Errotarria
Errotarria
2006, kronika
208 orrialde
84-95511-85-1
azala: Vincent van Gogh
Jokin Urain
1959, Mendaro
 
2010, saiakera
2000, kronika
Errotarria
2006, kronika
208 orrialde
84-95511-85-1
aurkibidea
 

 

Marioren kartzelak

 

Inoren etxera joatekoak ez diren orduetan joan zitzaizkion guardia zibilak Mariori 1992ko Errege egunean. Haiek ez zirenez opariak emateko asmotan inguratu hara, ospa egiten saiatu zen. Tiroka ekin zioten ordea, eta ezkerreko zangoko tibia eta perone hezurrak hausteaz gain izterrean ere sartu zioten beste bala bat. Oraindik ere nabarmen dauka egin zioten txikizioa.

        Antiguako kuartelera eraman zuten lehenengo, eta han aurkezpena eta ohiko igurtziak egin ondoren Gurutze Gorriko ospitalera. Inoiz kontatu izan dit zelako txakurkeriak egin zizkioten. Sendagile eta erizainik inguruan ez zegoen orduetan elektrodoak ezartzen zizkioten zangoko zaurietan, zangoa bihurritzen zioten, hezur hautsiak bizian agerian zituela... Hiru egunez egon zen egoera horretan Donostiako Gurutze Gorrian, eta handik Madrilgo Gregorio Marañón ospitalera. Han beste bi egunetan eduki zuten, tratu berdinarekin, Carabanchelgo espetxe ospitalera eraman zuten arte.

        «Suero, sonda eta abarrekin hilabete pasa egin nuen Carabanchelgo ospitalean. Amak eta arrebak ezagutu ere ez ninduten egin bisitara etorri zitzaizkidan lehen aldian, desitxuratuta nengoen. Gela, ziega edo dena delako hartan beste bi preso zeuden nirekin, hilzorian zegoen bat, eta bortxatzailea zen bestea, gero jakin nuenez. Igande batean, mezatara zihoan aitzakian eta kartzeleroaren despisteaz baliatuz bisita egin zidan Akelarrek. Hura izan zen aurrena ikusi nuen gure kolektiboko kidea. Otsailaren azken aldera eraman ninduten Carabanchelgo hirugarren galeriara. Artean ez nintzen oinez ibiltzeko gauza, makuluekin komuneraino joatea izaten zen nire ibilaldia. Errehabilitazio ariketak egin behar izaten nituen egunero. Baina praktikan ez zen hain xinplea, Carabanchelgo kartzelako ospitalera joateko furgoian eramaten ninduten guardia zibilek eta, haiekin sortzen zen tentsioa eta giroa ikusita, laster uko egin nion asmo hari».

        Carabanchelgo galeria eta isolamendu guztiak pasa zituela dio. Galeria batetik bestera aldatzeaz gain, galeria bereko ziega batetik bestera ere aldatzen zituzten.

        «Gau erdian ireki ziguten hainbat aldiz ziegako atea gauzak prestatzeko aginduta. Gauzak prestatu eta ziegatik ateratakoan, alboko ziegan bertan sartzeko agintzen ziguten. Ahal zuten izorramenik handienaren bila aritzen ziren. Hango ziegetan preso mordoxka egoten ginen. Seigarren galerian, adibidez, hamar-hamabi preso edukitzen gintuzten ziega bakoitzean, eta euskal preso bakar bat, jakina: drogazaleak, lapurrak, gaixoak... tokatzen zitzaizuna. Beste galerietako ziegetan gutxiago egoten ziren ziega bakoitzean, baina beti ere euskal preso bakarra, gainerako arruntekin. Patio orduetan edo beste tarteren batzuetan elkartzen ginen euskal presook. Han ezagutu nituen Palo, Eladio, Toba, Makala, Jon Mirena, Raul Fuentes, Iñaki Markinakoa, Xabier, German Urizar, Zubieta Zubeldia, Boni... lagun mordoa».

        Carabancheli buruzko istorioak entzun izan dizkiegu laurogeiko hamarkadaren hasieran eta han egondako lagunei, eta mundu sinetsezin bat iruditu dakioke historia horiek entzuten dituen edonori. Hamarkada horren erditsuan handik igaro ginenoi ere halaxe iruditzen zitzaigun hango galeria, patio eta abarretako jendearen joan-etorria eta atarramendua. Orain 1992ko gorabeherak kontatzen dizkit Mariok eta inpresio berbera sortzen dit.

        «'Vasco, ¿te importa que me fume un chino?', galdetu zidan sartu berritan neure ziega berean zegoen preso batek. 'Hombre, de fumarte prefiero que te fumes un español' erantzun nion. Artean ez nekien zorioneko txino hori zer zen, arrastorik ere ez neukan. Luzera gabe ikasi nuen hala ere. Droga, edozein motatakoa eta nahi adina zegoen han, joaten zinen aurpegia garbitzera eta harraska odolez zipriztinduta, xiringa garbitzen ibili zirelako, joaten zinen komunera edo dutxara, eta berdin. Borrokak, labana eta pintxoekin, noiznahi... gure gozaguneak izaten genituen kideok elkartzen ginenean-eta, baina momentu desatseginak ez gutxi».

        Carabanchelen urtebete pasatxo egin ondoren Alcalara eraman zuten.

        «Garai hartan zabaldu zuten Valdemoro, eta ordura artean Alcalara eramaten bagintuzten epaiketa genuenak, gehienak Valdemorora eramaten hasi ziren ordutik aurrera. Goiz batean Askasibar, Sergio Garcia, Balantxa, Xomorro, Unai Parot eta besteren batzuk eraman zituzten Alcalatik Valdemorora. Egun berean, iluntzean, Valdemorotik Alcalara ekarri zuten orain izena gogoratzen ez dudan kide bat, eta hark kontatu zigun zelako bidaia eginarazi zieten goizean eraman zituztenei. Alcalako irteeran bertan hasi omen ziren guardia zibilak Unai jotzen, furgoia eta abagunea baliatu omen zuten areago egurtzeko... Valdemorora iritsi zirenerako hautsita eta eraitsita zeukaten Unai, burutik odola zeriola».

        Garai haietan kondukzioa zegoen bakoitzean jipoitzen zuten euskal presoren bat, eta batzuk bereziki markatuta zeuzkatela ez dago zalantzarik. Iñaki de Juana, Txikierdi, Unai, Troitiñotarrak, Iragi, Goierri, Txikito, Gatza... modu basatian jazarri dituzte aukera izan duten bakoitzean. Ondorengo urteetan Frantziako kartzeletan ere zaletasuna hartu diote euskal presoak jipoitzeari.

        Gauza nabarmena da euskal presoak modu horretan jipoitzeko bazegoela agindu zehatzen bat, ez zela bat-batean sortutako tentsio edo matraken ondorio izan.

        Gaur egun beste era bateko jazarpena abiatu dute, hor dago Iñaki de Juanari bi iritzi artikulu idazteagatik ezarri dioten kondena berria, Unairi ezarri nahi dioten kondena luzapena, kaleratzeko puntuan direnei egiten dizkieten espediente berrikusketak...

        «Alcalatik Mallorcara eraman ninduten lau bat hilabeteren buruan. Picassentetik igaro nintzen, eta Mallorcara iristean isolamendura, bi egunez edo. Enfermeriara eraman ninduten, modulura igaro aurretik sendagilea ikustera. Enfermeriako patioan nengoela hots egin zidaten Demik eta Turronek euren ziegako leihotik. Horrela agurtu genuen elkar. Orduan, sendagileak ikusi zain zegoen preso arrunt batek galdetzen dit: 'Zuk ez duzu egingo zure kide horrek egiten duen moduan, ezta?', 'Zer egiten du ba?' galdetu nion».

        Kontua da bizi baldintza arras miserableak eta latzak zituztela Mallorcan. Kartzela zaharra zen, eta isolamenduko ziegak kalabozoen antzekoak ziren; 40 watteko bonbilla kanpotik isiotu eta itzaltzen zuten, entxufe eta gisakorik ez zegoen, ohea, aulkia eta mahia lurrari itsatsita...

        Zulo madarikatu hartatik ateratzeko zerbait egin behar-eta, ate bikoitzeko «kangrejo»aren ondoan kaka eta pixa egiten hasi zen Turron. Kartzeleroa zetorrela sumatzen zuenetan hasten ei zen gainera, ateari atzea emanez kokoriko jarrita, bere obramendua egiten.

        Halako batean, hilabeteen ondoren, epailea ziega haiek ikustera joatea lortu ei zuten, eta bere aginduz handik atera eta modulura eraman zituzten.

        Baina moduluko bizi baldintzak ez ziren askoz hobeak, uda aldean batez ere. Egundoko atxiloketa piloa egiten zuten turismoa babesteko, eta gainez egiteko punturaino betetzen zen kartzela.

        «Modulu haietako ziegetan ez zegoen lekurik eta baldintzarik bi lagun egunean hogeita bi orduz egoteko. Gure kasuan, lehen graduko lehen fasean geundenez, euren legeak agintzen zien gainera banaka egon behar genuela. Beraz, horrekin ere matraka izaten genuen eta ahal genuena egiten genuen egoera hari buelta emateko. Borrokari bere toke pertsonala gehitzen zion Turronek moduluan ere, ziegako atearen ondoren bere gonbitoak dotore asko pilatuz eta galeria osoan zehar egundoko kiratsa hedatuz.

        «Gero Ibizara eraman ninduten ni, Turron Salto del Negrora... Urtebete inguru egin nuen Ibizan, isolamenduan, kartzeleroak ez beste inor ikusi gabe.

        «Hala ere, Arantza neska-laguna hilero joaten zitzaidan. Donostiatik Bartzelonarako bidea gauez autobusean egin, eta abioia hartzen zuen han, hurrengo goizean bisita egiteko. Laneko bi egun galdu behar izaten zituen. Irrikitan egoten nintzen harengana bisita-lekura joateko. Bera nuen euskarri sendoena, beharrezkoena, bizipoz handiena.

        «Hamabost urte igaro dira, eta jarraitzen du bisitetara etortzen. Ez dakit beste zenbat pasako diren behingoz etxean elkartu ahal izaterako. Beste bizialdi oso bateko zorra badut berarekin».