Atzerritarrak
Ahotsa doi-doi heltzen zaidan telebistan, britainiar kazetari bat ari da, apropostako lehergailuarekin Londresko Parlamentuko kontrolak pasatzen. Harro erakutsi du kameren aitzinean plastikozko ontzitxoa, barruan pilak, kableak eta abarrak dituela. Han doa, eta lehenbiziko kontrolean... aitzina! Baita hurrengoan ere. Irribarre egiten du, pozarren dago. Antza denez, egungo segurtasun neurriek «zuloak dituztela» erakusteko egin du balentria. Sagar garaian gaude, iragan berri da New Yorkeko World Trade Center-en aurkako erasoaren urteurrena.
Egunkari honen edizio digitalean, Irakeko albiste bat. Lepoa moztutako hiru gorpu agertu omen dira Bagdad iparraldean. Merezi du osorik irakurtzea: «Gorpu horiek atzerritarrenak direla uste da, AEBetako armadak esan duenez, arabiarrak. Izan ere, gorpuetan dituzten tatuajeak arabiarrez idatzita egoteko tankera dute. Antza denez, hilda aurkitutako denak gizonezkoak dira».
Ez da lehenengoan harrapatzen, ez duzu irakurri duzuna ulertu nahi. Berriro ekin diot: «atzerritarrak direla uste da», «arabiarrak», «AEBetako armadak esan duenez». «Izan ere», eta hona arrazoia, itxura batera arabieraz idatzitako tatuajeek salatzen omen dituzte gorpuak.
Bagdaden gaude, ez Connecticuten. «Atzerritarrenak direla uste da», «arabiarrak» izanda. Ez dakit zergatik, gezurretako lehergailuarekin ikusi dudan kazetaria etorri zait gomutara. Guk ere, Ibrahim jauna eta Koranaren loreak filmean bezala, beste Omar Sharif batzuek erakutsita, urteak dira ikasi genuela musulman guztiak ez direla arabiarrak. Turkiarrak ez dira arabiarrak, ezta Kabiliako berbereak edo kurduak ere, hain gutxi behinolako pertsiarren ondorengo irandarrak... Baina irakiarrak...
«Atzerritarrak dira, arabiarrak...».
Bihotzak ematen dizu zergatik azpimarratu nahi den atzerritarrena. Nahitara egina da, ez da ezkutatzen iturri militarrak izan direla berria eman dutenak. Eta entzunaren poderioz, egin egiten da, ikasi egiten da deskodetzen. Atzerritarrak, arabiarrak, Iraken. Aukera bat baino gehiago dugu. Gerraz ari garela, arabiar bakarra agertu ohi zaigu beti. Arabiarra, aspaldidanik ari zaizkigu erakusten, nazioartekotza terroristako kidea da, Bosnian, Txetxenian, Afganistanen, nonahi dela sarraskirik handiena egiteko gertu dagoen piztia fanatikoa. Eta izu sortzailea denez, zehazgabea beti. Hor dago, oraindik orain Frantziako Val d'Oiseko trenean izan-ez-zen-erasoaren biktima izan zen emakumearen kasua. Salatu zituen gizonak, «magrebiar itxurakoak ziren». Denok irentsi genuen amua. Egunetara ezagutu zen benetan gertatu-ez-zena. Emakumea burutik egina zegoen. Beurren kontrako propagandaren emanak bultzatu zuen gezurra asmatzera.
Albistea leituta, zer eskatzen zaio irakurleari, fedea ez eta? Sinets diezaiegula, arabieraz idatzitako tatuajeak zituztela (seguru ere ez dakigu!, «arabiarrez idatzita egoteko tankera dute»), baietz, Ipar Osetiako bahitzaileak, irailaren 11ko hegazkin pilotuak, burka inposatu zuten taliban doilorrak (nazioarteko tropak bertan direla ere, modan segitzen du...), denak eurak direla, sinesteko, mertzenarioak dabiltzala Iraken, erresistentziako asko atzerritarrak direla, eta azkenean baietz diozu, ez balute mundu horrekin zerikusirik ez zuketela, irakiarrak izan arren, arabieraz idatzitako tatuajerik eramango, hain nabarmen... Iraken!
Uler daiteke AEBetako soldaduentzat zirela atzerritarrak!
Bai, noski.
Saudi Arabiakoak ziren beharbada.
Beharbada, eurek bakarrik idazten dutenez arabieraz...
Bahituak izan zitezkeen, ez Irakekoak ordea. Besteek, arabiar fanatikoek hil dituzte!
Zeuk idaztea zenuen. Eskertuko genizukeen.
Zergatik ez dakizula, gezurretako bonbarekin hamaika detektagailu pasa dituen kazetariak hartu dizu gogoa ostera ere. Albistea non sortu den datorkizu, nola heldu den teletipoaren bitartez, kontrola kontrolaren ostean igarota, horren albiste izukaria mundu guztiko erredakzioetara, eta nola eman dugun, bere horretan baina euskaraz, bulego politiko-militar batean sortu den bezalaxe. Hitzez hitz.
«Atzerritarrak dira, arabiarrak».
Gure detektagailuak, esan liteke lasai, ez dabiltza.
(2004-09-26)
Ostekoa:
2006ko urriaren 17an, bi palestinar hil zituen Israelgo armadak, Tsahalak, Nablusen. Horretarako, dirudienez uniformerik gabe, palestinarrak balira bezala gorde eta egin zieten tiro soldaduek Ain Beit al Ma-ko errefuxiatu gunean.
Euskadi Irratian hiltzaileak «arabez jantzita» zeudela azaldu zitzaigun. Arabez jantzita. Zer da arabez janztea? Marokotik heldu berri den auzokidea, arabez jantzita dago kalean elkar agurtzen dugunean? Ni, euskaldun jantzita nago? Ez naiz deskuidoan bada arabez jantzita egongo?