Aurkibidea
Errotarria
(1936-2005: errepresioa, kartzela, deserria)
Sartuko zara eta ez zara irtengo
Le martyre d'un peuple civique
Carabanchel 1983 / Herrera 1984
Aurkibidea
Errotarria
(1936-2005: errepresioa, kartzela, deserria)
Sartuko zara eta ez zara irtengo
Le martyre d'un peuple civique
Carabanchel 1983 / Herrera 1984
Kartzeleroak
«Presoek eurek eskatuta egin zen sakabanaketa, euren artean zituzten arazoengatik», bota zuen Jose Antonio Ardanza Gasteizko Gobernuko lehendakariak 1991n, sakabanaketa eta eraso giroa bete-betean zegoenean, «presoen interesentzat egokiena, dauden egoeran egotea da», adierazi zuen Jainkoak argitasuna eman zion beste momentuetako batean, edozein zerbitzuburuk esango lukeen moduan. Zerbitzuburua, kartzeleroen gainetik eta kartzela zuzendariaren azpitik dagoena da, eta Ardanza ere zerbitzuburua da, Ajuria Eneko jefaturan adierazpen horiek egiten dituenean. Bere kartzelero sena erakusten du presoei zer komeni zaigun esaten duenean, eta beste kartzelero batzuekin bat egiten zuen bere gogoetan. Sakabanaketa politika egokia zela eta bere etekinak ematen ari zela esan zuen garai hartako Madrilgo ministro batek; «politika egokiena da eta bere eragina du presoek informazioa falta duten heinean» gehitu zuen Antoni Asuncionek.
Gure interesentzat egokiena, gauden egoeran egotea, beraz. Pentsatzekoa da Ajuriagerrak ere horixe pentsatu zuela Santoñan, euskal gudarostea saldu zuenean; eta denborak erakutsi digu oinordeko zintzoak dituela EAJn Ajuriagerrak. Tradizioari eta traizioari jarraipena ematen diotenak.
Isolamenduari eta jipoiei erantzuteko presoak gehienetan eskura daukan arma bakarra gose greba da. Borrokaren bitartez lortu izan dira nolabaiteko akordioak zuzendaritzarekin kartzela gehienetan. Baina zuzendariek jan egiten dute emandako hitza. Horrela, etengabe borroka egitera behartuak dira presoak, oinarrizko bizi baldintzetan egon ahal izateko. Behin eta berriz aldapan behera jaurtitzen digute harritzarra Sisiforen hura bezala, eta duintasun apur batez biziko bagara behin eta berriz jaso beharrekoa izango da.
Harritzarra presoona, baina harritzarra gure senide eta lagunena ere. Arrebak esan dit Angel Figeroaren senideak zigortu dituztela Kordoban, sei hilabetean bisitak egitea debekatuz. Ondorengo egun batean Angelen amak idatzitako eskutitz bat irakurtzen dut egunkarian: iloba txikiaren zapia bisean bisera sartzen ez zien utzi nahi izan kartzeleroetako batek, eztabaidan aritu ondoren kartzela zuzendariari deitu, eta kartzeleroari arrazoi eman zion hark... Kartzelero bakoitza jainkotxo bihurtzen da desmundu hauetan, bere nortasuna sendotu nahian besteekiko agintean. Azkenean Guardia Zibilak kanporatu zituen hiru presoren senideak, bisean bisekorik egin gabe, eta hiru preso horiek eta euren senideak zigortu, sei hilabetez bisitarik gabe...
«Asteburu bakoitzean eta kartzela bakoitzean justifikaziorik gabeko agintekeriarekin topo egiten dugu» dio Carmenek. «Desafio berri baten aurrean gauden sentsazioa izaten dugu asteburu bakoitzean, eta arnasa hartzen dugu etxera itzultzean, froga gainditua... datorren astera arte eginez geure baitan. Olagarroaren eitea du sakabanaketak, eta bere besoetatik (auto istripu hilgarriak, ekonomia kostu ikaragarria, etenik gabeko egonezina) ihes egitea oso zaila da». Duela urte gutxi batzuk auto istripu batean hil zen Carmenen ama, Angelen amama, bisitatik bueltan zihoazela.
Sakabanaketa «ez da prozedurarik zuzenena», esan zuen 1992an EBBko lehendakari zen Xabier Arzalluzek, eta Herri Batasunak presoak bere interesen arabera erabiltzen zituela gehitu ondoren, honela jarraitu zuen: «Nire alderdiak ez dauka argudiorik Gobernu Zentralari eskatzeko utz diezaietela presoei kartzela arautegiaren barnean bizitza normala egiten».
Bazekien, beraz, bizitza ez-normala eginarazten digutela, eta ez zeukaten argudiorik anormalkeriak utz zitzatela eskatzeko, baina bai sakabanaketaren kudeaketan eta aholkularitzan gogotsu aritzeko. Horretarako bazituzten argudioak, edozein zerbitzuburuk ohi dituenaren antzekoak.
Kartzelaz, moduluz edo galeriaz, edo ziega batetik bestera aldatu ondoren, ohiko lana eta beste ezer baino lehen egin beharrekoa da ziega hori garbitzea. Baina ez nolanahiko garbiketa. Harraska, komuna, oheko belakia, mahaia, hormak... bazter guztiak zaborrez, karkaxez, zikinkeriaz eta krakaz ondo osatuta aurkitzea izaten da normalena ziega batera iristen zarenean. Komunean, besteak beste, txerri txuleten hezur bikainak aurkitu izan ditugu; bazterrera botatako arropa zikin bustien gainean lizun lodi-lodia eta onddo polit askoak ere bai, horma, ispilu eta abarrak hortzak garbitzeko pastaz ederki oretuak, jendeak pasta hori erabiltzen duelako aldizkari eta abarretako argazkiak itsasteko. Edozein ziegatara sartzean halakoxe dekoratu postmodernoa aurki dezakezu.
Naturak bere oreka du, oreka naturala esango genuke, eta ez duenean edo galtzen duenean, joera du oreka horren bila saiatzeko. Esan nahi duguna da lizuna, onddoak eta dauden ingurunean gutxieneko oreka bat izango bada, beharrezkoak direla saguak, arratoiak, tximitxak eta gainerako txiki-jendea. Nolako ingurunea halako fauna. Kartzela zahar askotan dauden komun turkiarrek erraztasun eta aukera handiak ematen dituzte aipatu dugun fauna ugaltzeko, abere genero edo espezie gehiagori zabaltzen die bidea. Herrerako isolamendu moduluko ziega batean, musker koloreko suge luze bikaina agertu zen.
Ziegaren egoera gorabehera, esan behar da bizileku bat ez dela presondegi bihurtzen zikina dagoelako edo sagu batzuk daudelako. Edozein leku edo gela, garbia edo zikina, ez da kartzela bihurtzen itxita dagoelako. Gelak, ziegak edo egonlekuak, kartzeleroak bihurtzen ditu kartzela. Kartzelerorik ezean, ez dago kartzelarik.
Sakabanatzea, herritik urrutien dauden kartzeletara eramatea, ziegarik zikinenetan sartzea eta egunean hogei edo hogeita bi orduz ateak itxita edukitzea, ez da aski presoari preso dagoela sentiarazteko. Lautadan bakarrik eta setiatuta dagoela sentiarazteko, ezinbestekoa da kartzeleroa, eta egunez ez ezik gauez ere kartzelero da kartzeleroa, eta egunez bexalaxe egin diezazkioke kontaketak, araketak eta bururatzen zaizkion txakurkeria guztiak.
Boladaka, orduro-orduro egin izan dizkigute gauezko kontaketak, ordurik huts egin gabe. Ateko idi-begitik begiratu, argia isiotu, ukabilarekin edo ostikoz atea jo... ohean lo edo lo plantan dagoen presoak besoa jaso edo mugimenduren bat egiten duen arte. Eta hori gaueko hamaiketan, eta hamabietan, eta ordu batean, eta ordu bietan, eta... goizeko zortziak arte.
Hemen bertan, Dueñasko La Moraleja honetan, patioan hirunaka edo launakako ilaretan jarrarazita egiten zizkiguten kontaketak egunean pare bat aldiz. Epaileari kexak bidaltzen hasi ginen, kontaketa bakoitzeko kexa bat, eta halako batean erantzun zigun epaile horrek, arrazoia geuri emanez. Baina kontaketa hori era berberean eginaraziz jarraitu zuten kartzeleroek, gure autoa gorabehera.
Ebazpen hori eskuan, behin plantoa egin genuen, preso arrunt guztiak formazioan zirela. Formazioan ez jartzeak baino min handiagoa egin behar izan zien preso guztien aurrean kartzeleroen aginduari jaramonik ez egiteak. Laster eraman gintuzten isolamendura. Azkenean lortu genuen kontaketa modu hori pikutara bidaltzea, eta gustua ematen du ikustea kartzeleroak nola jartzen diren harmaila barrenean, presook ziegatara igo ahala kontatzeko.
Bistan denez, kartzelero eta zerbitzuburu guztiek ez dute lan hori kartzelako horma artean betetzen, tokian tokiko gobernu autonomiko, parlamentu edo alderdietako bulegoetatik baizik.