Errotarria
Errotarria
2006, kronika
208 orrialde
84-95511-85-1
azala: Vincent van Gogh
Jokin Urain
1959, Mendaro
 
2010, saiakera
2000, kronika
Errotarria
2006, kronika
208 orrialde
84-95511-85-1
aurkibidea
 

 

La verdad no vale

 

Eskutitz batean aipatzen diot Joxe Austin Arrietari zer lan modu darabilgun. Kontzentrazio zelaien izenak eta, askotan entzun izan ditugula, baina barruti haietan egon zirenen testigantza gutxi irakurri dugula. Ahozko transmisioa bidean galtzen ari dela, zenbait gauzari buruzko transmisiorik inoiz izan baldin bada behintzat.

        Neguak elurra dakar. Goizean zurituta agertu diren muinoek, umetako oroitzapenak. Lurmen gunean zepotxoa artalearekin ipintzen duen umearen moduan, Joxe Austinen erantzunaren zain geratu naiz.

        Atzerapenarekin dator erantzuna, hiru postaletan idatzia:

        «Hara, gaur San Lorentzo eguna duk. Eta gure aita zenak ere Lorentxo zuenez grazia (Munduko santurik tontoena deitzen zion gure aitak, badakik zergatik, ezta? Nonbait martirizatu (torturatu) zutenean, parrilla batean erretzen, zera esan zioan borreroari: alde horretatik kixkalita nago dagoeneko; buelta emaidak mesedez. Masoka demasa ala umore beltza?), egun egokia izan zitekek zorri lasterketa kontuak eta pixka bat haizatzeko. Ipuina ez ezik, nobela ere idatzi zitekek haren eta borrokakideen abenturekin; baina hona, labur-labur beharko dik oraingoz.

        «Esan bezala, 39ko urtarril-otsail inguruan pasa omen zuan Frantziara itsasoz; hemen Euskadiko frontean Gudalontzidian egin zian gerra (Císcar-en, konkretuki, nire Abuztuaren hamabosteko bazkalondoan kontatzen dudanez), eta Bilbotik Donibane Lohizunera baporean pasa ondoren (Carlton hoteletik ez dakit zenbat kaxa, artxibo eta goi funtzionario... eramanez), Kataluniara joan zuan eta hantxe segitu zian Euskadiko Jaurlaritzaren aginduetara, baina arrantzuan batik bat (hango jendearen gose beltza asetzeko, hori ere beharrezkoa izango zen-eta). Katalunia ere Francoren mende erori zenean, Bilbotik bezalaxe ihesi baporea hartu, jendea eta dokumentuak eta (dirua eta urrebitxiak ere bai esaten zian berak) garraio, eta Port-Boura. Han Errepublikako milaka soldadu bezala bera ere preso hartu zitean frantsesek, eta Gurseko kontzentrazio esparrura eraman. Hilabete batzuk egin zizkian hantxe, ez zakiat juxtu noiz arte. Baldintza nazkagarrietan eduki zizkiaten pilaturik barrakoietan; goseak eta zikinak janda; eta diziplina urraturik txikiena eginez gero, zapla, hantxe omen zegoan beti, zaldi gainean senegales-en bat zigortzeko (zentzu jatorrizkoan: zigor luze madarikatu batez zartatzeko alegia) prest beti ere. Tarteka, umorean ere bai, nonbait: zorririk gizenena eta bizkorrena nork eduki, lehiaketa-norgehiagoka galanta antolatzen omen zitean. Bere zorriren batek inoiz lasterketaren bat irabazi ote zuen ez zidaan sekula esan aita Lorentxok.

        «Alemaniaren kontrako gerran sartu eta Frantzia senegalesa baino gaiztoago hark gure gudari Gurs-tarrei egin zieten eskaintza kontatzean, sutu egiten zuan gure aita: zerri malapartatuak izaten zuan haienganako bedeinkaziorik leunena gure aitaren hitzean. Hain zuzen ere, zer esango ote luke, bizi balitz, Ondarroako arrantzale baporeak gaur egun senegales-ez josita (tripulazio gehientsuenak senegalesak dituk, bai) daudela ikus-entzungo balu?

        «Beno, goazemak 39-40 urtera berriro: faxismoaren kontra borrokan jarraitzeko aukera zutela alegia, eta legioan alistatzeko. Orduantxe antolatu (edo hala gertatu) omen zitean ihesarena; bazitekek diziplina hura pixka bat laxotu izana-edo; ez zakiat... honen inguruko detailerik ez zidaan inoiz kontatu. Hori bai, lagun koadrila bat izan zela eta sakabanatu egin zirela.

        «Gure Lorentxo merkantzia-tren bateko bagoian ezkutatu, eta ez zakiat zenbat gorabehera eta joan-etorriren ondoren, kuestioa duk azkenean Hendaian azaldu zela. Hortik aurrerakoa badakik: morriña, ingenuitatea (total, neri zer egingo zidatek ba), eta alde honetara pasa. Ondarretako kartzelara. Duesora (uste diat) trasladatu... eta boladatxo baten buruan libre...

        «A! Beste detaile bat, gure aitak behin eta birritan errepikatzen zuena: Hendaiako zubia pasatzean jendarme batek espainol perfektuan esana: la verdad no vale. Aforismo ederra alajainkoa. Makina bat aldiz gogoratu omen zuan gure aita esaldi hartaz: ia greziar tragedietako koroaren premonizio haietako bat zirudik».

        Honaino Joxe Austin Arrietak kontatutakoak. Esana izan behar dugu herri askotako jendea dagoela Dueñasko La Moraleja honetan, eta horien artean badago senegaldar handi bat. Egunean ordu batzuk ematen ditu otoitzean eskuan errosario modukoa darabilela. Edozer gauza esan edo galdetuta ere ez dizu ezer erantzungo hala ari denean, gehienez ere keinuren bat egin. Baina otoitzean ari ez denean maiz jarduten dugu elkarrekin berriketan.

        — Behin batean Jainkoak abere jende guztia batzarrera hots egin zuen —esan digu gaur afalondoan—, gertaera handi baten aitzakian. Jainkoaren deiari erantzunez, batzartu ziren ardiak, otsoak, zaldiak eta behorrak, lehoiak eta tigreak, zakurra eta katua, behiak eta ahuntzak, eta gainerako abere jende guztia... trikua izan ezik. Eta, den-denak batu arte batzarrik ezin zenez egin, Jainkoak zaldia, hain noblea bera, bidali zuen trikuaren bila. Baina trikuak ez zuen zaldiarekin joan nahi izan. Orduan, lehoia bidali zuen Jainkoak trikuari hots egitera, baina trikuak ez zuen lehoiarekin joan nahi izan batzarrera. Eta halaxe, banan-banan, abere jende guztiak bidali zituen Jainkoak trikuari hots egitera, baina ez zuen inora joan nahi izan mandatari haiekin. Azkenean zakurra, inork aintzakotzat hartu gabe bazter batean zegoena, bidali zuen Jainkoak, Bere izenean trikuari hots egitera, eta harexekin batu zen triku temosoa Jainkoaren batzarrera. Orduan, denak harri eta zur, ea zergatik beste inorekin ez eta zakurrarekin lotu zen batzarrera, galdetu zion Jainkoak. Kirikinoak ihardetsi zion abere jende haietako bakoitzak, lagun eta leial itxurako izanik ere, traizioa egiten zuela lehenago edo geroago, eta zakurra zela bizi osoan eta edozein egoeratan leial eta lagun irauten zuen bakarra.

        Luze aritu zaigu kontu kontari, atertu ezinean. Bat-batean Gurseko senegalesak, Lorentxoren eta beste hainbaten oroimenean halako arrastoa utzi zuten haiek, etorri zaizkit gogora. Burutazioak zein zidor bihurritan barrena agerostenka zebilkidan azaldu diodanean Mariori, laster bota dit:

        — Denak ere senegaldarrak, noski, baina han ere gurean bezala batzuk zaindari eta bestea preso...