Errotarria
Errotarria
2006, kronika
208 orrialde
84-95511-85-1
azala: Vincent van Gogh
Jokin Urain
1959, Mendaro
 
2010, saiakera
2000, kronika
Errotarria
2006, kronika
208 orrialde
84-95511-85-1
aurkibidea
 

 

Saturraran

 

Gipuzkoa ertzeko Saturrarango seminarioa emakumeentzako kartzela bilakatu zuten. Miserikordiako mojak arduratzen ziren emakume presoak zaintzeaz, miserikordia handirik gabe, egia esan, oso erraz ezartzen baitzituzten lazeria zentzagarrizko kastiguak, presoak zigor ziegetara bidaliz.

        Seminarioa hondartza bazterrean zegoen, eta hala egongo da orain ere, hogei urteotan asko urrutiratu ez bada itsasoa. Gainera, erreka igarotzen da seminarioa igurtziz, laprastada bat aurrerago itsasoratzeko. Hantxe zeuden, sotanoan, erreka horren paretik behera, bakartze ziegak, eta erraz betetzen ziren urez. Tuberkulosiarekin hil ziren lezoi haietan denboraldia egiten zuten askok.

        Libro blanco sobre las cárceles franquistas lanak jasotzen du Saturrarangoari buruz: «Sala handiak, emakume higigaitzez beteak, gaixotasun ezezagunen batek zangoak handitzen zizkielako. Handitze hark tamaina izugarria hartzen zuen batzuetan... Abitaminosia, paralisia..., inork ez zekien zer zen. Zangoak handitzen hasten zitzaizkien edozein egunetan, min handia sentitzen zuten, eta beren piltzarren gainean etzanda geratzen ziren, hil arte. Espetxearen atzeko atetik aterata, furgoiak egunero eramaten zuen gorpu mordo bat.

        «Gosez hiltzen ziren emakumeak, eta bereziki krudelak izan ziren mojak. Egoera erabat gaiztoturik, Espetxeetako Zuzendaritza Nagusiak zuzendari zibil bat bidali zuen administrazioaz arduratzeko. Presoak hilzorian, eta biltegia leporaino beteta aurkitu zituen zuzendari berriak; atzeko atetik ateratzeko babarrun, patata eta bakailaoz enpo baitzeukaten mojek biltegia».

        Berriki hizpidera etorri zaigu Saturrarangoa Mariori eta bioi. Ez dakit gauetan zer ordutara arte aritzen den irakurtzen eta oharrak hartzen, baina goizetan, ohiko kafeekin apur bat baretzen denean, koadernoak eta orri solteak ipintzen dizkit aurrean Mariok. Kepa Ordokiren kontuekin datorkit gaurkoan.

        Lehenago ere sarritan aipatu izan dizkit Ordokirenak, zenbat aldiz libratu zen fusilaketa pelotoitik azken unean, zenbat aldiz ihes egin zuen eta zenbat aldiz atxilotu zuten frankistek, Bigarren Mundu Gerran ere atxilotu egin zutela eta naziei ihes egin ziela fusilatu behar zuten unean.

        Ihes horiengatik, bere borroka grinagatik, bere kontuak irakurri ahala sumatzen zaion zintzotasunagatik bereziki erakargarria eta maitagarria egiten zait neuri ere Kepa Ordokiren irudia.

        — Bere arreba ere zazpi urtez egon zen Saturrarango seminarioan —bota dit Mariok nahigabe bezala.

        — Saturraranen zazpi urte?

        Galdetzeaz batera konturatu naiz ederki heldu diodala ezpainean jarri didan amuari. Beranduegi.

        — Bai, Saturraranen. Ez zenekien, ezta? Arrastorik ere ez? Eta zer kristotarako ematen dizkizut nik hainbeste orri eta ohar gero ez badituzu irakurtzen? Txaboloan dauzkazun armiarmei kontuak egiten pasatzen baduzu denbora, jai daukagu!

        Ekonomatoko palentziarrari hamaika aldiz esana diot ganorazko kafeak ateratzeko, azukrea bota eta gainean eusten dion horietakoa, eta ez nolahalako ur zikin mehea. Baina beste behin ere huts egin behar izan dit. Ez du ematen behintzat gaurkoek asko gozatu dutenik donostiarra. Matrakarako gogoa sumatzen diot.

        Saturrarangoa, Zornotzakoa, Bilboko Oruekoa kartzela... emakumez leporaino beteta zeuden. Guztietan ere antzeratsu edukiko zituzten: umiliazio handiak, ilea mozteak, bortxaketak, errizino olioa edanaraztea... Emakumeek askotan, euren bekatuak eta euren senideenak jasan zituzten, denak batera ordainduz.

        Kartzelan bezala kanpoan, gerra frontean fusilekin edo iheslariei eta presoei laguntzen, zernahitan aritu ziren emakumeak 36-39ko gerran eta gerraostean. Laguntza taldeak eta sareak osatzen eta bideratzen emakumeak izaten ziren bizkorrenak sarri. Historia ofizialak bigarren mailako zeregina egotzi izan dio beti eta gizartearen pentsaeran ere eskema horixe nagusitzen da, beti itzalean utziz andrazkoen historia handi eta txikiak.

 

 

 

Argazki bati begira

 

Mariori egunkariak dakarren argazkia erakutsi diot.

        — Hauxe da Iriondo, On Inazio Iriondo elgoibartarra, hazitarako gordetzeko moduko gizabanakoa; eta honako hau Itziar Arrizabalaga

        Itziar Bonxen ezagutu nuen, ikusi oso tarteka ikusten genuen elkar, baina hitz egin sarritan. Gure galeriaren parean zegoen emakumeen patioa, alde bertara begira zeuden ziega guztiek burdinazko pertsiana moduko batekin itxita zeuzkaten leihoak, eta ispiluarekin malabareak egin beharra zegoen neskak ikusi ahal izateko. Baina hitz egiteko ez zegoen arazo handirik. Kristina Zeziaga eta Izaskun Murua ere hantxe ezagutu nituen. Elkartze eta berriketaldi klandestinoak zirela esango nuke Bonxeko haiek. Beste moduluetan zeuden mutilekin ere leihoetatik hitz egiten nuen. Niretzat suerte handia zen han nirekin zeuden guztiek euskaraz jakitea; mundu hartan tartean-tartean euskaraz egin ahal izatea bizigarria zitzaidan. Dena traba baitzen Bonxe, dena bakardadea. Moduluan bakarrik, hainbeste jenderen artean, donostiar honen koinatuarekin egin nuen urtebetea izan ezik.

        — Bakardade horrenaz gain, hezetasunaren eta lurrikaren oroimenak gordetzen ditut hangoak —jarraitu dut.

        — Lurrikarena?

        — Lurrikarak sarri samar izaten ziren han, eta orain ere izango dira. Emakumeen moduluko patioa ixten zuen adreiluzko horma doblatu zuen haietako batek. Ez zuen eraitsi, baina dobla-dobla eginda geratu zen gau batean. Gauezko lurrikarak gehiago sumatzen ziren egunezkoak baino, dena isilik egoten den orduak direlako edo. Galeriako ziega guztietako ateak klak klak klak hasten ziren, zarata ikaragarrian, ohea ere dardara batean. Zarata eta dardara ikaragarria; eta ikaratu egiten zintuen. Soin osoa zirrara batek hartzen zizun. Baina dardara eta ateen zarata horren justu aurretik entzuten zen durundioa, lurraren erraietatik zetorrela zirudien marru sorgor hura... Zein ederra! Ikara ematen zizun, baina ederra zen! Marru sorgor horren segidan hasten zen dena hotzikara batean, galeriako ate guztiak klak klak klak... Izugarria! Eta ez dakizu zer egin... Ni ohean geratzen nintzen, geldi, baina baziren bizkor asko jaikitzen zirenak. Garrasi batzuk ere entzuten ziren...

        Garai ezberdinetan kide mordoxka igaro ginen Bonxetik. Iñaki Azkarate, Joxe Esnaola, Fiti, Makala, Errota, Txomin Troitiño, Mikel... Baina moduluetan banaka, eta bisitak ere ordu edo egun diferenteetan. Bezperan joaten ziren senideak; gaua han igaro, hurrengo goizean bisita egin, eta ostera buelta.

        Francoren garaian sakabanaketa eta bakardadea izan zen euskal presoen kondena gehitua, eta horrela izaten ari da azken urte mordoxka honetan ere. 1989ko abuztuaren 16an Xabier Arzalluzek esaten zuenez sakabanaketak «ez du presoaren giza eskubiderik bortxatzen, ezta zuzenbide konparatuaren argitara ere».

        Urte haietan Jose Antonio Ardanzak hala zioen sakabanaketari buruz: «Estrategia hau ongi eramaten bada, ondorioak garrantzitsuak izan daitezke, erakunde terroristaren euskarri nagusietako bat direlako presoak». Orain sakabanaketaren amaiera eskatzen dute politikari horiek, lehengo helburu berdinekin.

        2005eko abuztuan Patxi Zabaletak zioenez, preso gehienok indarkeria amaitzearen alde agertuko ginateke sakabanaketa bukatuz gero, eta gure artean debatitzea eta ondorioetara iristea oztopatzen digula gainera sakabanaketak; kolektiboak preso bakoitzaren askatasun pertsonala itotzen duela. Ez du esaten presoak jipoitzeko eta suntsitzeko tresna denik sakabanaketa...

        Azken batean helburu berberak defenditzen dituzte Arzalluzek, Ardanzak eta Zabaletak, eta euren helburu horiek betetzeko eskatzen dute presook elkartzea, lehen sakabanatzea eskatzen zuten moduan.

        —Presoon eguneroko bizitzan, bakardade sentsazioa da sakabanaketaren eraginik gogorrena —dio Mariok—. Kartzela batetik bestera zaramatzatenean furgoian, gaua igarotzeko kartzelaren batean geratu eta ezagutzen ez duzun ziegaren batean sartzen zaituztenean, alboko ziegetako preso arruntei galdetu ea euskaldunik ba ote dagoen eta ezetz esaten dizutenean. Bost-sei kartzelero, porrak eskuetan dituztela zeldako atean agertzen zaizkizunean bakardadearen leizerik ilunenean zaudela sentitzen duzu, eta kolektiboa non dagoen galdetzen duzu zeure baitarako... Trasladoetan, guardia zibilen eskuetan zaude, komisaldegian torturatu zintuzten haien eskuetan, nahi duten lekuan eta nahi duten moduan erabiliko zaituzte.

        Badira urte luzeetan isolamendu moduluetan dauden kideak; kartzela bateko isolamendu modulutik beste kartzela bateko isolamendu modulura, betiereko bakardadean, kartzeleroen mehatxu eta bortxapean, kondukzioetan jipoiak jasanez... Kolektiboa gauza abstraktu moduan ikusiko dute kide horiek, egundo ez dutelako ikusi eta bizi izan kolektiboa deritzan multzo erreala eta bere abaro ukigarria. Kolektiboaren printzak baino ez dituzte sumatzen tartean behin han-hemenka topatzen dituzten kideak-eta ikustean. Ez, ordea, garai bateko Herreran-eta ginen multzo-kolektibo hura.

        Sakabanaketarekin ezberdina da erasoa eta erasana, egunero erasotzen eta erasaten diguten kolektibotasuna egunero berrosatu behar dugu. Txinaurriek ostikoz jo eta barreiatutako txinaurritegia berrosatzen duten moduan, sakabanatutako presook kolektiboaren batasuna berrosatu behar dugu, eta harreman sarea osatzea da batasun hori lortzeko oinarria. Isolamenduan dauden kideengana iristen denean beste kartzeletako ahotsa eta mezua, edozein zigor ziegetan dagoenak beste kartzeletako kideengana helarazten duenean bakardade horren sentipena eta erantzun ahotsa jasotzen duenean, orduan esan ahal izango dugu sakabanaketa gainditu dugula.

        — Eta Iriondo, non ezagutu zenuen?—egin dit Mariok.

        — Iriondo Herreran, eta orain kaleratu berri den Magila ere bai. Herreratik Caceresera eraman zuten Iriondo, eta urte mordoa egin du han, askatu duten arte.

        Entsalada jan eta korrika egin aritzen zen. Guardia Zibila atxilotzera joan zitzaionean korrika ekin omen zion ihesari, baina harrapatu.

        Sasoi hartan Herreran zeuden kide asko burua zurituta ikusten ditut kaleratzean, ongietorrian egiten dizkieten argazkietan.