Errotarria
Errotarria
2006, kronika
208 orrialde
84-95511-85-1
azala: Vincent van Gogh
Jokin Urain
1959, Mendaro
 
2010, saiakera
2000, kronika
Errotarria
2006, kronika
208 orrialde
84-95511-85-1
aurkibidea
 

 

Ez zen inoiz ailegatu

 

Fusilatuei buruzko erreportaiak ikusten ditugu egunkari, aldizkari eta telebistetan. Bizipen haiek zuzenean ezagutu zituztenek euren testigantza aldarrikatzen dute. Ematen du, fusilatu eta lurperatutakoei gaineko lurra kentzearekin batera, oraindik bizi direnei arindu egin zaiela apur bat gerra eta gerraosteko izuaren zama.

        «Hasieran, Cuesta de la muerte inguruan, Galarreta aldean, fusilatzen zuten jendea» dio Josebe Goiak, Idurre Eskisabelek Berria egunkarian egindako elkarrizketa batean. «Eguna joan eta eguna etorri, gelditu gabe. Gauez hiltzen zituzten, eta Hernaniko zabor biltzaile gizagaixoari agindu zioten zaborrak biltzeko erabiltzen zuen gurdiarekin gorpuen bila joateko. Herriko beste gizagaixo batzuk bezperatik jartzen zituzten kanposantuan zuloak egiten. Han egoten nintzen ni, begira eta kontatzen zenbat zulo egiten zituzten. Animaliak bezalaxe botatzen zituzten zulora, batean 18, bestean 20, eta horrela. Berrehun eta gehiago daude Hernaniko kanposantuko bi hobi komunetan... Aitzol, Onaindia, Adarraga, Don Alejandro eta hobietan dauden beste hainbat apaiz eta errepublikano kanposantu atarian hil zituzten». 1936ko urri inguruko kontuak dira.

        Honela mintzo da garai haiek akordura ekartzean Tomasi Redondo ordiziarra: «Gu ezer gabe geratu ginenez, inongo ondasunik gabe, doaneko eskolara joaten ginen, nazionaletara. Parean mojen ikastetxea zegoen, eta hangoren batek esaten zidan: gorria, gorria, aita eta anaia galdu, eta hala ere krimenen bat egin izan banu bezala. Egun batean, salaketa jarri ziotela esanez etorri zitzaion aita amari, eta atxilotu egingo zutela. Lasai egoteko esan zion amari: Badakizu ez dudala ezer egin, eta berehala utziko naute aske. Abuztua zen. Aurrena Ordiziako udaletxeko ziegetan eduki zuten preso, eta gero handik Beasainera eraman zuten. Azkenean Iruñera, San Kristobalgo espetxera... Abenduan jakin genuen askatasuna sinatuta atera zela, eta zain jarri ginen, etxera noiz iritsiko. Ez zen inoiz ailegatu, bidean hil zuten.

        «Bizimodua aurrera atera behar-eta, amak azoketara joaten segitu zuen, luto beltzarekin jantzita. Behin neska gazte bat hurbildu eta esan zion gure aita berak eta bere senideek lurperatu zutela... Baina mesedez eskatu zion hura guztia isilik gordetzeko, bestela agian bera hilko zutela-eta. Etxarriko zubi inguruan nonbait behar du gure aitak. Bati galdetu, besteari, baina ez dute hitz egin nahi; konturatzen naiz oraindik solasgai deserosoa dela jende askorentzat».

        Akordatu ahala memoriaren kantoiak gogor erasaten dituzte kuneteroen kontuek ere, 1936an hasitako gerra hark eragin eta gureganaino heltzen zaizkigun atzaparkaden artean. Altxamendua iragarri eta gutxira Nafarroan fusilatuak 3.000 inguru dira. Kamino-bazter eta zangetan tiroz hildakoen historia inoiz ofizialdu gabekoak istorio bilakatuta iritsi zaizkigu maiz, ahozko transmisioaren kateari esker.

        Tafallako kartzela ere laster bete zuten egun bero haietan beste hainbat bezala, eta bete ez ezik hustu ere bai. Tafallakoan zeuden presoetatik 86 urriaren hondarrean fusilatu zituzten. Burgosko kartzelara eramateko atera zituzten horietako 64 gau batean, indarrean bi autobusetan sartu eta Eloko Tejeria deritzan lekura eraman eta bertan fusilatu. Prestatuta omen zituzten haientzako zuloak, baina lehenago tiroz botatako batzuk ere ba omen zeuden zanga haietan. Hala hil zituzten inguruko herrietako hainbat kontzejal, sindikalista, alkate...

        Azken bidaia hori, bereziki dramatikoa izan zen leku batzuetan. Sartagudan —harrezkero Alargunen Herria deitu izan zaio— 86 gizonezko promenatu zituzten.

        «...Bai —dio lekuko batek—, ikustea tokatu zitzaidan niri. Kartzelatik atera eta zeramatzatenean ikusi nuen nik, fusilekin apuntatuz, inori ez ziguten hurbiltzen uzten. Beldurrez eta doi-doi agertzen genuen burua... 'Zoaz, abisatu iezaiozu Clarari, badaramatzatela', esan zidaten. Korrika joan nintzen: 'Clara, kamioiak kargatzen ari dira...'. Jendea korrika igo zen muinoetara, nora ote zeramatzaten ikustera, eta, jakina, Lodosako zubia igarotzean ikusi genuen ez zeramatzatela Lizarrara, hiltzera zeramatzatela».

        Lizarrako espetxean beste norabaitera eramateko edo askatasunean irteteko aitzakian aterako dituzte fusilatzera daramatzaten presoak. Irailean 82 preso hil zituzten kartzela ia hutsik utziz.

        Eta halako buztinez oretu ziren alargunen herriak eta hamaikatxo elezahar eta albiste edo eleberriak, egundaino urteen joanak ematu gabeko erreka eta bide bazterretan.

        Arthur Golden-en eleberri bateko pertsonaia batek esaten du, Bigarren Mundu Gerra osteko japoniar haurrak barre egiten ez zekien gizartean hazi zirela; etxean zerbaitengatik barre egiten zuen haurrari errietan ematen zitzaiolako. Alaitasunaren edozein zantzu zapuztu egiten zuen gizarte umiliatu hark.

        Aiton-amonei eta gurasoei sarri nabaritu izan diegu gerra eta gerraosteko arrazoi eta arazoei buruz hitz egiteari zioten beldurra, abereek lausoari diotenaren antzekoa. Ihesak, deportazioak, kartzelatzeak edo heriotzak berez duten ageriko gerizaz gain, itzal edo lauso zehaztugabe bat ere badute inguruan, eta gurasoek eta jende helduak duen lausoa haurrengana hedatzen da ezinbestez.

        La Moraleja honetan ez da ETBrik ikusten, baina bai CNN eta MTV eta Euro Sport eta... Alemaniako hiruzpalau kate. Sarri ematen dituzte Adolf Hitlerri buruzko filmak eta nazismoari buruzko erreportaiak. Gernikaren bonbardaketari buruzkoa ikusi nuen orain gutxi. Duela hirurogeita hamar urteko historiak. Ez dakit zergatik iruditzen zaidan batzuetan gaur egunekoak estaltzea dela atzoko historien gaurkotze horren helburua.

        Maiz behetik gora etortzen zait geure historiaren zama, eta bete egiten naiz. Han eta hemen bildu ditugun aldizkari orri, egunkari zati eta zernahi generotako paper mordoa muturraren aurrean bandera, ikur eta seinale nekagarri zaizkit orain. Patiora noa paseatzera traste guztiak mahaian lagata.

        Abdelkader inguratu zait bakarrik paseatzen ikusi nauenean.

        Abuelo, zigarrotxo bat nahiko nikek. Gaur batere erre gabe nagok. Ez zidak inork ematen.

        — Zertarako nahi duk, erretzeko?

        — Erretzeko, bai.

        — Triste nagok gaur... kantaidak pixka bat.