Errotarria
Errotarria
2006, kronika
208 orrialde
84-95511-85-1
azala: Vincent van Gogh
Jokin Urain
1959, Mendaro
 
2010, saiakera
2000, kronika
Errotarria
2006, kronika
208 orrialde
84-95511-85-1
aurkibidea
 

 

Besterrietan

 

Manu Lejarreta mungiarra hogei urte inguru preso egon ondoren atera zen Basauriko kartzelatik. Etxekoak eta lagunak kartzela atarian zain eduki arren, oinez, korrika joan zen herrira, etxera. Askotan esan izan da errealitatetik kanpo bizi garela presook, eta bere mundu irrealean bizi denaren ateraldia iruditu dakioke norbaiti Manu Lejarretaren etxeratze modua. Guri, aldiz, iruditzen zaigu koordenadak zaintzen igaro dituela kartzela urte guztiok, puntu kardinalen eta bere etxearen kokalekuaren zuzentasuna frogatzearren joan zela oinez kartzelatik etxera.

        Baina, Afrikako basamortu handian bazaude, edo mapa mundian non kokatu ia ez dakizun uharte batean, edo ozeano handiaren bestaldean, eta bakastak bezala itsatsita darabilzkizun poliziek zainduta bazaude gau eta egun, eta zure inguru osoa Antartika handi bat bada... norantza hartu behar duzu etxera bidea?

        Deportazioan hil diren haien irudiak, deportazioan eta erbestean, etxera itzultzeko ametsa bete gabe hil diren haien irudiak erakartzen dit arreta... «Gure herrian norbait hiltzen denean eta gorpua kutxan sartutakoan, baso bat ur ipintzen diogu hilkutxaren oinean», kontatu zidan behin Fernando kolonbiarrak, patioan paseatzen genbiltzala.

        «Zendu berriak bere bizialdian egin dituen bideak eta joan-etorri guztiak korritzen ditu haren arimak. Horregatik eta bide horiek luze samarrak izan litezkeelako, hilotzaren arima egarrituko balitz ere ipintzen zaio basokada ura».

        Eta deportazioan eta besterrietan hil diren haiek datozkit gogora. Txomin Iturbe, Franciso Javier Alberdi, Juanra Aranburu, Joxe Mari Larretxea... eta hogeitik gora luzatzen den zerrenda azken 25 urteotan. Haien arimek asmatu ote dute bizialdiko bidea eginez etxera itzultzen? Nola lortu ote dute Afrikako basamortu itzelak zeharkatzea, ozeano handiak igarotzea?

        Kuba, Panama, Ekuador, Venezuela, Dominikar Errepublika, Cabo Verde, Gabon, Togo eta Sao Tomera deportatu zituen Frantziak euskal iheslariak. 1984aren ondoren deportatuak 60 inguru dira. Besterri horietan hil dira deportatuetako batzuk, deportazioaren barroteen artetik itzuri egin eta Euskal Herrira itzultzea lortu dute beste batzuek... Baina badira hogei urte igaro eta deportazioan jarraitzen dutenak, eta hogei urte bizi-aldi bat dela batere ohartu gabe, denboraren luzeari batere erreparatu gabe. Txutxo Abrisketa Frantziatik deportatu zutenean jaio zen haurrak, esate baterako, hogeita bat urte dauzka orain, ikasketak amaitu zituen eta goizero lanera joaten da bere autoa hartuta... eta Abrisketa deportazioan dago oraindik. Angel Lete Patas deportatu zutenean jaiotako haur hura, 17-18 urteko adinkideekin joango zen haren hileta-omenaldira. Juan Lorenzo Aiestaran Venezuelara deportatu zutenean jaio zen haurra Alderdiko gazte erakundean ariko da jo eta su, eta «ni beti naiz indarkeriaren aurka» esango du aldizkariren batek egingo dion elkarrizketan, eta ikurrinez, ordenagailuz eta bolalumaz betetako mahaiaren ostean eserita agertuko da argazkietan, edo karez margotutako esku txuriak gora jasoz erakutsiko dizkigu manifestaldiren batean... Hogei urte, eta ez hogei eguneko oporraldia.

        Apur bat atzera, 1988-1989ko tartean ezarri nahi dugu begirada orain. Deportazioaren ibilbideak ere, 1988ko Aljerko elakarrizketa eta 1989ko su-eten eta negoziazio saiakerarekin egin zuen bidegurutzea.1989ko urtea, urtarrilean emandako su-etenarekin hasi zuen ETAk. Txomin Iturbe hila zen ordurako, eta Eugenio Etxebeste izan zen erakundearen ordezkaritzaren buru.

        Baina EAJk ere bazituen bere elkarrizketa, negoziazio eta gauza propioak, eta Aljerko haiei aurrea hartzeko modukoak gainera: Aljerren ez baina Madrilen lortu zuen EAJk Euzkadiren burujabetza eta askatasunerako giltza, Ertzaintzaren kudeaketa eskumena alegia. Zertarako eta euskal tenebrosoak suntsitzeko. Hori zen gakoa.

        Bide beretik, Ajuria Eneko itunak manifestaldi baterako deia egin zuen martxoaren 18rako, «Bakea orain eta betirako» lelopean. «Betirako» horri erabateko zentzu martziala hartu nion bai orduan eta bai orain.

        Martxoaren azkenetan eman zituzten bereak Aljerko elkarrizketak, su-etenak eta gainerakoak. Fraga Iribarnek, Corcuerak edo Felipe Gonzalezek adina interes bazuten Iñaki Anasagastik edo Xabier Arzalluzek elkarrizketa haiek pikutara bidaltzeko. Negoziazio serio eta bideragarriak, negoziazio pragmatikoak, Euzkadi salbatuko zuten negoziaketak, Santoñako haiek bezalakoak, nahi zituen EAJk.

        Elkarrizketa haien garaian ez zuen eten Frantziak iheslarien eta abertzaleen aurkako jazarpena, baina elkarrizketak amaitu ondoren indarberritu egin zen eraso giroa. «Hau etetea oso zaila iruditzen zait niri. Nora joan behar dute ETAkoek Aljerrek larratzen baditu?» zioen Xabier Arzalluzek mahai hartan gauzak nabarmen okertzen hasi zirenean. Pentsatzekoa da antzeko burutazioak izan zituela Juan Ajuriagerrak Santoñan.1989ko apirilean Aljerretik kanporatu egin zituzten euskal errefuxiatu gehienak: Dominikar Errepublikara sei; Venezuelara hamaika, Cabo Verdera zortzi...