko aginduz gero, lanak. Autoarena, arrunt ederra da. Orrialde bete Volvo etxeko emakume talde batek diseinatu eta egin duen Your Concept Car autoaz: «Argi dago emakumeok gero eta botere handiagoa dugula: hori argi utzi du Volvo auto markak; izan ere, emakumezko gidarientzat pentsatutako autoa aurkeztu berri du». Ezaugarriak, xehe-xehe ematen dira: «Poltsa, giltza, txanponak, agendak eta abarrak uzteko tokiak ditu auto honek»: ateak, berriz, gorantz zabaltzen zaizkio: «Bai, bai, James Bonden filmetakoak bezalakoak dituzte gogoko emakumeek, dirudienez». Erosketatik zamatuta bazatoz, no problem: «Auto-Open funtzioa aktibatuz gero, poltsak daramatzagunean automatikoki zabalduko zaizkigu ateak». Egileek badakite emakumeek arazoak dituztela aparkatzeko edota gurpila aldatzeko. Dena pentsatua dago, zaude lasai: «Autoaren gurpilak zartatu ondoren ere autoa tailerreraino eraman daiteke, han gelditu eta konpontzeko». Eroslea ez da azkarra izango, baina autoa bai: «YCC inteligentea dela argi geratu zaigu». Prezioaz, iradokizun xarea baino ez: «Oso auto erosoa da, erosteko besteko dirurik baldin badugu behintzat». Martxoaren 8a da. Eta diotsozu zeure buruari: ezinezkoa da.

        Aurkitu nahi duzu arrazoi bat. Garai batean, Emakume Langilearen Eguna deitzen zen martxoaren 8a. Denboratxoa da, gaizkiulerturik gerta ez zedin eta soldatarik gabeko oro, hots, etxekoandreak, langabetuak, ikasleak eta abarrak kanpoan gera ez zitezen, Emakumeen Nazioarteko Eguna deitzen dela. Eta horrelakoetan gertatu ohi den legez, langa bestaldera zabaldu da orain ere. Adibide gisa, astearteko gehigarri hau: emakume langileek inoiz erosi ezingo dituzten autoak, Arabako Emakume Profesional eta Enpresaburuen Elkarteari buruzko erreportajea, eta airerik hartu ez badiozu, beste bat Mexikon egitekoa den XV. Gailur Globalaz, «Emakumeen Davos deitu izan zaio ekainean egingo den gailur honi». Ezin eliteaz garbiago mintzo.

        Gehigarri guztian, errealitate lerro bakar bat ere ez. «Gizasemeen boterearen» kopiarik zintzoenak bahitu digu eguneroko bizitza. Bada zortzi orrialdeotan halako desideratum aire bat, halako giro light asaldagarria. Ez lan, istripu, osasun arazorik, ez familia ereduari buruzko gogoetarik, ez bazterketa zantzurik. Emakumea falta azpimarra lilapean. Humanotik duena kendu zaio jendarteari, Cosmopolitan aldizkariaren euskal bertsioa egiteko. Eskuindarra, baztertzailea, iraingarria.

        Asteartean Berria-k atera zuen gehigarria hori izan baitzen batez ere, berdintasun ofizialduaren izenean egindako irain gaitzigarria. Tupustean, egunen joanean egunkari honetan irakurtzen ditudan emakumeak etorri zitzaizkidan gogora, kazetari zein kolaboratzaile, ezagun zein ezezagun, erreportajeak eta artikuluak, argazkiak eta zutabeak. Umea intxaur batzen bezala aritu nintzen. Esan beharra daukat: gehigarrian ez dago lerro bakar bat egunero erakusten didazuen mundu horretatik.

        Akatsa ez dago eranskinean. Alferrik esango dugu ez dela erredakzioan egin, horrelako lan guztiak bezala, kanpoan idatzi dela, enkarguz. Eta? Lana agindu duenaren begiak huts egin duela, gutxienez. Gainera, ez da hau guztia, azken beltzean, azpikontraten kulturaren ondorio?

        Gehigarrian barik, intentzioan bertan dago akatsa, sorburuan. Emakumeen munduari eranskina eskaintzen zaion unetik beretik huts egiten du asmorik onenak. Gehigarritzat jota, moda orrien parera ekartzen baitugu, etxe barne apainen neurrira, edota herenegun bezala, azpiegituren harkadiara.

        — Eta arkadiak, bizitzeko lekurik onenak ez izateaz gain...

        — Oraintsu h-z idatzi duzu barren!

        — Eta arkadiak, harkadiak bezalaxe, bizitzeko lekurik onenak ez izateaz gain, iraingarri ere badira. Eta irain.

(2005-03-13)