Errotarria
Errotarria
2006, kronika
208 orrialde
84-95511-85-1
azala: Vincent van Gogh
Jokin Urain
1959, Mendaro
 
2010, saiakera
2000, kronika
Errotarria
2006, kronika
208 orrialde
84-95511-85-1
aurkibidea
 

 

Bilbo libreko hondar kronikak

 

Garai bakoitzari bere ukapena dagokio. Zuzendariari egin genion azken eskariak erantzuna izan du: ez dugu ordenagailua erabiltzerik, «por motivos de seguridad». Nabarmen gauza bistakoa da tresna arriskutsua dela ordenagailua presoaren esku uzteko. Pentsatzekoa da 1936ko gerrako presoei ere ez zieketela utziko.

        Ukazio arteko zerumuga ilunbistan ere tarteka izaten dira bestelako ustekabeak, argialdi suspergarriak.

        — Lagun batek liburu xahar bat eman zidak, ganbara garbitzen ari zela aurkitu zuena, eta ekarri egin diat —esan dit anaia Iñigok bisitan—. Treintaiseisko gerrakoa duk.

        Modulura itzuli garenean paketea miatzen hasi naiz. Liburu zahar bat da, azala puskatu samarra duena, zeloarekin han eta hemen itsatsita. George Lowther Steer-ena da: Gernikako arbola. Ingelesetik gaztelerara Euzko Gaztedi-Resistencia Vasca-k itzuli eta Gudari argitaldariak 1963an ateratakoa. Steer, The Times egunkariaren ordezkari lanetan iritsi zen Bilbora. Euskaldunekiko mirespen handia erakusteaz gain, 36ko gerraren kronika hurbil eta gordina egin zuen, eta Hego Euskal Herria faxisten menpe geratu zenean Ingalaterrara itzuli eta liburu hori argitaratu zuen

        Gerra euskal lurretan azkenak jotzen ari dela, Steer-en kronikak haurren, emakumeen eta zaharren ebakuazioez zertzelada ugari dakartza. Baina badira kontu gehiago. Beste ihes bat ere abian zegoen garaitsu hartan: «Leizaolak Bilbon iraun nahi zuen egun bat gehiago. Munizioen deposituak hustea falta zen, eta hori gau bakar batean egitea ezinezkoa izango zela pentsatzen genuen. 70.000 mortero granada zeuden, 20.000.000 fusil-bala inguru, milaka esku-granada. Bilboko gerra produkzioarenak ziren erdia baino gehiago... Leizaola prest zegoen Bilbo gizalegez errenditzeko. Larrinagako kartzelan zeuden preso politikoak askatu eta Begoñako aldapara eraman zitzaten agindu zuen».

        Jose Mari Mugerzaren eskuak ere idatzi zuen Bilboko gertaera haiei buruz. Gainbehera hura gertutik kontatu zuen De Euskadi al campo de exterminio. Memorias de un gudari liburuan. Euskal gudarostean ofiziala izan zen Mugerza. «Asko sufritu nuen gerran» dio hitzaurrean. «Errepublikaren Gobernuak zenbait ofizial profesional bidali zizkigun Bizkaira. Etsaia baino okerragoak gertatu ziren haietako gehienak. Jose Antonio Agirre lehendakariak haietako multzo on bat hartu zuen bere inguruan. Euzkadiko Estatu Goreneko militarrak Carlton hoteleko euren zuloetan egokitu ziren, eta haien aginduak ez ziren hiriko kafetegietara baino urrunago iristen. Desorganizazioa organizatzera mugatu ziren lehen unetik, jendeak ideal batengatik odola oparo ematen zuen bitartean».

        Urruti samarreko militarrak ere baziren Bilbon orduan, eta haien artean Navedan izeneko jeneral errusiar bat, Nikolaieva izeneko itzultzaile batekin. Bai batak eta bai besteak euskal txapela jantzi omen zuten iritsi zirenean, eta alde egin arte ez zuten kendu nonbait. Bilbora iritsi aurretik Madrilen egonak ziren biak. Espainiarren izaera ez zuela ulertzen esaten zuen Navedan delakoak: «Madrilen nengoen, kanoi eta abiazioak bonbardaketa latza. Oriente hotelean errusiar enbaxada. Enbaxadaren azpiko solairua, Odol ospitalea: gerrako zauritu asko. Egun baten jaitsi nintzen nire perivoha-rekin [itzultzailea]. Marmolezko harmailetan erizainaren besotik helduta itsu gizajo bat igotzen ari zen. Buru osoa eta aurpegia bendatuta. Itsuak nire perivoharen oinotsak entzun zituen, eta gurutzatzean guapa! esan zion. Eta Nikolaievaren galdera: «Nolatan guapa ez badu ikusten? Itsu dago-eta gizajoa».

        «Llano de la Encomienda jeneralaren bulegoan nengoen —kontatzen du Mugerzak—, etsaiaren abioi mordo bat, ehiza-hegazkin eskoadrilek babestuta, Bilbo bonbardatzen hasi zenean. Atera ziren gure hegazkinak eta desabantailazko borrokan saiatu ziren Zorroza gainean. Borroka haren azpian José Luis Díez destruktore handia zegoen, lotsagabeek Pepe el del Muelle deitzen ziotena, handik egundo aldendu gabea, moilaren saihetsari itsatsita lotan egiten zuelako gerra. Goian borrokan ari zirenei tiro egin zien hegazkinen aurkako kanoiarekin, eta, miraria!, hegazkinetako bat eraitsi zuen. Ukitutako hegazkinak lurra jo orduko han zen don Valentin, pozez gainezka, Llano de la Encomienda jeneralaren bulegoan, balentriaren parte ematen.

        «— Jeneral jauna, etsaiaren ehiza-hegazkin bat eraitsi dugu!

        «Eta jeneralak:

        «— Don Valentin, neukan hegazkinlaririk onena hil didazue.

        «Del Rio tenientea zen eraitsitako pilotua».