Euskararen Historia txikia Donostian (1800-1998)
Euskararen Historia txikia Donostian (1800-1998)
1998, kronika
232 orrialde
84-86766-88-5
azala: Garbińe Ubeda
Koldo Izagirre
1953, Altza-Antxo
 
2016, narrazioak
2015, nobela
2013, poesia
2011, nobela
2010, saiakera
2009, nobela
2006, poesia
2006, kantuak
2005, narrazioak
1998, nobela
1997, poesia
1996, erreportaia
1995, kronika
1989, poesia
1987, ipuinak
 

El País Vasco

Euskal Herriaz frankismo gorrian egin zuen liburu honen hitzaurrean berak ez duela datu estatistikorik dio Pio Barojak, baina «suposatzen du» mugaren bi aldeetako Euskal Herrian «ez duela euskaraz egingo biztanleriaren ehuneko hamarrak ere». Geroago, liburuaren barruan, «bosteko lauk hitz egiten dutela euskal espainolek, eta bosteko batek euskal frantsesek esaten da, baina hori fantasia da». Bere ustez, «Bizkaiko mendebaldean, Arabako hamarreko bederatzietan eta Nafarroako erdian baino gehiagoan, ez da egiten». Eta Frantzian are txikiagoa omen da euskaraz egiten dutenen proportzioa, maisuek lan handia egin dutelako mende erdiz. Borondate onez, eta Barojatar gazteek gerraurrean eduki zuten euskararekiko mesprezua ahazturik, erdal maisuek gurean egiten zuten erdalduntze-lana aipatu nahi zuela ironiaz edo zeharbidez, ulertzen ahal dugu.

      Ez euskaraganako bakarrik, Don Piok Donostiagana erakutsi izan zuen mesprezuak tinta uholdeak ekarri izan ditu; donostiar askok ez dute ontzat eman, iraintzat hartu izan dute harako «nahiago nuke herri batean jaio izan banintz, mendi artean edo kostaldeko herrixka batean, ostalari eta kanpotarren hirian baino» hura. Eta bere arrazoiak irakurriz, pentsatu ere egin dezake batek, ez ote dagoen, Barojaren zakarkeriaren azpian, halako nostalgia bat, herrimin basquisant bat, garapen materialak ekarri zuen homologazioaren kontrakoa.

      «Allí donde los donostiarras, en colaboración con los madrileños, ponen la mano, se levanta una cosa vulgar. Ya han afeado y municipalizado el monte Igueldo; ahora están afeando el Castillo y el monte Ulía; si pudieran, afearían y municipalizarían el mar para ponerlo a gusto de los forasteros de la Mancha o de la Sierra de Cazorla».

      Donostia ofiziala inoiz izan den Donostiarik zabarrena da, noski, 1953ko hura. Botere militar baten morroi, faxista deklaratuak edo komenentziakoak daude agintzen, dena da salaketa, beldurra, estraperloa, miseria ekonomiko eta morala. Kontestu horretan kokatu behar genuke Barojaren El País Vasco liburua, esaten dituenen ausardia estimatzeko:

      «San Sebastián está muy dirigido por gente llegada de Pamplona, de Zaragoza, de Valladolid, de Chile y de Chuquisaca, que tienen el ansia de brillar. Se brillaba antes marchando al lado del rey, o tomando café con un torero célebre o saludando a un aristócrata. Hoy no se puede brillar así. Hoy se brilla con un gran automóvil».

      Ez ote da hau, funtsean, erdalkeriaren kritika bat? Ez ote gaude kosmopolitismo errazari baino euskaltasun sotil bati unibertsalago irizten dion malenkoniatsu baten aurrean? Ez ote da hau euskara (ere) kendu dioten aitona baten amorrua? Ez ote luke Joxe Mari izan nahi Don Piok? Purrustaden antz handia hartzen diot, bihotz mindu bat mintzo da:

      «San Sebastián es una ciudad síntesis de la vida española, de la burguesía. No tiene el espejismo engañoso de lo pintoresco que tienen Sevilla o Granada; no tiene el elemento obrero de Barcelona o de Bilbao, que da a estas ciudades un aire serio y grave; no tiene tampoco el ambiente de intriga política y el afán de arribismo que se nota en Madrid. San Sebastián es como un barrio de Madrid, en donde se reúne la gente que por un momento o por toda la vida no siente el aguijón de la necesidad».

      Ez du maite Donostia «hori». Goiko ahapaldi horretan dagoen salaketa Donostiako lehen nazionalistak, Engrazio de Arantzadik, sina zezakeen («el pudridero de Gipuzkoa» esan zion bere sorterriari, «Donostia se nos presentaba en 1904 como una ciudad liberal y como una ciudad, a veces, netamente españolista»). Izugarrizko antza dute Kizkitzaren kritikek eta mende erdi bat beranduagoko Barojarenek. Nobelistaren zaletasunak ezagututa, probintziari lotuagoko hiriburu bat nahi lukeela esango nuke, politikoki onartuko ez lukeen arren. Hastio du bertako liberaltxo batzuek lehen, frankistek gero eta Madrilgo udatiarrek beti espainiarturiko Donostia. Azpi-bizitza bat sumatzen du ordea, erdaldunduriko hiriak ez du kontzientzia osoro galdu; edo beharbada, nortasuna galdu duelako kontzientzia piztu zaio:

      «Este aluvión de la burguesía madrileña cae sobre un pueblo que parece que no tiene carácter, y que, sin embargo, lo tiene».

      Liburuaren azken zatian, garai bateko ostatuaren ebokazioa egiten duelarik, bidaiari hipotetikoari mintzo zaio, Euskal Herriko benta batean sarraraziz:

      «Entráis en ella, y al principio el humo os empiza a picar en los ojos.

      - Es la chimenea -dicen- que no tira bien, y como el viento está alborotado....

      Pero, æquién se ocupa de eso?

      Luego, la vieja, que ve que habláis vascuence, os hace sitio junto al fuego con grandes gestos de finura...»

      Victor Hugoren poz bera daukala ematen du Itzeakoak, euskaldunek bere euskara apurra estimatzen dutenean.

      Barojak saminki sumatzen duen giro hau era gogorrenean salatzen dute nazionalista gazteek, edo nazionalismoaren barruko sareetan dabiltzanek. Erbestean dagoen Euzko Jaurlaritzak antolaturik Euskal Batzar Orokorra egiten da Parisen 1956an. Hainbat hitzaldi eta txosten aurkezten dira. Kulturako txostenetan, Euskal Herritik bidalitakoek aski gordin azaltzen dute panorama:

-       Berrogei urte beharko dira euskara irakaskuntzarako gaitzeko (Urrestarazu'tar Andonik)

-       Euskal herritarren gehiengoa (%90) euskararen alde dago, baina era «erromantiko» batean, ekintzara pasatzeko gauza izan gabe (Antxarandoi, Nafarroatik)

-       Euskararekiko koldar hutsak izan gara (Ibalan, Gipuzkoatik)

-       Euskarak ezertarako balio ez duelako ustea orokorra eta nagusi da (Ekin, Bizkaiatik)

Franco noiz eroriko zain egonak yankien esperantzetan, erbesteko abertzaleek lur jo zuten gerra hotzak Franco bezalako faxista bat demokrazien aliatu antikomunista bilakatu zuenean. Noraezean gelditu ziren, Hego Euskal Herrian zetozen belaunaldi berriekin kontaktatu ezinik, eta are larriago, gazteak ulertu nahi ezik. Ez bakarrik maila ideologikoan, baita hizkuntzaren erabileran ere. Txillardegiri gertaturiko pasadizo batek ongi islatzen du euskaltzale zaharren eta gazteen arteko jardunaren desberdina.

Orixe 1954an itzuli zen erbestetik, eta zer esanik ez dago bertan geldituriko gerraurreko euskaltzale bakanek eta gazteek mustro gisa hartu zutela, hitzaren adierarik laudagarrienean; ez da harritzekoa, beraz, Txillardegi eta emaztea bisita egitera joatea klinikara, 1958an ebakuntza egin ziotenean:

      «Sartu gara biok Orixeren gelara eta galdetu:

      - Zer moduz, Orixe? Hobeto al zaude?

      - Bueno, pues ya voy un poco mejor.

      - Eta zenbat egunez egon beharko duzu ohean?

      - Todavía no me ha dicho nada el médico al respecto.

      Eta abar eta abar, elkarrizketa elebidun txandakatua izan genuen.

      Halako batez, emaztea eta biok erabat mindurik, ausartu egin ginen moztera:

      - Aizu, Orixe, euskaraz ere badakigu!

      Ez zen jabetu ere egin bera, eta erdaraz segitu zuen.»

Euskaltzaindiko bilera batean balego bezalaxe, esan genezake ironia apur bat eginez. Handik bi urtera Txillardegik bere bigarren nobela argitaratu zuen, Peru Leartzako. Hauxe izan zen Orixeren aburua, euskal literaturaren moral konformistara existentzialismoa eta modernotasuna zekarren liburu honi buruz: «Barrenak ez dit agintzen ixillik egotea, liburu onek gaurko gazte-jendearen artean egin dezaken kaltearengatik. Leartza, liburu ontako giza-nagusia, europear biurtu zaigu, izurri gaizto batean behintzat. Ez dugu emen olakorik bear». Eta honen ondorio gisa, «Liburu au, buruz egina ordez, burutik egina dago. Baztertu ezazute zoko illunera».

      Orixeren izpiritu atzerakoiak luze iraun zuen, literaturan ez bada Euskaltzaindian. Txillardegiri behin eta berriz ukatu izan zaio euskaltzain oso izatea. Arrazoiak ez dira, noski, akademikoak: nekez aurkitzen da gure hizkuntzalaritzan antiguotarraren lanaren parekorik.