Desgiroa
Halaxe definitu zuen gerraondo luze hura hileta hartan egondako Jon Etxaide idazleak. Inazio Mª Etxaideren semea zen, eta hamabost urte zituela hasi zen lehenbiziko lerroak euskaraz egiten aitak kudeatzen zuen La Cruz asterokoan, aitaren beraren laguntzaz eta gidaritzaz. Baina gerrak eten egin zuen bere jarduna. Gerraondoan, Jokin Zaitegi idazle eta itzultzaileak Guatemalan argitaratzen zuen Euzko Gogoa eta Isidoro Fagoaga tenore ohiak Buenos Airesen argitaratzen zuen Gernika aldizkariak zabaltzen ibili zen; poliziak atxilotu eta Martutenen eduki zuten aurrena, Gasteizen gero. Bere hitzetan, «frankismoak Euskal Herrian egin zuen jenozidioa gaurko belaunaldiak ondotxo konturatzen ez diren modukoa izan zen.»
Gerraondoan euskarari buruz argitaratu ahal izan zen lehen gauza Jonen aitaren Desarrollo de las conjugaciones euskaras izan zen, 1944an. Hurrengo urtean lortu zuen argitaratzeko baimena Boletín de Amigos del País izenekoak, eta hiru urte geroago aldizkari honek Egan atera zuen literatur osagarri bezala, baina euskaraz eta erdaraz, erdizka. Euskaraz idatzitako liburuek 1950eraino itxaron beharko zuten, eta Radio Euzkadi klandestinoak gogor kritikatu zuen elkarrizketa baten ondorioz lortu zen baimena izan zen: 1947an Patxi Unzurrunzagak (Itxaropena Editorialeko jabeak) eta Jose de Artechek bisita egin zioten Donostian udatiar zegoen Pedro Rocamora jaunari, Prensa y Propaganda-ko zuzendaria zenez. Jaun hau borondate onekoa izaki, Orixeren Euskaldunak, urteetan baimenik gabe zegoen hiztegi bat eta Salbatore Mitxelenaren Arantzazu publikatu ahal izatea lortu zuten.
Euskaraz argitaratu nahi zuten autoreei eta editoreei Información y Turismo delako ministerioren ordezkaritzak amaitugabeko lanak, joan-etorriak eta itzuli beharrak eragiten zizkien bitartean, euskaltzaleak, uzkur baldin bazen ere, biltzen hasiak ziren Jose de Artecheren inguruan Diputazioko liburutegian. Honen babesean sortu ziren Euskaltzaindiak eraturiko hileroko euskal hitzaldiak, bizpahiru urte iraun zutenak. Hogei urte pasa behar izan zuten Euskaltzaindiak Euskera aldizkaria argiratu ahal izateko. Donostian, kalean, oso berandu arte luzatuko zen euskalduna zen edo zirudien ororen kontrako erasoa. Honako gertakaria zekarren Gudari aldizkari klandestinoak 1963an, desgiroa nolakoa zen adierazteko aski egokia:
«Egun gutxi dirala, bazijoan euskal apaiz bat Urbieta kalean zear, eta orra nun arkitzen duan beste apaiz lagun bat:
- Kaixo, motell!
- Kaixo!
Ta asi ziran izketan: euskeraz, jakiña! Ortan ari dirala, orra nun aditzen duten an igarotzen zan baten itza, esanaz:
- Señores curas, hablen en castellano, que somos españoles.
Ortarakoxe zeuden apaizok (...).
- No somos españoles. Y ahora es cuando no estamos hablando en español. Esta lengua es latín, y ésta mató a todas las lenguas de España menos la nuestra.
Bestearen piperra! Bere aldetik esaten du:
- Le voy a denunciar al obispado. Soy Teniente General (Edo Coronel, ez naiz gogoratzen bietako auetatik zer esan zuan).
Apaizak pozik erantzuten dio:
- Oiga, no deje por favor, de hacerlo. Me divertiré mucho. Apunte: soy Nemesio Echániz Arambarri.
Gure Tenientea su ta gar jarri zan. Ez alperrik. Oraindik aundiagoak ikusiko ditugu. Pakean alkarrekin ari diranak ere ezin euskeraz itzegin!»